Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Kriselu antzerki taldea

 

        Arestik teatro talde berri bat antolatzen du Bilbon: Kriselu.

        1966. urtearen hasieran, Jarraikoek Xalbador Garmendiaren Historia triste bat jokatzen dute Bilboko Ayala teatroan, zeinaren kronikan Beobide zuzendaria «Donostiako klinikan» geratu zela esaten baitigu Arestik  [235].

        Iñaki Beobidek harrera ona egiten dio Kriselu jaio berriari: «Kriselu'a izan da Bilbotar gazte talde batek, beren antzerki taldearentzat aukeratu duten izena. Leendabizi egingo duten antzerkia erabaki dute. Nun egin ez dute erabaki oraindik, bai ordea laister izango dela. Txoko onetan maiz aitatu bearko dugun taldea izango delakoan gaude, gazte kementsuez orniturik bai dago» [236]. Saizarbitoriak ere bere ongi-etorria egiten dio, apirilean [237].

        Maiatzean, «Ahuntz herri bidegabea gogor ari dira prestatzen» [238] eta ekainaren 5ean, Bilboko Ayala teatroan jokatzen dute. Honen berri emanez Xabier Gereñok idatzi zuen kronikan, teatro lan hau «Ugo Betti, italianar idazleak idatzia ta Gabriel Arestik euskeratua» esaten zen [239]. «Eta Aresti aitatu dogun eskero, esan daigun euskerara egiñ dauan itzulpena ona dala benetan. Itzulpen ori egin dau euskera errez eta dotorean, erakutsiz zelan lortu leiken edertasuna itz gatxetara joan barik». Eta euskal teatroaz gaineratzen zuen: «Txotxolokeri asko ikusi dogu euskeraz eta ordua zan benetako teatroa emoteko. Erriak au ikusiko dauanean, joango da euskerazko antzerkia ikusten, eta ori da lortu bear doguna».

        Uztailean, Bermeon egiten dute obra bera. «Euskera ederrien antzeztu eben gazte talde onek», esaten zuen Urkidik Zeruko Argia-n. Baina, «ustian nago —jarraitzen zuen— ikusle-entzule askori ez yakoela atsegin izan Ahuntz Herriko Bidegabea. Zalla zalako aditzen? Edo ekanduta gagozalako beste eratako antzez lanak ikusten?(...) Ala ta guzti be antzezlari, zuzendari eta Eusko Elea txalogarriak izan ziran. (...) Aresti jaunak neska-mutil bixkorrak daukaz lanerako. Urrun yoan leike bere asmo-bideetan. Eta ia, urren antzestaldi obatxuagoa emoten deuskun Eusko Ele ederrian».

        Bettiren lan hau Durangon eta Bergaran ere jokatu zuen Kriselu taldeak.

        Ikusi dugu gorago zer uste zuen Xabier Letek Arestik euskal teatroan izan duen eraginaz. Oraintsuago Patri Urkizuk ere: «Hegoaldean arrakasta eta segilerik gehienak» izan dituela esaten du.

        1966. urte honetan berton Iñaki Beobidek ere «gaztedia bere alde du» zioen.

        Kriselu honetan jardun zutenak Gerardo Elortzak gogoratzen ditu: «1966-67 ikasturteko Kriselu-kideak honako hauek ginela uste dut: bilbotarrak Begoña eta Itziar Foruria, ahizpak, Espe Kristobal, Tere Astorki eta Xabier Perez Urraza; gainerako bizkaitarrak Migel Anjel Etxearte aulestiarra eta Leopoldo Legarreta Errigoitikoa; eta gipuzkoarrak Esteban Arana, Jokin eta Patxi Barrutia, anaiak, Arrasatekoak, Jose Luis Arrieta Bergarakoa, Bittor Galdos eta Jerardo Elortza oñatiarrak, Ixio Garmendia Zaldibiakoa eta Anjel Uresberueta donostiarra.

        »Hauetaz gain Aresti bera, jakina, eta Xabier G. Elorriaga, Hego-Ameriketatik etorria izan arren, bilbotartzat har dezakeguna. Guziez oroitu ez banaiz, barkatuko ahal zait despistea!».

        Kriselurengan izan zuen eraginik ETAren zatiketak: «Euskal Herriko Antzerki-taldeen Federazio moduko bat sortu: horiek ziren topaketa txiki haien helburuak. Egia esan, asmo polit haiek gazatzeko ez genuen astirik ere eduki, hurrengo hilean 1968ko Abuztuan, alegia M. Manzanas hil zutenean, salbuespen-egoera luze eta latza ezarria izan baitzen. Ene ustez, zigor politiko honek, beste sail askori legez, antzerkiari ere atzerakada dexentea eragin zion, teatro-taldeetan sarturik zeuden askok, gartzelaratu edo deportatu ez baldin bazituzten, atzerrira jo behar izan zuten eta. Taldea aski hondatu zen 68ko uda-udazken aldera eta, beste hiru edo lau urte pasatu arte, ez ziren gauzak bere onera etortzen hasi.

