Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Kritikariak Arestiren alde

 

        Sariketa bat prestatu zen, Lizardi zenaren omenez, 1961ean. Irigarai jauna ez zen guztiz konforme gelditu epaimahaikoen erabakiarekin: «Joan den maiatzaren 28 garrenean ospatu zuten Tolosako Lizardi taldekoek, J.M. Agirre olerkari handiaren oroitzapena, eta Euskaltzaindiaren laguntzaz, olerki sariketaren erabakia. Iparragirre Teatroan eman ziren sariak: leena Orixe ezagunaren poema bati, bigarrena Aranalde apez jaunari, eta irugarrena Dorronsoro Lukas-eri, apeza bau ere (...) Epaikariek zuzen jokatu nai izan zutela olerki sariak ematean eztugu dudarik, bainan olerki horieri itzalik bota gabe, iturri onetik dakigu sariketa hortara, besten artean, bi olerki aipagarri ere presentatu direla, bata Erkiagarena eta bestea Aresti jaunarena» [105]. Alfontso Irigoienek informatu zuenez, epaimahaikide Labaien eta Lekuona izan ziren [106]. Gure poeta bera ere kargutzen da gertaeraz: «Lizardi-saria irabazi etzuen poema» parentesia jartzen baitio «Zuzenbide Debekatua» poemari, Egan-en argitaratzean [107].

        Poema horren aurkezpena Luis Mitxelenak egin zuen esandako aldizkarian: «Orrialde oetan eskeintzen dizuguna ezta Zuzenbide Debekatua, Zuzenbide Debekatuaren aurkibidea eta ahapaldi banaka batzuek baizik, andik eta emendik alabearrez eskura zitzaizkigun gisa autatuak (...) Eztago esan bearrik, agirian baitago, nondik datorkigun orain aizea. Arestiren poema egungo eguneko gizarte-poesia edo poesia sozialaren bideetan barrena dabil (gogora, esaterako, Figuera, Aragon, Nezval, Hikmet) eta eztitu, beste apaingarririk artzen badu ere, erriaren izkera eta jazkera gutxiesten, ezpailukete bospasei irakurle ikasirentzat bakarrik ari nai. Dei berri bat dakar berriz ere, zorionez, euskal-idazle gazte batek eta geure kaltean egingo genioke neurtitzetan gaiñera, onek edo orrek besterik uste badu ere, maiz nabari diteke aastuxe dauzkagun euskal idazle zaarren oiartzuna. Eta auxe da arritzekoena eta pozgarriena: gaurko auzi gorien deadar bizia eta antziñako arbasoen izkera sendoa Bilbao'ko kale erdaldunetarik datorrela orain gure biotz-belarrietaraiño, euskeraren onerako» [108].

        Irigaraik «Un gran poeta desconocido» ateratzen du, 1960an, El Bidasoa-ren aparteko alean: «Conoce a fondo a nuestros autores clásicos, sobre todo Detxepare, cuyo espíritu está patente en muchas de sus estrofas... No conozco otro autor que nade con tal garbo en el pequeño mar de nuestros dialectos. Todo esto en cuanto a la forma, que debía ser lo penúltimo; pero dada la cantidad de papanatismo que nos aflige a este respecto, es menester subrayar» [109].

        «Nik uste —diost Irigaraik—, ni izan naizela gure adiskidea ager-erazi duen lehena. Eta aunitzetan oroitarazten nindun berak» [110].

 

        [105] EGAN (1961), 1-3. 112-113.etan.

        [106] Ikus EUSKERA (1961), VI.356an.

        [107] EGAN (1961), I-III, 10-15.etan.

        Poema «Gabriel Moral Zabalari eta haren laguneri» eta «Angela Figuera Aymerichi» eskaintzen die. «Argudioak» lau ebanjelisten beste aipu bana, latinez, dira, atzekoz aurrera emanak, hots, testu kanonikoetan Mateo, Markos, Lukas eta Joan badatoz, Arestik alderantziz ezartzen ditu: «Ait: Ego vox clamantis in deserto» (Joane, I, 23). «... cum corriperetur ab illo de Herodiadis... inclusit Ioannem in carcere» (Lukas III, 19-20). «... cumque... filia ipsius Herodiadis... saltasset... placuisset...» (Marki, VI, 22); eta «... caput eius in disco, ...» (Mateo, XIV, 11).

        [108] Ibidem, 10.ean. Zuzenbide Debekatua honetan jarraiko idazle hauek guztiak aitatzen ditu: Hans Fallada, Pablo Neruda, Hart Crane, James Joyce, P. Axular, Pío Baroja, Leonid Andreief, T. S. Eliot, Walt Whitman, Luigi Pirandello, Holderlin, Tomás Meabe, Tennessee Williams, Paul Verlaine, Gabriel Celaya, Blas Otero, José Hernández, Federico García Lorca, Ramón Valle-Inclán, Feodor Dostoievski, Jean Mirande, León Felipe, G. K. Chesterton, Miguel Unamuno, Knut Hansum, Rainer Maria Rilke, Miguel Hernández, Gabriela Mistral, William Faulkner, Padro Salinas, Jean-Paul Sartre, José Asunción Silva, Franz Kafka, Giovani Papini, Bernard Shaw, Rosalía Castro, Elgar Allan Poe, Ugo Betti. Ik. «1): Karta-Jokoa», Zuzenbide Debekatuan, in Lehen Poesiak. Susa, Donostia, 1986.

        Mitxelenak goian dioen «ahapaldi banaka batzuek» ulertzeko, Karmelo Landak Natxo de Feliperen etxean aurkitu duen «Ezkutu banatan saltzeko bertsoak» (in Lehen poesiak, 1986, 178. eta j.) irakurri behar da, Karmelo Landak 324an ematen duen oharrarekin.

        [109] EL BIDASOA (Extraordinario) (1960).

        [110] 1975.VIII.21ean egindako kartatik.

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus