Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Gabonetako ikuskizuna

 

        Oraingoz, badakigu Gabrielek gehien maite izan zuen euskal teatroa Barrutiaren Gabonetako Ikuskizuna izan zela, 1971-1972 Gabonetan hainbat aldiz jokatuko zena.

        1971ko Gabon egunean, Arratiako Arantzazun eman zuten, herri hartako gazteek. Amatiñok informatzen zuenez, teatro-lana Aramaion jaio zen Barrutiarena da, kanten doinuak Salaberrirenak eta kantariak Arratiako Oihartzunak [506].

        Talde honexek, Eguberri egunean, Bilboko San Anton elizan jokatu zuen. «Gure komediarik zaharrena estrainaldiz ikusteko egokiera eta zoriona eduki» du Gabriel Arestik. Oraingoan behintzat, San Antongo eliza «herriaren zerbitzuan jarri da». Estetikaren aldetik, gainera, «teatro klase batzuetarako eszenarik egokiena eliza dirudi, batez ere eliza zaharrak». Jokalariez aritu ondoren, «publikoaren artean —zioen— gende progresista gazterik ez genuen sobera ikusi». Eta amaitzean: «Euskal kulturarako jornada pobre baina prometagarri bat» [507].

        Arratiar kristau progresistek eurek ere —Diman abade den Jose Antonio Zabalak— ez zuten halango pieza «arkaiko eta inozente» batekin denborarik galtzerik nahi [508].

        Geroago, Arrasaten eta Elgoibarren ere ematen dute [509], eta hurrengo urtean Tolosan, CITek eratutako lehiaketa batean [510].

        Bernardo Atxagak Anaitasuna-n euskal teatroari buruz presentatzen ditu estudio bi, 1974ko urtarril eta otsailean. Bigarrenean, «estilo honetaz (bertsolariena) baliaturik egina dago, adibidez, gure literaturaren obrarik baliotsuena: Barrutiaren Gabonetako Ikuskizuna, Gabriel Arestik argitu zigunez», idatzi zuen Atxagak [511].

        Labaienek, ostera, «zuk eredutzat artzen duzun P. Barrutiaren Gabonetako Ikuskizun ori; N.H.I. arauz ezik, (Errikoi, Fededun-Euskaldun) egiñik dagola. Beraz zure asmoak beaztopo egiñez laister joan dira ankazgora», botako dio [512].

 

        [506] AMATIÑO: «Gabonetako Ikuskizuna Arantzazun» in id. (1972), I.9ko 4.ean.

        [507] ARESTI, G.: «Euskal teatro zaharra San Antongo elizan» in ANAITASUNA (1972), I.15eko 8an.

        [508] Artikuluaren barrenean Anaitasuna-k jarritako oharra, apaiz gazte horrengandik jasotako ideiez burutua.

        Aresti oso gazterik izan zen teatro-liturgikoen ikusle: Iratzederren Pasionea Bizkaiko Gatikako elizan, adibidez, 1958ko erramu igandean. Ik. ZELAIETA, A.: «Gabrielen Pasionea» in GARA (2000), VI.3 (Mugalari, 3). Ik., ostera, hil aurretxoan argitaraturiko «Iratzederri liturjiaz entzun artean» in Azken Harria. Ik. 185. oharra.

        [509] Conf. AMATIÑOren «Zenbat Gera» in ZERUKO ARGIA (1972), 1.30eko 4an.

        [510] Ibídem, 73.IV.8ko 5ean.

        [511] ATXAGA, B.: «Euskal Teatro berriaren bila» in ANAITASUNA (1974), I.30, 8-9etan, eta 11.15.

        [512] LABAYEN, A.M.: «Teatro Berriaren Billa» in AGUR (1974), III.30eko 8an.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus