Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

AKORDUETAN

 

Zure ahoan nire hitzek beste doinu bat hartuko lukete,

baina lorratzik utzi gabe joan zinen:

agurrik ez, gero arte soilik.

Oinotsek inarrosi gau berandua ez zen guretzat izan.

 

Zure itzulezina nire joanezina zen.

Itoginak ditu logale honek,

bihotz zulatuak ferekatu beste irtenbiderik ez dugu

debaldeko otoitzak lurperatzen ez dituguno.

 

Ez dago inor aurreko leihoan,

baina ez dut etxeko argirik piztuko hala ere.

Etxekalte ugari dabil katu hilen arima errariak jasotzen.

Gaur gaurkoz odolak gizen jarraitzen du gurean.

 

Bezperako akorduetan gordetzen zaitut,

urrunagoko memoria alokatuetan.

Zure itzulezina nire joanezina da:

euriak zuk laga hutsunea basitzen du gauero.

 

Zigarreta bat eskatu diot frantses txarrean

espaloian doan ibiltari ezezagunari.

 

 

 

© Mikel Ibarguren

 


www.susa-literatura.eus