JOXEMA IRUTAGOIEN
BERE BURUAREKIN HIZKETAN
( d )
Libertimendua bainoago nekea
bihurtu zaizkigun parranda horietako batetik bueltan,
hi aurkitzea desolazioa konbokatzea duk:
bizi puskek ereiniko guda-zelaia gaituk.
Sofa zain diagu gure mixeria ttipiekin
galdutako batailen bertsio bat josteko,
eta jada ikasi diagu elkar konprenitzeko
dena argitzea kaltetarako dela. Etzakela
telebista paratu, gure arteko gorrotoa ez dik eta
medikuntza berriari buruzko dokumental horrek arinduko:
beste batzuk izan beharko genikek
terapia genetikoaren onurak jasotzeko,
laser ebakuntzak gure miopia konpon zezakek,
baina gure begirada herratsua ez.
Zaila duk bizitzea gorputza gazte ez
eta gogoak ez jakinarena egiten duenean,
eta, hala ere, mailegatutako ilusioekin bada ere,
horretan jarraiarazi nahi nauk. Zaila duk.
Baina ez duk ikusten gaueko programazio
desegokiaren nolanahikotasuna darigula?
Gauza behartuen naturaltasun artifiziala?
Buruko mina izanen duk bihar
eta larruaren mintzo lehorra
arreta bereziko zainketa eskatuz.
Eta hor abiatuko haiz gogoa igurzteko
ukenduren baten bila zabor kontainerren artetik.
Baina ez dakik higan dela sendabide oro?
Behin hobeki bizitzari buruzko hire teoria
ergel guztia esanaraziko didak: alferrik dela,
alferrik bizitza konpartitzeko inor bilatzea;
ezkontza kontu hutsa dela, ez dagoela
gugandik salbatuko gaituen inortxo ere.
Gorroto diat oso gure baitako sabeliztuna,
errua eta harrokeriaren arteko tarte hori.
Lelo okagarriaren gisa zekiat ondorengoa:
norbait gorrotatzen ikastea dela ezkontza.
Amodio eskaera faltsuaren gisa hitz hutsalak:
norbera goxoki gorrotatzen ikastea donadotza. © Juanjo Olasagarre