Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—5—

 

Oraingo honetan taxiaz egin behar izan du Ezak Aitorgoitiarako bidea, eta bidea egin egin du ia desesperatua dagoelako, batetik, eta Egozkueren deia jaso duelako, bestetik. Labur mintzatu zaio, baina larderiaz: etor zaitez. Minuturik galdu gabe, baina. Ikusgarri ederra ikusiko duzu; eta gainera hitz egin behar dugu. Mundu zabaleko taxi-gidari guztiak berritsuak dira, lagunkoiak eta langile senekoak ez gutxi; honek ordea noblea dirudi, markes edo, pentsatu du Ezak, sartu delarik besteak zorritsu bat hartu bailuen begiratu diola konturaturik; ezin polikiago doaz, bestalde, txoferrak behi gorotzak ez zapaltzeko ahaleginetan gidatzen baitu, taxi berri ederra zikinduko zaiolako beldur. Eza barrutik erreta doa, taxi gidariari kankateko bat emateko gogoei eutsiz, bestearen solas saio topiko baldarrei sekula lotu gabe, mutu eta haserre. Taxiak hartu du —azkenik!—. Aitorgoitia baino lehenagoko errebuelta, eta komentua aurrean azaldu delarik taxi gidariak txistu egin du:

        — Arraioa!

        Dozena bat jeep, gutxienez, metatzen dira sarrera ondoko patio iturridunean, argi azulak biraka, eta kolore guztietako poliziak azkar mugitzen dira harat-honat sukartietan. Taxi gidariari ordaindu dio, jakinminezko galderei erantzuteko lanik hartu gabe.

        — Manifestazioa, hemen ere!? Banoa kotxea pilotakada batez zulatu baino lehen!

        Ezak ikusi ahal izan du Egozkue komentuko ate ondoan, kaleko janzkera arruntaz jantziriko bi gizonekin hizketan. Poliziak izango direla ez du egin duda handirik. Inork ez du begiz jo iritsi delarik, eta solasean ari diren hiru gizonengandik nahikoa urruti eta diskreto itxoin du poliziak, Egozkue alde batera lagata, komentuan sartu diren arte. Egozkue serio dago, baina ez dirudi kezkatuegi.

        — Hermano ekonomoa atxilotu dute. Beti bezala. Ez da komentuan sartzen diren lehen aldia, eta sartzeko aitzakia beti hermano ekonomoa izaten da. Zer egin edo egiten duen? Orain hamabost urte kartzelan egon zen, horra. Nire Word-a suntsitzeagatik harrapatu izan balute, sikiera. Superioreari esan nion aspaldi ez ote zen hobe hemendik beste nonbaitera eramatea, baina, ondoren, hobeki pentsatu eta iruditu zitzaigun hobe zela bertan geldi zedin; guretzat erosoagoa da. Bestela beste zerbait asmatuko zuen poliziak, eta beste zerbait horretan nor izorratuko zuten ikusteko zegoen. Hermano ekonomoari esan genion mintzatutakoa eta ongi iruditu zitzaion. Astebetean, hamar egunetan, gehienez, gurekin dago berriz. Alde horretatik ez dago arazorik, beti igoaltsu izaten da.

        — Kazetaria hankaz aurrera eraman dute. Tiroz.

        — Akuilu? Jainkoarren, tipo hauek burutik daude —to nua zela eta, bazirudien zorabioa heriotza baino harrigarriagoa iruditzen zitzaiola—. Komentua hankaz gora jartzen ari dira. Zulo bat bilatzen ari direla diote. Lotsagalduak! Jakingo ez bagenu bezala zeren bila ari diren.

        — Ongi ezkutaturik al dago?

        Egozkuek barre lehor eta motza egin zuen.

        — Komentu honetan dagoen tokirik seguruenean.

        — Eta zure gelara sartzen badira?

        — Liburutegia, ardotegia, sukaldea, jangela, eliza, klaustro gotikoa, komunak, ikuztegia, dena begiratzen ari dira. Baina gure gelatxoetan ez dira sartuko. Ez dira ausartuko.

        — Kezkatuta nago, Egozkue. Zainak jauzika ari zaizkit.

        — Neska dela eta?

        — Zerrikume hauek lortu nahi dutena lortzeko daude, zirt edo zart.

        Egozkuek buru-keinu arina egin zuen jeep-ez harantzago, bi pagoen artean erdi ezkutuan zegoen kotxe beltz bati errepararazteko.

        — Ikusten kotxe hura? Hor dago iskanbila hau antolatu duena. Polizi komisarioa da, Petronio esaten diote. Ongi ezagutzen dut. Berak uste baino hobeki. Burua egingo nuke bere bateko urrea jokatzen ari dela.

        — Eta horrek zer esan nahi du?

        — Orain arte egiten utzi diote. Baina ez du ezer lortu, eta alto paratuko diote libururik gabe itzultzen denean. Orduan guk instantzia altuagoetara joko dugu.

        — Ez diot horri lasaigarritik ezer ikusten.

