Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Lan Deia-ren erasoaldia

 

        Esan ditugun artikulu hauek idatzi ondoren, «Eladioak» deiturikoen Lan Deia-k izugarrizko eraso-aldia egin zien Gabriel Arestiri eta Ramon Saizarbitoriari, euskal poesiak eta prosak zituen bi eskritorerik hoberenei [308].

        Aresti pixka bat ezagutu dugunok, badakigu nolako etsipena eman zioten Lan Deia hauek. Gauzak poeten sintzeritate eta sentsibilitatearen espirituarekin hartzen zituen hark, ez zuen, kasurako, politikariek horrelakoetan euren buruei eusteko duten defentsibarik. Politikaria ez zenez gero [309], ez zuen ezelango partidu politikok ere defendatu. Euskal Idazleen Elkarterik ere ez zegoenez, ez zuen haren alde aurpegirik atera. Bestalde, klandestinitatearen ilunpetik emandako ukabilkada hari, nola erantzun gutxiago zeukan.

        Hauek idatzi zituena —edo euskaratu zituena— nor ote zen jakin nahian burua apurtu beharrean zebilen, geure arteko idazleren bat zela uste baitzuen.

        Edozelan ere, artikulu haren autoreak eta aldizkari haren zuzendariek [310] euren erantzukizuna izanen dute, eta historiak epaituko ditu literatur sortzaileen kontra egindako astakeria harengatik.

        Artikulu asto haren bila 1975ean mutil haiei hurbildu nintzaienean, ez zidaten eman nahi izan, nik uste eginaren lotsariz. Horretarako deitu nion lagun batek —ez dut beronen izenik emanen, hau ere deskomekatu ez dezaten— esan zidan: «Zoritxarrez, paper hura ez diat esku artean, eta lortzen nahiko zail izango dela iruditzen zaidak. Niri ezkutuko errebista haren zenbaki batzuk lagun batek uzten zizkidan, irakurri ondoren erretzeko aginduz. Orain, zerbait egitez, ale hura berari eskatu beharko niokek, zertarako den esplikatuz, jakina; bera Arestiren aurkako pertsona duk, eta ez diat uste ematerik nahiko duenik... Gauza horrela zegok» [311].

        Neuri min handia ematen zidan gauza hura egin zen moduan egin izanak, hantxe baitzegoen Zeruko Argia. Haren autoreek argiari —Arestiren argiari, alegia— beldurra zioten, nik uste. Gauzak horrela izanik, artikulutxo bat prestatu nuen, «Oi poeta gaixoa» titulatu nuena, ezer gutxitarako balio izango zuena, ene indar ahulengatik, Gabriel Arestiri pozen bat emateko izan ezik —eskerrak eman baitzizkidan, neu ere atakatuko nindutela ohartaraziz [312].

        Ez zen horretan amaitu Lan Deia haren egileen antiarestismoa. 1968ko martxoan, «Karmele Rotaetxe andereñoak eraginda» [313], Euskal Jakintza Astea antolatu zen Bilbon. Hilaren 11n Joxemiel Barandiaranek hitz egin zuen. Biharamunean, Gabriel Arestik. Juan San Martinek 13an; 14an Juan Anjel Etxebarriak eta 15ean Luis Mitxelenak. Gabrielen —eta besteen— hitzaldien berri Xabier Kintanak ematen digu: «Atzean, lekurik ez zegoala, etorri zan jendetza guztia egon ahal izateko, auditoriumetik zinerat pasatu ginan Errotaetxe andereñoak Gabriel Arestiren presentazioa egiterakoan, zine goialdean zegozan pertsona batzuk, gitxik, "fuera, fuera" deadarka hasi ziran, baña beheko aldean ziranak txaloka erantzun zieten, Arestiren alde. Azkenez, goiko zorabiatuak azpertu eta isildu egin ziran, Aresti hasi zekigun berbaz.

        »Hitzaldiaren hizkuntzaren arrazoia emanaz (erdaraz izan baitzan), argiro erakutsi zuen bere gogoa, hots, Euskeraz emotekoa, baiña eratzaileen nahia betetzeagatik egiten zuela Erdal hizkuntzaz. (...) Bilbaoko hiriaren erdaltasuna agertu zuen, Euskal arraza merkeko eta erdal bihotzeko dirudun eta haundikien doillorkeria salatuz. "Bilbo ez da inoiz ona izan artistentzat, bai ordea politikalari eta ekonomistentzat", esan zuen. Bizkaitar kapitalistek beti zapaldu dute Euskal Herria, Jainkoaren, Espaiñiaren eta beren Euskalerri mistifikatu eta faltsoaren izenean ere. Orain ere preso dagozan artistak aipatu zituen. Erdaldun idazle batzuen gorroto eta desegokitasuna erakutsi zuen eta Don Miguel de Unamunoren sasi vasquia (euskalduntasunik ez baitagoka halakoari) eta xaubinismo kontrarreboluzionarioa.

        »Erdera bidezko euskal kulturaren mito, faltsokeri ta ezintasuna agertu zuen trebekiro. Euskal berbizkundean Lizardi eta Orixeren lanak salbatu zituen soilki eta hillunaro hartako Sebero Altube ta Justo Mokoroaren profetatasuna goratu. Ondoan, Herri hizkuntzaren eskubideak eta jokabideak dirala ta, egin zigun hitz, Euskeraren etorkizuna idazle gazteen eskuetan dagoala esanez. Oso txalotua izan zan guztien aldetik eta gazteriagandik batez ere. Atean autografo ugari egin behar izan zuen aunitz gazterentzako gure poeta eta idazle porrokatuak. Bihotz bihotzez berarekin nagoala esan beharrez nago ta zorionik beroenak eman ere. Jo dezagun hortik, Gabriel!».

        Xabier Gereñok ere eman zizkigun zenbait berri: «Atzo, Arestiren itzaldia egoan anunziata (...) Nik ondo dakit Arestik etsai asko dauzala, bera ausarta dala itz egiten, eta ziur nengoan kolokioan zizkoa sortuko zala. (...) Saloian milla persona inguru, % 80 gazteak. Neska asko. Izugarrizko exitoa. Itzaldietara ez da oitura ainbeste jende joatea (...) euskaraz Arestiren presentaziñoa ta bere K. Rotaetxeren lenengo itzakaz batera, ogei bat gazte, erderaz, "fuera, fuera" deadarka (...) Nire gorputz osoa dardaraz jarri zan Erdal probokadoreak sartu zirala uste neban, gure Euskal Kultura Astea ondatu guraz (...) Aresti hitz egiten egoan bitartean, saloian tensiñoa nabaituten zan. Ez zan estul bat entzuten (...) Baña, nortzuk ziran zaratalari orreik? (...) Nire ustez azken oneik Arestiren etsaiak izan ba ziran, ez eben zuzen jokatu. Alde batetik, euskeraz itzegiten egoanari, erderaz ixilduarazi eutsoen. Bestetik, kolokioan eukien oportunidadea Aresti estututeko, eta Arestik kolokioa zabaldu ebanean, ez eben aboa zabaldu (...) Ni beti egongo naz, ez "Fuera" esaten dabenekaz, bai baña "Ekin eta jarrai" euren elburua daukenekaz» [314].

 

        [308] Artikulu hauek eranskinean oso-osoan eman ditugu, ordurako eta gaurko ere paradigmatikoak baitira. Gabriel Arestiren iritzian, «eladio» hauek «ohorea bai eta nekea ez» lelopean jardun zuten. Ik. 303. oharra.

        [309] Behin, Pepe Rodríguez pentsalari marxistak ea zergatik defendatzen duen euskal nortasuna galdetu zionean, erantzun guztiz «politiko» hauxe bota zion: «Porque se nos pone en los cojones... porque, desde Felipe II, sólo nosotros, los vascos, nos hemos opuesto al imperialismo castellano». «Pero, Sr. Aresti, eso no es forma de razonar», hark erreparu egitean, honek berriz ere ihardetsi zion: «Bueno, entonces, porque nos da la gana».

        [310] ELA-berri izenekoek, hurrean.

        [311] 1975.IX.10ko kartatik.

        [312] Conf. ZELAIETA, A.: «Oi poeta gaixua» in ZERUKO ARGIA (1968), I.11ko 3.ean.

        [313] KINTANA, X.: «Bilboko Euskal Jakintza Astea» in ZERUKO ARGIA (1968), III.24ko 12.ean.

        [314] GEREÑO, X.: «Santiago apostoleko bigarren eskandalua» in ZERUKO ARGIA (1968), III.24ko 12.ean.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus