JOSEMA IRUTAGOIENEK
TXEMA KORTESI,
OIHENARTEK ESANDAKOA GOGOAN
( d+l, i )
Heltzeak, berrogeietara hurbiltzeak,
esan nahi dut, badu bere zera,
azkenean jende bilakatzen zara.
Ez zara gazte aurrera,
ez duzu etorkizuna espera,
eta hausteari dagokionez
ez badituzu eginbeharrekoak egin
malo!
Zahar ere ez zara,
ez zara iraganean bizi,
eta nostalgia ez duzu lagun,
nahiz gero eta maizago
bereak egin.
Jendea baino ez zara:
irriki izandakoa
hau baino ez zen.
Bukatu dira promesak,
ez esperatu, etortzekoa,
puskak biziz, hementxe duzu.
Nola definitu, bestela
igande goiz eguzkitsu hau
kazetak, kafesnea,
aspaldiko partez norbait
aldamenean, promesarik gabe,
gezurrik gabe?
Hil arte bizi
diozu asteleheneko kontzientzia
txarrarekin errerik.
Enfin puskak bildu
egunero ohera aurretik
beharrezko zaizun ariketa,
bildu eta ohera eraman
eta asteartean gaude jada.
Too young nostalgiarako,
too old, asteazkena hemen da,
melodramarako.
Promesarik ez dago.
Etortzekoa
ostegun eta ostiralerako
(horrela en plan grande)
etorria dago.
Bizi puskak bizi,
beroketak behar dituen ariketa,
ezen laxatu behar baitu
bihotzak burua,
buruak bihotza,
bihur daitezen, malkemal,
bizi puskak puska biziak. © Juanjo Olasagarre