ANA YOLDIK
BIZIAREN ZENTZUA
AURKITU DUELAKOAN
( c )
Eternitateak tentatu egiten gaitu,
hor darabilgu setioan auto iragarki
estetikaz, gorputza tenk, begiak su...
Tenkor tematzen gara betiko
etxearekin, betiko lanarekin,
betiko bizi proiektuarekin;
denboraren akaberarainoko atletak
ditugu desioak laster eta laster.
Brausteko aldaketak nahi ditugu
di-da batean lor dezagula
apeta duguna, erabat eta iraunkor.
Sar dakigula zoriontasuna kiski-kaska
erraietan, ja, oro eta per secula
seculorum iraun dezala, iraun dezala.
Oi gure iragan erromantikoa!
Oi gure orain amarrutsua!
Eraman nazala amodioak autoan
sekula dastabariko bideetan barna,
aratz egin nazala, oraintxe, betiko, eternal.
Nola tematzen garen nahiz eta jakin
behin-behineko gaudela hemen,
nola tematzen garen behin-betiko! © Juanjo Olasagarre