Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Melirekin esposatzen da

 

        Gabriel Aresti 1960ko urriaren 10ean ezkondu zen, 26 urte zituela, Amelia Luisa Estebanekin, Bilboko La Inmaculada elizan [101].

        Elizkizunaren ondoren, ohi den sinatzeak fotografoen aurrean egin zituzten. Arestik, bereziki erlijioso jendeari, ironiaz erakusten zien horrelako fotografia bat, non hauxe letreroau ikusten baitzen: «En vistas de los abusos, no se celebrará ninguna misa cuyo estipendio no haya sido hecho de antemano». Testuaren alboan, Pío XII.a aita santua dago, belauniko, gurutze bati so, eskuak elkar plegaturik eta otoitzean diharduenaren itxuran.

        Gabrielen ezteietan haren lagun bi egon ziren: Andoni Kaiero —«aren etsera joan nas batzutan Mungiarako trenean»— eta Alfontso Irigoien. Bion artean liburu baten bezuza egin zioten: Bettiren teatroa [102], dedikatoria honekin: «Zure lagunak zure eztai egunean. 1960.X.10. Irigoien. Andoni».

        Gaztetako Kaiero lagunak erretratu hauxe egin zion, Gabriel Aresti hil eta zenbait urtetara:

        «Ribera 6-ean ezagutu ginen, Azkue zenaren liburutegia zegoen pisuan, 1950 urteetan hemen biltzen bait zen euskal kulturan zebillen Bilboko gentea, Alfonso Irigoien arduradun. Amaika biderrez egonak gera eskaileretan jarririk, atezainari begira, poeta madarikatuak (Baudelaire, Rimbaud, Lautréamont) irakurtzen, buhame itxura erakutsi nahiean. Noizbeinka, herrietara joaten ginen, Euskaltzaindiak antolatutako bileretara edo bertsolari saioetara, trenean gehienetan. Alfonso eta Euskaltzaindiari esker, euskal idazleen mundura sartu zen Gabriel. Iratzeder, Mirande eta Gandiaga estimatzen zituen euskal poeten artean, garai hartan.

        »Aresti oso langilea zen eta izkuntzetarako errestasun haundiduna. Euskera ikasiz gainera, Frantsia, Ingalaterra eta Alemaniako idazleak beren izkuntzetan irakurtzeko gai zen. Literatur kultura zabala zeukan, batez ere poesi alorrean. Nietzscheren "Zarathustra" irakurtzen geundela, asmatu zuen bere "Maldan behera" poema. Gustiz gain, "Gabeko abestia" izeneko atala, bigarren partean, zitzaigun atsegin.

        »Aresti ez zen fededuna; erligio problematikak ez zuen inoiz kezkatu; ez eukan horretarako formaziorik ere. Zenbait idaztietan jainkoaren izena edo kristau formulak erabiltzen baditu, herrikoak direlako da, herri literaturan maiz erabiliak. Euskera lantzeko hainbat erligio liburu irakurri eta astertu behar izan zituen, bestalde. Joannes de Leizarraga eta Axular apreziatzen zituen batez ere, alde honetatik» [103].

        Gabriel Arestiren hainbat kartaren hartzaile gertatu zen Andoni Kaiero, zorionez gordeak direnak. Horiez gain, idazle gazteak gaztelaniaz idatziriko zenbait poema, bizi zelarik inon argitaratubakoak, apud Kaiero zaindu dira: «Nauseabundo», «Pureza» (serventesiozko sonetoak), «Sobre la superficie de las aguas» bi parteko poema luzea (lirak, tertzetoak, kuartetoak, serventesioak), Marte eta Diana mitoaren inguruan, eta «Lamento por la prisión de Gabriel Moral Zabala» (bertso-lerro multzo luzea endekasilaboetan) [104].

        Ezkon-bidaia egiterakoan, Gabriel Celayaren etxean egon ziren, Ángela Figuerarekin hizketaldi bat eginez.

        Telesforo Monzonen etxera ere ailegatu omen ziren. Meli Estebanek ezin du ahaztu nola Monzon agertu zitzaien zaldi gainean ibiltzeko zaldun-arropaz jantzirik. Hizketaldi luzea izan omen zuten. Arestiren emazteak gogoratzen duena da gogor hitz egiten zutela, nola eskoletan hizkuntzak irakatsi behar ziren. Arestik gailegoek euren hizkuntza ikasi behar luketela esaten omen zion, Euskal Herrian ere, pila bat biltzen baziren. Ezkonberriok Barroeta Aldamar kaleko etxera joan ziren bizi izaten, Arestien gurasoen etxera, alegia.

 

        [101] Garai hartan, lonja antzeko bat. Ezkontz-agiriko zenbait informazio: «(...)10 de octubre (...) Julián Uncilla Duñabeitia casó por palabras de presente y dio las benciones nupciales a Don Gabriel María Aresti Segurola, de 26 años de edad, de profesión contable. (...) con Doña Amelia Luisa Esteban Toral (...) de 22 años de edad, natural de Bilbao, provincia de Vizcaya, feligresa de esta Parroquia, hija legítima de Don Darío, natural de Navianos de la Vega, provincia de León, y de Doña Amelia, natural de San Mamés de la Vega, provincia de León».

        Lau hilabete gerotxoago, badiotso Tauerri: «Ni, joan diren Urrietako hamarrean esposatu nintzen nire Melitxu Basurtukorekin, eta haur bati igurikitzen diogu, Pariseko zinkunia medio delarikan». (1960.II.20an).

        [102] BETTI: Teatro Completo. Ed. Aguilar, Madril, 1960. Arestiren liburutegian dago eta sano erabiliaren trazak ditu.

        [103] Ik. in Bilbok bere seme prestuari..., 128an. Aipatzen ditugun gutunak eta poemak, K. Landaren edizioan, Susan. (Ik. "EGIko militantzia" atala).

        [104] Kaierorenean aurkituak, ik. in Poesia argitaragabea..., 1986, 95 eta j.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus