Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Olerti-n eta Karmel-en

 

        «Olerti 1959'an sortu neban. Eta beste olerkariai lez, Aresti-ri zerbait idazteko eskatu neutson. Berak, ostera, pozez gaiñezka erantzun eustan, baietz, bete-betean lagunduko eustala esanaz. Eta orrelaxe egin eban.(...) Arestiren lanak ez eben eguno be ostoporik izan [80]. (...) Olerti-Eguna be (...) Aresti be emen izan oi zan, batzarretan bere poesi-kezkak agertu ta eztabaidatuz.

        »Asko idatzi ete eban Olerti'n? Bost-sei poesi argitaratu neutsozan. Berton dauzkazuz "Arratsalde urduri baterako" (1959) [81] "Intxiña", "Barteko Ametsa", "200 puntu" (1960) [82], "Zerbait irakurri nuen" 1965),... Karmel-en be ba-ditu batzuk: "Katu-ama amoritsua", "Bere erreiñuan jauntxoa", "Ipar-aizea", "Neskatxa polita" (1958), ta abar.

        »Bein olerki baten izenburua aldatu neutsolako, aserretu yatan. A. Machado-ren poesi bat zan, euskerara itzulita. Arestik "Barteko ilusioa" zekarren, eta nik "Barteko ametsa" jarri neutson. Eskuartean neukan Machado-rene poesia ta "ilusioa" baino "Ametsa" obeto iruditu yatan. Oraintxe irakurri dot barriro, ta nire ustez espaiñar olerkariaren asmoa obeto betetan dau ametsak ilusioak baiño. Baña Arestiri ez jakon atsegin izan nire aldaketa. Ta asarratu yatan. Argi ta garbi iñostan idazki baten [83], nire Eskutitzak liburuan 148 orrialdean datorrenean. Baiña, geroztik be, adiskide onak izan gintzazan beti. Noizka olerkiak poesiak bialtzen eustazan Olerti-n argitara eman negiozan. Arrezkeroko Euskaltzaindiaren batzarretan be, beti agertu izan yatan txeratsu, Bilbao'n ospatzen ziranetan bereziki; asko ez dala Urdazubi'n Axular'en omenez eratutakoan itz-aspertu luzea izan genduan, joandako Apirilean Deusto'n emon neban itzaldi aurretik berdintsu. Gai ortan niri ez daust, bada, zorrik itxi; ez nik berari be» [84]. Aita Onaindiarena da azalpena.

        Hona hemen Gabriel Arestiren ihardespena: «Jauna: / Gaur jaso dut etxean Olertiren irugarren lumeroa. Bertan ikusi dut Bedoñan eman nizun erdal poematxuaren itzulpena: hobeki esanda: eztut ikusi zuk egindako itzulpen berri bat baizik. Horregatik oso hasarratuta nago zurekin nire izena imini duzulako itzulpen horren azpian. Zure karta hartu nuenean (Olerti errebistaren publikazioa azaltzen zuena), nire laguntza txikia eskeindu nizun; poeten artean prestutasuna egon behar, pentsatu nuen, baina baietz dirudi. Honela, Olertirik ez bialdu niri. Hiru lehenbiziko lumeroen balioa nire etxean kobra zenezake. Nire lanik eztizut aurrerantzean bialduko. Jainkoak salba dezala Euskal erria!» [85].

 

        [80] Olerti-ren zentsura aldetik, esan nahi da.

        [81] Sarasolak aipaturiko antologian sartzen duena; Gabriel Arestik, Maldan Beheran.

        [82] Ik. ZELAIETA, Ángel: «Gabriel Aresti-ren 200 puntuak» in EGAN (1985), 1-2.

        Poema irakurtzean ikusten denez, zesura zortziko txikian ohi den antzera ematen da: 7 eta 6garren silabekin batera. Badirudi, bada, tertzeto kateatu, serventesio eta zortziko txikiaren arteko ezkontza egin nahi izan dela: baina argien dagoena zera da, Arestiren birtuosismoa.

        Euskal fonologiak irakasten dituen zenbait «euskal» lege foniko betetzen dituela dirudi. Kasurako, beheranzko diptongoei beti ematen zaie silaba bakarraren balioa; eta ez da, inoiz, goranzko diptongorik gertatzen. Baina dieresi-sineresi delakoez edo baliatzen da, bereziki hasperenketa bitarte denean. Ikus, esaterako, «nahi» hitza nola ebakitzen den kasu bi hauetan:

        (13)        «Kontuak hartu nai, dizkiot Jainkoari        (6 + 7)

        (14)        Igandean elizan, gupidarik gabe        (7 + 6)

        (15)        Nola hegaztinak, egonikan kantari.        (6 + 7)

       

        (25)        Hau holaz izanik, jakin nahi dut nola        (6 + 7)

        (26)        Abandonatu nauen, hain asturu gaizki        (7 + 6)

        (27) Lehoinak eztaki, edekitzen kaiola».        (6 + 7)

Aresti izan daiteke gure artean metrikazko aberastasun edo ugaritasun handiena erakutsi duena. Erdaraz ere, jarraiko titulu honetan iragartzen duen moduan: «Recuerdo de cinco clérigos vascos / escrito en octava rima castellana / para solaz de preceptivistas» (azpimarra, geurea) agertzen du «joko» horiek egitearen erronka-papera. (Ik. in ZURGAI extraordinario, 40an).

Metrika ugari horren barnean, lira deitua ere hainbat aldiz darabil, nahiz ez euskaraz (?): «Sobre la superficie de las aguas» poemaren «Segunda Parte» delakoan 19 lira burutzen ditu, endekasilabo guztiak «a maiori» direla (azentu erritmikoa 6 eta 10. silabetan), bertso-lerro bakar batean izan ezik: «luego me nombra su lugar-teniente»: «a minori» dena, 4, 8 eta 10. silabetan azentu ritmikoa. Poema hau Andoni Kaierok gordetzen zuen. Ik. in Poesia argitaragabea. Azken Poesia, 96. eta j.

        Torrealdairen «Erderaz ere idazten duzu?» galderari erantzutean, «Ez. Ez dakidalako (ikasi behar dut)» diotso.

        Metrika kontuez Tauerri ere hitz egitean, diotso: «Badakizu lehen poesiak idazten nituela. Lizardiri eta gaurko beste olerkariari imitatzen nien, baina egun batean haien idaztankera etzitzaidan jatorra iruditu, eta bertsolariek nola egiten duten, eta nola egin zuten behinolako poetek estudiatzen paratu nintzen. Handik beste bat atera nintzen. Ikusi dut euskaldun poesi jator eta usariodun bat dagoela, eta hari lotu natzaio». (Bilbon, 1959, abenduaren 14an. Norbert Tauer jaunari, Pragan).

        [83] Ikus beheraxeago.

        [84] 1975. VIII. 31ko kartatik

        Karmel-en argitaratutako «Katu-Ama Amoritsua (Katu-lekua.- Bat)» («Gizane Robles Aranguiz´i» opetsia), eta «Bere erreiñuan jauntxoa (Katu-lekua.- Bi)» («Iker Gallastegi´ri» opetsia), euron azpitituluek elkar lotzen dituzte.

        [85] Ik. in ONAINDIA: Eskutitzak, 148-149.etan.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus