Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Batasunaren Kutxa. 1970

 

        Helios etxeak Cuarenta poemas editatzean, Gabriel Arestiren «Nire aitaren etxea defendituko dut» poema ematen du [363].

        Urte honen hasieran Polizia joan zitzaion etxera. Ez zuten bera aurkitu, baina emazteari egin zizkioten zenbait galdera, Elsa Scheelen eta beronen autore Txillardegiren gainean [364].

        Martxoan, Joanes Leizarragaren Euskal Protestantismoa zer zen argitaratzen du Lur etxean. Beronen azalean dakarrenez, «Joanes Leizarraga Beraskoizkoak 1571 urtean argitaratutako eskribuaren gainean Gabriel Arestik tajututako liburua» [365].

        1970eko maiatzean, Batasunaren Kutxan etorriko den berboaren primezia bat publikatzen du Anaitasuna-k [366], eta abenduan Batasunaren Kutxa argitaratzen du —Iturzaetarengan oinarriturik eta aliantzaren kutxa biblikoari erreferentzia egiten dion titulua—. Urte honetan, argitara ematen duen libururik eraginkorrena eta arrakastarik handiena izan zuena Batasunaren Kutxa izan genuen: atoan agortu zen.

        Eskaintzak honelaxe dio: «Bere bizitzea enpeinu honetan / eman zuelako, / Rikardori, / bere heriotzearen / lehen urtemugakari».

        Anaitasuna-ren iritziz liburu hau idazleentzat «konpromiso» bat da, «zeren 61 idazle-irakasle bere ohoreagatik konprometitu baitira Kutxa honetan ebakitako bideari jarraitzera, gure Herriaren historiarako inportantziarik goreneko Zin eta Mezu batean» [367]. Kutxaren giltzarrien oharretan irakurtzen dugunez, «hiztegiaren zerrenda Arestik egin du, eta azken ukitua Kintanak eman dio».

        Abenduan bertan Harrizko Herri Hau argitaratzen du, Maria Isabel Aldasoro, Rikardo Arregi eta Ramon Saizarbitoriari eskainia. Liburu hau Luis Haranburu-Altunaren eskariz borobildu zuen, presaka, erdal itzulpenik gabe.

 

        [363] Madril. 1970, 40an.

        [364] Conf. EUSKERA (1972), 228an.

        [365] Donostian, Lurrek 1970ean argitaratua.

        [366] Arestik lehenengo aldiz eman zuen bere lana eta izena gure Anaitasuna-n.

        [367] ANAITASUNA: «Batasunaren Kutxa» in ANAITASUNA (1970), VIII.15eko 2an. Hona hemen Eibarren Batasunaren Kutxa sinatu zutenak: Gabriel Aresti, Xabier Kintana, Imanol Berriatua, J. L. Alvarez Enparantza, Juan Antonio Letamendia, Daniel Landart, Patxi Altuna, Ramon Kanblong, J. M. Torrealdai, Ibon Sarasola, Jose Luis Lizundia, Xalvador Garmendia, Juan San Martin, M. Karmen Garmendia, Xabier Gereño, Ramon Saizarbitoria, Angel Zelaieta, Xabier Lete, Jose Antonio Artze, Amaia Lasa, Patri Urkizu, Anjel Lertxundi, Jon Zorrozua, Abel Muniategi, Mikel Ugalde, Kepa Enbeita, Xabier Mendiguren, Lourdes Gandiaga, Markox Amundarain, J. M. Beristain, Jose Mari Olanga, Iñaki Beobide, M. Karmen Aranburu, Andoni Sagarna, Jon Tolosa, Jose Mari Aranburu, Andoni Sarriegi, Jaxinto F. Iturrioz, Begoña Arregi, Jabier Zubiaurre, Imanol Laspiur, Enrique Heras, Josune Txintxurreta, Xabier Zubizarreta, Jesus M. Amundarain, Bernabe Berezibar, Eduardo Larreategi, Iñaki Beristain, Jon Arginarena, Karmele Errotaetxe, Jose Luis Egireun, Juan A. Aroma, Patxi Zabaleta, Juan Zulaika, Begoña Etxebarri, Anton Santamaria, Iñaki Zumalabe, Norbert Tauer eta Luis Mitxelena. (Conf. Batasunaren Kutxa, 14-15.etan).

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus