JOXERRA AGIRREK
ONOFRERI GUTUNA
«AZKEN FUSILA» NOBELA
LEITU ONDOREN
( a )
1
Ez egin dudarik, dagoenekoz hila behar du
justuen betiko atseden zerutiarretik aparte,
guk utzi genuen estazio hartatik
linbo kristauaren peto-petoa den memoriara
haragiturik. Eta beharbada barik,
ez digu, hortara, egoitza imaginariotik
ateratzeko atrebentzia barkatuko.
Gutxi dakigu (kapitain?, gizajo?;
bi horien artean gabiltza denok ere)
zutaz kontatu zenuenaz landa, eta hala ere,
ulergarri zaizkigu zure ekintza eta arrazoiak:
lehendabizikoak, zure kinka bertsuan gaudelakoz;
egin eta egingabearen artekoa argitzeko
ez dutelakoz balio, bigarrenak.
Kapitain ingeles baten gisan ekarriko zaitut hona
akaso, gutun honen mentoreetako batek
halaxe eraman baitzezakeen liburutara idazle laguna,
bizarra urdindurik, kapitain pillotuen jaka urdina
soinean, azken trenak, itsasoa itsaso urrun jada,
bertan behera utzi zintuen estazio hartan.
Zure maneran izkiriatu nahi nizun, baina,
badakizu, etxetik etxera mintzaira baitute diferent
eta egunez egun exkaxago eta erkinago;
zaila egiten zait gainera, Bizkaia
kostaldeko doinu deszifraezin horiek ahoskatzea.
2
Zure mundu tinta eta paperezkoan
hitzek eragindako arrakalak
bere-berean gelditzen dira,
gurean, ordea, tarte ilun horretatik
gorrotoa sartzen da, herio eta su,
horrorearen kosetxadora bailitzen;
eta zuri eskatu erabaki behar hura bera
oinazezko gorpu beltzak ereiten.
Hemen, errealitatea delakoan
(nobela txarra txarrik bada)
bizitzea egokitu zitzaigun
(pertsonaia traketsak traketsik bada).
Eta horretan gabiltza traizioz traizio
bihotza soldadu gisa gobernatu nahian,
aukera-maukerako amarrutan,
gure jabe gareneko uste alferrez.
Eta horretan gabiltza auskalo zergatik
desitxuratu, maiki, elbarri, ezin,
bizitzatik pagatzen parte ez hartua.
Larrutik, pagatu ere, hartua eta galdua.
3
Gaur, lehen bezainbat dago borroka egiteko,
akaso, baina gaur nahasiago da dena eta guk,
zure irakurleok, gogoa narrasago dugu
eta garaia.
Baina ez da hori kontua. Ihes eginen digute
gure amoranteek, beste bat aukeratuko dute,
gure mendekuek izen erridikuluak dauzkate
eta hartaratu falta.
Ez da ez patua uharan darabilgun baporea.
Guk garena garelako mixeria daukagu,
handi heldu zaigun jaka urdina
eta fardel.
Ni ere bertan Bilbao utzi nau trenak.
Hemen beharko dugu, Onofre, atzera ere
nobeletan puskak ezin bilduz
eta hala beharkotan. © Juanjo Olasagarre