JOXERRA AGIRREK
ASPALDIKO DEBRA WOOLF HURA GOGOAN
( a )
Orain kontatzera noakizu,
nahiz eta zuk ez aditu, horrela,
honen urrundik,
nik ere damu dudala patuak
elkarri emandako su-eten erkina
eta inarra.
Nostalgiak, artean,
bataiatu gabe gintueneko behin hartan,
gogoan dut eguna, brillant eta Baionan,
eliza ospela eta arratsa,
orbela bezala arboletatik erortzen,
xoxoen kantua eta, atzenean,
Anaren ezetza heldu zen bizitzaren iragarle.
Wertherkilo baten modura egin nuen ihes
hondartzara, eta han zeunden zu,
last day on hollydays, San Ferminetatik
Alabamako bidean, esan zenidan.
Ni, zu inpresionatu nahian-edo,
sesamodioaren garratzaz hustuko nintzen,
The Basque Country aipatuko nizun gero,
beharbada Oteiza eta Axular
eta zenbait etnografikeria, seguru,
euskaldunok eta, batez ere, ni
jende apartekotzat har gintzazun.
Oh really, it's so exciting esan
eta barre egingo zenuen.
Behin haren antzera
denborak zure gorputz otzana
zikindu gabeko orbana balitz bezala
ekarri didaneko gaur honetan
kontatu nahi nizuke,
nahiz eta zuk ez aditu, Amerikako
nork daki zein zokotan, bizitzaren
aldamenetan auskalo zein ohantzetan,
pozten naizela zurekin
haragiaren desordenak tratatu izana,
kontatu nahi nizuke, horrela,
honen urrundik
desamodioaren amorrazioz,
eta mendekuz izan bazen ere,
gero eta maizago ez bezala,
egia-egiatan izan zela. © Juanjo Olasagarre