        »Kriselu taldearen esperientzia labur hartan gauza bitxia gertatu zen bigarren obra entseiatzen ari ginela. 1966ko Abendu inguruan ETAk bere V. Asanblada famatuaren lehen zatia izan zuen, ondorioz erakunde horren lehen zatiketa inportantea suertatu zelarik. Gauza jakina da sasoi hartako teatro-talde eta bestelako ekintza kulturalen bitartez kanal egokiagoetatik egiterik ez zegoen politika bideratzen saiatu zela jende asko. Egia esan, orduko teatroa politika egiteko beste bide bat zen, eta zenbait jende ez zen, antzerkia egitera nahiz ikustera, teatro-zaletasun hutsagatik inguratzen.

        »Asanblada hartan, bada, Kriselutar banaka batzuk egokitu ziren, baina ez denak sail berean, desberdinetan baizik: ETA-Zaharrarekin batzuk eta besteak ETA-Berriarekin. Gure Herri santu honetan noizbehinka mirari moduko batzuk izaten dira, antzerki-taldea ez baitzen bat-batean desegin eta, burruka guztien azpitik edo gainetik, urte hartako obra biak hiru aldiz eman baitziren. Taldea apur ez zedin, Gabrielek, batarekin eta bestearekin hitzeginez, lan handia egin zuela uste dut.

        Zubikaraik eta Elortzak ohar egin izan dute Arestiren antzerkia ez dela «jokatua» izan, ezin dela haren egiazko balioa, beraz, neurtu eta intelektual kutsukoa dela: «Augustinek lehen adierazi digu teatro-lan batek antzezten denean eskaintzen duela bere benetako balioa. Arestiren teatrogintzak ez zuen zori hori izan, neurri apal batetan baino. Beraz, ez dakit zenbateraino erabaki dezakegun intelektualtasun hori, obra horiek antzezten ez diren bitartean.

        »Dena den, garbi dago Gabrielen teatroan esaera, kanta zahar, bertsolaritza eta abarrei buruzko erreferentzia literario samarrak behin baino gehiagotan aurki daitezkeela. Adibide bat jartzekotan, Justizia Txistulari obran datorren bat ipiniko dut: antzerki hau Erdi Aroan girotua egon arren, Joane Dotore eta Petri Arlote XIX. mendeko bi bertsolariri buruz (Oxalde eta Bordel) arituko dira eztabaidan. Horrelako jolas literarioak sarritan egiten zituen Arestik eta ez dakit jendeak zein neurritan harrapatzen zituen. Bestalde, aski ezagunak dira, publikoa eta irakurleak epatatzeko edo, apropos sartzen zituen erdarakada nabarmenak: ez zaitez errametatik ibili / urak madretik atera al ziren inoiz? / hemen-itxadoten-deutsuteko andre ile-beilegi batekin ("con una rubia de aquí te espero", alegia), etab. Alderantziz ere jokatuko du inoiz, hots, teatroko elementu batzuez poesia egiteko baliatuko da: esaterako, hainbeste maite duen Barrutiaren Gabonetako Ikuskizuna teatro-lanaren pasarteak zenbait poematan tartekatuz».

        Ernazimendu garaiko zenbait komedia humanistiko legez, gehiago izan daitezke jende kultu xamarrak irakurtzeko, oholtza gainean jokatzeko baino [240].

 

        [235] ARESTI, G.: «Jarrai Taldea Bilbaon Historia Triste Batekin» in ZERUKO ARGIA (1966), I.16ko 9.ean.

        [236] BEOBIDE, I.: «Antzerki Txokoa» in id. (1966), III.27. 9.ean.

        [237] SAIZARBITORIA, R.: «Kriselu bat Bilbaon» in id. (1966), IV.24ko 7.ean.

        [238] BEOBIDE, I.: «Antzerki Txokoa» in id. (1966), V.1eko 9.ean.

        [239] GEREÑO, X.: «Kriselu bat euskal antzerkian» in id. (1966), VI.19ko 1.goan.

        Gabi del Moralek gordetzen zuen makinaz idatziriko ale bat: ik. BETTI, U: Ahuntz-herriko bidegabea Arestiren itzulpena, in ARESTI, G.: Itzulpenak (II). Susa, 1986, 233. eta j.

        [240] Bermeokoa ik. URKIDI: «Bermeo» in id. (1966), VII.24ko 2.ean. Gainetikoak: URKIZU, P.: Euskal Teatroaren Historia. Kriselu, 1975, 106.ean. BEOBIDE, I: «Euskal antzerkia» in TXISTULARI (1966), 45.a, 12.ean. Gerardo Elortzak in Bilbok bere seme prestuari..., 116an eta j. (Ik. 188. oharra).

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus