Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Meliz maitemintzen da

 

        1957ko maiatzaren lehenean, eta lehenengoz, Eliza katolikoak eta Espainiako estatu frankistak San Jose Obreroaren jaia ospatuarazten dute. Egun honetan, Gabriel Arestik «Melitxu Basurtuko, aitaren etxearen habea» emakumearekin topo egiten du, Rekalde zumardiko Club Deportivoko frontoian eginiko dantzaldian, eta maitemintzen da.

        Meli Estebanen gurasoak leondarrak dira, La Bañeza bailarakoak hain zuzen ere —«Guraso biak jaio jatzuzan / Leongo erreñu zarrean»—, 1920 inguruan etorri ziren Bilbo alderantz, Bilbao-La Robla mineroen trenean, aita treneko langile baitzen. Meli, ba, Bilbon jaioa da, Basurtun, «Los Vascos» ganadu tratanteek kortak azpian dituzten etxe-blokean. Gabriel Arestik ezagutu zuenean, Meli Estebanek «El Águila» almazenetan lan egiten zuen. Mutilak 24 urte zituen eta urtebete eta pikuan lanean ari zen Vasco Africanan.

        Meli Esteban —«espainiako andrea / nire aitaren exearen habea»— gogoratzen da nola gizon-poeta batekin gustatu zen. Astelehenetan, behar-lagun neskok igandean izandako gorabehera xamurrak kontatzen zituzten: nola nobioarekin zinera joan ziren, hau kontatu zion, dantzan egin zuten, eta abar. Esteban andereñoak, bere aldetik, arratsalde guztian Plaza de Españako La Granja tabernan egon zirela kontatzen zien, nola D. Martin apaizak eta bere nobio poetak politikaren eta poesiaren gainean diskutitzen zuten.

        «Esku pañeloak eta erregalatzen nizkion —diosku Meli Estebanek—. Orain gogoratzen dudanetik, Jesusen Bihotzaren medaila bat ere erregalatu nion (fetxa hauetan ohi zen bezuza). Valle Inclán eta León Feliperen liburuak ere».

        Esan beharrik ez dago zenbat ordu ostu zizkion Gabriel Arestik bere familiari, bere Meliri, egin zituen lanak egin ahal izateko. Ezingo zituen egin bere abegi gozoa eta begirune amultsua izan ez balu.

        Haulantxe gogoratzen ditu Meli Estebanek 25. urteurrenean Gabriel Arestiren neurriak, izaera eta etxeko tertuliak:

        «¿Qué me atrajo de él? Pues que era un hombre de gustar, alto, fuerte y con unos ojos preciosos Y muy amable. Todo eso y veinticuatro años... (...) Tenía un carácter muy fuerte, pero si tenía que pedir perdón, lo hacía sin ningún problema. Y por encima de todo era un hombre de firmes convicciones y de un profundo sentido ético. Tal vez por eso resultaba, a veces, enérgico y apasionado. Y polémico. Por otro lado, tenía un gran sentido del humor. (...) Nuestra casa era un continuo ir y venir de gente. Y muchas tertulias, conversaciones... Las tertulias no eran expresamente literarias, pero siempre se acababa hablando de literatura y de política. Siempre había mucha gente en casa» [32].

        Gabriel Aresti beste emakume batekin ibili zen Meli Esteban ezagutu aurretik. Emakume hau abertzale familiakoa zen, Arestirena baino aberatsagoa, Felipe Arrese Beitia poetaren senitartearen hurbil-hurbilekoa, eliztar zintzo-zintzoa (Jon Juaristik Sacra Némesisen 48. orrialdean historiatuaren hur-hurrekoa).

        Pisua ere prestaturik omen zeukaten neskaren gurasook, ezkontzarako bidea erraztekotan, Arestiren senitartekoen esanaren arabera.

        Emakume hau, ile horia, begi urdinak —«ulle bellegi lastoa / Eta begiak azul azulak»—, Txinpartak taldekoekin Ribera 6an ezagutua, zein aita zein ama partetik euskal burgesiako alaba da, Gabriel Aresti baino lau edo bost urte gazteagoa, San Nikolas ondoko Viuda de Epalzan, senitarteko ziren bi familiak 150 metro karratuko pisu bana, elkar komunikatuan bizi dena —pisu batak Esperantza kalera begiratzen zuen; besteak, Viuda de Epalzara—, joko-geladuna, ama beronen sei hilabeteko zela, aita, Euzko Gudarosteko karguduna, gerratean galdu duena, eta, beronen esanen arabera, Aresti bertan behera utzi zuena. (Antza denez, idazleak egin zuen ahaleginen bat berriz elkartzeko: «Mandadua bialdu / neutsan zoritxarrez».)

        Gertaera hauek 1956ko udaberrian izan zitezkeen: neskak Jabier Peñarekin ikasten zuen euskara, poesi zalea zen eta San Nikolas elizako Jose Luis González apaizak gidatzen zuen teatro-talde batean aktore zen. Teatro-saio hauek Cine Bilbaon ematen ziren, Esperantza kalean.

        «Roman» honi guztioni jarraiki, beste irakurketa bat izan lezakete Gabriel Arestiren poema askok.

        Beronekin eteteak («Orienteko perlea / novia neurea», Meli Estebani atxikitzeko), Andoni Kaieroren esanetan, «amodio arazo» honek azao zezakeen Gabriel Aresti EAJkoengandik.

        Aldekoa jaunak «Gabriel Arestiren poesiagintza bi sasoi ezberdinetan banatu dugu saio honetan: sinbolismoaren estalpean bil daitekeen poesia (...) eta poesia sozialarenean bil daitekeena (...) Beraz, 1958. urte inguruan koka daiteke geroagoko poesia sozialak bere eremutzat hartu zuen zenbait ezaugarriren hastapena», esan ondoren, galdera hauxe egiten du: «Zein zaila den erabakitzea ze barne/kanpo eraginek (motibaziok) bultzatzen duen idazle bat luma hartu eta idazten jartzera? Zeintzuk ote Maldan Beherako ibilbideari uko egin eta Harri eta Herriko poesia sozialari ekiteko barne/kanpoko arrazoiak?».

        Honi guztioni jarraiki, «XI Kale Artean» poematxoak izan lezake irakurketa psikologistagoa ere:

 

                askaotik sendejara

                bilbaon

                esperantza

                oso mehar, ilun eta laburra

                da.       

                desde ascao a la sendeja

                en bilbao

                la esperanza

                es

                muy estrecha, oscura y corta.

 

        Gerardo Elortzak dioskunez, inguru honetaraxe jo ohi zuten teatristek, gauez: «Aresti maiz etortzen zitzaigun Erribera kaleko Euskaltzaindiaren egoitzan ematen genituen entseiuak ikustera. Eta hauek amaitzean, askotan Alderdi Zaharreko kaleetatik zehar bueltatxo bat ematea gustatzen zitzaion, Barrenkale eta Jardines, Askaotik Sendejara, Bilboko "Esperantza" mehar, ilun eta laburra dagoen inguru honetan, alegia!».

        Karmel aldizkarian argitaraturiko poemaren bat dateke emakume honi eskainia.

        «La Poesía» deritzon poeman, Arestiren etxean aurkitzen dena, Baudelaire, Bécquer, Celaya, Curros Enríquez, Eliot, Elouard, Espronceda, García Lorca, Hikmet, J. R. Jiménez, Lizardi, Mirande, Nezval, Otero, Salinas, Valéry, Whitman eta J. Zorrilla eskritoreak aitatzen dituela ohar eginez amaitzen du, eta sinadura honekin: «Autor: Viudo de Epalza». Diogun emakume hau «Viuda de Epalza» deritzonean bizi zen. Ez ahaztu Gabriel Arestiren asaba zaharren baratzea ere Epaltza dela, Etxano.

        Bukatzeko, Bernardo Atxagaren iritzia Otero eta Arestiren emakumearen tratamenduaz: «Sobre la relación entre lo lírico y lo femenino, yo creo que el tratamiento de lo femenino es, en ambos poetas [Otero eta Aresti] un tratamiento un tanto metafísico, en el sentido estricto del término, algo más allá de lo físico. Concretamente, creo que su tratamiento del tema femenino, si así puede llamarse, es flojo. Es un tratamiento pasado por el cedazo cristiano: un tratamiento mariano de la mujer.)».

        Kargutzen da Aresti bera ere lirikaren auzi honetaz: «Tú y yo —diotso Manuel Maria poeta galiziarrari— tenemos eso en común, fallo en lo lírico y superación en lo dramático. Quizá provenga de nuestras inclinaciones teatrales».

        Garai hauetan —1956— Pablo Nerudaren «Veinte Poemas de Amor y una Canción Desesperada» poema ospetsuaren lehen bederatzi kantuak itzultzen ditu, «Hogei amorio-poema eta kantu desesperatu bat» ordainarekin, Arestiren etxean, 1956.V.2 datarekin aurkituak izan direnak [33].

 

        [32] Ik. in GARA (2000), VI.3 (Mugalari, 3). «Leongo erreñu...» horretaz, ik. 88. oharra.

        [33] Kaierorena in Bilbok bere seme prestuari (Gabriel Arestiri Omenaldia). 1986ko Ihardunaldiak, Bilbo, 1999, 129an.

        Aldekoarena ik. ALDEKOA, Iñaki: Munduaren Neurria (Arestiren ahots biblikoa). Irun, 1998, 13an eta ALDEKOA, I.: «Bernardo Atxagaren unibertso literarioa (1976-1988), Literatura eta kritika» in EGAN (1999) 3-4, 14.ean.

        Gerardo Elortzarena in Bilbok bere seme prestuari..., 116an.

        «Viudo de Epalza» delakoa ik. in ARESTI, G.: Poesia argitaragabea. Azken Poesia. Susa, Donostia, 1986. 114-117.

        Bernardo Atxagarena in MUNDAIZ: Al Amor de Blas de Otero. Donostia, 1986, 195.ean.

      Manuel Mariak esana in Artikuluak...,1970.V.29ko gutuna, 1986, 165ean.

        Nerudarena in Itzulpenak (I), 1986, 273. eta j.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus