Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Alderdi Komunistaren aldizkaria

 

        Arragoa (r pikordunarekin) aldizkaria, Euzkadiko Alderdi Komunistak 1964. urtean atera zuen lehen aldiz. «Revista vasca de cultura y política» azpititulatzen zen. 1967a arte, zazpi zenbaki egitera heldu ziren, gehienbat Zalakain jaunaren eraginez.

        1966ko maiatzean, A. Aiztondo eta R. Iturburuk (seguru asko Zalakain beraren izena ostentzen zuten goitizenak), Gabriel Arestiren Justizia txistulari bihurtu zen komentatzen dute.

        Urtatsetan, Oiartzunen Lartaun taldeak jokatutako antzerki-lan hau ikusi ez bazuen ere, «Asieratik azkeneko orrialderaño irakurri ondoren», eta han izan ziren «ikuslei zerizkiotenakin, pixkaren bat aztertu-ta» egingo du artikulistak. Arragoa-ren ustez, Arestiren obra honek «eusko antzerkiari azal ta barruko berri bat eman nahi dio». Ondoren, obraren laburpen luze samar bat ematen zuen.

        «Gabriel Aresti jaunaren merezimendu aundia —darrai— da bere antzerki onetan iges egitea "euzko antzerki atzoki edo tradizionaletik", au da, olerkiko eta artzai arlote parregarri arazo ergeletatik urrundurik (...)».

        Ezer okerrekorik seinalatzekotan, «Akatz bat azaldu nai genioke —zioen Arragoa-k. Pittin bat zalantzetan» uzten omen zituen ikusleak, zeren eta autorea «ikusleok nolatan artu lezaketen bere antzerkia» arduratuta edo ikusten baita obran.

        Euskararen aldetik, ostera, itxuraz gure artikulista ez zen ez h-zalea ez barbarismoetara emana: «Ba diteke oyartzuarrok antzerki alkarrizketako itz batzuek mordollotzat artzea».

        Antzerkia jokatzeari bagagozkio, «ikusle izan ziranak esan ziguten bere iritziaz kaxkar xamarra izan zala antzezlarien atzalpena, batez ere emakumeena». Publikoaren aldetik, berriz, «antzezlariak ez dira teatro zale izaten, euzkelzale baizik, au da, agertokira igotzen dira ez euzko antzertiari laguntzeko asmoan, euskerari laguntzeko asmo soillean baizik».

        Edozelan ere Arragoa politikoa Gabrielen maisua ezertan izan bazen, berau ez zen izan haien hizkuntza-maisu inola ere.

        Azken zenbakian, 1967. urtearen abuztuan agertu zenekoan, «Gabriel Aresti'ren iru olerki» (sic) eman ziren. «In memoriam» titulatzen zuen lehenean, Miguel Hernández, Lauaxeta eta Federico García Lorca omentzen zituen. Bigarrena, «Iru (sic) urte luze» titulatu zioten, geroago Harrizko Herri Hau poema-liburuan publikatu zuena. Azkena, berriz, «Mihin bahako», non euskararen batasun beharraren premia agertzen baitzuen.

        Armendaritzek Hitz-3n sujeritzen duenez, askoren ustea da Gabriel Aresti alderdi horretakoa zela pentsatzea. Vidal de Nicolásek esan zigunez, «Gabriel no pertenecía a ningún partido. Yo creo que ni el nuestro le hizo ninguna invitación por respeto a su persona, a su talante... Probablemente para las derechas era un comunista y para los izquierdas un reaccionario. Ten en cuenta que sacaba, sin ninguna puntualización, a relucir bien lo del Rh- o bien la lucha de clases. En definitiva, sin embargo, creo que su pensamiento era comunista, "sui generis" desde luego, pero comunista».

        Jon Juaristiren esanetan, «su deriva hacia el marxismo lo acercó a los comunistas y, en torno a las fechas de la V Asamblea de ETA, al grupo encabezado por Javier Echevarrieta Ortiz, pero conservó toda su vida una acendrada independencia de criterio que le impediría militar en cualquier organización». Eta Luciano Rincónek: «No es fácil retratar a Gabriel, se movía demasiado».

        Arestik EAK-koekin izaniko harreman eta jarreraz, Juan San Martinek: «(...) nik esan dezakedan zerbait, lekukoa izan nintzelako bilera bat izan genuen Busturian eta berak deitu ninduen nahi zuela ni ere han egotea. Afari bat. Afari hartan bazen ideia askotako jendea, kasik esango nuke denok ezkertiarrak; baina ezkertiarren artean, era askotakoak. Uste dut 1968.eko iraila zela eta han bildu ginen, hain zuzen, sobietarrek Pragako kaleetan tankeak atera zituztela eta, Txekoslobakia komunista izanik ere. Eta han, afarian ginenon artean zenbait lekukotasun emateko Ibarrola han zen, Dionisio Blanco han zen, falta zen Blas de Otero, azken orduan ez dakit zergaitik ez zen agertu, baina baziren Vidal de Nicolás eta bazen ere, baita ere periodista bat lehenago Hierro-n ibili zena, Pericás- eta gertatu zen polita, han denak ezkertiar izanda, eztabaida atera zen: han zer gertatu zen? Ni, besteekin oraindik harremanik ez, eta pixkat erreserban gelditu nintzen eta eztabaida sortu ondoren, goraka indartzen joan zen eta Aresti eta Pericás oso kritiko jarri ziren sobietarrek egin zutenagatik. Beste guztiek, gehienek, ez zuten nahiko argudio, baina nahi zuten nolabait "bueno, bai, ... baina arrazoiak izango ziren (...) Frankismoaren prentsak ekarri digu guri notizia holan". Gero ni ere sartu nintzen eta han agertu ginen hirurok nahikoa nabarmen sobietarren kontra. Esan nahi dut, ez zela nornahirekin ezkontzekoa. Aresti, denaren gainez, kritikoa zen; eta kritikoa zen bere marxismo giroan ere».

        Bilboko DGSk «indiferente a los principios fundamentales del Movimiento (...) careciendo actualmente de actuación política» zioen Gabriel Arestiz.

        Garai bertsuan, Zazpi Kaleetako «Txoko Eder» tabernan euskal kultura eta artearen inguruko hainbat pertsona biltzen dira, Aresti, Idoiaga, Ortiz Alfau, Ibarrola... tarteko, ez duena fruitu handirik lortzen [195].

 

        [195] San Martinen testigantza, in Bilbok bere seme prestuari..., 58-59.etan. Juaristirena, ik. JUARISTI, J.: Sacra Némesis, 1999, 171.ean. Rincónena, RINCÓN, L.: «Retrato algo movido de Aresti» in ZURGAI extraordinario, 1979, 126.ean. Vidal de Nicolásen bilakaera ideologikoaz, ik. NICOLÁS, V.: «De tertulias y otros lances» in LA GACETA DEL NORTE / LA GACETA LITERARIA (1987), VI.27.IV-Vean). «Txoko Eder» Gaztelu larrabetzuar ahizpen tabernako bileraz, ik. Bilbok bere seme prestuari..., 86an. DGSrena in TORREALDAI, J. M.: Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura (1936-1983), Susa, 2000, 138an.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus