Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

BESTALDERA BEGIRA

 

Hara azaldu ginen denok zu izan ezik;

Herri Urrats bezpera zen,

estreinakoz bandera gorria ipini zuten hareatzan.

Hiztegigileek ez dute jaso ausentzia honen esangura,

baina saia gaitezke berbaro galduak berreskuratzen,

inoiz esan ez diren eleak konortera ekartzen.

Gaur zinemara joan nahi nuen zurekin,

aterpe bat bila genezan besterik gabe,

ezaupide berriak egin genitzan.

Bada hor berandu ixten duten tabernarik,

nahiago zintuzket, hala ere, ametsen hegoaldean.

Nola adierazi zure iparrorratzak markatzen duen ihesa

ahanzturara emanegiak garen honetan?

Maizegi uzten ditugu albo batera

mugatik haragoko egonguak.

Izan gabe izan beharra da deserrituaren patutxarra;

eta etxe barruko diaspora guk asmatua ez den arren,

bestaldera begiratzen dugu

ahanzturari aitzi egin nahian.

 

 

 

© Mikel Ibarguren

 


www.susa-literatura.eus