Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Bibliografia

 

 

Azkena

 

 

Ernest Hemingway

 

Bilbon azkenengoz izan eta lasterrera bere buruaz beste egin zuen 1961eko uztailaren 2an, Idaho estatuko Sun Valley herriko Ketchum auzunean.

        Idazlearen biografo Jeffrey Meyersek, Ernest Hemingwayk Ketchumgo etxea erosteko izan zituen zioak aipatuz, hurrengo dio; «Idahok, Wyomingek bezala, ehizarako eta arrantzurako leku bikainak zituen, eta Kubako udagoieneko haizete hezeekikoan aldaketa estimulagarria zen. Zenbait baskok —baskoek, indartsuak eta anarkikoak izatearen ospea izateaz gainera, gerran legez gerra ostean ere Francoren aurka jardun izan zuten— Sun Valley inguruetan etxaldeak sortu zituen, eta alderdi hori ere erakargarri zitzaion».

        Hileta uztailaren 5era atzeratu zen. Nahiz eta Erromako Eliza Katoliko Apostolikoak lur sakratuan ehortzia izateko eskubidea debekatu suizidei, Ernest Hemingwayren gorpua Ketchumgo hilerri katolikoan ehortzi zuten.

        Honela idatzi zuen Mary Welshek bere How it Was liburuan, suizidioaren bezperakoaz: «Uztailaren bata zen, larunbata. Arrastian Ernestek Christinia jatetxean afaltzera gonbidatu gintuen George Brown eta biok. Zokondoko mahaietako batean estu-estu sartu ginen. Sinsky Duñabeitiaren aspaldiko maite-grina izana zen Suzie zerbitzariari galdetu genion ea nortzuk ziren han ziren gizon haiek.

        «— Ene! —esan zuen—, Twin Fallsko saltzaileak dira.

        «Hiria turistez mukuru zegoen.

        «— Ez larunbat gauez —esan zuen Ernestek—. Etxean beharko lukete.

        «Suziek bizkarrari eragin zion.

        «— FBIkoak dira —Ernestek, ahopean».

        Etxera egin zuten. Gertatua senarraren paranoia-puntuari eragotzi zion Mary Welshek. Ez zirudien FBIk haraino jazarri behar zionik. Berriz, Ernest Hemingway ez zebilen guztiz oker.

        Estatu Batuetako Informazio Eskubideari Buruzko Ituna (FOIA) delakoak dioena betez FBIk argitara ateratako Ernest Hemingwayrekiko txostenetan irakurtzen denarekin bat, bulegoak azken-azkeneraino ukan zuen idazlea hari begia gainetik kendu gabe. Hain zuzen ere, 1961eko urtarrilaren 13an Minneapolisko agente batek sinaturiko txostenean, Ernest Hemingway Mayo erietxean sartu dutela dio: «Hura benetan gaixorik da, hala burutik nola gorputzetik, eta medikuak elektroshockak ematearen komenigarritasuna aztertzen ari dira». FBIren azken txostenak zioen legez, Mayo erietxean sartu zuten, eta ez behin, bitan baino: 1960ko azaroan lehenik eta 1961eko apirilean bigarrenik, azken hau suizidio ahalegin biren ostean. Erietxean elektroshockak eman zizkioten, eta horiek oroitzapenak galarazi. Oroitzapenen galerarekin batera ganoraz eta taxuzko ezer idazteko gaitasuna galdu zitzaion. Idazlearen akaberak gizakiaren heriotza ekarri zuen.

        Hiletaren osteko egunetan Mary Welshek esker oneko gutun bana helarazi zien senarraren heriotzaren doluminak igorri izan zizkiotenei. Julian Ibarluzea ezizenez Tarzan pilotariaren alargunak horietako bat du gorderik. Gutuna makinaz idatzia da, badirudiela doluminak helarazitako denei molde berean erantzuteko pentsatua dela. «Ernest Hemingwayren familiak —dio gutunak— sakonki eskertzen du zure atxikimenduaren adierazpena eta hori baliotsu izan zaigula aitortzen dizu». Gutuna Miss Alicia de Ibarluceari zuzendua da, Mexikoko San Miguel de Allendera. Postaren zigiluan uztailaren 24a ageri da.

        Ernest Hemingwayren urte luzeetako proiektu nagusia 1970ean argitaratu zen: Islands in the Stream —Irlak korrontean—. Heriotzaren urtetik hamabost igarota, 1986an, The Garden of Eden —Edengo baratza— plazaratu zen; eleberriko gai nagusia diren giza-esperientzia eta batez ere sexu-harremanen trataeraren aldetik Ernest Hemingwayren eleberririk heterodoxoena da; gertaeren lekuen artean Hendaia dago.

        Bestalde, aipagarria da Selected letters —Gutun hautatuak—, idazlearen biografo ofizial Carlos Baker ezagunak 1982an paraturiko edizioa. Garrantzi handiko liburua da, batez ere idazlearen barne mundua eta haren inguruko literatur fabrika ezagutzeari buruzkoan. Hala bada, hautatzaileak kanpoan utzi ditu Ernest Hemingwayk lagun euskaldunekin izan zuen gutun-harremana, besteak beste. Liburu honetara ekarritako Andres Untzainen eskutitzak Finca Vigían topatu ditut, lar sakon begiratzen ibili barik. Izan behar dira nonbaiten beste euskaldunen gutunak, hala nola, Juan Duñabeitiarenak.

 

 

Juan Duñabeitia

 

Francoren erregimenak bere 25 urteak handikiro ospatzen ziharduelarik hil zen Juan Fructuoso Duñabeitia de la Mota, 1964ko martxoaren 24an, goizeko 11:20an, Bilbon, Astarloa kaleko 8 zenbakiko laugarren solairuan, hots, famili etxean. Heriotzaren eragilea bihotzaren kolapsoa izan zen. Heriotzaren agiria sinatzen duen mediku Francisco Pandok, defuntuaren aspaldiko lagunak, halaxe esana.

        Kosme Duñabeitiak gogoan duenez, Juan Duñabeitia Bilbora itzuli bezain laster Francisco Pando medikuak argi utzi zion zein zen osasunaren egoera:

        —Edo edateari eta erretzeari utzi, edo laster hilko haiz —esan ei zion medikuak.

        —Edateari uztea, bai, ados; baina erretzeari utzi, ezta bihar bertan hilda ere —erantzun Juan Duñabeitiak.

        Tabako beltz gogorra erretzen zuen, Celtas, Bilbon izaten zenetan behintzat.

        Juan Duñabeitiaren paperak Kuban lotu ziren, Herrera Sotolongo medikuaren etxean. «Espainiatik —dio Norberto Fuentesek 1984an argitaratua den Hemingway en Cuba liburuan— Herrera Sotolongori eskutitz batzuk egin zizkion. Halako batean amaitu egin ziren eskutitzak, eta azkenean laguna hila zela jakin zuen. Sinbadek gordetzeko eman zion dokumentazio guztia atxiki zuen mediku hark. "Benetan, ez zakiat zer egin. Beharbada erre egingo ditiat" dio orain».

        Norberto Fuentesek berak 2003ko martxoan jakinarazi didanarekin bat, Herrera Sotolongo 1999an hil zen eta, dokumentazio hura dena galdua ei da.

 

 

Jose Maria Uzelay

 

Margolari honek egin zuen koadroa da, agian, Ernest Hemingwayren eta Juan Duñabeitiaren arteko adiskidetasunaren lekukorik ederrena. "Conversation piece, just leisure" da horren izena. Gero, Hemingwayren eta Duñabeitiaren beste erretratu bana ere egin zuen Jose Maria Uzelayk, baina biak agertzen direnekoa, harira datorrena izateaz gainera, margolariaren erretratu denen artean ederrena da. Erretratu horretan hortxe direla gizon handi biak, elkarren alboan jesarrita, atzean itsasoa dutelarik. Margolariak koadroa noiz sortu zuen, ostera, horretan zalantza handia dago. 1951n, agian; edo 1957an edo 1958an, beharbada.

        Jose Maria Uzelay, Bermeon 1903ko azaroaren 1ean jaioa zen artista, erietxean hil zen, gelan Kosme Barañano eta moja bat zituela lagun, 1979ko abenduaren 25eko 10:30ean, Bilbon. Bada, Kosme Barañanoren arabera "Conversation piece, just leisure" koadroa 1951 aldera sortua da. Buruz sortua da, beraz, margolaria ez baitzen inoiz Kuban izan eta, bestalde, Ernest Hemingway ez baitzen urte hori baino lehen hemen izan.

        Lan hori Jose Maria Uzelayk noiz ere sortu zuen, halako batean Damaso Escauriazak erosi eta Nevadako Boulder Cityko bere etxera eroan zuen. Hantxe sinatu zuen, 1983ko uztailaren 10ean, hurrengo eskutitza, jatorriz ingelesez idatzia dena.

        «Florine maitea:

        «Azaldu egingo dizut, gaingiroki, Hemingwayren margolana Estatu Batuetara ekartzearena nola izan zen.

        «Jose Maria Uzelay nire laguna zen. Behin, Ameriketara bizitzera joatekotan nintzela jakin zuelarik, Gernikako bere jauregira afaltzera joaten gonbidatu ninduen. Afaltzen ari ginen artean Hemingwayren erretratuaren historia azaldu zidan. Esan zidan, behin Iruñean zezenetan izan ostean, Hemingway, Duñabeitia (Sinsky) eta beste lagun batzuk elkarrekin afaltzera joan zirela, Iruñeko Las Pocholas jatetxe ospetsura. «Afaritan ginelarik —zioen Uzelayk— bera eta Duñabeitiaren erretratua margotu nezan eskatu zidan Hemingwayk; beraz, hark agindu moduan egin nuen, baina etsipenak jo ninduen handik lasterrera egunkarien bidez Hemingwayren heriotza tragikoaren berri izan nuenean, ez bainuen haren familiarekin harremanetan sartzeko modurik ukan».

        Eskutitza ez da hor amaitzen, baina guri horrexek balio digu eta, nahikoa. Ez da koadroaren gorabeherez Damaso Escauriazak margolan horretaz idatzi zuen bakarra ere. Datarik ez duen beste gutun batean dioenez, «Jose Maria Uzelayk bere margolana amaitu zuenerako Ernest Hemingway hila zen». Horra zalantzarako beste motibo bat. Gutunek diotena baietsi nahiz ezetsi zezaketenak hilik dira denak. Testigu nagusi Damaso Escauriazarenak Bilboko Errukietxean egin zuen. Neguriko dirudunen enborreko ezpal galdua, molokot eginda bukatu zuen. Liburu bat utzi zuen idatzirik, auzi honetaz ezer argitzen ez duena.

        Bestela, Juan Duñabeitia eta Ernest Hemingway elkarrekin idazlearen azken Sanferminetakoren batean izan zirelakoa Kosme Duñabeitiak ere gogoan du. Diosdanez, Juan Duñabeitia Bilbora behin eta betiko 1960an itzuli aurretik beste bitan etorria zen, oporretan. 1958an eta 1959an, agi denez. Horietako edozeinetan izan zitekeen Damaso Escauriazak dioena. Jose Maria Uzelayk koadroa idazlea hil ostean amaitu zuelakoa, ostera, sinesgaitzagoa da. Bilboko Arte Eder Museoko fitxan 1957ko data du jarria koadroak, Barañanoren iritzia —1951koa dela— ohar legez jasorik. Nola ere izan zen, Kosme Barañanoren iritziari deritzot fidagarrien.

        Itzalen xerka dabilenari zaila egiten zaio egiazkoa eta laino artekoa bereiztea. Horrela, Juan Duñabeitiak Bilbora itzulitakoan itsasoko gauzen denda zabaldu zuelakoa ez da egia. Hori lehenengoz Norberto Fuentesek idatzi zuen, eta gero beste batzuek ber horretan errepikatu, Dan Simmonsek bere The Crook Factory —Gaizkileen faktoria— eleberrian egin duen legez. Hala ere, horixe esaten zen Kuban, Norberto Fuentesek berak gogoan duenez.

        Gogoan gorderik, ondo gorderik gainera, Juan Duñabeitiak Rolando Cubela eta haren ekinkideetako bat Kubatik atera zitueneko pasadizoa ekarri behar izan zuen. Gero, Kubatik iristen ziren albisteen harira, areagotu egin bide zitzaion haren akordua.

 

 

Rolando Cubela

 

Cubelaren haria 1959ko gertaeretan utzi dugu, hots, hura Iraultzako komandante zelarik Habanan sartu zenekoan. Bada, 1959ko urtarrileko lehen egunetan Direktorioaren indarrek Unibertsitatea hartu zuten, eta huraxe beren lubaki egin. Ekintza sinbolikoa zen Unibertsitatea hartu izana, mugimendua —lehenengoetan Directorio Estudiantil izena izan zuena—, bertan sortua baitzen, 30ekoetan. Gero ostera Directorio Estudiantil 13 de Marzo izena hartu zuen, 1957ko egun horrexetan Presidentearen Jauregiari eraso zioten ekinkideen omenez. Izena nondik ere zetorren, kontua da Habanako Unibertsitatea lubakitzat hartu izanarena ez zela batere sinbolikoa; indar iraultzaileen arteko ezadostasunak behartu zituzten horretan. Ezadostasunok Fidel Castroren esku hartze zuzenari esker konpondu ziren, eta iraultzaileen arteko balizko enfrentamenduak horrelaxe saihestu ahal izan ziren.

        Lehenago, Rolando Cubelak bere indarrak Ernesto Che Guevararen mende jarri zituen, eta haren aginduetara sartu ziren Santa Claran. Horrelako ekintzetan erakutsi izan zuen portaerak gizon erabakitsu eta kementsuaren ospea ekarri zioten. Kemena eta erabakimena geroagokoetan era erakutsiko zituen, bai.

        Direktorioko batzuek Escambrayko Mendietan ziharduen kontrairaultzaren lerroetara jo zuten artean, beste gehienek, Rolando Cubela eta Chomon komandanteen jarraibideei men eginez, indar iraultzaileak batzeko 1960az geroztik abian zen ahaleginean parte hartu zuten. Kementsua eta erabakitsua ez ezik iraultzarekiko fidela ere bazen Rolando Cubela. Artean behintzat.

        Artean Kubako iraultzak ere oztopo lasterketan ziharduen aurrera. Gobernu berria Ameriketako Estatu Batuek urtarrilaren 7an diplomatikoki ezagutu zuten arren, CIAk hasiak zituen planak, Habanarako bidean zetorren Fidel Castroren agintaldia hantxe bertan amai zedin; hura akabatzeko lehenengo plan ezaguna 1959ko otsailaren 2an agertu zen agirira. Haren ostean halako beste egitasmo asko etorri ziren, tartean Cochinos badiako inbasioa izan zelarik. Hain zuzen ere, 1961eko apirilaren 16an.

        Juan Duñabeitiak egun haietako egunkariak irakurtzean egundoko bihotz kolpea hartuko zuen.

        «CIAk sustaturiko Cochinos badiako operazioan —dio Norberto Fuentesek—, 1961eko apirilaren 16an hain zuzen, Kuba inbaditzeko asmoetan erabili ziren ontziak hurrengoak dira: Caribe, Río Escondido eta Atlántico, denak ere Sinbadek kapitain ibilitakoak. Río Escondido garai batean Nikaraguako Somazatarrena izan zen, eta 2.000 tona mugiarazten zituen. Kapitainaren ganbarako luxua lehenengo bider ikustean Hemingway harriturik lotu zen; ez zetorren ontziaren gainontzeko osagarriekin bat. Atlántico izenekoa, Sinskyren gogokoena zena, CIAren konboiaren lerroan nabigatzen zetorren azkena zen. Hemingwayren etxean sarritan izaten zen beste itsasgizon bat, Zenon delako kapitaina, Atlántico-ko komandantea. Zenonek, aginte-zubian adi, makina erdian zekarren ontzia, eta hara non, Cochinos badian sartzekotan zenean, bonbardaketaz ohartu zen. Hegazkinak pikatu eginez ikusi zituen eta badiaren erdian hondoratzen zihoazen bateltzar batzuk begiztatu zituen; ke beltz lodiko habeak bateltzarrekin batera desagertuz zihoazen. Besterik ere ikusi zuen, are harrigarriagorik: Río Escondido, erregai tankeak eta beste hornigai batzuk zekarrena, bonba atomiko modura lehertu zen. Orduan nahikoa ikusita zegoela erabaki zuen. Handik makina guztira irteteko agindua eman zuen (...) Zenonek ez zuen sekula berriro nabigatu».

        Giro horretan Castrok Kuba sozialismora bidean abiatua dela aldarrikatzen du, Cochinos badiako inbasioaren aurreko "leuntze lanetan" 1961eko apirilaren 16an, estatubatuar hegazkinek jaurti dituzten bonbek hildako kubatarren hiletetan.

        Hori baino lehenago, 1961eko urtarrilaren 3an, Amerikako Estatu Batuek Kubarekiko diplomazi harremanak eten zituzten. Hala bada, Estatubatuarrek Enbaxada utzi behar izan zuten, baina horrela egin orduko hainbat txosten eta artxibo desagerrarazi zuten. Horien artean, Jeffrey Meyers biografoari FBIko funtzionario batek 1983an ofizialki adierazi zionarekin bat, Ernest Hemingwayk Bigarren Mundu Gerrako urteetan astean bitan edo hirutan Enbaxada-Etxean utzi izaten zituen txostenak. Hots, betiko galdua da Ernest Hemingwayren espioitza zereginen benetako izaera, Bigarren Mundu Gerrako Kubako giroan behintzat.

        CIAkoak ofizialki Kubatik joanak ziren arren, infiltrazio lanetan segitu zuten. 1961eko martxoan Konpainiak AM/LASH kriptonimoaren atzean ezkutatuko zuten gizona kontaktatu zuten; Rolando Cubela Secades zen. Kontaktua Madrilen izan zuten.

        Harrezkero, Rolando Cubela bitan saiatu zen, ustez behintzat, Fidel Castrori heriotza ematen. Ahaleginok ez ziren inoiz burutu, eta 1966 urtearen hastapenetan Kubako Poliziak atxilotu egin zuen Rolando Cubela. Urte horrexetan epaitu zuten. Epaiketan bere buruarentzat gorengo zigorra eskatu zuen Rolando Cubelak; hormaren kontra tiroz hil zezaten. Leporatu zitzaizkion karguak ez ziren makalak, egia. Etoikeria, eta Fidel Castro bera akabatzeko ahaleginak. Haatik, kartzela zigorra eman zioten.

        Rolando Cubelari ezarritako zigorra harrigarria izan zen. Hain harrigarria ze, The Washington Post egunkariak 1976ko maiatzaren 2an argitaratu zuen erreportajeak airean utzi zuen galderak hortxe dirau. «AM LASH: gure gizona ala Castrorena?». Adituak hari heriotza zigorra emango ziotelakoan ziren.

        Argi dago; Juan Duñabeitiaren zerbitzuak ez ziren 1943an amaitu. Hango beste batzuenak amaitu ez ziren legez. Gogora dezagun han izandako Gustavo Duranen kasua.

 

 

Gustavo Duran

 

Bartzelonan jaio zen (1906-XI-14) eta Grezian hil (1969-III-25), Kretako Alones herrixkan; hantxe dago ehortzirik. Greziara Atenasen Nazio Batuen ordezkari jarduteko iritsia zen 1963an. Hara iritsi eta heriotza etorri arteko batean, 1967ko apirilaren 21ean, Koronelek kolpea jo zuten, eta boterea eskuratu.

        "Koronel" hitza Gustavo Duranen biografian sarri agertzen dena da. Aita, Jose Duran, koronela zen; Gustavo bera Gerra Zibilean koronel gradua iritsi eta jeneral izendatu zuten; Argentinan izan zelarik, Jose Peron koronela, gero jeneral izendatua, jasan behar izan zuen. Eta azkenean Grezian ere koronelak agintean. Aitzakia, beti antikomunismoa. Hori etengabeko leloa izan zen.

        Kubako garaietara itzulita, Ernest Hemingwayren kontraespioitza jarduera gorabeheratsu haien ostean, 1943ko hasieran, Gustavo Duranek Habanan apartamentua hartu zuen. Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan Spruille Braden Argentinako enbaxadore izendatu zuten; Gustavo Duran berarekin eroan zuen, 1944ko urtean.

