ANA YOLDIK
LWAZI NDUBILERI
HAIEN ARTEKO AMODIOA
SORTU DENEAN
( c+k )
Ni zain nintzaizun
amodio istorio garratzaz honantzago.
Etxe itxi huts baten gisa zain
arratsen nagietan barna
depresio mailegua paga eta paga,
bizitzaz, nahi baduzu, ahantziago,
ertzez ertz ezinak konponduz
ralentian doan makineriaren gisa,
nahi baduzu, zain nintzaizun ni.
Ni zain nintzaizun
aurkako errekurtsoen aitzakiatan,
binbili-bonbolo goiztirien artean
ia errainu, ia itzal, ia deus ez;
esperoan baina ez gehiegi,
bizitzen baina erdipurdi,
txor-txorrean, nahi baduzu, banindoan
denborak xahartutako gaztea bezala,
eta hala ere, zain nintzaizun ni.
Ni zain nintzaizun.
Eta eraman nahi izan zintudan
lezio ikasien nire mundu ttipira,
nire egia erosora, nire abentura erkinera,
nire si-es-noko amarru exkaxera,
baina harantzago eraman nahi zuk ni.
Geroz, zure gorputzeko zaurietan datza
oroz mozkor, nahi baduzu, bizitza.
Halaxe, halaxe zain nintzaizun ni zuri. © Juanjo Olasagarre