JOXEMIEL ERREPARATZEK
ENDIKA LAKARTI,
JOXERRA AGIRRERI ZUZENDU GUTUNA
LEITU ONDOREN
( h, f, a )
Agur, Endika, adiskide. Iraultzak hiri ere.
Hemen betikoan,
abertzale marxista utzi gintuan,
abertzale errebelde izan gaituk gero,
abertzaletasunari utzi zioagu ondoren,
errebelde gaituk orain, errebelde,
hitzaren zentzurik
sozialdemokratenean.
Merkealditan paratu ditek utopia eta
nik ere buelta asko ematen zizkioat
gure ideia haiei.
Joxerrak ere erretiroa hartu dik.
(Bizitza da handiena
galtzea litzake
galtzea dena)
hik nahi moduan
baina erabat.
Hemen betikoan.
Etxeak eraikitzen ditiagu
bizitzak beharrean
(gizartea ez aipatzearren).
Hemen betikoan,
biziaren zentzua
bizitza zentzatuz
aurkituko dugulakoan.
Bai, nik ere buelta asko
ematen zizkioat gure ideia haiei,
gure iraultza, gure nahiei.
Eta erretiroa hartzeari buruz,
nola demontre hartzen duk erretiroa
ideia batetik? © Juanjo Olasagarre