Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

XABIER BIZIK

JOXERRA AGIRREREN HILETAN

( a )

 

Halaxe biltzen omen zaizu begien aurrera

bizitza osoa hemengoak egiteko unean,

hortxe etorriko zitzaizun, orduan, itzala bezala kukuka

heriotzaren susmo erdiragarria;

zahartzearen truke zaildutako mantsotasuna eta

ustezko sosegua, premia zenuenean,

pott eta pott, zerorrenez, bizitzak soldadu egiten

baikaitu, eta ez jakintsu;

zauriak limiskatzearen limiskatzez lortutako

axolagabezia eta dotorezia, segail eta arrai;

zerorren burua beste bailitzen behatzeko ohitura,

lehenik joera, gero eite, gero ezaugarri

eta azken boladan, arian ari, plazer bakarti. Etxea,

mundutik babes, liburuak baino

atorrak, zure aldartearen adierazgarriago, ametsak,

plater hautsi bezala, ia ezer ez, ia dena,

egunerokotasuna, iragan erromantikoak belztu eta

azpijana, batzuetan karrika elurtu isil,

beste batzuetan dolore (oi dolore balekigu eta pena

balia) zure herabetasunez, guretako ezkutu;

etorriko zitzaizkizun, arrapaladan, film zahar batean

bezala, arrapaladan eta desorduan.

 

Halaxe biltzen omen zaizu begien aurrera bizitza osoa

hemengoak egiteko unean,

hortxe etorriko zitzaizun, zoritxarrez, zirti-zarta

eritasuna gonbidabako maizter,

noiz eta zure sentitzeko manera errealitateari

zegokionarekin bat ez etortze hura

jada (mukilo-muztilo-bilo-martillo) inporta

ez zitzaizunean. Eta gero pesalunbrea

eta haren izen guztiak: nahigabea, atsekabea, samina.

Mina eta haren labirinto guztiak.

Neke handiz ito zenituen barne garrasi gorriak, gozatu

eta oinaze sorgor bihurtuak;

ia adiskide egin zenituen sistema inmunologiko, test,

t4ak, itxarongela, enparauak;

atorrak gero eta iluntzenago, pelearako indarra,

esperantza, kemena, hobena,

malditismo printzak: kalefakzio sentimentalik gabeko

bizimodurako kondena.

Entero bizitza (ironiarik ez zenuen falta) zure bigarren

eskuko patu hari burlaka.

Etorriko zitzaizkizun, arrapaladan, film zahar batean

bezala, arrapaladan eta desorduan.

 

Halaxe biltzen omen zaizu begien aurrera bizitza

hemengoak egiteko unean,

hortxe etorriko zitzaizkizun bihotzak gogoa

mutil erabili zueneko aldi guztiak

amodioa eta haren pozak, amodioa eta haren minak,

amodioa eta eternitate irrika;

plazer hutsarengatik ezagutu zenituen gorputzak,

amodio (beharrik!) beharrik gabe;

argi garden batek barnetik argitu zintuen parada

zoragarri batzuk-batzuk haiek;

klandestinoki, bizitzari ostu zenizkion epeltasun

apurrak, kokolo-kokolo,

kontrara aritzeagatik zapuztutako aukerak,

kontrara aritzeagatik aurkitutakoak;

zure nortasun makurra masokismoz trabailatua,

inausketa jolasa -zenion-;

eremu desolatuan utopia (mon amour) itsusi, itsu,

zarpail amorante zahar baten gisa,

nahiz eta, zenionez, nahikoa edade izan gaztaroa utzi

eta jende gisa portatzen hasteko.

Etorriko zitzaizkizun, arrapaladan, film zahar batean

bezala, arrapaladan eta desorduan.

 

Halaxe biltzen omen zaizu begien aurrera bizitza osoa

hemengoak egiteko unean,

hortxe etorriko zitzaizun, euripean, baiona eta itsasoa,

(ai gure haurraren ona...);

hortxe etorriko zitzaizun, laino artean, Montgomery

(Alabama), sekula ezagutu gabea,

bertako karrika zabalak, bizitzaren ikur, bide galduen

seinale, eszena hutsak

xoxoak, xoxoak hegan lur berrien bila, hotzari itzuri,

fotograma belatuak,

ahotsik gabeko parlamentuak, udako larrualdiak,

desamore bataio, balizko aukerak,

ilunxko argitutako fotoak, Capone zure txakurra,

dantzarako deiak, alegrantziak, kantak.

Halaxe biltzen omen zaizu begien aurrera bizitza

hemengoak egiteko unean,

halaxe etorriko zitzaizkizun, arrapaladan, film

zahar batean bezala, arrapaladan eta desorduan.

Berriz bizitza? Berriz poz hori guztia? Min hori guztia

atzera berriz? Berriz ere!?

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus