JOSEMA IRUTAGOIENEN ERANTZUNA
JOXEMIEL ERREPARATZI
( d, h )
Eskuare zaharrari begiratzen -diozu-
irribarre xamurra ezpainetan.
Gure arbasoak -diozu- benetan
bizi ziren urtaroen joan-etorrien altzora,
olo soroen antzera omen zihoazen egunak
urrezko edertasun apurrak utziz;
jakinduria oraindik ere
gizakiengan haragitu zitekeen aukera zen.
Lurra lagun, aitzurra utzi, zutitu
eta ortzira begiratzen zutenean, urbegi baten gisa
iragaten zituen denboraren ardatzak,
ametsak ekartzen zituzten etxera
ganbarak belarrez bezala betetzeko,
artazuriketan harilkatzen zituzten gero
ilunpeen eta argiaren mugetan.
Eskuarea utzi eta ingurura begiratzen duzu:
soroek larre diraute
eta irribarrea jelatu egin zaizu eskuetan
orratzik gabeko erlojuaren modura.
Gaur -diozu- hitz
baliogabeetan neurtzen da mundua
eta denbora gobernadore faxista da
badu non ikasi, bai;
ez da sekula sufrimendua hain hutsala izan
ez eta horren bizitza beste;
egunen zakarrontzira abiatzen dira
gure egunak
ez itzultzeko.
Ez zaitez engaina
esana du gure Arregik
Diaz de Herediak, bizitakoaren nostalgia
kontseilari maltzurra da,
are maltzurragoa bizigabearena baldin bada.
Nik ere ez dut inguratzen nauena maite
eta ametsei dagokienez...
nik bezalako batek
zein aukera zuen aberri galdu horretan?
Argienera: ihesa
Hoberenera: gezurra
Makurrenera: buru-hilketa. © Juanjo Olasagarre