LABANA
ANJELINES BERASATEGIREKIN
HIZKETAN
( b )
Jakiteko nola buruaz beste egin
ez duzu manualen beharrik,
har nazazu soilik
eta ele ezberdinen
doinu sarkorra entzun:
buruaz beste egin, urkatu,
nork bere burua hil, burua bota.
Entzun entzuntzazu
eta fereka,
ene arrangura hotzak
leihoaren kristaletan dagi dir-dir
otso amultsu legez,
poz ilun batez
ilargiari uluka.
Eta bizitza jada ez duzu zain.
Egia da bai,
beste tresna batzuk
erabil ditzakezu,
beste metodo batzuk jarraitu;
baina sinetsidazu
ene prestutasunez
ez da inor bihotzeraino heltzen,
inor ez.
Ez dizu inork
heriotzaren edertasuna
odol tanta batzuetan erakutsiko.
Pozoia?!
Pozoia erabil dezakezu, jakina,
baina ez dizu aurpegiko keinu
zurbil batek
odolaren berotasuna sentiaraziko.
Motozerra ere
izan dezakezu borrero,
baina karibear sentsualitatea,
enpalagu itsaskor, higuingarri hori
ez dizut aholkatzen
iparraldeko bihotza
duen emakume batendako,
nazkatuko zintuen.
Zintzoa, zalua, prestua,
dotorea eta aldi berean lizuna,
fierra bezain azkarra eta
zehatz zehatza:
ni nauzu egokia.
Jakiteko nola buruaz beste egin
ez duzu manualen beharrik,
har nazazu soilik
eta zure bihotzean,
zure bihotzean sartu. © Juanjo Olasagarre