Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ANA YOLDIK LWAZI NDUBILEREKIN ERNALDUTAKO

UME ORAINDIK JAIO GABEAK

INKONTZIENTEKI EGINDAKO ERREFLEXIOA

        ( c+k=a' )

 

Mende asko izan naiz euskaldun,

lehenbiziko jaio alditik.

Leizetako bizitza, ez diot

inori desio, haiek kuntzak!

Mamut haiek ehizatu beharra,

ziren handiarekin! Hura beldurra!

Emakumea ilajetik narrastu

eta edozein ixkinatan estali,

uj eta uj, tzanga eta tzanga

hizkuntza mintzatu behar hura,

haragi gordinaren kerua

ahoan, hura bai okagarria!

Enfin, hura ez zela bizitza.

 

Zenbait errenkarnazioren ondoren

erromatarrak agertu ziren:

Hura bai pagotxa, demontre!

Hura zibilizazioaren gora!

Erroman eta sestertzioekin, noski,

baina ni atzera berriz ere hemen

Kantabriako parte honetan

Aralar gora, Aralar behera,

txirin-txirin dantza eta txistu,

Zubiaurretarren koadro-bizimodua

ia bilutsik genbiltzalakoz ez balitz!

Eta halaxe jaio legez hilko nintzen

zirrimizkeria batengatik.

Aber gero dator, gero... hara!

Erdi Aroa. Hor hobeki euskaldun

nintzen aldetik, euskaldun batzuek

erresuma eta guzti baikenuen

(zera on, gure zera kolektiboa).

Garaiz ibili ginen Historiarekin

Historia sortzeke baldin bazen ere.

Hura nekea, oro zen Jainko

eta dena absolutu, atzekotak

ordea, haiek izurriteak!

Gorpu haiek, odola zar-zar-zar,

kaka artean ongia eta gaizkia,

saloietako kirats nazkante hura,

hura zen zikinkeria hura!

 

Hurren Aro Modernoan jaio nintzen,

berriz ere betiko tokian.

Ai jesus, maria eta jose!

Aro modernoa, modernitatea

berba potolo-potoloak horiek.

Aurretik absolutu zen oro

historiko bihurtu zen, eta klaro,

hor bai gelditu ginela kanpo,

trena ekarri zuten, karretera egin,

iraultza-edo egin-edo zuten, ei,

bizpahiru gerla, ustez, karlista,

baina hura ez zen behar legezkoa:

ganorabariko modernitatea!

Eta nik moderno izan nahi nuen,

berriz ere aukera-maukera, pott;

eta hala joanen nintzen, zozo-zozo,

gudaren batean, hainbestean.

 

Behingoan jaio nintzen moderno

asmo eta euskaldun, gaitzerdi,

noiz eta ai modernitatea

antsia atakez neurotizatu zenean

eta, klaro, ezer ez zen zena, kia!

Baziren hiruzpalau gobernu

euskaldunendako, hizkuntza zen

garbitu, ekin eta jarrai, berritu

literatura eta artea,

nonahi lez erailtzea bihurtu zen

demokrazia, iraultzagatik, haatik

egite liriko-epikoa, enfin,

ordua mundu bizi ginela, baina,

hau malura, modernitaterik

hau pena, gehiago ez denean:

oro dela berdina, berdina oro.

Enfin, berriro ere berandu, enfin,

Jainkoagatik, aldaketa behar dut

aski dut zera zeratzeaz,

ez nazatela egin berriz euskaldun,

mesedez, arren, otoi, berriz ere, ez.

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus