Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Karlos Santamariarekin adiskide

 

        Gorago aipatu dugunez, 1961eko abenduan, Donostian, Euskaltzaleen Biltzarra eratu zen. Gabriel Arestik eta Augustin Zubikaraik euskal teatroaz ihardun zuten [153]. Aresti teatroaren «gaurkotasunaz» arduratua dago. «Gaurko teatroa eztela gaurkoa, joan dan mendekoa baizik, gure teatroa moralista da (...) berdin kostatuko zaigu ona egitea edo txarra egitea» adierazi ondoren, zenbait aholku ematen dizkie entzuleei: «1. Munduko teatroa estudiatu bear dugu». Etsenplutzat, Betti, Pirandello, William, Miller, Brecht, Becket eta Ionesco jarri zituen. 2. «Modu berriak ikasi bear ditugu. 3. Gaurko problemak atera bear ditugu. (...) Hau guztiau egiteko teatroa muntatu behar da, organizazio bat... teatro talde berriak formatu behar dira». Eta azken ohar bat, teatro-hizkuntzaz: «Herri bakoitzean, komediak bertako euskeran eman behar dira, baina eskribatzaileak ezin eskriba dezake komedia bat mila euskera diferentetan. Euskal komediak euskera batu batean eskribitu behar dira, eta zuzendariaren ofizioan gauza derrigorrezkoa izanen litzateke batu hori ezagutzea. Honela komediaren saiaketan alda liteke euskera batu hori komedia ematen den euskera bizira».

        Hitzaldi honek izan zuen eraginen bat. Karlos Santamariak Arestiren Etxe aberatseko seme galdua eta Madalenaren seme santua drama llaburra irakurri du, eta, gaiaren aldetik, behintzat, Arestirekin bat dator. Irakurtzerakoan, «Dostoievskiren eleberria (novela) gogora etorri» zitzaion. «Izan ere —zioen— antxiñako denboretan eta urrutiko errialdeetan, Madalen, andre gaiztoa izan arren, santutasunera etortzea baliteke aiek onartzea. Baiñan, gaurko egunean, gure inguruan, ori gertatzea ezin sartu dakieke buruan eta are gutxiago biotzean». Amaieran agur hau egin zuen: «Alkar konprenitzen degu eta bat gatoz, Aresti adiskidea!».

        Barrokoak maiteenetarikoa duen pertsonaia da Maria Magdalena, bekataria izanik santa delako. Hauxe da Dámaso Alonsok eta Víctor Manuel de Aguiar adituek «coincidentia oppositorum» deitu dutena [154].

        Arestiren sei antzerkiek — guztiok 1960-1965 bitartean idatziak eta tituluan -ko atzizkiren bat daukatenak (mugaldeko, aberatseko, heriotzeko, Oilarganeko, konpondutako)— «altare gabeko santu» diren pertsonaiaz beterik datoz, «kristaua» barik «egiazko kristarra» bilatzen dutenak. «Errekaizetik ibili izan diran pertsonaiak», Zubikarairen hitzekin esateko [155].

 

        [153] Ikus ZUBIKARAI, A.: «Euskal Teatroaz» in EUSKERA (1962), VII. eta ARESTI, G.: «Nola erein teatroaren gaurkotasuna euskaldunen artean» in id. id., 280-287.etan.

        [154] Karlos Santamariarena in EGAN (1962), 4-6. 324-348.etan. Dámaso Alonso eta Víctor Manuel de Aguiar adituena in AGUIAR, Víctor Manuel de: Teoría de la Literatura. Madril, 1979, 253. eta j.

        [155] Ikus ZERUKO ARGIA (1963) VII.21eko 6.ean. Dostoievskiren eraginaz geu ere bat gatoz Santamariarekin. Goiko aipu biak Etxe aberatseko seme galdua eta... obrakoak dira. (Zubikarairena, ik. 188. oharrean).

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus