Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Euskararen batasuna. 1964

 

        «Baionara euskaldun idazleak eta irakasleak bildurik, hona hemen Biltzarrak ontzat eman dituen puntuak. Batasunari buruz, euskaltzale guziei erabaki hauek betetzen hasteko eskatzen diegu; eta bereziki Euskaltzaindiari egiten diogu dei bat, bere aipamen guziaz gure erabaki hauek aztertu ondoren onar ditzan. Idazkaritzako Hitz-Saillak». Horixe izan zen Rikardo Arregik (?) borobildu zuen oharra, Baionan, 1964ko abuztuaren 29-30etan egin ziren biltzarren ondoren [201].

        Egun batzuk gerotxoago, Arregik berak kronikatu zuen biltzar hau Donostiako Zeruko Argia-n. Gabriel Arestik ere hitz egin zuen: «Makiña bat arrazoi mamitsu entzun genituen Lafitte, Haritchelar, Larzabal, Aresti, Loidi, aita Altuna eta beste zenbaiten aotatik» [202]. Aditzean zegoen koxkarik zailena: «Konturatu giñan, hori izango zala gairik zaillena», zioen Arregik bere kronikan. «Euskeraren batasunari buruz —esaten digu Mitxelenak— bera izan da, segur aski, eragilerik gogorrena. Luzaroko bizirik ez zuela jakin izan balu bezala, beti presaka zebilen, beti zirika. nagiak nola akuilatuko. Zenbait aldiz, batasun zaleak ere aspertuxe zeuzkan ezinegon hori zela medio. Hari eskerrak, ordea, heldu gara heldu garen punturaiño.

        »Zedorrek badakizu sobera eta gehiegi kontra aritzea gustatzen zitzaiola Gabrieli. Batasun arazoa ere norbaiten eta zerbaiten kontra ari bailitzen aurkeztu ohi zuen. Erantzun ere, era berean erantzun izan diote. Ba dirudi ez zuela, bere karrera gora-behera, burgesaren zer ekonomikorik, etsaiak bilatzen saiatu baitzen maizegi, lagunak bildu beharrean.

        »Batasun sailean, gogoa eta grinaz gainera, jakite ugaria eskaini zuen. Harrigarri zen, izan ere, bai hitz eta bai aditz kontuan hark zekiena, ofizioko jendea txunditzeko adinakoa. Beste gauza bat ere esan behar da, gizalegeari dagokionez. Batzar eta batzordeetan bazekien, beste inork adina, amore ematen eta, zenbait oihu gora-behera, beti bake ederrean bukatu izan ditugu geure bilerak» [203].

 

        [201] Conf, «Baionako Batzarraren erabakiak» in JAKIN (1965), ilbeltza, 20an. «Jakin-ek —jartzen zuen gain aldetxoan— erabaki hauek guztiak onartu egin ditu, eta bete egingo ditu. Beraz, gaurtik aurrera, datorren alean hasita, Jakin-en lege hauek obligatu egingo dute».

        [202] ARREGI, R.: «Euskeraren batasuna dala ta Baiona´ko Batzordea» in ZERUKO ARGIA (1964), IX.6ko 3.ean.

        [203] Mitxelenaren 1975.X.29ko kartatik. Imanol Berriatuak ere batasunaren motorra Aresti izan dela uste du. HARITSCHELHAR, J.: «Baina nik, (hizkuntza larrekoa) nai haunat ere nornaikoa» in EGAN (1992), 7 eta j., eta 418. oharra).

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus