CAPONEK
JABEA ZUENARI
ENTZUNDAKO ERREFLEXIOA
( z, a )
Metodo esperimentalaren arabera
historiak aurrera egin ahala
hobetuz doa gizakia.
hipotesia:
Historiak aurrera=gizakiak hobera.
Sua domeinatu zuen Neolitikoan
eta hobera egin zuen gizakiak.
Eskritura asmatu zuen Mesopotamian,
zenbakiak sortu zituen Arabian
eta hobera egin zuen gizakiak;
Jakintza tragikoa pentsatu Grezian,
Erromanikoa eraiki Erdi Aroan,
gizakia munduaren neurri harturik,
han abiatu zen Aurkitu behar harekin Berpizkundean,
eta hobera egin zuen gizakiak.
Hezkuntza hedatu zuen Ilustrazioan,
makinak meneko paratu Industrializazioan,
Aurrerakuntza Hobekuntza erabaki zuenean,
eta hobera egin zuen gizakiak.
Ondorioa: frogaturik gelditu da:
Historiak aurrera=gizakiak hobera.
Gudak, hilketak, sarraskiak, gosea, miseria!?:
esperimentuaren konbustioko zaborkinak,
kontuan hartzeko bigarren mailako ondorioak,
berriketak... © Juanjo Olasagarre