THOMAS WOOLF-EK
HILZORIAN DEN
DEBRA WOOLF ARREBARI
ALABAMAN
( a )
Orduak zenbaturik izateak,
absurduaren minondo eta
neke barearen arteko joan-etorriek,
ez diote oroimenari pilatzen uzten,
nahiz eta batzuetan ezpata itsu
urragarri baten modura
ezezagun batekin xiringa
konpartitu zenuenekoak asaldatu.
Pamplona Spain-en, esan zenidan.
So Montgomery. Sekula
ez du izan hiri honek
honen arnasa lasairik.
Eseri parkean. Animalia
otzan etzana dirudi. Begira
nola kulunkatzen dituzten
etxeek lizarren siluetak,
enbor eriak, arramak biluzik,
orbela lurrean, zirimoletan
negurako bidea seinalatuz.
Etzan aulkian eta errepara, hori,
lainoak dira eta une hau beti
dateke. Murgil zaitez urdinean,
eder doa xoxoa hegan,
lur baten bila, hotzari itzuri.
Ez entzun txor-txorra. Ez
gogoratu udatzenaren eztiaz
hondartzako mutikoarekin
larrua jo zenuenekoa. Uxa
eta kontsola: ez dakienak
ez baitu errurik, eta zuk, orduan,
ez zenekien zure gaixotasun horrena.
Ahantz ezazu eta murgildu
urdin oparoan.
Izan gogoan zergatirik gabe
bihurtzen gaituela patuak zergati.
Baionan at the Basque Country, esan zenidan. © Juanjo Olasagarre