ANJELINES BERASATEGIK
( b )
Egunak ezer egin gabe iragaitea nuke gustuko
saltzera ateratzen ez den biajantea legez,
asepsia eta oroimenaren artean egon
gaurkoak lotan, biharrak gibelatzen;
eta denboraz produktu deskatalogatua egin.
Neronen patua nahi nuke, bizitza ez.
Zurrumurru urrunaren gisa
entzunen nuke karriketako biziaren algara,
arrain banatzaileen oihuak merkatuan,
biajanteen autoetako danbatekoak atea ixtean,
umeen askatasun barreak eguerdiko hamabietan,
basoaren isiltasuna. Eta aparte, oso aparte
nire oinaze sorgorra besterena bailitzen.
Bizitzak zikindu egiten du, patuak ez.
Egunak ezer egin gabe iragaitea nuke gustuko
zentzurik baduenentz batere kezkatu gabe.
Oi gaitzerdi bizi ditugun puska hauek zentzua
(errua, sakrifizioa, negarra, zoriona)
behar dutela agindu ez baligute! © Juanjo Olasagarre