        Argentinan Gustavo Duranek Liburu azula (Argentinari buruz) eta Liburu zuria (Espainiari buruz) argitaratzen laguntzen du. Peronekiko eta Francorekiko oso kritikoak dira liburuok. Hain zuzen ere, Jose Peron hautagai izendatzen den unean argitaratuak dira.

        Halako batean Liburu zuria Francoren eskuetara iritsi da. Diktadoreak Gustavo Duran sobietarren agentea eta homosexuala dela haizatzeko agindua ematen du. 1946ko apirilaren 9an Falange Españolaren egunkari ofizial Arriba-k hari buruzko erreportajea argitaratu du, eta beste egunkariek errepikatu. Faxisten egunkariek argitaratzen dituzten datuak FBIk 1942an erabili zituen informeetan direnen antzekoak dira. Hala bada, hain goiz iritsi ziren datuak eta orain prentsa faxista espainiarrak atera dituenak dosier bakar batetik eta esku jakin batzuetatik datoz, kasu bietan; Polizia frankistak dituen dosierretatik atera dira.

        Akusazioek eragina ukan zuten; amerikar politikari eskuindar zenbaitek Gustavo Durani buruzko ikerketari ekin zekion eskatu zuten. Ikerketa egin egiten da, itxuraz behintzat. 1946ko abuztuaren 6an Gustavo Duran errugabea dela diote usatarren inteligentzia zerbitzuek. Bitartean gizonak Nazio Batuen Erakundean lanpostua lortu du. Horrek ez zuen erasoaldietatik salbu utzi.

        Antiamerikar Jarduerei Buruzko Batzordeak, McCarthy ospetsuaren sorgin ehiza bideratu zuen harexek, Gustavo Durani ekin zion. 1950ean. Eta ez zuen baketan utzi. Luzaz. Esan bezala, 1963an, NBEri mundu zabalean zerbitzu egin ondoren, Gustavo Duran Greziara bidali zuten.

 

 

Jesus Galindez

 

Galindez bizirik eta libre 1956ko martxoaren 12an ikusi zuten azkenekoz. New Yorken, Frank izeneko CIAko agenteak eta beste hiru gizonek auto batean sartu zuten, eta handik gero hegazkin batera eroan.

        Galindezen kasuan zer ikusiren bat izan zutenak ere akabatuz doaz. Denetara, zazpi dira hildakoak. Batzuk lehentxeago eta beranduago besteak, kasua argitzeko lorratz izan zitezkeen denak heriotza susmagarriz hilko dira. Rafael Leonidas Trujillo bera, kasurako.

        Miguel de Dios Unanue, El caso Galíndez - Los vascos en los servicios de inteligencia de EEUU liburuaren egilea, 1992ko martxoaren 11n akabatu zuten. Heriotza eman zion eskua El cártel de Cali izenekoarentzat lan egiten zuen sikario bat izan zen. Eskua nork mugiarazi zuen, susmoa besterik ez dago.

 

 

Rafael Leonidas Trujillo

 

Diktadorea 1961eko maiatzaren 30ean akabatu zuten. Bere buruari Ongilea eta Aberriaren Aita goitizenak jarri zizkion arren herriak El Chapas zeritzon, bularrean dominak eskegiarazteko zeukan zaletasun itsuari irri eginez. Tiranoaren hiltzaileak tiranoaren eskolakoak ziren, euren egiteko moduak adierazten duen moduan.

        Aipatu 1961eko maiatzaren 30 horretako 21:30ean tiranoari heriotza emateko elkar harturik zirenetako batek, Trujilloren urgazleen gorputzeko teniente Amado Garcia Guerrerok, telefonoz jo zion Juan Tomas Diaz ekinkideari, eta Jefea San Cristobaldik Ciudad Trujillora (egungo Santo Domingora) joatekoa zela jakinarazi zion.

        Konjuraziokoak, zortzi guztira, hiru autotan sartu ziren. Tiranoaren txoferrak Máximo Gómez etorbidea hartu zuen. Handik Jorge Washington autopistara heldurik, hitzartutakoen lehenengo autoak Trujillorenaren atzetik ekin zion; bigarren autoa hori baino pitin bat aurrerago tartekatu zuten; hirugarrena hiritik kanpo zain zegoen, karril biko errepidean trabeska jarrita.

        Trujilloren autoa bidea blokeaturik zegoen lekura hurreratu ahala bigarren autoa haren parera hurreratuz joan zen. Auto biak elkarren parean izan zirelarik Antonio de la Mazak hodi biko 12ko eskopetaz tiro bat jo zuen, diktadorearen autoko atzeko leihatilaren paretik. Diktadoreak atzeko autoan zeroan metrailadoreaz tiro egitea erdietsi zuen (atzeko jesarlekuan Trujillok metrailadore parea zeroan). Tiroketak hamabost minutu, hortxe-hortxe hartu zituen.

        Lehenengo tiroaren ostean De la Mazak bigarren kanoiaz alboko leihatilatik tiro egin zuen; haren ekinkideek era berean egin zuten, CIAk emandako metrailadoreez. Taldekide Imbert Barrerasek zenbait urte geroago esan zuen moduan, «haren ondotik hiru metrora egon nintzen. Nire 45az apuntatu eta bitan egin nion tiro. Jaurtigaietako batek kokotsean jo zuen. Atzez jausi zen, hilda. Roberto Pastorizak sartu zion graziako tiroa».

        Leonidas Trujilloren gorpua Juan Tomas Diazen autoko maletategian sartu zuten. Errepidean, hantxe geratu zen, tiranoaren hagin-ordekoarekin eta kepisarekin batera, Chevrolet Bel Air autoa, 52 bala-zulok apaindurik.

 

 

Patxi Ibarluzea

 

Hemingwayren gutunetan eta hari buruzko ingelesezko liburuetan Paxtchi, 1979ko abenduaren 19an hil zen, ezkongabe, Mexiko hirian. «Frontoitik irten ostean etxerako bidean zetorrelarik izan zen. Etxeko atarian, atea zabaltzen ari zela, hodi zati batez burezurrean jo zuten. Eta bakarrik bizi zenez, Gurutze Berdeak batu eta ospitalera eroan zuen, eta bertan hil zen». Halaxe zuen gogoan haren loba Julian Ibarluzea Mallukizak, 2002ko azaroaren 19an.

 

 

Julian Ibarluzea

 

Ezizenez Tarzan, 1911ko abenduaren 15ean Barinagan jaioa bera, 1995eko uztailaren 15ean hil zen, jaioterritik gertuan: Etxebarria herriko Enbera kaleko 4an. Ohar hau idazten dudan artean haren alarguna, Alizia, bizirik da. Bizirik dira Julian Ibarluzearen lau seme-alabak, hots, lehenengo emazte Mallukizaren seme Julian —arestian aipatua— eta bigarren emazte Aliziarekin izan zituen hirurak.

 

 

Felix Areitio

 

Ezizenez Ermua, auto istripuz hil zen, Gasteiztik Madrilera zihoala. Madrilen dago lurperaturik, Sacramento de San Justo hilerrian, Manzanares aldean.

        Ermuan jaio zen Felix Areitio, 1915eko uztailaren 15ean. Maria Luisa Miguelekin ezkondu zen, Miamin. Ameriketatik Europara 1955ean itzuli zen, baina urte bi Lisboan egin zituen. Gero Gasteizera etorri eta bere negozioa sortu zuen. Seme bi izan zituen: Patxi, 1958ko urriaren 7an jaioa; eta Felix, 1962ko maiatzaren 30ean. Bizirik dira biak.

 

Pako Garai

 

Gasteizen, Florida 37an, hil zen 1964ko abenduaren 5ean. Kubako iraultzaren ostean handik gaixorik itzuli zen. Francisco —Pakito— Garai semea eta Jeanette Hohberger emaztea berarekin ekarri zituen.

        Pako Garairen seme bakar Pakito, Felix Ermuaren enborreko emakume batekin ezkondua da. Bartzelonan bizi da.

 

 

Winston (Frederick Churchill) Guest

 

Winston Churchill politikariaren enborrekoa. Milioiduna. Pilar hartan aleman itsaspekoen ustezko ehizan ibili zirenetakoa, Islands in the Stream eleberriko pertsonaietakoa da: Henry Wood (Norberto Fuentesi Gregorio Fuentesek esandakoaren arabera).

        1930ekoetan polo txapeldun ospetsua izan zen, eta bere hegazkin konpainiaren jabea (Patxi Ibarluzea pilotu ibili zen han). 1982ko urriaren 25ean hil zen.

 

 

Mary Welsh

 

Hemingwayren emaztea izan zen 1945-1961 urteetan. How it Was gomuta-liburua idatzi zuen 1976an. Estiloz-eta liburua liluragarria bada ere, hutsune nabarmenak ditu; adibidez, ez da inon aipatzen Hemingwayren zaletasun handienetakoa ziren oilarrauzkak edo oilar-jokoak. Senarraren irudia azkeneraino txukuntzeko ahalegina igartzen zaio. 1986ko azaroaren 26an hil zen.

 

 

Martha Gellhorn

 

Kazetari ezaguna eta idazlea, 1908an jaio zen. Hemingwayren emaztea izan zen 1937-1944 urteetan. What Mad Pursuit (1934) izan zen bere lehen nobela, baina bigarren liburuarekin egin zen ezaguna: The Trouble I've Seen (1936) bildumarekin (H.G. Wellesen hitzaurrez). The Heart of Another (1941) narrazio liburuan agertu zituen adiskide euskaldunak. Bigarren Mundu Gerraren ondoren ere gerrako kazetari jarraitu zuen luzaroan: Indonesian, Israelen, Vietnamen, Nikaraguan, El Salvadorren, Panaman. 1998ko otsailaren 15ean hil zen Londresen.

 

 

Hadley Richardson eta Pauline Pfeiffer

 

Hemingwayren lehen emaztea izan zen Hadley (1921-1926 urteetan); John Hadley Nicanor-en (Bumby, Jack) ama. 1979an hil zen.

        Hemingwayren bigarren emaztea izan zen Pauline (1926-1936 urteetan); Patrick (Pat) eta Gregory-ren (Gigi) ama. 1951n hil zen.

 

 

Gregorio Fuentes

 

Ehun eta lau urte bete ostean, Kuban hil zen 2002ko urtarrilaren 13an. Agurea eta itsasoa nobelako Santiago pertsonaiaren atzean nor ere dagoen, haren irudia ez da Gregorio Fuentes. Ernest Hemingwayk Gregorio Fuentes ezagutu baino lehen entzuna zuen agure arrantzale bakartiaren eta arraintzarraren berri. Hala eta guztiz ere, hedabideek Gregorio Fuentes bilakarazi dute Santiago pertsonaiaren iturri. Hain zuzen ere, hedabideek Gregorio Fuentes, denboraren harian besteak baino honantzago hil dela, ahots eta guzti ekarri ahal izan dutelako.

        Ernest Hemingwayren Agurea eta itsasoa eleberria 1930.enekoetan idatzia dela dio idazlearen lanaren aztertzaileetako zenbaitek.

 

 

Polixene Trabudua

 

Ezizenez Amama, Zeberion bizi da gaur egun. Gerra garaian Venezuela aldera erbesteratua, hango prentsan idatzi izaten zuen. Hala bada, 1955eko urriaren 26an El Nacional egunkarian «Hemingway entre amigos» argitaratu zuen. Artikuluak Ernest Hemingway eta Andres Untzainen adiskidetasunaren gorazarrea egiten du.

        Liburu honetan eman diren Andres Untzainen gaineko datuetako batzuk lan horrexetatik hartuak dira. Uste izatekoa da Polixeneren kontaerak arrakasta polita izan zuela Ameriketako basko erbesteratuen artean. Juan Leon Kruzalegik artikulu hori ezagutu zuela ia ziurtzat jo daiteke.

 

 

Juan Leon Kruzalegi

 

Argentinako Euzko Deya aldizkarian Juan de Zuria goitizenaz sinatzen zuena, 1989ko ekainaren 24an hil zen, Donibane egunez, Argentinan bizi den haren alaba Josefinak telefonoz diostan moduan.

        Juan Leon Kruzalegi Buenos Airesko Laurak-Bat elkarteko kidea izan zen, eta haren zuzendaritza batzordean hainbat kargu bete zituen. 1952an, Laurak-Bat euskal-etxearen 75 urteak betetzen zirelarik, bertan antolatu zuen margolari baskoen erakusketa, arrakasta handia erdietsi zuena.

        Mundakan 1895eko abenduaren 26an jaioa, 1933an Unión Arte —Arte Batasuna— Bizkaiko artista gazteak biltzeko gunearen sorreran parte hartu zuen. Gerraren kariaz Argentinara erbesteraturik, Ameriketan bizi ziren beste baskoekin harremana izan zuen. Horren ondorioz jakin zuen Andres Untzain eta Ernest Hemingwayren arteko adiskidetasunaren berri.

        Hala bada, Laurak Bat etxeko izen bereko agerkarian 1967ko abuztuko alean —24.ean— argitara eman zuen «Un cura, un pescador, un escritor» izeneko lana. Horretan dioenez, Agurea eta itsasoa eleberriko Santiago agurearen pertsonaia Hemingwayri nondik eta Andres Untzaini entzuten zizkion ipuin eta gertaerak entzutetik etorri zitzaiola. Ipuin eta gertaeron artean harrigarrien egin, Indalexio Tribisarrosperenak egin ei zitzaizkion, eta horrexetatik Santiago, baina Karibeko ezaugarriez apaindua.

        «Behin, Ernest Hemingway Mundakako hilerrira agertu zen. Han, bizitzako azken geltoki den leku hartan, idazleak Indalexio eta On Andresen hilobiak ikusi zituen, eta gogoeta egin zuen. Albistea Habanako merkatari batek eman zidan, Mundakan bizi dena bera, eta esan zidanez idazleari entzun zion esaten: «Lagunok, laster izango naiz zuekin batera». Ez diot nire kontaera honetako xehetasun bat edo beste benetan egiazkoak direnik esango, baina horietaz ere se non vero, e bene trovato esan dezakegu».

        Aipatu artikuluan Kruzalegik dioenez, bera eta Andres Untzain Bilbon elkartu ziren behin, abadea hil baino lehentxeago.

        Bestela, Ernest Hemingwayk Indalexioren hilobia bisitatu zuenekoa ez dirudi egia denik. Idazlearekin hilerrian izan zen Teodoro Untzainek, Andres Untzainen lobak, ez du horren akordurik.

        Juan Leon Kruzalegiren alaba bietako batek jakinarazi didanez —alabez gainera seme bat ere izan zuen—, mundakar batek kontatu zion Hemingway Untzainen hilobia bisitatzen izan zenekoa; Indalexiori buruzko beste dena, Santiago izen zitekeelakoa barne, margolariak divertimento gisa idatzi ei zuen.

 

 

Indalexio Tribisarrospe

 

Mundakan hil zen 1940ko uztailaren 28an, 79 urte zituela. Agurea eta itsasoa eleberriko Santiago pertsonaiaren irudia Indalexio dela dioen narrazioa legenda hutsa dela dirudi. Gauza bera esan daiteke Santiagoren irudia Gregorio Fuentes delako usteaz. Juan Leon Kruzalegik egin zion erretratua Luci Txirapozuren etxean dago, Mundakan.

 

 

Bosgarren Kolumnakoak

 

Bosgarren Kolumnaren atalean aipatu dugun Raimundo Fernandez Cuesta y Merelo Madrilen hil zen 1992an. 1937an Justino Azkarateren truke aske utzi zutenez geroztik Mugimenduko idazkari eta Nekazaritza ministroa izan zen (1938-1939); hortik aurrera enbaxadore Brasilen eta Italian; eta Justizia ministroa berriro 1951ra arte. Hortik aurrera Gorteetako diputatua izan zen 1977ra arte. Alkandora zaharra.

        Jesus Galindezek tratua egin zueneko Concha Valdes haren anaia Manuel Valdes Larrañaga Madrilen preso egon zen 1939ra arte. Kartzelan zela matxinatuen Socorro Azul elkartea zuzendu zuen. Gerra amaitu ostean diplomatiko karrera egin zuen, harik eta Erregimenak Gorteetako diputatu izendatu zuen arte. Fernandez Cuesta bezala, elefante gaixoen azken atsedenleku ziren aulki haietan jesarri zen.

        Arreba Concha Valdesen arrastoa berreskuratzea, aldiz, ezinezko gertatu da.

        Berdin gertatu da Leopoldo Panizo Xarrien faxistatzar haren arrastoarekin. Badakigu, hala ere, gerra amaitu bezain laster Francok Primo de Riveraren gorpua El Escorialera eramatea agindu zuenean, hilobi zaintzan aritu zirela besteak beste: Jose Maria de Areilza, Agustin Aznar edo Leopoldo Panizo.

 

 

Mundakako kanposantuan

 

Mundakako kanposantuan Sollube inguruko batailan hildakoei monumentua jartzea erabaki zuten Hemingway hara etorri zen urtean: 1959an. Gerra Zibileko gorabeheretan aditu Hemingwayk derrigorrez ezagutu behar zuen 1937ko apirilaren azkenetan eta maiatzaren lehenetan inguru haietan jokatu zen batailaren garrantziaz. Ohartuko zen faxisten hobi komunaz eta hura zegoeneko horman eskegitako gurutze zaharrez. Horiek ordezkatzeko monumentua egitea erabaki zen.

        Ernest Hemingway Mundakako kanposantura etorri zenerako gerra amaitutzat eman zenetik hogei urte igarota, Diktadurak ez zuen erakunde faxistaren premiarik, ez baldin bazen ideologiaren arloan halako oinarri bat emateko. Horren adibidea dira Bosgarren Kolumna atalean aipatu diren batzuen ibilbideak.

        Bada, 1959an Diktaduran Falangeren premiarik ez eta, erakunde faxistari hildakoen monumentuak eraikitzea eta halako zeregin sinbolikoak eman zitzaizkion. Ernest Hemingway Mundakako kanposantuan izan zen egunean hasiak bide ziren "Caballeros Legionarios caídos en la lucha común contra el comunismo / Presentes" esango zuen marmolezko monumentua osatzeko lanak. Monumentua, urte batzuk geroago suak eroango zuen kaperatxo haren alboan eraikia, orain dela sei edo zazpi urte lekuz aldatu zuten udalaren aginduz. Ekialdeko eta iparraldeko hormek osatzen duten zokondoan, hantxe dira aspaldiko monumentuko hiru harlauza zatiak eta burdinazko gurutzea. Hildakoei den-dena errespetatu zaie. Baita "Caballeros Legionarios caídos en la lucha común contra el comunismo / Presentes" dioen inskripzioa ere.

 

 

Beste inork kontatuta bihurtzen da gurea inportante. Artean pertsonak etxeak baino handiagoak zirela —amaitzekotan naiz nire kontakizuna— Ernest Hemingway Mundakara etorri zen, Andres Untzainen hilobiaren bisitan. Idazlearen izkribuetan ez da haren izena ageri. Eta Agurea eta itsasoa eleberriko arrantzalea ez da Indalexio.

        Astia harturik Mundakako kanposantura datorrenak hortxe ikusiko du Andres Untzainen hilobia, iparraldeko hormatik gertuko ilara bateko erdi aldera. Indalexio arrantzalearen hilobiak, berriz, Paulo Arenaza Tribisarrosperen gorpua hartuko du. Bestela Mundakako hilerrira bisitaldia egiten duenak ustekabeko galanta hartuko du.

        Mundakako kanposantuan hantxe dago Fatima Vlasevic andrearen hilobia, Mundakako hilerrian dagoen musulman hilobi bakarra. Fatima Vlasevicen jaiotza eta heriotza datak dagoz zurezko zut-oholean idatzita: 25-1-47 / 30-9-95. Bosniatik Mundakara 1991ko abenduan etorritako emakumea gure sorterrian hil zen. Andres Untzainen hilobia baino gorago eta ezkerretarago dago emakumearena. Ez du inoiz lore-sortarik falta izaten alboan. Haren semea, bertokoturik, gurean bizi da.

        Gerraren ostean erbesteratu beharrean izan zirenen parabola osatzen dute Andres Untzainek eta Fatima Vlasevicek. Emakume bosniarrak euskaldun askoren patua izan zuen; arrotzen lurrean utzi behar izan ditu hezurrak zuritzen. Horretara, mundakar batzuentzat Argentina, Venezuela, Txile edo Kubako hilerriak direna da harentzat Mundakako hilerria: apopilo egoteko lurra. Apopilo betiko. Bego ba izkribu hau, pertsonak etxeak baino handiagoak zireneko denboren lekuko.