Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Teatro zale

 

        Jarrai taldeak Priestleyren Ertzaiña etxean Bilbon taularatzen duenean, Gabriel Arestik kronika optimista bat eskaintzen digu Zeruko Argia-n. Arestiren teatrozaletasunak euskal teatro zaharra du gogoko.

        «Gabriel Aresti poeta laureatus ta euskal iskribatzaile bizkorrari —idatzi zuen Labaienek [196]— zor diogu Barrutia, orain berreun urteko teatrogilleruntz, kasu eman, so egin ta aren izena goraipatzea. (...) Susmo ortan ez da guztia gezurra bañan alere ezin ontzat ar dezaket D. R. M. Azkuez "literatura gaietan ez ebala gauza aundirik entendietan" (...) salatzen duelarik. Aren alde atera bearrean nago, ez bakarrik beste euskel gaietan burutu izan zuan lan izugarri, erraldoi ta gallenengatik, bai literato bezela ere».

        Gainera, «ez nator zurekin batera, Aresti, ez dala euskeraz gauza baliosagorik eta fiñagorik egin diñozunean. Eta beste nunbait: "Ez duala parerik iñungo literaturan". (...) Barrutiak, ene ustez ez zuan gauza berri aundirik sortu baizik erdel literaturan eta aintziñatik prantzes "moralités" eta antzeko liturji-teatrotik zetorrenaz baliatu. Ori bai, euskal kutsua erantzi zion eta ongi gañera erdi-aroko espiritu ura gurenaganatuaz».

        Hiru urte geroago ere, Arestik pieza teatral harekin ardurak ditu. Zeruko Argia-n artikulu dotore bat publikatu zuen, euskal teatro zaharrari buruz, azken partean «Auspoa liburu sortan atera dadin, Barrutiaren Gabonetako Ikuskizuna, Muniberen Ordi Enganatua, eta Sor Luisaren Gabon Sariak hiru komedia zaharrekin batera liburu batean», eskatzen zuela [197].

        Bi urte geroago, esan eta egin, Arestik Teatro Zaarra publikatzen du Zabalaren Auspoan [198]. Hitzaurrean, berriz ere Barrutiaren euskal teatro honen orijinaltasuna defenditzen du. Mitxelenak eta Villasantek euren estudioetan [199] Arestiren usteei jarraitu arren, Elías de Tejada zaharzaleak ez du hori ontzat ematen. Honen ustez, «es la pieza reflejo del teatro clásico del siglo XVII, sin la menor concesión a la estética afrancesada de la hora, más cerca de la Raquel de Vicente García de la Huerta que de las comedias moratinianas por la frescura popular y por la viveza alegre de los personajes» [200].

 

        [196] LABAYEN, A.M.: «Pedro Barrutia Mondragoeko Eskribauaren Gabonetako Ikuskizuna» in EGAN (1961), 4-6.249-252.etan.

        [197] ARESTI, G.: «Alferrean galdutako bitxia» in ZERUKO ARGIA (1964), X.4ko 3.ean. Loiolako jesuiten etxean zenbait euskaltzalek —Euskaltzaindikoek— egindako biltzarraren ondoren otu zitzaion lantxo hau. Berton, garai hartako Euskaltzaindiaren —eta Euskal Herriaren— egoera adierazten duen ateraldi hau irakurtzen da: «Batzarra bukatu zen goizaldean, bi euskaltzain egon ziren bakarrik».

        Egoera xamurragoak ere baziren, horregatino: « (... el pasado mes de Diciembre (¿o fue noviembre?) tuvimos aquí en Bilbao nuestro particular congreso de vascófilos, en el cual yo también hablé, en plan extremista (...) Cuando yo hablé había en la sala veintidós eclesiásticos y veinte seglares. Bonito número». (Ik. ARESTI, G.: Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. Susa, 1986, 133-137.etan).

        [198] BARRUTIA. P.I.: Gabonetako Ikuskizuna. SOR LUISA: Gabon-sariak. MUNIBE: El Borracho Burlado. Auspoa, Tolosa, 1965. Ik. El Borracho Burlado hau dela eta, «Ze moduz» in Harrizko Herri Haun.

        [199] Conf. MICHELENA, L.: Historia de la Literatura Vasca. Ed. Minotauro, Madril, 1960, 106an: «El reciente estudio de G. Aresti ha puesto de manifiesto su novedad técnica» esan ere egiten du). Eta VILLASANTE, L.: Historia de la Literatura Vasca. Sendoa, Bilbo, 1961. (121-122 orrialdeetan). M. Zaratek ere aipatzen du (conf. Bizkaiko Euskal Idazleak. Bilbo, 1970) Arestiren aportazioa, baina, haren ustez, teatro klasikoaren influentzia garbi ikusten zaio Barrutiarenari.

        [200] ELÍAS DE TEJADA, F.: La Provincia de Guipúzcoa. Ed. Minotauro, 1965, 148.ean. Ikus daitekeenez, Labaienen iritzikoa hau ere.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus