Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Kubako Sarea

1942 / Habana

 

Kubakoa ez da Ameriketan espioitza zereginetan diharduen basko-sare bakarra. Bada-eta Laterri edo Estatu bakoitzeko bat kasik. Denek dute modus operandi antzekoa. Horien eredutzat Dominikar Errepublikan josi den sarea jo daiteke. Errepublika horretan 1940az geroztik Euzkadi'ko Jaurlaritzaren Ordezkaritza Aliatuentzat, Frantzia eta Erresuma Batuarentzat batez ere, lanean ari da, Jesus Galindezen gidaritzapean.

        Europatik alde egitean Jesus Galindez nora-eta Leonidas Trujillo diktadore badaezpadakoaren irlara erbesteratu zen. Irlan, eta ekinaren ekinez, ikasketaz abokatua eta bizitzaren menpekotasunengatik besteak beste miliziano ohia, komisario politiko ohia eta teniente ohia den gizon zaildua karrera polita egitekotan da, XX. mendeko bigarren Mundu Gerrako lehen urteetan behintzat. Denetariko lanetan jardun ostean unibertsitatean sartzekotan da, lehenik, eta gero, oraindik ikuskizun dagoen 1944an, Lan Ministerioan sartzera iritsiko da. Hori dena prentsan argitaratu izaten dituen artikuluek beraren izenari ematen dioten itzala, edota neskalagunarekin batera duen negozioak —landareak etxerik etxe saltzea— kentzen dioten itzala aipatu barik.

        Zereginok asko eta askotarikoak izanik ere, ez dira gizon gazte kementsuaren bakarrak.

        Mundu Gerrakoetan Aliatuen kausari mesede egiteko leku ezin hobean bizi da Jesus. Itsasontzien joan-etorriak etengabeak diren itsas-bide nagusietako baten ertzean —Kuba dagoen bezala, bestalde, eta handik gertuan—, Hispaniola irlako hegiak leku aparta dira nazien merkatari marinari buruzkoan edotariko informazioak, berriak eta esamesak biltzeko. Eta zer esanik ez hiriburuko portua. Horra iristen diren ontzietako gehienetan marinel euskaldunen bat behintzat beti izaten da. Juan Duñabeitia kapitain duen ontzi horretan esate baterako.

        Mozorroetarako joera duten bi dira Juan Duñabeitia Sinbad eta Jesus Galindez. Bigarrena etengabeko inauterian bizi da Dominikar Errepublikan. Prestigio edo itxurazko zeregin horiek beste zeregin ezkutuko batzuen mozorro direlarik, kanpoko itxuran ere aratusteetan bizi dela baitirudi. Buruan salacot delako bat jantzita, bilatu beharrekoen bila arlote baten moduan dabil, bai, baina begiluze, barrandari, ehiztari.

        Irakasle, kantari, irratiko speaker, kazetari, idazle eta auskalo beste zertan jarduten duen Jesus Galindez ehiztariak naziei buruzko edotariko informazioak jasotzen ditu, automotor zahar baten gainean hara eta hona ibiliz.

        «Ia ahaztu egin zait —idatzi dio Jose Luis Granderi 1941eko azaroan— nire automotorraz berba egitea. Polito portatzen da, ba. Horri berdin dio, zein hirian barrena zirkulazio guardiak eta argiak saihestuz ibili, zein errepiderik errepide kilometroak jaten joan; mendian gora batzuetan, hondartzetara ilargi beteko gauetan... zoragarria da. Lagun ona da. Batzuetan ostera, ibili nahi ez duela eta kale erdi-erdian geratzen zait, geldi, gasolina dena jan duela eta berria behar duela, tripazale halakoa».

        Beraz, Dominikar Errepublika ontzien joan-etorriei adi bizitzeko leku egokia bada, zer esan Kubari buruz. Eta zer esan Gerratean Euzkadi'ko Jaurlaritzaren mendeko Itsas Merkataritzako Komunikazio eta Zaintzako arduradunetakoa izan den Duñabeitiari dagokion aldetik. Juan Fructuoso Duñabeitia de la Mota kapitainak, bere kargaontziaren zubian, zerbitzu ederrak bideratzen ditu. Alderik bada, ostera, gizon mozorrozale bien modus operandietan ez ezik hierarkien artean ere.

        Galindezek lau informatzaile finko ditu, gutxienez jota, Dominikar Errepublikan; Santo Domingoko Unibertsitatean lehena, Ciudad Trujillon bigarrena, hirugarrena Bahia de Samanen eta laugarrena, azkenik, Granada Company delakoan. Bada, horiek Galindezentzat zer diren, horixe bide da Duñabeitia kapitaina bere sare-buruarentzat: informatzaile hutsa. Ez dakigu Duñabeitiak Galindezen besteko oroimen fotografikoa ote duen, ez eta Amurrioko semeak bezala dena apuntatzen ote duen. Egin beharko luke, kapitain dabilenez gero.

        Lana eman diotenez geroztik Sinbaden mozorroa kendurik, kapitainaren kapelua jantzita dabil Duñabeitia, Antilletako irla nagusiaren eta Estatu Batuen artean. Itsasote horietan ez zaio lar kostatzen inguruetan nabigatzen diren beste ontzien berri idaztea, ez eta portuetan ikusten dituen faxista-zale banderadunen gorabeherak paperean ohar modura jasotzea ere. Horiek egitea kasik-kasik bere kapitain zereginen barruan dagoela esan liteke, bai. Egia da, ostera, oharrok nori helarazten zaizkion dela gakoa. Duñabeitiak ez du nahaste larregirik nahi. Konpromisozko paperak Kubako Galindez denari helarazten dizkio, eta kito.

        Itxura batean Juan Duñabeitia bizizaleagoa dela esan daiteke. Frontoietara-eta maiz joaten da, hango euskaldunekin egotera eta gero inguruetan jan-edanean batzera. Bide batez, zein leku egokiagorik zorioneko oharrak eta zerak inori pasatzeko, frontoia baino? Han gainera, paperen estualdiaren ostekoan tragoa jo, eta abante.

        Frontoian dena garbi-garbi egin ahal da, ezer ez delakoan, eta lagunekin tragoetan joan gau epelaz gozatzera Habanan barna. Bigarren Mundu Gerrako lehen urteetan mundua biltzen baita Habanan barnako frontoi, kafe, kasino eta kabaretetako gau epel-gozoetan. Horietan euskaldun loyalistak taldea osaturik ikusi ahal dira, eta pilotarietako batzuk, denak ez badira ere, hortxe izaten dira, jotzekoak eta ez jotzekoak jotzera joateko prest. Taldeari, tarteka-marteka, apustulari beroa ere baden idazle hori batzen zaie.

        —Ernest duk, gerran izan den zera —esaten du batek.

        —Eta nor ez da ba gerran egon? —erantzuten dio besteak, aipatzen den gerra munduko benetako gerra bakarra, euren gerra zibila izan dela jakintzat emanda.

        Egia. Horien artekorik nor ez da gerra horretan egon, ba? Pilotarietako batzuk, Ibarluzea anaiak-eta, ez dira egon, faxisten erreboltak berton harrapatu zituelako. Bestela denak. Baita abade hori ere, Andres Untzain, ze abaderen bat edo beste tartekoa izaten da, batzuetan behintzat, frontoietako gau epeletan.

        Ez dute talde makala osatzen. Denek dakite edaten, denek dakite jaten, eta denak jausten dira apusturen bat edo besteren tentazioan, Hemingway bera lehenik eta behin, eta abadea gero.

        Idazlea, aldiz, ez dabil joko garbian frontoiko kontuetan.

        Urte batzuk geroago haren anaia Leicester Hemingwayk idatziko duen moduan, Ernestek Basque pelota player haiek etxera gonbidatzeko joera du.

        «Guillermo, Piston, eta Ibarluzea anaien legezko txapeldunak etxera etortzen ziren arratsaldeetan eta tenisean egiten zuten, kolpe zehatz eta kalkulatuez».

        «Haiek jokoan ikusiz bazekien Ernestek nor zegoen sasoi onean. Orduan berak joaterik ez bazuen Tony eta biok bidaltzen gintuen oharrekin —dio Leicester hark— gau hartako jai-alai partidan noren alde apustu egin esanez. Ernestek berak egiten zituen sasoi-igarpenetan oinarrituz dirutza polita irabazten genuen, gauero-gauero. Gauetan Ernest hain egoten zen nekaturik ze, ohera joatearekin nahikoa lan hark. Biharamunean goiz jagi behar izaten zuen, Noren hil-kanpaiak ote irakurriko zutenen malkoak eragin behar zituzten pasarteak idaztera».

        «"Begiratu besoetara" esaten zuen guk txapeldun haiekin buruz buru tenisean egiten genuenean. "Ezin dituk horien begiak ikusi. Baina adi begiratuz gero ohartuko haiz besoak behar den legez ala berandu dabiltzan kolpea jotzean"».

        Iluntzeko partidan nortzuk nagusitu diren jakiteko ez du belarrira hitz egingo dion txoritxoaren beharrik Ernestek. Jukutriaz oharturik dira 1939an Pauline Pfeifferrekin dibortziatu ostean Finca Vigían udaldi oro egoten diren haren seme Pat eta Gregory ere. Eta horrelaxe du gogoan hirugarren seme Gregoryk behintzat, zehatzago aurrerago aipatuko den Papa izeneko liburuan.

        «Papak jai-alai jokalari denen banan-banako ezaupidea zuen, eta haietako gehienak Fincara etorri izaten ziren, edatera eta igeri egitera; jokalariak ezagutzeak jokoa askoz interesgarriagoa bihurtzen zuen. Gutxitan galtzen genuen guk dirua. Papak behin hogeita bederatzi partidatan segituan igarri zuen. Honen albisteak bere bidea egin zuen apustularien artean eta, horrela bada, Ernest Hemingway idazlearen gainean sekula hitz erdirik aditu gabekoak inguratu egiten zitzaizkion, eta gabardinako sama-barrenera egiten zioten berba, aholku eske. Eta eman ere ematen zieten, baina alferrik, partidak aurrera egin ahala apustuz aldatzen joaten zen eta, ezin haren apustualdi denei jarraitu. Ez zegoen hura beste inori saltzerik, benetan».

        Apustuzalea da Ernest, hala frontoian nola oilartegietan. Baina Gregoryk gogoan gordeko duena frontoiko giroa da, eta jokalarien dantzari-antzeak.

        «Iluntze askotan frontoira joaten ginen jai-alai partidetara, inoiz ikusterik izango duzun jokorik estetikoenetakoa den horixe ikustera. Jokalariak egundoko atletak dira eta erakusten duten airostasuna eta jagitasuna ikusgarriak dira, pilotariak kolpea jotzeko benetan horman gora egiten baitu, Nureyevek jeté eder bat egitean airean geldi eskegita hortxe lotu behar duela irudi duen moduan, berdin. Baina baletak ez duen arriskua badu jai-alai jokoak; batzuetan pilota ehun milia orduko abiadan doa, aire, base-ballekoa baino astunago, eta horrek pilotaria jo eta bertan seko utz lezake».

        Besteak baino makalago beharbada baina, ibili badabil frontoiko horietan Untzain abadea ere, ahal duen guztietan sotana erantzi eta pilotari gogotsu ekinez. Bestela, batek daki abade hori mezatan edo frontoietan ez dagoenean beste zertan dabilen. Sotana berez da-eta mozorro bihur daitekeena, baita katolikoenen ustez ere.

        Sotanak mozorro bihurtzeko erraztasun horren adibide argia da katolikoak nagusi direneko Euzkadi'ko Jaurlaritzaren Parisko Ordezkaritzak Europako Aliatuei egin dien eskaintza bitxia. 1940ko urtarrilekoa hain zuzen.

        Kuban gutxik dakitena da hori, baina 1940ko urte horretan hain goiz, Aliatuei, Ameriketako katoliko zintzoak euron alde lerra daitezen helburuz lan egin zezakeen klerikoen sarea eskaini zitzaielarik, 1942ko urterako sarea polito zabaldua da, hala Frantzian nola Ameriketan. Eta izan beharko polito hedatua, Aliatuei eginiko eskaintza 1940koa bada ere, klerikoen sarea 1937az geroztik ari baita hedatu eta hedatu.

        Sare horretako soka batzuk Kuban diharduten basko abadeak dira. 1940ko txostenak aipatzen duen elizgizonen artean —esan beharrik ote dago?— Andres Untzain dago, izen eta parrokia eta guzti.

        Elizgizonez osatu den sarearen helburua, esan moduan, katolikoen artean Aliatuen aldeko iritziak hedaraztea bada ere, Andres den abade bulartsuak erlijioaren arloa baino urrats bat haratago egin gura izango du, beti egin izan duen legez. Gerra aurrean mitinlari sutsua, gerra hasi zenekoan bolondres joana eta herriko gazteei Ertzaintzan sartzeko kilika ibilia gero, Kuban ezagutzen dutenek gerratean metrailadoreetan tiro egina ote den ala kaperau-zereginetara mugatua den, zalantza dute. Eta ez litzateke harritzekoa orain Andres Untzainen, Jesus Galindezen edo Juan Duñabeitiaren moduan, Aliatuen aldeko predikuetan ez ezik espioitza zereginetan sarturik ere izatea.

        Eta behin abade-sotanak josita sareari, zertan ez pilotarien erremintak ere josi? Frontoietan jo eta ke lehenik, gero Centro Vascon —hor faxistei lepoaren gainetik begiratuz beti— eta osterakoetan inguruko tabernetan iji eta aja ibiltzen diren pilotarietako batzuk sarekoak dira, duda barik. Edo —esan dezagun— Aberriaren aldekoak behinik behin.

        Aberriaren alde lan egiteak bere ordaina izaten du. Ibarluzea anaiek urre gorria balitz moduan dute gorderik iragan 1941eko azaroaren 13an Lehendakariak Habanara idatzi zien esker oneko gutuna. Euskaraz idatzia, honela dio:

        «Ibarluzea Anaiari. / Habana, Cuba / 13-11-41 / Mila esker zure oroimenagatik nere lagun onak. Emendik aurrera danok batuta dakigu non dan gure bidea eta bearra, Euzkadi azkatutia. / Biotzez. / Agirre'tar Joseba Andoni».

        Aberriaren alde zerbait eginaren lekukoa da hori. Haatik, ez da egun horretan Habanara Lehendakariak idatzi zuen gutun bakarra. Antzekoa idatzi zion Ordorika jaun bati, esate baterako, egun horrexetan Habanara. Eta izango da egun horretako beste gutunik ere, egun horretan Agirrek Aberriaren alde zerbait eginak direnei bere esker ona denei erreskadan erakutsi gura izan diela baitirudi.

        Esker onekoa dago Jaurlaritza Kubakoekiko, hangoen laguntzaz osatu ahal izan duelako 1940ko Txostena, Frantziako eta Ingalaterrako zerbitzuei eskaini diena, besteak beste.

        Txostenean, Las Organizaciones de «Falange Española Tradicionalista y de las J.O.N.S.» En El Exterior izeneko azpiatalean hain zuzen, erakunde espainol faxista horrek Ameriketako herri ezberdinetan sortu dituen herrialdeko, eskualdeko eta herriz herriko adarren berri ematen da eta, ez da hori airean harrapaturiko datuez osatu ahal den ezer, luzaz egindako beharraren ondoko zerbait baino.

        Txostenean hortxe dira aipaturik faxisten Kubako hamahiru toki, esan bezala, banan-banan, eta gero txosten horrek berorrek bederatzi Apezpiku euskaldun aipatzen ditu zerrenda batean, eta hirurogei abade beste batean, katolikoen artean Aliatuen aldeko lana egiteko prest direnak. Bigarren zerrendan Andres Untzain «Catalina de Guinesen parroko» dagoela dio.

        1937az geroztik lan polita eginak dira Zerbitzuak, zerrendetako horiek denak bilatu, tentuz ukitu eta kausaren aldekoen artean nor zerrendatu eta nor ez zerrendatu erabaki ahal izateko, besteak beste.

        Eusebio Irujori, Ameriketan euskaldunak hartzeko eta bideratzeko zereginean 1939az geroztik dabilen gizonari, horrexegatik idatzi dio Agirre lehendakariak, Ibarluzea anaiei baino lehen —1940an— hurrengoa:

        «Nire zorionik beroenak, sutsu egin baituzue Frantzia eta Ingalaterraren kausaren alde, azken batean gure kausa ere badena. Euskotar bat non dagoen, han, mendebaldeko herriek ordezkatzen duten kausa handiaren alde egiteko gogoz den izpiritu bat behar dugu. Zeregin honetan atsedenik ez».

        Horren ostean, argigarriagoa den gutuna idatzia die Agirrek Jose I. de Lizaso —Zerbitzuen zereginean giltzarrietakoa— eta Manuel de Irujo —Madrilen ministro izana, eta giltza-gizona baita— jaunei. Gutuna New Yorkeko Euzkadi'ko Lehendakaritzan sinatua da 1941eko abenduaren 30ean, Gabon Zaharraren bezperan. Gazteleraz idatzia den gutunaren paperak «Presidencia/Presidency» hitzak ere badaroaz, horrela bere jatorria adieraziz.

        «Kubako ordezkaritza egunetik egunera hobetuz doa. Han denak hartzen doazen agintzak zuek orokorrean eman zenituzten berberak dira, azken batean. Hemendik aurrera Iparraldetik Hegoalderainokoa hartuko duen eusko-gunearen sorrerari eta horrek laster gauzatuko duen ekintza sendoari buruzko arauak hartzen joango zarete. Zeregin polita dugu egiteko Hego Amerikan, hori ingelesek eta amerikanoek bertan behera utzita izan baitute —orain arte behintzat—. Gure zeregina zein izango den-eta, giro espainola itotzea izango da, giro horretan falangismoa eraginkorra denez gero. Ulertu dute ingelesek eta beren lagunek. Honezkero bat gatoz. Goietan ereiten ari den lankidetza-haziak fruitu ederrak izango dituelakoan nago ni. Geroago hitz egingo dut Jaurlaritzaren politika-ekinbidearen osagarria izan beharko lukeen eusko ekintza antolatzeko gerora begira ditudan ideiak».

        Azken urteetan goialdeetan erein eta ernarazten izan duten hori zer ere izan den, 1942ko maiatzean ondurik da horren fruituetako bat, Agirreren beraren hitzen bidez azaldurik. Hil horretako 28an, 1941eko urtarrilaz geroztik egunero egiten duen legez, Lehendakariak bere egunkari pertsonalean idatzi du.

        Arrunkeriez mintzatu ondoren —«Goizean etxean lan egin dut» dio esate baterako—, Agirrek «Euzkadiren historia» izan dadin asmo duenaren sumarioan lan egin duela idatzi du.

        «Punturik inportanteenei ekingo diet —idatzi du—, basko-historiako gertaera nagusiak eta munduaren neurrikoak hari bakarraz josiz; ahal dudalarik behintzat. Gure adituei datuak eta dokumentuak eskatuko dizkiet, zeren eta hemen dagoen urritasunarekin, eta iragarri zaidan uda gorabeheratsuarekin gainera, gaitz izango baita halako lana nik neuk bakarrik burutu ahal izatea».

        Horren ostean, eta ezer ez delakoan, arratsaldean izan duen batzarra aipatu du. «Arratsaldean Ordezkaritzara bisitan etorri zait Nelson Rockefeller-en koordinatzailearen ordezkari bat, Hego Amerikaz hitz egiteko han diren baskoen gaineko datuak eskatuz».

        Ez da Agirre egunkarizalea batzar horren oharra idatzi duen bakarra. FBIri ez zaio horren garrantzia oharkabean pasatu. Hori berori baita Bulegoak 11/19/42 datako txostenean aipatzen duena. «Jakinarazi zaigunez, Agirre eta De la Sota hartu dituzte presidenteordeak eta Rockefeller Center delakoak, eta taxuzko finantza-laguntza izango dutela hitz eman zaie».

        Itxura denez, Agirre, Rockefeller haren ordezkariak ez ezik, Estatu Batuetako presidenteordeak ere hartu zuen. Haatik, erabat ziurtatu gabe dugun datua da hori, Lehendakariak egunkaria idazteko zaletasunari hortxe utzi baitio. Ez FBIren moduan.

        FBI 1942ko irailean hasi da, beranduenez jota, Euzkadi'ko Jaurlaritzak Estatu Batuetan dituen ordezkariez eta ordezkaritzaz idazten. Irail horretako 3ko txostena guztiz argigarria da.

        Irail horretan informatzaile batek FBIri jakinarazi dio Lasarte, Arana, Monzon eta Irala New Yorkera iritsiak direla eta horien asmoa Jose Antonio Agirre eta Lekuberekin (FBI berak «President of the Basque Republique» deritzon gizonarekin) elkarrizketa izatea dela, eta mintzagaia zein-eta Hego Amerikako herrialdeetan diren euskoak kontraespioitza taldeetan antolatu eta horiek Estatu Batuei gerra-ahaleginean laguntzea.

        Kontraespioitza sare hori 1940ko txostenekoa dateke. Harrezkero, hobetua, doitua eta zabalagoa, baina ordukoxe sarea, ezin daiteke besterik izan iraileko txostenean aipatzen den sarea. Horren lanaren ordainetan Agirrek Rockefeller Center delakoaren ordezkariarekin eta AEBetako presidenteordearekin izaniko aipatu batzarrean baskoei agindu zaien laguntza lekutan dagoela dirudi, 1942ko irailaren 19ko FBIren txostena idatzi den artean behintzat.

        «Iturri konfidentzialen arabera», dio txostenak, «Agirreri eta Sotari batzarrean agindu zitzaien laguntza eta lankidetza ez dira gaurdaino gauzatu, informatzaile hau jakitun dagoelarik behinik behin».

        Ordainketaren atzerapena geroko kontua izango da eta, maiatzean, horra hor hitzarturik itun garrantzitsua, Habanan ez ezik Amerika osoan eta mundu zabalean ere badiren abertzale askoren pausoak gidatuko dituena. Eta ez da edonorekin hitzartua ituna, alajainkoa. Jainkoarekin ez, baina kasik.

        Rockefeller Foundation hori Franklin Delano Roosevelten administrazioak sortua da, Ameriketako Errepublikekiko harremanetan Estatu Departamenduaren bulegoarena egiteko helburuz. Gero ostera, garaiotan Kuban Estatu Batuetako enbaxadore dagoen Spruille Bradenen iritziz, Fundazioa komunisten habia da. Bradenek 1971n argitaratuko duen Diplomats and Demagogues liburuan dioenez —beranduago emanikoa da eta, fidagarritasunik ez zaio lar eman behar—, «Koordinatzailearen taldeko kide gehienak, bulego federaletako beste askotan legez, komunisten menpeko morroiak ziren, edo komunistekin ondo konpontzen zirenak bestela».

        Iritziak gorabehera, Agirrerekin batzartu den bestea Roosevelten lehendakariorde Henry Agard Wallace izan da, hots, aginteduna. Aginteduna, ezkerretarako joera duena eta ameslaria dena. Izan ere, American Dreamer —Ameslari amerikarra— da haren biografiaren titulua.

        Gizon hark baskoen kausaren nondik norakoa uler zezakeen, Roosevelt presidenteak ere uler zezakeen moduan; baskoen kausa, baskoen euren planteamenduaren arabera, Mendebaldeko demokraziaren kausa zen.

        Laburtuz, 1942ko maiatzean Agirre lehendakariak eskuartean duen tresna kasik bakarra eskaini dio Estatu Departamenduari, alegia, lehenago Erresuma Batuko BSC delakoari eta Frantzia Libreko zerbitzuei ere eskaini dien sarea. Eskaintza horrek hortik aurrera egingo duen bidea, harik eta 1943an FBIrekiko tratu zehatz batean gauzatu arte egin ere, ez da oztoparririk gabeko bidea izango.

        Itun haren ondorioz FBIren SIS (Secret Intelligence Service) delako enborrean, kanpoko inteligentzian lan egiten duen enbor berezi horrexetan hain zuzen, BIS (Basque Intelligence Service) adarra haziko da 1943 urteaz geroztik. Bizkor, gainera. 1944an BIS horrek idatzi duen txostenak dioenarekin bat, adarra Mexiko, Santo Domingo, Panama, Venezuela, Kolonbia, Peru, Txile, Argentina, Uruguai eta Kuba herrialdeetara zabaldua da. «Eman eta zabal zazu munduan fruitua» leloa bere egina bailuen.

        Baskoen eskaintza zertan gauza zitekeen argitu artekoan izan den oztoparri nagusia, beharbada gaizkiulertu hutsa besterik izan ez dena, Agirrek-eta Sarearen zerbitzuak lehenengoz nori eskaini dioten izan da. Nori-eta OSS delakoari (Office of Strategic Services) eskaini gura izan diote, FBIri baino lehen, Sarea. Eskutitzez.

        Izenen saltsan ase aurrera egiteko gogoa galdu aurretik, argitu dezagun Office of Strategic Services hori zer den.

        Izen hori zubi-izena dela esan liteke. Ofizina hori 1942an sortua baita, bera baino lehenago egon den COI —Coordinator of Intelligence— delakoaren ordez, eta gero zer-eta CIA bihurtuko baita OSS hori. Azken hau esanda, hobetu ulertuko da zer den OSS 1942an; Estatu Batuen kanpo-inteligentzia eta kontraespioitza zerbitzuetako bat da hori. Zeren badira eta beste batzuk ere.

        Habanako gertaeren garai honetan Estatu Batuen kanpo-inteligentzia zerbitzuak hainbat erakunderen artean bideratzen dira. OSS eta FBI horiez gainera hor da ONI —Office of Naval Intelligence, gero OSSk irentsiko duena— eta G2 —US Army Military Intelligence delakoa— eta beste txikiagoren bat ere. Hainbeste izen eta hainbeste izenondo, horiek denek osatzen dutena sare-arte polita da eta, ez da zaila horretan harrapaturik geratzea.

        Bada, basko-sarearen eskaintza daroan eskutitza —gorago aipatu duguna— Estatu Batuen Kanpo-Sekuritate Zerbitzuek osaturik duten beste sare-arte horrexetako baten harietan nahastu da, ostera. FBIk bere bidean harrapatu du eskutitza, eta FBIri ez zaio gogoko egin maniobra hori. Hego Amerikako basko-sarea OSS lehiakideari eskaintzea ere!

        Estatu Batuen kanpo-espioitza etxe bakar batean zentralizatu beharko dela eta horren gauzatzea denboraren gorabehera baino ez dela, denek dakitena da. Horrezkero, «etxe» hori Bulegoa ala Ofizina izango den da jokoan dagoena. Hori dela eta, elkarrekin muturka dabiltza Bulegoa eta Ofizina. Bitartean, elkarren pausoak begipean dituzte, eta FBIri ez zaio gogoko egin eskutitzaren helbidea. Hortixe basque horiei buruzko txostenak.

        Amerikarren zerbitzuen arteko ika-mika itxurako horiek garrantzia izango dute Kubako gertaeretan ere. Han, Agirrek-eta Sarearen eskaintza egin aurretik ere, basko batzuk BSCrekin eta OSSrekin lan eginak dira. Santo Domingon, esate baterako, Jesus Galindez eta bere sarea lan eginak diren era berean. Batetik, Erresuma Batuarentzat gerra 1941eko abendua baino askoz lehenago hasia delako; bestetik, Estatu Batuak artean gerran sartu gabe badira ere aipatu erakunde hori —BSC— haiek gerran sarrarazteko lanean aspalditik diharduelako. OSS zerbitzuek, berriz, betidanik jakin izan dute, beste denek jakin izan duten legez, AEB gerran sartzearena erlojuaren beso zorrotzetan izan dela.

        Eta erlojuaren besoek aurrera egin eta gero, eta behin Estatu Batuak gerran sarturik izanik baskoek beren Sarearen eskaintza OSSri egin diotenean, hori dena ez zaio gustuko izan FBIri. Baina erlojuaren besoak ez dira oraindino horra iritsi. Denboran atzera egin behar dugu, berriro, 1942ko maiatzera eta Kubara itzultzeko.

        Kuban, maiatzeko egunokin, Ernest Hemingway ere Estatu Departamenduarekin tratuetan dabil. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuen Habanako Enbaxadan da behin eta berriro. Ez da horko batzuekin dabilen lehenengo aldia, horregatik. Maiatzeko egunok baino lehen ere Enbaxadako idazkari nagusi Joyce eta horren emaztearekin askotan izaten du otordua idazleak, Finca Vigían.

        «Udan zehar —1941eko udaz dio Bakerrek— Ernestek bere lagunetako asko ikusi izan zituen Habanako AEBetako Enbaxadan. Hango idazkari nagusietako bat zen Robert P. Joyce, beronen emazte lirainarekin Kubara urtarrilean etorria zena. Joyce Kanpo Arazoetako funtzionarioa zen, eskarmentatua, hezia, ekinkorra eta lurrari lotua. Emazteari eta biei ohitura egin zitzaien igande arratsaldeetan Finca Vigíara kuku bat egitea. Batzuetan kukua hizketan iluntzeraino luzatu eta afaltzen ere geratu izaten zirelarik, bikote biak elkarren lagun egin ziren».

        Orain berriz, Fincako plazerezko giro atsegina utzita, Enbaxadako giro beti epelean hitz egin behar dena zer da-eta Ernestek Vigían bertan baina beste otordu batzuetan mahaikide izan ohi dituen beste batzuekin lan egin ez egin, horixe da. Beste mahaikide horietako batzuk ezagunak ditu, ziur, Joycek, iluntzetaraino luzatzen ziren igandeetako hizketaldi eta afari haiexetatik hain zuzen.

        Igandeetako haietan zer hitz egiten zen ere, berriz, oraingoan espioitza zereginez hitz egiten da. Gero Ernest Hemingwayk, legenden zalea eta mozorro-dantzan beti bera, bere erara kontatuko du batzarrotan hitz egin dena. Carlos Bakerren eskutik, jakina.

        «Ernestek bere aukerari eutsi zion, Mexico Cityn oporretan izan ostean handik etorri berritan. Han berak eta Marthak aste bi eman zituzten, Nathan Davis izeneko amerikar aberats baten gonbidatuak izanak ziren».

        Bide batez, Mexikon 1942ko apirilaren azkenetatik maiatzaren lehenengoetara bitartean eman dituen hamaika egunetan zer egin duen zer ez duen egin, ez dio inori kontatuko, edo ez behintzat Bakerri eta halakoei. Horrela, Mexikoko horixe bihurtuko da idazlearen bizialdian ilunen geratuko den denbora-tartea.

        Astebete, maiatzaren hasierakoa, Mexico Cityko Plaza hotelean emana du, ustez bere kautarako ikertzen eta idazten. Leku eta denbora horretan idatziak argitaratu gabe geratuko diren arren, badakigu naziek garai horretan Mexikon dituzten sareetako bat edo besteren modus operandia ezagutu duena Ernestek.

        Naziei buruzko datuak eskura nork jarri dizkion eta, horiek ukan ere badituen norbaitek, jakina. Nathan Davis horrexek, beharbada? Kasik-kasik berdin dio. Laster batean Habanan berak eta beste batzuek sortuko duten "The Crook Factory" delakoak ere hango falangisten eta nazien ibilerak espiatzeari buruz zuzenduak joango ei dira eta, horko horretan norentzat lan egingo den, horrexek eman ote dizkio Mexikoko datuak?

        Mexikoko ikerketa misteriotsuetan Ernest Hemingwayri nork ere lagundu dion, itzalpetan geratu da horren izena. Edo izenak. Kontua da Mexico Cityko hoteletik Habanara itzulita espioitza sare xelebrearen ideia hortxe dagoela, eta Estatu Batuen Enbaxada etxean eztabaidatzen ari dela.

        «Eskema nagusia Habanan kontrainteligentzia erakundea atontzea zen, horren bidez Kuban ziri-ziri sartzen ziharduten naziak eta bosgarren kolumnistak ehizatzeko», dio Bakerrek. Eta Bakerrek berak dio horren ideia etorri, Ernesti nondik etorri zaion.

        «Ernestek Joyceri —jarraitzen du— egia nahikotxoa hanpatuz esan zionez, Madrilen 1937an berak lagundu izan zion militarren inteligentzi sare bati, eta antzeko bat ezinbestez behar ei zen Kuban».

        Modu bitxi horretan, Ernest Hemingway idazleak Gerra Zibilean espioitza lanetan ibilia dela aitortu du. Ez da ahaztu behar zitekeena zela aitormen hori —Bakerrek berak abisatzen digu— handiustez egina izana. Edo ez. Bada, horri ekin aurretik eta "The Crook Factory" horren sorrera dela eta, 1942ko horretan Enbaxadan Joyceren nagusia den Spruille Bradenek besterik dio. Hona:

        «Kubara abiatu aurretik —Bradenek kredentzialak 1942ko maiatzaren 19an aurkeztu zituen— J. Edgar Hoover-ek Enbaxada Etxera FBIko gizon bat —"legal attaché" deritzen horietako bat, alegia—, bidaliko zidala agindu zidan, Kolonbian ere horrelaxe egin zutela-eta (nire aurrekoak, George Messersmithek, FBIren antzeko proposamenari erabateko ukoa eman zion). Bada, hark informazio-zerbitzuetan adituak izan eta espainolez hitz egiten zekiten gizon fidagarriak bilatzen ziharduen artean, tarte bat izan zen, zeinetan nik ez bainuen informazio-zerbitzuen laguntzarik, «military, air eta naval attaché» haienaz besterik. Eta horiekin gaitz. Hori horrela, Carlos Saldrigas lehen ministroak bere kezka jakinarazi zidan, esanez Irlan 300.000 bat espainiar bazirela, eta beraren iritzian horietako asko, hamabost eta hogeita hamar mila bat bitartean, falangista biolentoak zirela. Artean uste izatekoa zen Hitlerrek Mendebaldera egin zezakeela, eta Carlosek garrantzizko zeritzon espainiar horiek egin zezaketenaz jakitun egoteari. Ados izan nintzen. Arazoari nondik ekin, horixe ez nekiela izan nintzen, harik eta nire garun-uhin haietako batek astindu ninduen arte».

        «Urte batzuez geroztik Habanatik gertuan hantxe dagoen San Francisco de Pauloan (sic) bizi zen Ernest Hemingway. Ni ailegatu eta laburrera, Floriditan egin nuen haren ezaupidea, Enbaxadako aholkulari Ellis O. Briggsen bitartez».

        «Hemingway denetarikoen laguna zen, bai Espainiako leinukoena eta bai hango litxarreroena. Honek ideia bat ekarri zidan. Ni ikustera etortzeko eskatu nion, eta nire konfiantzako bihurtu nuen».

        «Hik egin dezaan gura dudana zera duk», esan nion, «inteligentzia sarea atontzea; hori hil batzuetarako izango duk, FBIko gizonak nik hemen izan artean. Espainiarrok begipean ukan beharrekoak dituk-eta».

        «Hark baietz esan zuen, eta behingoan ekin zion berak "crime shop" iritziko ziona bere etxean bertan atontzeari. Espainiarrak saski-naski bildu zituen: zenbait taberna zerbitzari; kaietako arratoi gutxi batzuk; pilotari arlote batzuk eta torero ohi zenbait; abade basko bi; erbesteraturiko konde eta dukeen sortatxoa; zenbait loyalista eta frankista. Hark bazekien zelan egin haiek denak elkarrengandik aldendurik egon zitezen (...) Talde bikaina eratu zuen, eta lehen mailako lana egin zuen».

        Ez datoz bat Baker eta Braden Kubako sarearekikoan. Horretako hariak benetan zelan josi diren, FBIk ere badu bere iritzia.

        «Mr. HEMINGWAY —dio FBIren 1942ko urriaren 8ko txostenak, idazleari buruz Bulegoaren artxiboetan gorde direnetan lehenengoak— oso lagunen arteko harreman onean izan da Kontsul KENNET POTTERekin 1941eko udaberriaz geroztik; oraintsuago, Enbaxadako bigarren idazkari Mr. JOYCErekin oso lagun bihurtu da, eta horren bidez enbaxadorearekin batera izan da zenbaitetan. Txostengileak ohartarazi egin nahi du, bada, harremana sortzeko ekimena HEMINGWAYren aldetikoa izan dela, baina harekin elkartzeko aukerak Enbaxadako funtzionarioen oniritzia izan duela».

        Txostenak adierazten duenez, Bakerrenak eta Bradenenak, bienak izan dezake egiatik zerbait. Aldi berean, biena egiten da, oso-osorik hartuz gero, sinesgaitz. Sarearen ideia Ernesti berari otu eta gero Joyceren bitartez Enbaxadari proposatu izana, edo enbaxadoreak Ernest Floriditako giroan espainiarrekin hizketan ikusi eta hari hantxe ideia otu, bada, ez bata eta ez bestea.

        Kuban inteligentzia lana egiteko FBIk lehendik izan du, baina orain Spruille Bradenek ordezkatu behar duen Messersmith enbaxadore ohiak bere garaian uko egin zion haren gizonik berarekin izateari, lehen esan moduan. Bada, enbaxadore berria bai, FBIrekin lan egiteko prest dago. Berak dioen moduan «horko gizonak etorri arte "beste" batzuekin lan egin behar duelakoa», ez da sinesgarria.

        Spruille Bradenek Kubako "espainiar" batzuekin lan egiteko aukera zorroan dakar, espainiar horietako batzuk, Estatu Departamenduak ondo dakien moduan, lehendik baitira espioitza zerbitzuetan dihardutenak. Aldiz, espainiar horiek, nortzuk ere diren, harekin lan egiteko agindua hartuta daude. Beraz, Floriditako ipuin polit horretakoa, hots, FBIko gizonak etorri artean Kubako inteligentzia-zerbitzua noren eskuetan utzi, hori espainiarrak eta Hemingway elkarrekin hizketan ikusi ostean otu zaiolakoa, tartekoak diren denen modus operandiari barre egitea da.

        Egia ez du inork inoiz esango: ez Ernest Hemingwayk bere biografo ofizial Carlos Bakerren bitartez, ez Spruille Bradenek bere kabuz. Datu gutxi batzuk argi daude, ostera. Orain artekoaren arabera "The Crook Factory" sarea baietz, izan ere izan zela, dudagabekoa da; sarekoak "espainiarrak" zirela, dudagabekoa, baita ere. Hemingwayk horretan jardun zuela, baita ere; baina mezulari gehienbat.

        Mezulari jarduteak Madrilgo giroa ekartzen dio agian gogora Ernesti. Eta lehen utzi dugun hariari berriro eutsiz, alegia, Madrilen hark bere inteligentzia sarea atondu zuen ez ote zuen atondu galderari ekinez, hipotesia hor dago, baiezkoaren edo ezezkoaren zain.

        Hala izan zenetz ez zenetz izan, baizkoaren hipotesiari biografoek barre egin diote. Sakonagora jo gabe. Madrilgo Sarearen hori idazle txirenearen beste ateraldi xelebre batzuen sortan sartuz, barregura kasik ezin eragotzi. Marthak eta beste batzuek Kubako sarearen asmoari (Marthak eta bestek "The Crook Factory'ari txiste modukoa irizten zioten) barre egiten dioten legez. Barreak alde batera, zertan ez sinetsi Espainiako gerran Ernestek izan zuen benetako zeregina espioitza zenik?

        Tesi horren alde, lehenik eta behin, Hemingwayren fikzio lan gehienetan, denetan ez bada, heroia bere alter ego idealizatua delako ziurtasuna dago. Horrela, zenbat fikzio-lan idatzi duen, beste hainbat alter ego heroiko-idealizatu du. Ondorioz, The Fifth Column "fikziozkoan" ezelango zalantzarik gabe bere alter egoa den Philipek lan egin, egin ere, SIM delako "Inteligentzia Militarrari buruzko Zerbitzu" harentzat egiten badu, Madrilen 1937an benetan agi den gerran Ernest Hemingwayren benetako ego-ak inorentzat lan egiten duen —eta baiezkoan, norentzat— horra jakin beharrekoaren gakoa.

        Philipek, kazetari mozkortiaren mozorroaren babespean, SIMerako lan egiten du; idazleak, kazetari are mozkortiagoaren maskararen azpian, norentzat lan egiten izan ote du Madrilen?

        Ernest Hemingwayk SIM harentzat lan egin zezakeela sinesgaitza delarik —hasteko, ez zuen Madrilen egonaldi luzerik egin—, eta faxisten agente izan zitekeenik kasik-kasik errotik ukaturik, noren agente izan zitekeen Ernest Hemingway Madrilen-eta? Ala The Fifth Column —Bosgarren Kolumna— haren idazleak ez du inoren ezein saretan inoiz lan egin izan, eta lau urte geroago, harroturik, gezurra dio Habanako Enbaxadan? Eta Habanako Enbaxadan, horretan behintzat, gezurra badio, zertan ez pentsatu gainerako xehetasunetan ere gezurra dioena?

        Habanakoa baino lau urte lehenago Espainiako Guda Zibilean Ernest Hemingwayk espioitzan jardun duela emanik, ostera, zalantzan dago norentzat espiatu duen, eta zer barrandatu duen, eta nori edo zeri luzatu izan dion begia.

        Galderoi erantzuteko berrirakurri egin beharko lirateke, adi, arretaz, gerrako ipuin ustez barregarri haiek, alegia, jan-edan ugariena, hoteleko bere gela Nazioarteko Brigaden putetxea izaten zelakoarena, sobietarren Gaylord's hotelean izaten zituenak eta beste hainbeste gorabehera, ustez mozkorti sabelkoi baina azken batean engagé baten zoroaldiak ziren irtenkeriak, denak barkagarri horiek, Errepublikaren aldeko idazle ospetsuaren irtenkeriak zirenez gero.

        Ildo berean, Ernest Hemingwayren biografietan tarteka aipatzen beste diren pasarte jakin batzuk beste modu batera irakurri beharko lirateke; hain zuzen ere, espioitza, zerbitzu sekretu eta isil-iluneko halako kontuak aipatzen dituzten pasarteak. Horiek elkarri josi eta erreskadan irakurri ahal dira, hipotesi nagusi baten arabera: Ernest Hemingway mezulariarena-edo bere bizitzan goizean goiz hasi da egiten. Hain goiz ze, Espainiako Gerra Zibilean hasia baita horretan. Irakurketa horri orain ekitea, ostera, Habanatik lar urrun joatea litzateke.

        Habanako 1942ko maiatzeko giro epelera itzulirik, Bakerrek, 1969an argitaratuko duen Ernest Hemingway / A life story liburuan, idazleak berari kontatu legez adieraziko du egiaren mamia, baina mami horren azala aldaturik. Eta behin azalez aldaturik, mamia bera ere beste bat dela pentsaraz diezaguke. Alde honetatik begiratuta egokia da liburuaren azpititulua —A life story (Bizitzari buruzko ipuina)—, 1942ko story edo ipuintxo honi dagokionez behintzat.

        «Egiteko hura maiatzaren erdi alderako abiaturik izan zedin saiatu zen —dio Bakerrek—, gogor ekinez Basque Club of Havanako kideen artean bilatzeari, hangoentzat heroia modukoa zen-eta». Ez da hori Spruille Bradenek dioena, baina Bakerren hitzen azal-mamiak interpretatuz, esan nahi duena da, arean, Ernest Hemingwayk heroitzat dituela Espainiako Gerra Zibilean larrua jokatu zuten loyalista haiek, eta ez ostera loyalistek bera. Bide batez norbaiti —biografoari ala biografiatuari?— urte horietan «Basque Club of Havana» hartako asko frankistak edo beste gehienak apolitikoak direna aipatzea ahaztu zaio.

        «Areago —Ernest Hemingwayk amestu legez dio Carlos Bakerrek—, haren erreklutamenduak gizarte-adar askotakoak batzen ditu, hasi bere lagun jai-alai jokalariekin eta Don Andres Untzainekin amaitu». Bide batez, abadeak gerratean metrailadore maneiatzaile jardun zuela ere badio biografoak. Bradenek horrelakorik behintzat ez dio eta, Finca Vigían gutxiagotan izaten zela seinale.

        Laino bat hemen eta sasi bat hor, egiaren aztarnak badira bien ipuinetan. Bakerrek dioenez, hots, Ernest Hemingwayk berak geroago hari kontatuko dionez, «taldeak aurrera egin dezan idazlearen pertsonalitateak egingo du, eta haren etxeko jatekoek eta edatekoek horretan parte izango dute; azkenean operazioaren kostuak ere bere lepo gainera ekarri zituen».

        Haatik, dirua noren eskuetatik datorkien espioitza lanetan ari diren euskaldunei, bada, horien informeak batzen dituzten esku berberetatik. Ziur.

        Bulegoak, FBIk, Habanan dituen gizonetako batek 1942ko urriaren zortziko aipatu txostenean idatziko duenaren arabera, «erabakirik zen, baita, hark —Ernest Hemingwayk— izan zitzakeen gastu denak Enbaxadaren diru-kutxa berezitik ateraz ordaintzea».

        Tamalez, FBIren txostenen artean diren "Ernest Hemingway files" horiek "Basque Intelligence Service files" dauden modu berean daude; zentsuraturik, izenetako gehienak ezabaturik, orrialde osoak tintaz ilundurik eta, oro har, Informazio Askatasunari Buruzko Ituna (Freedom of Information Act, edo FOIA) karikatura hutsa dela frogatu nahirik moduan.

        Alta, gero orri horiei ezarriko zaien tintazko mordaza gorabehera, Habanan FBI delakoak dituen agenteen arteko Laddyk idatzi egin du 1942ko udakoaz.

        Horrela bada, Laddyk urriaren 8an idatzi duenaren arabera, hilabete da "The Crook Factory" lanean hasia dela, eta horren operazioetan «Hemingway, identifikatu ez dituen baina nahi izanez gero identifikatu ahal dituen, Spanish Republicans delakoen bidez» ari dela; lanaren kostua, 500 bat dolar dira, eransten du, «full time» ari diren lau laguni eta zatika ari diren beste hamalauri ordaintzeko. Horra ba diruen iturria argiturik.

        «Txostenak —dio FBIkoak—, Hemingwayk berak diktatzen dizkio idazkari bati, gero horien kopia bina egin eta Mr. Joyceri ematen dizkio, eta azkenik horrek kopia bat Enbaxadari eta bestea geuri ematen digu».

        Enbaxadara horrela iristen diren txostenak enbaxadorearen gogokoak direla dio FBIk sarearen gainean duen gizonak, Laddy horrexek, horretan behintzat Bradenek berak hogeita hamar urte igarota idatziko duena eta FBIrena bat datozela.

        FBIko hori, aldiz, ez da «The Crook Factory» haren txostenez idatzi duen bakarra. Bakerrek beste argitasun batzuk ematen ditu.

        «Txostenak —dio Bakerrek— hitzez, ahoz zein idatziz etortzen ziren. Fincan bideratzen ziren, han Ernestek datuak prozesatu eta itzuli egiten zituen gero Joyceri Enbaxadan helarazteko. Ernest bera zen eramailea. Astean behin edo Habanara joan izaten zen, eta han, Enbaxadako eraikineko behealdean zegoen negozio-denda batean zehar barrura egin eta lau solairuak igoz, Bob Joyceren bulegora iristen zen».

        Horra mezulariaren modus operandia. Haatik, mezuen maiztasuna dela eta, Habanan FBIk Sarearen gainean duen gizonak besterik esango du urriaren 8ko txostenean.

        «Jarduera hauek "finca"tik bideratzen ditu —dio FBIk—, astean bitan edo hirutan Habanara bisita eginez».

        Horrezkero, euskaldunek eta, agian, errepublikazale batzuek biltzen dituzten datuek mezulari ideala dute, besterik ez baita Ernest, horixe baino: mezularia. Ala sinistu egin behar ote da espainiarrek espainieraz egiten dutena ingelesera Ernest Hemingwayk itzultzen dituela? Agian.

        Agiangorik gabe, baskoak dira sareko maila nagusiak, eta hura da mezularia, edo amua, ze, besteak beste, horixe esan nahi baitu «crook» hitzak, «amua». 1942-1943 hauetan amua eskuetan Habanako uretan arrantzale benetan nor ari den jakiteko, ostera, urteak beharko dira oraindino.

        Bestela, sarean direnek zein hartan harrapatzen diren arrainek plazara eramaten dituenak, denek dute lanerako motiboren bat.

        Urteak direla Aliatuentzat lanean diharduten basko gehienen motiboa aberriaren aldeko zerbaiten egin gura da. Horietako batzuek, gehienek ez bada ere, ez dakite ez eta biltzen duten informazioaren azken hartzailea nor den ere, FBIk berak txostenetan dioen legez. Gainera, FBIk berak dioenez, hobe ei da horiek Bulegoarentzat lanean dihardutela ez jakitea, abertzaleak baitira, eta espiatzeko duten motibazioa huts-hutsik politikoa baita. Eta FBIrentzat lan egiten dutela argi dakiten apurrek, horiek ere, aberriaren alde egiten dutela erabat konbentziturik egiten dute azken batean.

        Abertzale euskotarren motibazioak argiturik, esan behar da gerrako halako ibilketa eta biribilketetan Hemingwayk, berriz, literatur etorriaren iturria duela, eta horren ordaina ezin dela dirutan eman.

        «Haren motiboak argiak ziren guztiz —dio Bakerrek—: abertzaletasuna, plan sekretuez atsegina, eta "barneko" operazioetan areriorekin buruz buru jarduteari zion maitasuna, batez ere iskiluak eta norberarentzat arriskua tarteko izanez gero».

        Azkenik, Sarea erabiltzen duen arrantzalea nor ote den eta, badakigu Estatu Batuen Estatu Departamenduko norbait dena. OSS delakoa? Ala FBI delakoa? Hipotesi modura baino ezin dugu esan arrantzalea bata ala bestea den. Aurrera egin ahala. Geroago.