        — Akuilurena sentitzen dut, bihotzez. Hil ondoko mezak kantatuko ditugu bere arimaren alde. Hil da gero, salda bero, baina. Orain neska da garrantzizkoena. Uste dut ez dugula gehiegi kezkatu behar; neska bahitua edukitzeak bizkarra babesten dio komisarioari. Esku hutsik itzuliz gero kromoren bat beharko du trukean aritzeko. Liburua eskuratzen ez duen bitartean, neska salbu dago.

        — Eta liburua aurkitzen badu? —Eza edozer zegoen, lasai izan ezik.

        — Orduan...

        Baina Egozkue isildu egin zen, Petronio komisarioa kotxetik atera eta haiengana hurreratzen zela ikusirik. Lo gutxi egindakoaren itxura zeukan, eta Estatu Lehendakari bati duin lekizkiokeen betondo moreen tamainaren arabera, benetan haserre eta sumindua zegoela ikusten zen. Egozkuek burua makurtu zuen amiñi bat agur gisa. Petronio ez zen adarretatik ibili. Begirada azkar batez neurtu zituen Ezaren kanpo-barneak eta lehor mintzatu zen. Ezak ezagutu ere ez zuen egin eraso zieten gauean kalearen bestaldean itzal txiki bat baizik ez zen gizona.

        — Zure gelara goaz, azkar.

        Agindua emana zuen, nonbait, Egozkueren gelara iritsi orduko hainbat fraidek pasabidean itxoiten baitzuten, pazientzia bertutearen ariketa ez nolanahikoa egiten ari denaren traza guztiarekin, ajente hodei batek edredoiak eta brebiarioak astintzen zituen bitartean, halako moldez non santu guztien izpirituak dantzan ari zirela pasabidean zehar ematen baitzuen, eta are, gaueko isuri lizun gehienbat borondategabe aspaldikoen urrina barreiatzen baitzen. Egozkuek poliki ireki zuen bere gelako atea, intimitate hauste hori bezalako bilaukeria erabateko duintasunez baizik ezin eramana dela aspaldi dakien plantarekin. Ate ondo-ondoan gelditu zen zutik, Petronioren bi ajente sartu eta dena iraultzeari ekiten ziotela. Eza ate ondoan gelditu zen, kanpoaldetik baina, eta Petronio poliki-poliki paseatzen zen gelatik zehar, aspaldiko kuriositatea asetzen ariko bailitzan.

        Dena ongi joango zen baldin eta kasualitateak poliziekin bat egin izan ez balu, izan baitzen kasua, ezen, gelako zoko-moko guztiak miatu eta gero, etsirik zeudelarik, kanpora abian ari zirenean, ajenteetako batek estrapozo egin zuela, eta ez erortzeko azken ahaleginean, eskua Egozkueren lan mahairantz luzatu zuela, halako moldez non, guztiz nahigabe, mahai ertzaren azpiko botoia zanpatu baitzuen, Egozkueren gelako sekreturik gordeena Petronioren ikusmiran utziz; izan ere, diskagailuaren atzeko igeltsu faltsua ireki zen, kutxa blindatua ageri zelarik bere haragi birjinalak lehen aldiz erakusten zituen neskatxa balitz bezala. Egozkuek instintuz makurtu zuen kopeta eta esku irekiaren kontra eman; keinuak segundu bat baino ez zuen iraun, baina nahikoa izan zen Petronio konturatzeko. Honek mihia pasatu zuen ezpainetatik, katu txorigose baten antzera, eta trumoi ahotsez agindu:

        — Ireki!!!

        — Ez! —Egozkuek irmo erantzun. Komisarioak kalibre luzeko pistola bat atera zuen galtzarbetik. Halako esku txiki ezkozkoetan, kainoia zirudien.

        — Irekitzeko edo neronek irekiko diat tiroz!!!

        Zergatik ez zekiela, Ezari iruditu zitzaion apaizak, ezpata eta paretaren artean egoteagatik zerbait asmatuko zuela, eta horregatik arnasarik eta erantzuteko gaitasunik gabe gelditu zen ikusi zuenean apaiza, burumakur, lepotik zintzilik zeukan giltzatxo bat eskuan hartu eta kutxa blindatua irekitzen hasi zela. Lana bukatuta, Eza zegoen tokirantz jiratu zen, eskutzarrak irekirik ezintasun azalpen bat izan nahi zuen keinua osatuz; eskutzarrekin eginiko keinua, haatik, ez baitzen Ezari zuzenean begietara begiratzeko gauza izan. To, gizabanakoaren ezintasuna giza-erakunde eta antolamenduaren aurrean, to Verdi, to Aida, noiz eta orain, Sooo esan behar zuenean, begitandu zitzaion Ezari, apaiza esku propioez itotzeko gogoa handiagotzen zitzaion bitartean.

        Baina ordurako komisarioa oldartzen zen altxorraren kobazulora, egarriz hiltzen ariko litzatekeena iturrira bezain gogotsu.