Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Bizitzaren kolpeak

 

        Meli Estebanek 1970eko urtarrilaren 9an laugarren alaba bat izan zuen, Bilboko San Antonio poliklinikan. Zazpi orduko bizitza baino ez zuen izan errukarriak. Jaio aurretik ere bazekiten gurasoek ez zuena luzaroan irauterik izanen.

        Badu jaiotza honek oihartzunik Arestiren poemetan: «Neskato-Ilun hain jaio berri / bide batez hain hil-hurren (...) Ene / Neskato-Ilun / maitea» deitzen dio: lehenago «Ni hire miraila. Ni hire aita iluna» esanez erretratua egina zion bere buruari «Lehendabiziz Nerea etorkizunaren aurrean» poeman. Edota bertso-lerro ilunago hauetan:

«nire haurzaro ilargiztatuaren alabok,

inoiz ez duzue jakinen zer zen gertatu

nire lur errearen açean» [360].

        Gerotxoago, honela mintzo zaio Mitxelenari: «Asko sentitu nuen Eguberri hauetan Bilbaotik ezin mugitu izana, Baionako batzarrean ez agertua, eta zu, prometitu nerautzun bezala, Errenterian ez agurtua. Zorionez, Bilbaori lotu nenderaukan nahigabea parte onera etorri da azkenean, andrea osagarri batean geratu zaidalako, eta haurra hobeki dago lurpean, ezen ez lur-gainean zukean bizi-molde murriztuan».

        Xabier Lete eta Lourdes Iriondo bikoteari ere ikara handia eman zion gertakari honek: «Nere gurasoengandik jakin genuen —diote— zuen laugarren aurraren gertaera... Arazo hori ahalik eta ondoen konpondu dedilla desio dizuegu. Ba dakit horrelakoetan besteen sentimentu ona eta xamurtasuna oso gauza gutxirako baliatu litezkeela, baiña guk beste ezertan ezin lagundu... (...) har zazue gure agurrik beroena. Zuri eta Meliri besarkada estu bana... / Zuen lagun / Xabier Lurdex».

        Garai honetan kotxea erosten du, Seat 850 bat, amarekin erdi-bana edo, eta honen izenean jarria. Emaztea begiak itxita joaten ohi zen eta hark esaten: «Zabaldu itzazu begiok, bestela ez duzula konfiantzarik pentsatzen baitut, eta txarrago txofertzen!». Meli Estebanek calar aditza gogoratzen du egun haiek oroitzen dituenean: Arestik, semaforoetara eta hurbiltzen zenean, ez zion enbrageari sakatzen martxa kentzeko. Ondorioz, ito egiten zitzaion, eta harritu egiten  zen nola bera baino azkarrago irteten zen mundu guztia semaforoetatik... harik eta teknika hori ikasi zuen arte.

        Otsailaren lehenean aita —Gabino Aresti— galdu zuen. Garratz egin zitzaion hain idazle gutxi ikustea beronen hiletetan.

        Haurren eskolatzeari buruz —alabek 7, 8 eta 9 urte zeuzkaten orduan—, «integristentzat eskola konfesionalak eta besteentzat demokratikoak» [361] eskatzen ditu Zeruko Argia-n. Artikulu honi Txalintxok eta Lasak emango diote erantzun bana. Hauxe izan zen, oker ez bagabiltza, Zeruko Argia-ren zentsurak pasatzen utzi zuen Gabriel Arestiren azken artikulua. Kaietano Ezeiza Zeruko Argia-ren zuzendariak honela ikusten zuen haren jarduna bere astekarian:

        Zelaieta: Arestiren influentziarik, inoiz, Zeruko Argia-k izan duela uste duzu?

        Ezeiza: Uste degu ezetz.

        Z.: Zuen redakzio batzordeko izan eitean inoiz eskatu zenioten?

        E.: Ez.

        Z.: Inoiz bere artikuluren bat zuen zentsurak pasatu gabe atzera bota zuen?

        E.: Bai.

        Z.: Egia da, azken aldion, ez zeukala zuen astekarian idazterik?

        E.: Ez, ez da egia» [362].

 

        [360] Ik., baita ere, «Etxaus» poema, Azken Harrian. Berton aitatzen den Andoni Abando haurren medikuak klinika zeukan, Rekalde zumardian.

        [361] ARESTI, G.: «Jainkoa eta Haurrak» in ZERUKO ARGIA (1970), V.31ko 2an.

        [362] 1975.VIII.7ko karta (Angel Zelaietarena) eta 1975.VIII.11ko karta (Kaietano Ezeizarena).

 

 

 

© Angel Zelaieta

 


www.susa-literatura.eus