Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Kriselun editore

 

        Arantzazuko Batzarra (Batasunarena) bukatu berria zelarik, Gabriel Arestik Tomas Meaberen Hamalau alegia argitaratu zuen bere Kriselun, Espainiako lau hizkuntzetan. Katalanez: Ricardo Salvat. Gailegoz: Xesus Alonso Montero. Euskaraz: Gabriel Aresti. Marrazkiak: Dionisio Blanco. Portadan, hauxe bertso hau: «Cierra los ojos muy suave, / Meabe, / pestaña contra pestaña: / Sólo es español quien sabe, / Meabe, / las cuatro lenguas de España». Poemen hautaera Gabriel Aresti, Juan San Martin eta Ángel Ortiz Alfauren artean egina zen. Portadan eman zuen poematxo horren "utopia" Alfau lagunari egindako dedikatorian irakur daiteke: «A Ángel Ortiz Alfau amigo / compañero hacia las Españas / hacia las Europas, porque desea- / mos algo mejor que Euzkadi, / que España, que Europa».

        Meli Estebanek dioskunez, Meaberen edizio hau Ellakuriaren inprentarekin erdi-bana eman zen. Hobeto esanda, eman beharra izan zuen. Meabetar sozialistaren batek edizio erdia erosteko promesa egin omen zion Gabriel Arestiri, baina gizon hura, sarekadaren batean edo, galdu egin zen... Kontua da liburua garesti gertatu zela, saldu ere asko ez zela egin, eta pisuaren saltzearekin irabazitakoa ere zerbait hor galdu behar izan zuela.

        Gaztetan Sabino Aranaren eskolakoa, marxismoaz arduratu zen gerora. Tomas Meabek, hiltzean —36 urte zituela—, «dejó entre sus seguidores una bien ganada fama de santidad laica», idatzi berria du Jon Juaristik: «En consecuencia, nada tiene de extraño que, a finales de los años sesenta, los miembros de ETA que se convirtieron al marxismo (...) se interesaran en su figura y sus escritos. Sin embargo, la recuperación de Meabe en la que jugó un papel destacado el poeta Gabriel Aresti les resultaría decepcionante. Ni de sus Fábulas, escritas en un edulcorado estilo seudoevangélico, ni de sus escritos periodísticos pudieron extraer ideas ni análisis aplicables a la sociedad vasca (...) la fragilísima ideología de Meabe: una amalgama indigerible de marxismo humanista y positivismo pedantesco. Aresti sacó algún partido literario del personaje, asumiendo parte de su antinacionalismo retórico. Pero la operación no dio para más. Meabe no había sido un austromarxista ni mucho menos un Gramsci vasco». Arestik, haatik, beti izango du gogoko Meabe, Sabino Aranari hots egiten diola «hire diszipulurik abantailatuena» diotsola [357].

        Hurrengo urtean, Nekazariaren Dotrina argitaratzen du, Kriselun hau ere. «Atarian dioen bezala, liburu hau —komentatzen zuen San Martinek— F. Markos da Portela basoko teolojian doktoreak gailegoz konpondua eta Gabriel Arestik euskeratua», izan zen. «Hau ikusiz —aurreraxeago—, ez dago dudarik lan ederra hartu zuela Arestik hau itzultzean. Gabrielek berak jarri dio hitzaurrea euskerazkoari. Bere zenbait kexa agertzen ditu euskal argitaldariei buruz eta baita ere, euskera batuaren kontuan, Euskaltzaindiari buruz. Bai batean eta bai bestean, izango ditu noski bere arrazoiak, baina ez bera batasuneruntz ez etortzean. Besteak betetzen ez dutela berak beste bide bat hartzeari ez deritxot aukeratzerik egokiena». Ondorioz, «hontan beintzat ez nator bat gure Arestirekin» esan arren, azkenean, bukatzen du: «Dana dala, badira euskeraz itzulpen txarragoak, askoz txarragoak, eta horrek konsolatzen gaitu, esateko O catecismo do labrego ere lortu dugula euskeratzea» [358].

        Meaberen Hamalau Alegia argitaratzean, ohar hauxe egiten zuen, azken orrialdean: «Kriseluk bere bigarren liburu honetan, euskerarentzat hobekien derican ortografia erabilcen du. Hala eta guztiz ere, Euskal Akademiak euskera batu bat finka dezanean, bere iriciak Euskaltzaindiarenei makurtuko dizkiela agincen du. Zori-gaiztoz, Alegia hauk inprenta-orduan, ez du Aranzacuko batzarretatik hartutako erabakien berririk ezagucen, ez eta ere haien kunplimentua borondatezko edo derrigorrezkoa izanen den».

        Horrez gainera, Arestik gutun bat bidaltzen die Euskaltzaindikoei gorabehera hauetaz, hauxe zioena: «Euskaltzaindiaren batzarkide guztiei. / Nire jaun eta lagun guztiz agurgarri eta maiteok: / Izan bedi gaurko nire gutuntxo hau, gure buru den Lekuona jaun agurgarriari Astolako batzarrean entregatu neraukanaren jarraipen moduko bat. Eta izan bedi, bide-nabar, nire desenkusa edo bark-eske antzeko bat. Arrazoi honegatik: Nire idatzi guztietan, orain artean, nire iritz-bide sanoena jarraitu dut, beti asmorik hoberenarekin eta euskeraren onean izanen zela esperantzan. Nire ustea izan da Euskaltzaindiak ez duela inoiz erregela fijorik finkatu, eta bera ofizialki mintzatzen zenean, bakarrik bere gomendazioak eta kontseiluak ematen derauzkiela idazleei, inor behartu eta obligatu gabe.

        »Ez dakit, oraindik orain, zein izan diren Arantzazun Euskaltzaindiak hartutako erabakiak, ez eta ere erabaki hoek derrigorrezkoak edo borondatezkoak diren euskal idazleentzat. Dena dela, irtetzear dagoen nire liburu batean, Espainiako lau hizkuntzatan agertzen den lehenbizikoan, euskerazko itzulpenean, Euskaltzaindiaren iritz-bideen barrenean ez dauden modu batzuk erabiltzen ditut, nire aurreko liburu Euskal Harrian ere usatu nituenak. Nire zoritxarrez, liburua inprimiturik dago, eta modu hoietatik atzera egiteko biderik ez dut. Sinets nazazue, nire jaun bihotzekoak, Arantzazuko bileretatik euskaldun guztiontzako erregelak eta legeak derrigorrezkoak aterako balira, poz pozik kenduko nituzkeela modu hoek nire liburutik, biderik banenduka. Hala ere, Arantzazutik ateratakoa ez baldin bada onartzea ala ez onartzea, uste dut, nire lan literarioetan ni ere ba naizela libre, beste batzuk R konkorduna eta H-rik eza bezala, nere gustoko C eta X zorionekoak erabiltzeko» [359].

        Beste alde batera jorik, Gabriel Arestiren Euskaltzaindiarekiko begirunea: «Azkenik hitz bat azken agiriaz. Bertan dakust Irigoienen bakantea betetzeko (bulegoko lanetan, alegia), nire eskeintza errezibitu zenutela, baina dirudienez, txarki entenitu zenutela, ni eskeindu bait nintzen, zuek beste biderik aurkitzen ez bazenuten, nire aldetik asko sakrifikatuaz, nire zoritxarrez nire denbora oso karioa bait da. Lizundiaren eskeintza, errezibitu zenutenez, nire eskeintza, aldez aurretik desegina geratzen zen, eta hala eman nuen aditzera bertan. Beraz, asko harritzen naiz, hori agirian ikusirik. Dena dela, Lizundia jaunari nire laguntza ezertarako balia bazaika (hamabost urtetan egon bait naiz bulego inportanteagoen buruan, hori bait da nire ofizioa), poz-pozik eskeintzen diot, euskeraren onerako eta dadukadan adiskidetasunagatik. Nire agurrik zintzoenak har itzazue».

 

        [356] IDAZLE TALDE BATEK: Euskal Olerti 68. Lur, Donostia, 1969. («Azken oharrean» lur/kriselu/hatsapenak euskararen batasunaren zerbitzuan jartzen dira» (547.ean) zioen, Arestik azken orduan sartutako nota horretan. Eta jarraitzen zuen: «Gabriel Aresti, Xabier Kintana, Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolarekin osaturik dagoenak Beren hautapen-kontseiluak euskalgaiztoko dialekto mordoiloetan idatzitako lanak ukatuko dituela jakin-arazitzen du, eta bide batez euskeraren batasunik nahi ez duten euskaldunak euskeraren eta Euskalerriaren etsaiak direla deklaratzen du. Are gehiago negarreztatzen du batasun hori gonbatitzen dutenen portaera, bereziki Eizmendi-tar Iñaki "Basarri" jaunarena, zeinak, Euskaltzaindiak Arantzazun hartutako erabakiak onartuko zituela publikoki manifestatu ondoren, bere hitzari ez dion eusten». Ohar hau ez zuten begi onez ikusi kontseiluko besteek.

        [357] JUARISTI, J: Sacra Némesis, 81ean. Meabek (1880-1915) Alegiok 1902-1906 bitartean egin bide zituen. Arestiren ateraldiarentzat, ik. «Euskal-Kideak, Baiona 72», in Artikuluak..., Susa, 1986, 116an. Badihardu Utopia honetaz «Euskal asto lasterrak» delakoaren 16.ean, in Euskal Literatura 72, 179.ean ere.

        [358] SAN MARTIN, J.: «Liburuak» in EGAN (1969), 1-6, 155-156.etan.

        [359] 1968.XI.25eko kartatik. Euskaltzaindiari egina eta, beraz, han gordeko dena.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus