ANDRES BASTERRAK
KUBATIK
( j )
Edadeak aurrera egin ahala
iragan puskak aletu beharra:
bertsio bat atontzeari eman,
norberaren kondaira kiribildu,
tristezia erritoak ospatu,
bizimodua zuritu erritoz
eta mitoz erlijio bat sortu
jainko ahalguztidun bakartzat: ni.
Begira mutiko mukizu hori,
tendrezia eta sukar niniak
meza zaharreko biktima berri.
Horra, historiaren liturgia alde,
iraultza nahi zuen, garaiak aldiz
beste norabait ari ziren
laster, laster eta laster. Balizko
Baiona heretikoren batean
santutegi pribatuak eraiki
hautsez, zilarrez eta odolez.
Nola argiari itzalak kuku,
gaizkia gurtu zuen etxe hartan
eta betiko zitzaion esklabo
kale-kantoi zoldazu horietan barna;
buruz ikasi hitz magikoekin
odolaren mintzoa ponpatu zuen
amodiozko salmoak abes zitzan
lehenbizikoz. Iturria gur-gur,
amets bide. Plaza bukolikoa.
Haurren jolas krudeletan ikasi
zuen bakardadearen kondaira
eta bizigintzan oztopatu zen
vouyerismoaren apaiz bihurtuz.
(behatzea bizitzea da ere)
Mina eta haren nor-nori-norkak
dakarzkio gogora dorre horrek;
arbola ospelaren pean pastela
ari da jaten, marrubi eta aratz
mundua gertatzeke bailegoen;
arima bila abiatu ziren
mozkor espedizio erratuak
Onassis taberna zulo hartatik;
andre horail bat datorren aldiro
espaloiz aldatzeko liturgia,
gaztaroko zazpigarren neguan
txertatu zioten udazken ilun
eta gorriegi baten ondoren;
izua uxatzeko bere artean
komekatzeko usadioa garai
saminen arrasto leratsua da;
mugarri itzel horretan melodrama
kalakaritik malenkoniarako
iraulketa epela goresten du.
Oroimenaren omenean hoska
hara sustraiak! oihu lizun gisa.
Edadeak aurrera egin ahala
iragan puskak aletu beharra.
Ailitz oroimenaren garra itzal!
Ailitz sustraien izerdia lehor!
Ailitz Baiona zaharra Habana!
Bizi nadin, ni barik, bidenabar
bidaiari ateo baten gisa,
bizitzea bera aski bailitzen,
denborarik gabe, leku soil-soilik.
Nondik ez, papaia urrina baizik © Juanjo Olasagarre