XABIER BIZIK
ANA YOLDIRI
( c )
Zahartzen hasten zarenean -diozu-
zirujau plastikoaren eskuetan jarriko omen zara.
Zer zorte handia zuten gure arbaso moderno hasi berriek
zimurren truk ni bat eraiki uste zutenean.
Deskartesez (Renemaria) mintzatu gara;
erlojuaren zehaztasunez irakatsi zien Kantek
Humeren zentzumenezkoarekin kategoriak nola bete
gizakiaz ameskeriaren mekanikoa eginez,
lima hemendik pixka bat, ebaki hortik
eta denak ahokatu antza ematen zuen.
Flaubert distirantaren orrialdeen bidez hartu zioten aurre
saldoaren aurka banako izateak sortu gatazkei,
banakoaren kaltetan, erromantikoek
demaseko izugarrikeria, debaldeko urkatzeetan adierazi bezala,
baina banakoa afera serioa zen gure arbasoendako,
guretako ez bezala.
Proustek denbora galduaren bila abiarazi zituen
jada hauts bihurtu puska fantasmalak biltzera
ameskeriaren ameslaria eginez gizakiaz;
Freudek desiozko amets bihurtu zituen
iraganaren zorrak kitatze aldera;
etorkizun zaleak agertu zitzaizkien gero:
Marxek subjektu egin zituen, zeren, jakin, ongi ez bazekiten ere,
kaletako jendeketa arruntaren subjektu, beharbada,
Baudelairek esan bezala. Oi Schopenhauer,
Schopenhauer, gure budista handia. Herioak harturik
sartu zitzaizkien dinamiteroak Nietzsche buru
Musil, Kafka, Canetti, gizakiaz ametsaren akabantza eginez.
Lengoaia, behintzat, gelditzen zitzaiela eta
hitzen etxean bizi zen, bizi zen egin zuten jolas
Heidegger, Oteiza, Malevitx, Celan.
Zein zorte handia zuten gure arbaso modernoek
zimurren truk ni bat eraiki uste zutenean,
gureen truk, aldiz, ez zaigu ageri
haurrarena lako ni aurpegi zimurgabea baizik.
Bai, izan ere, zirujau plastikoaren eskuetan jarri beharko duzu
ez baita on bat ez dadin etorri katramila:
zure aurpegia, zure nia. © Juanjo Olasagarre