Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Oskorri-ren poeta. 1972-75

 

        Bartzelonako hitzaldiaz geroztik adiskide ziren Eduardo de Felipek eta Mikel Abandok Natxo de Felipe kantari gaztea aurkezten diote Arestiri. Harrezkero, lagun izan dira, heriotzak banatu dituen arte.

        Natxo de Felipek, hasiera batean bakarrean kantatzen bazituen ere Arestiren poesiak, Medikuntzako ikasketak utzi eta 1971ko lehen egunetan Oskorri taldea osatzen du beste zenbait kantarirekin.

        Lehen aldiko presentaziorik entzunena 1971ko martxoan egin zen, Deustuko Unibertsitatean [491].

        Uztailean, Amatiñok ere talde berriaren kanta-saioren bat entzuteko parada izanen du, baina ez zaio laket izan yankeei egindako kritika. Egia esan, Amatiñoren irakurle guztiak ez datoz bat beronekin, berak «Zenbat gera» sailean adierazten duen bezala [492].

        Serafin Basauriren iritzian «poesia merkeak» kantatzen dituzte Oskorrikoek [493].

        Arestik «Oskorrigaitz» izeneko pieza bat ere egin zien [494].

        Pello Errotaren Idiak ere izan zituen bere kezkak Oskorrikoek yankeen inperialismoaz egiten zituzten kantak zirela-eta, haiek Larrabetzun kantatzen entzun ostean. Jaialdi hartan ez zuen Gorka Knörrek parterik hartu , nahiz eta hala iragarrita egon programan [495].

        Arestik eta Oskorri taldeak esperientzia berri antzekoa agertu zuten Baionan 1972an, juglare berri batzuen eran ikuskizuna dramatizatuz. Arestik idatzirik zeramatzan taldeak abestuko zituen kanten sarrera-hitz edo azalpenak. Berbaldi honetan Arestik haurtzaroaz gero bizi izan dituen zenbait mamu agertzen ditu, hala-nola pataten historia, eskolan irakaskuntza faxistaren sinboloak erabili beharra... «Euskaldun burjesak eta euskaldun proletarioak jo-muga ber-berak ezin dituzketela» izan baieztatu ondoren, honakoa zioen: «Horregatik Bilbaoko euskaldun burjesia tipiaren burrukak eta ekin-aldiak iksusten ditugunean, nola jatekoa jaten dioten Madrilgo almazen handien sukurtsalek, nik ez dut gerratxo interesatu horretan trajediarik ikusten, zeren trajedia, inorena izatekotan, enea edo Arratiako baserritarrena izanen bailitzateke, zapata pare bategatik hiru eguneko jornala berdin baitugu euskaldun abertzale bati edo madrildar bati emateak». Adibide autobiografiko kutsukoa erabili zuen, Arestiren lehen amodioa zapata-dendaduna izana baitzen. Idatzia zeraman eta Natxo de Felipek gorde duen testuaren eta Eusebio Babaze irakasleak zintaz jasoaren artean desberdintasun ttipi baina garratz eta latz batzuk dira, hala-nola hau: «Ene euskalduntasuna dudan jarri dute publikoki (nortzuk eta, Letek eta Txillardegik berak ere)». Kakotx artekoa ez zeukan idatzita.

        Berbaldian, azkenez, Albiako semetzat agertzen du bere burua, Albiako Sabino eta Txabi Etxebarrietarekin batean, Shakespeareren zita bati —«Desagravio ante las ruinas de Sabinetxe en Albia» poemaren buruan ere ematen duena— atxikirik: «Euskal-Herriko Zesar handia, aita-lehen eta guraso lehena, gure Albia Zaharrean jaiotakoa, (ai Albia, Albia, dohakabe guztion kabia, bertan jaio ginen Sabino eta Txabi, eta ni ere, guztirik dohakabeena), orain, Sabino, askok Abandoko arranoa deitzen haute, zuek biok, Sabino eta Txabi, zuek arranoak, ni usakumea, oraino hegazi ikasi ez dudana, zuek haitz-artean, ahuntz saltokariak harrapatzen zenituzten, ni berriz, akerrek ere bere adar okerren artean hartzen naute» [496].

        Hurrengo urtean, 1973an, berriz ere Deustuko Unibertsitatean eman zuten kantaldia. «Ekitaldiaren hasieran esan zuen —berriemailea, Armendaritz—, bera ez zetorrela "Ez dok amairu"ko kantariekin batera, berauek berarekin kantatzeari systematikoki ukatzen diotelako, haren eritziz, horretan demokrazia bitxia erakutsiz. Kanta bakoitzaren aurrean, haren erdal itzulpena eta zenbait kontsiderazio ideolojiko egin zituen, Natxok, sozial arlokoak gehienak» [497].

        Informazio modu hau Gorka Knörrek entzuten duenean, Natxo de Feliperen «sozial kantak» —Arestirenak— «sozial inperialistak» direla baieztatzen du, borobil-borobil [498].

        Arabarrari erantzuna Armendaritzek berak ematen dio, sarkasmoren batekin: «Garbitasuna eta birjintasuna nahi badugu, kritikaren ondoan dagoen manikeismoaren funtsa horixe baita, eska biezaio lehenik horixe beretarreei ere, ez baitirudi oso zilegi birjintasunaz aritzea, persona non grata omen duten poeta baten olerkiak bereak balitu bezala kantatzen dituena adoratzen duen artean» [499].

        Koldo Izagirrek ere ez du hain argi ikusten arabarraren amorraldia: «"Deustun euskeraz kantatu zuen erdal kantari" diozu Natxo de Feliperi buruz. Beraz, ez da aski euskeraz kantatzea, euskal kantari izateko (...) Baina beharrezkoa litzateke, euskal izatearen funtsa zertan edo nun datzan argitzea. Zein da zure kriterio bereizlea? Nondik nora da zu eta Natxoren artean dagoen aldea? (...) "Euskalerri osoari zuzendutako atakeak" omen Nachoren kontsiderazioak. Aintzinago jo duzu: erdal kantari ezezik, euskaldunon etsai dugu Nacho. "Ez dok amairu"koak, berriz, Euskal Herriaren defendatzaile sutsuak noski...» [500]. Oskorrik, edozelan ere, aurrera egiten du, boikotak, esku-kolpeak eta multak gorabehera [501].

        Beharbada, Natxo de Feliperen uste manikeo samarrak —garai haietan belaunaldi kasik osoa egin ginen derrepente marxista sutsu—, Arestiren kreazio lana muga hertsietara makurtu zuen. Badakigu haserrealdiak ere izan zituztela eta Arestik mediku garbatuaren joera peccata iuventutis bezala ikusten zuena. Baina honen ondradutasuna eta ausardiagatik, aitak semea bezala maite zuen. Begira nola defenditzen duen: «Nafarroa Behereko Larzabalen kanta berriko nor-gehiagoka bat zelebratzen da, eta Amatianok aste batean haren berria dakar, hurrengoa oinarriak banan-bana, baina hirugarrenerako gaia ez zaio oraindik bukatu, eta Larzabalera daramaten bide, estrata, galtzada erromatar, kamino, senda eta mendiko pista guztiak aipatzen dizkigu, ez zedin inor Larzabalera gabe gera. Baina Larzabaleko nor-gehiagoka bukaturik, irabazle nor atera zen jakin gabe geratuko ginen Amatianogatik. Zeren bekatua egin baino lehen, hobe martiri eta dontzella hil. Natxok irabazi baitzuen (ene adiskideen artean dagoen Felipe bakarra; beste adiskide bat dadukat izen horrekin Burgosen [502], baina hori ez bide da hain perilos, izen kristau baitu Felipe eta ez apellidu), eta Natxok Bilbaora saria ekarri zuen bidea hauxe da, Amatianok ikasi nahi baldin badu, behintzat: Larzabaletik ateratzen da, eta ezkerrera...» [503].

        Gabriel Arestik Labegerieren «Gure astoa Balaan» kantari ematen dion bihurritu antiklerikal usainekoak, barregarria izanik ere, min egiten du: hori esaten dio, behintzat, Toxak, Agur-etik, Natxode Feliperi [504].

        1974rako, halere, Amatiño ere «Portugaleten debekatua izan dela Oskorri» informatzera ailegatzen da [505].

 

        [491] Conf. ANAITASUNA (1971), III.30eko 4.ean.

        [492] AMATIÑO: «Oskorri taldea» in ZERUKO ARGIA (1972), VII.30eko 2an.

        [493] Conf. in ANAITASUNA (1972), IX. l5eko 16.ean.

        [494] Ibídem. Conf., ere, URKIZU, P.: Euskal teatroaren historia. Donostia. 1975, 107.ean. Karmelo Landak jakinaren arabera, « (...) eskuskribua Gabriel Arestiren Bilboko etxean gordetzen da. (...) Natxo de Feliperi esker jakin izan dugu 1972.eko urtarrilaren lehen egunean idatzi zuela, Larrabetzun, oskorri gaitz emanaldiarekin batera (...) lehen emanaldia Lekeition (...) 1971eko maiatzaren 23an». (Ik. Poesia argitaragabea..., 1986, 206 eta 212an).

        [495] Conf. in ANAITASUNA (1972), IX.15eko 14.ean. Pello Errotaren Idiari Txikito ei zeritzon, eta Txikito da Angel Zelaieta honen goitizena.

        [496] Ik. «Euskal kideak, Baiona, 72» in Artikuluak..., 1986, 108. eta j.

        Gabriel Aresti, Bilboren historiari begiratzen badiogu, Abandon jaioa zen, Sabino Arana legetxe, eta ez Bilbon. Abando elizatea eta Bilbo hiriaren arteko oposaketa hori, Aranak hainbestean markatua, ez da Arestigan agertzen. Abando eta Bilbo XX. gizaldiaren hasieran egin ziren bat, Sabino Aranaren botoaren kontra.

        [497] ARMENDARITZ: «EKMko kultur eragintza: Nacho de Felipe» in ANAITASUNA (1973), III.30eko 2an.

        [498] KNÖRR, G.: «Kantagintza eta kritikaz zerbait» in ZERUKO ARGIA (1973), VII.24ko 7.ean.

        [499] ARMENDARITZ: «Gorka Knör-i erantzunez» in ANAITASUNA (1973), VII.31eko 2an.

        [500] IZAGIRRE, Koldo: «Gorka Knörri gutun irikia» in id. VIII.31ko 10.ean.

        [501] ARMENDARITZ: «Plentziako nahaste borrasteak» in id. IX.30eko 7an.

        [502] Gabriel Arestiren liburutegian hainbat karta aurkitu dira hark bidaliak.

        [503] Conf. in Aurtengo zenbait berri. Donostia. 1971, 98.ean.

        [504] YOXA: «Nacho de Feliperi» in AGUR (1974), VI.20ko 3an. «Labeguerie jaunaren satira askozaz minagoa eta zorrotzagoa eta bortitzagoa egin baldin badugu (...) apaizek ere barre egiten dute sanoki» ziotsen Arestik berak Baionakoei. (Ik. Artikuluak..., Susa, 1986, 113an).

        [505] AMATIÑO: «Oskorri» in ZERUKO ARGIA (1974), III.31ko 4.ean.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus