Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Euskararen batasuna. 1968

 

        Euskal Harriaren ortografiak «bonbaren» efektua izan zuen, hurrean, euskararen batasunaren bidegintzan. Urte honetan, «Euskaltzaindiaren 50 urtebetetzeak dirala-ta, udazkenean, Batzar nagusi bat egingo da Oñatiko Unibersidadean. Batzar ortako gai bakar eta berezia auxe izango da: euskeraren batasuna», iragarri zuen Euskaltzaindiak, apirilean [322]. Maiatzean, P.B.k «Euskaltzaindiko Sekretaritzatik Literatura euskeraren batasunaz» hitz egiten digu [323]. Ekainean, Zeruko Argia-k berak, berriz ere, «Literatura-batasunaz» ziharduen [324]. Ekain honetan berton, Gerediaga elkarteak eratuta, euskal idazleen bilera egin zen Ermuan [325].

        Uztailean, Gabrielek ere parte hartzen du kontu honetan. Entzun diezaiogun berari: «Niri gaizki portatuaren ofizioa jokatzea tokatzen zait beti. Horregatik asko gorrotatzen naute, edo ez naute maitatzen, behintzat. Beste batzuek "amen, jauna" diotsate guztiari, eta honela ez dute inundikan ere etsaitasunik irabazten, edonun diardue ongi maitatuak eta preziatuak.

        »Baina norbaitek kontatu behar ditu egiak, eta ofizio atsekabe hori, euskaltzaletasunaren antzertokian ofizioak partitu ziranean, niri tokatu zitzaidan.

        »Aspaldi honetan gutti agertu naiz Euskaltzaindiaren batzarretara. Etxera ogia eraman beharrak, bertara gabetzen nau. Gainera, bertan ikusi ohi diren gauzekin, nire espiritu kazkarra ez da maiz alaitzen. Urtarrileko batzarra Bilbaon ospatu zen. Nire denbora apurretik ordu pare bat ohosturik, bertara azaldu nintzen. Eta gure Akademiaren urrezko eztaiak ospatu zirenean, jaiak eta jaiak ekarri ziren ahotara. Orduan haserretu nintzen: "Gureak guztiak dira jai-egunak: eta astelehenak noizko dira? Lanean aritzeko orduak ez du oraindik gure atera jo?" Eta literatur euskera bakar bat egon dedin aipatu nuen premia. Katalanen eredua ekarri nuen aiputara, Pompeu Fabraren lan miresgarria. Hizkuntza batek ezin dukeela bizitza normal bat eraman, erregela eta lege zehatz hestu batzuei ez badago loturik. Eta Euskaltzaindiak niri jaramon egitea beste erremediorik ez du eduki.

        »Nire obedientzia bete-betea prometitu diot Euskaltzaindiari. Txillardegik ere beste hainbeste egin omen du. Baina obedi dezagun, Euskaltzaindiak agindu egin behar du» [326].

        Uztailean, LuisVillasantek «Batasunaren Arrazoiak» [327] ematen ditu, lehentxeago Kamiñazpik Anaitasuna-n eskatu zituelako. Nemesio Etxanizek, baina, irailaren 22an «H-a bai, H-a ez» auzira makurtzen zuen batasun-kontu guztia [328].

                Irailaren 29an, Euskaltzaindiak agiri antzekoa ematen du Zeruko Argia-n [329], programa baten jokoa egiten duena. Biltzarra baino lehentxeago Gereñok elkarrizketa egiten dio Gabriel Arestiri. Batzarrari buruz galde egin ondoren, honela erantzuten dio: «Nire ustez, Gipuzkoako berboa hartu beharko da hasieran, eta hurrenengo Bizkaikora edo Lapurdikora jo. Gipuzkoakoa zabalduago dago, baña beste biak dira aberatsagoak» [330].

        Batzarra, azkenez, urriaren 3, 4 eta 5ean burutu zen Arantzazun. Rikardo Arregik ematen du haren berririk: «(...) batasunaren eta h-aren auzia irabazita dago», da beronen ustea [331]. Baina Euskaltzaindiak «(...) elkartasun gogoa nagusi» deklaratzen bazuen ere, idazleak bitan banatu ziren [332]. Honen testigantzak nahinon topa ditzakegu, baina, isilekoa zenez gero, interesgarriena Nemesio Etxanizena iruditu zaigu.

        Hona beronen iritzi eta proposamen konspiratzaileak: «Arantzazuko billerak negargarriak izan dira. Batipat, Mitxelena bigunegi agertu dalako gazte egosgaitzekin. Aurrak negar eginda nai duana iristen duala konturatzen danean, geroago eta negar aundiagoak egiten ditu. Gazteok ere, konturatu dira Mitxelena eta Lekuona eztirala gogor jokatzekoak eta txakurrak bezela agertu dira, aek berenera makurtzeko.

        »Azkenean au erabaki dute: "Euskaltzaindiak begi onez ikusiko duala, "H" ori itz batzuetan erabiltzea. Ala bi bokal berdiñen erdian: zaarra, leen, eta abar... Eta gañera guk aokaldi batean eta besteak bi aokaldiz esaten dituzten oietan: behin eta abar..".

        »Orain gurea da. Aiek beren Jakin aldizkarian eskuak jarein dituzte nai dutena esateko. Guk "H"ren kontra gogor jokatzeko, or daukagu Olerti. Eska zaizkiezu lanak gai ortaz, eta bizi-bizi jarriko dezu inguruan jendea. Aita Plazido Muxika, Justo Mokoroa ta abar izan dira beren ezezkoa eman dutenak. Bildu itzazu ale batean guztien iritziak. Beste bat Uxola idazlea izan da (hau, Urruzola dala uste det).

        »Guziok Jakin-en erronkari erantzun bear diogu, ta Euskaltzaindiaren aolku orri ez entzun egin. Gure izkuntza ia itoan dagola, nola geituko diogu, ba, nekea eta oztopoak? Orduantxe gera tinka gorrian. Ia, ba, atzartzen dituzun erdilotan dauden "H"ren kontrako guziak. Gazteok beren asmoak aurrera eman nai dituzte, azkenean "v" sartu naiko dute. Poliki poliki, "c, ch" sartu naiko digute. Orregatik garrantzi aundia du oiei bideak isteak» [333].

        Horrez gainera, Bizkaian sortu zen Agur aldizkariaren borroka ikertzea ere argigarri litzateke.

 

        [322] Conf. in ZERUKO ARGIA (1968), IV.7ko 1.goan.

        [323] P.B.: «Euskaltzaindiko Sekretariotzatik» in ZERUKO ARGIA (1968), V.19ko 2an.

        [324] «Literatura-batasuna» in id. id. (1968), VI.9ko 3.ean.

        [325] Conf. in id. id. (1968), VI.9ko 6an eta (1968), VI.23ko 1goan. Batzar honetan, Juan Antonio Letamendia, Imanol Laspiur, Xalbador Garmendia eta Juan San Martinek hitz egin zuten.

        [326] ARESTI, G.: «Euskararen batasuna» in ZERUKO ARGIA (1968), VII.7ko 3.

        [327] VILLASANTE, L.: «Batasunaren arrazoiak» in id. id. VII.21ko 3.ean.

        [328] ETXANIZ, N.: «Oñatiko batzar aurretik» in id. IX.22ko l l.ean.

        [329] «Batasuna» in ZERUKO ARGIA (1968), IX.29ko lean

        [330] GEREÑO, X.: «Arestirekin elkar hizketa» in id. (1968), XII.22ko 11an.

        [331] ARREGI, R.: «Euskeraren batasuna» in id. X.13ko 12an eta EUSKERA (1968).

        [332] EUSKALTZAINDIA: «Literatura euskeraren batasunari buruzko berria: Elkartasuna nagusi Arantzazun» in ZERUKO ARGIA (1968), X.20ko 11.ean.

        [333] Conf. in ONAINDIA, S.: Eskutitzak, 262.ean, 1968.X.9ko karta.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus