XABIER BIZIK
JOSEMA IRUTAGOIENI
( d )
Mendebaldeko gizaki oro,
(badakit exajeratzen ari naizela)
funts ontologikoaren aldetik,
bi naturaren arteko joan-etorrietan gautza:
izana gara izana
eta ez gaude konforme;
bilakaera gara bilakaera
eta ez gaude konforme.
Batzarrera deitzen ditugu biak ala biak:
Heraklito eta haren uhalde iluna
aipatzen du batak, Heisenbergen legeak,
kaosaren ordenarekiko joera.
Platon eta haitzuloarena besteak,
garen itzalok, paradisu galduen oroimina,
Arrazoiaren lorpen naifak eta mamuak.
Eta mendebaldeko gizakiok
bitartekaritzan gabiltza beti.
Batetik bestera
bidean beti bidean.
Batak ezkondu bizitzan iraunarazi nahi gaitu
legeak agindutako betebeharrak eskatzen;
ohiturak eman eskubideak bere egin ditu besteak
eta abenturaren magia erakusten.
Izan bada bata,
joan badoa bestea.
Eta mendebaldeko gizakiok ez dakigu
non ditugun mugarriak,
akordioaren zein urratsetan gabiltzan,
ongi den oraingo status quoa.
Izanarekin ezkondu ginen iraganaren etxean,
bilakaera dugu keridatako etorkizuneko bidaian.
Baina hala beharko luke?
Ala aldrebes?
Eta, ibili eta buelta, onanistak bagina,
orduan,
orduan zer? © Juanjo Olasagarre