Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Kantariekin

 

        Xabier Letek disko txiki bat grabatzen du Edigsa etxean 1968an, lau kantetatik bat «Euskal Erri nerea» dela (besteak «Poeta horiek», «Bihotza» eta «Lore gorrien balada»). Kanta hau Gabriel Arestik lehenagotik erdaraz egina zuen, eta Letek ba omen zuen horren berririk. Beraz, plagioa zeritzon [341].

        Maite Idirinek Cinsarekin grabatzen du diskoa, Arestik idatziriko «Bein batez», «Indioaren bidea», «Arri ta bide», «Aize, aize» eta «Euskal dantzari (música de "Pello Josepe")» kantatuz. Idirinek ale bat bidaliko dio idazleari «Gabriel Arestiri. Maite Idirin» diotsola [342].

        Lourdes Iriondok Edigsa etxean grabatzen duen disko batean, Arestiren «Nereari» poema kantatzen du, hitzak norenak diren esan barik eta tileten bat aldaturik, gauza biak ere idazlearen haserregarri [343]. Lourdesek, baina, ale bat bidaliko dio «Nereari, bihotzez, Lurdex Iriondo» agurrarekin.

        Urte berean, Mikel Laboak Goiztiri etxearekin grabatzen du diskoa, «Apur dezagun katea» eta «Egun da Santi Mamiña» kantatuz (bigarrenaren musika Arrizabalagak egina da). Disko honen ale bat jaso zuen Gabriel Arestik, «Nere, Gure eta Andere Bihotz / Donostiatik besarkada aundi batekin. / Mikel» irakurtzen zaiona. Mikel Laboak beste disko bat ere etxe honetan eman zuen «O Pello, Pello» eta beste hiru kantarekin. Hura entzutean, zera zioen Arestik: «Gu poesia egiten ari garelakotan gaude, baina hoberena iadanik eginik dagoela ezin ukatu».

        Xabier Letek HG7 grabatzen duenean [344], Arestiren «Urriaren 28 Egun» ematen du, Euskal Harrian agertu zena, eta dedikatoria honekin bidaliko dio ale bat: «Gabriel Aresti / laguna, / hemen doa azkena. / Xabier». Irakurleak egilearen eta kantariaren letrak artaz begiratzen baditu, aldaketak izan direla aise ikus dezake.

        Bizkaiko apaiz talde batek «Gogor» diskoa grabatzean, «Egun da Santi Mamiña» kantatzen du Xabier Amurizak, koroak errepikatuz, arreglo batzuk eginik [345]. Jakina denez, gure artean zeharo sonatua izan zen abesti hau, Arestiren graziaz gainera, Arrizabalagak eman zion doinuagatik, eta Mikel Laboaren juglare trebeziari esker. Galizian zehar ere Arestiren izena ezaguna egingo du kanta honek. Hala esan digu Santiagoko Unibertsitatean irakasle den Juan José Moralejo jaunak: «El haber dejado atrás una obra poética que ha calado profundamente entre sus paisanos, y digo esto porque tengo entendido que "Egun da Santi Mamiña..." es de Aresti y se canta por todos y a todas horas».

 

        [341] Conf. Harrizko Herri Hau. 1970, 102an.

        [342] Ik. «Idirinekin» in Harrizko Herri Hau.

        [343] Conf. Euskal Harria. 1967, 148.ean.

        [344] Baionan editatua, baina Bartzelonan grabatua, non medikuntza ikasten baitzuen.

        [345] 1975.IX.22ko kartatik. Talde honetako Amuriza eta Naberani, biak Zamorako kartzelan, «Larrabetzun» poeman kantatzen die. Aldekoak ohar egiten duenez —«poesiarik interesgarriena musikarekin batera trasmititu zaigu»—, Arestiren (zenbait) poesia ezagun egitera iritsi ziren kantariei esker. (Ik. ALDEKOA, I.: «Bernardo Atxagaren...» in EGAN (1999) 10.ean). «Egun da Santi Mamiña» honen kasuan, garai haietan «goiko zeruak gorde dezala / Etxebarrietan arima» aldaera kantatu ohi zuen herriak.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus