Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

HUTSALDUZ

 

Hotz egiten du,

ez dabil nehor deserriko karriketan.

Denok nahi genuke ondoan norbait, maita gaitzan,

edota barraren atzean dagoenarekin

solas xume bat egitea,

elkarren arrimuan orkatila izoztuak berotzeko.

 

Ezgarai honetan idaztea egokitu zaigu:

gaitz da gure eginkizuna zehaztea mugalde honetan.

Maite zaitudala diodan bakoitzean

agian maiteko zaitudala esaten dizut,

ez baita nehoiz jakiten ahal

zer gerta daitekeen adio bakoitzaren ostean.

 

Zure denborak ez du geografia zehatzik izan sekula.

Ondorio garbirik ezin izan dugu atera,

baina onik irten gaitezke desolamendu honetatik.

 

Hogeita lau bala zorro aurkitu dituzte lurrean gaur,

hogeita lau bala zorro egun baterako,

biharamuna erredaktatzen hasterako.

 

Bular alde hustuekin egiten dugu aurrera egunero.

Bihar elkar ikusiko dugun ez dakit,

bihar eguna altxatuko duenetz ez dute konfirmatu oraindik.

 

 

 

© Mikel Ibarguren

 


www.susa-literatura.eus