Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Juan Duñabeitia eta Kubako Iraultza

1958 / Habana

 

Bilboko Duñabeitiatarren enborreko orain arteko ezpalak asko eta askotarikoak izan dira, eta horrelaxe izaten segituko dutela dirudi. Adibide legez, guda zibilaren erdi-erdian Juan Duñabeitiak Errepublikaren alde ziharduen artean, horra non, haren anaia Kosme Duñabeitiak abokatu ziharduen, faxistek inguraturik zeukaten Bilbon. Badakigu, esateko baterako, ihes egin guran zirelarik preso hartu zituzten faxista-edo ziren batzuen kasuan defendatzaile jardun zuena.

        Aipagarria izan zen kasu hura.

        Otsaila zen. Izen handiko batzuek, militarren batzuk eta elizgizonen bat tarteko, Ea-Elantxobe inguruko Lapatza izeneko bazterrean itsasontziraturik, euren partekoek inguraturik zeukaten Euzkadi murriztu hartatik ihes egiten saiatu ziren. Horretarako herriko marinel bati garai hartako 25.000 pezetako saria eman zioten, lana egiteaz gainera ontzia ere jartzearren. Dena prest zelarik, ostera, Itsasoko Ertzaintzak ihesaldiaren berri izan zuen. Arratsaldeko zazpietan, eta ihes egitekotan ziren hamabost etoietako lehenengo taldea harrezkero atrakalekuan zelarik, han agertu ziren poliziak. Ihes egin gurako denak atxilotu zituzten.

        Ihes egin gurako haiei epaiketa 1937ko martxoaren 16a eta 18a bitartean egin zitzaien, abokatu defendatzaileen artean Kosme Duñabeitia, lehena, izan zelarik. Esan gabe doa Juan Duñabeitiak operazioaren berri izan bide zuela, bera baitzen Euzkadi'ko Jaurlaritzaren Erri-Itxaskintza-Oro Azterkaritzan Komunikazio zuzendaria. Hots, merkatari marinan Komunikazioaren ardura bere gain zuen, eta ardura hori teorian arlo zibilekoa bazen ere, teorian baino ez zen arlo zibil hutsekoa.

        Bada, Euzkadi murriztua zen Bizkaia txikitu hartan ageriko gerra amaitu ostean, Juan Duñabeitiak erbestealdi luze bati aurre egin behar zion artean, gerraoste ofizialean Kosme Duñabeitia hark Bilbon segitu zuen, abokatu zereginean beti ere, eta gero haren seme Kosme Duñabeitiak ere abokatu segitu zuen; gaur egunera arte. Hortxe du bulegoa, Bilboko erdigunean. Eta ez dirudi itxi egin beharko dutenik. Bigarren Kosme Duñabeitiaren semea, berau ere Kosme izenez, abokatua baita. Horientzat bientzat, baina batik bat gazteenarentzat, Juanen ibilerek badute urrunekoaren halako oihartzun misteriotsu bat. Denboraren iragaiteak isilaraziz doan oihartzuna, egia esan, akordurik bizienek ere, garunetako oroitze-mekanismo neurobiologiko hutsak ez diren beste euskarriren bat behar izaten baitute. Kosme bigarrenak badu euskarri horietakorik. Gorderik dituen oroigarrien artean, hortxe ditu osaba Juanek berari idatziriko postalak. Bi bai gutxienez.

        Horiek erakutsi eta kopiatzeko baimena ematen didan aldi berean diosdan legez, «Izango da honelako besterik ere, baina batek daki non».

        Lehenengo postala 1958ko irailaren 16an sinatua da, Georgia estatuko Savannah hirian. Portua duen hirian, hain zuzen. Postaleko irudian berriz New Orleansko "Le Petit Theatre du Vieux Carre" delakoa ageri da. Kapitainaren itsasontziak egin izaten zuen itsasbidearen berri ematen digu horrek. Bestela, postalak duen datu interesgarri bakarra Juan Duñabeitiak dituen planak dira. «Hurrengo urtean —dio— hor hiru hilabetez egongo naizelakoan nago eta, egingo dugu "bazkaritxoren" bat Plentziako Portuko bar-ean, zer esanik ez».

        Bigarren postala hagitz interesgarriagoa da. Boston, Mass. (Massachusetts) delakoan 1959ko urtarrilaren 29an sinatua da. Makinaz idatzia eta eskuz zuzendua, portu horretara oso-oso lantzean behin etortzen direla dio, eta zorionez dela horrela, egundoko hotza egiten baitu; hamabi gradu zeropean. Eransteko, Habanara zortzi edo hamar egunean iritsiko direla, eta han Kosmechuren eskutitza espero duela dio. Eta behin Habana aipatu duenez gero, apur bat beherago Kubaz dihardu.

        Ni orain Kuban [diotso, agur modura Kosmechu maitea idatzi dion lobari], oso ondo nagok gobernari berriekikoan, ze, gogoan izango duk zelan esmuglatu nituen iraultzaile bi, eta hori dela eta gau bi «gerizpetan» igaro behar izan nituen, baina nire maltzurtasunari eta odol hotzari esker, galdatzaileak loaraztea lortu nian eta baita konbentzitu ere ni bildotsik zuriena bezain errugabea nintzela eta ez nekiela zein txori klase ziren eroan nituen haiek. Horietako bat Sierran nabarmendu duk, Santa Clarari eraso ziotean kolumnetako baten gainean aginduz; hain zuzen ere, Batistari azken puntzeta hortxe sartu ziotean, eta hura orain «bizardunen» artean baduk norbait. Izena Rolando Cubela zaiok. Egunkarietan irakurria duk, beharbada. Habanara besoetako bat zauriturik zuelarik sartu zuan eta Ospitalera ikustera joan zitzaioan itsasontziko kamerariari esan zionez, ni agurtzeko itsasontzira etortzeko asmoa ei dik, baina ebakuntza egin behar ziotean, antza. Nik nire aldetik ezein mesede eskatzeko asmorik ez dudan arren, horiekin ondo konpontzea merezi dik, ze, ikustea izango huen legez, benetan dituk «trebeak» [expeditivos dio, kakotxo artean, gazteleraz idatzia den postalak]. Ni neu ez natorrek erabiltzen dituzten metodoetako batzuekin bat, baina batez bestekoan bat natorrek darabilten jokabidearekin, ze orain ahul agertuko balira gero ere gero damu izango lukete eta gainera, Batistaren erregimena, azkenetan, norberak asma dezakeenik eta kriminalena (eta basatiena) izan zuan. Torturak, eraildakoak milaka, e.a., eguneroko ogia zituan.

        Gutunak polito laburbiltzen du Batistaren azken erregimena, hark 1952ko martxoaren 10ean estatu kolpea joz ezarri zuena, zertan izan zen. Bestela, lehenago ere izan zen Fulgencio Batista boterean. Aurreko ataletan esan moduan, 1940an presidente hautatu zuten, Kuba Bigarren Mundu Gerran harexen eskutik sartu zen, 1941ean, eta 1943an Alderdi Komunista legeztatu zuena ere bera izan zen. Berriz, 1944an bere buruari erbestera joan beharra ezarri zion, orduko hauteskundeetan berak Kubako presidentetzako gura izango zukeen Carlos Saldrigas Zayas barik Partido Auténtico-ko Ramon Grau San Martin hautagaia nagusitu baitzen.

        Tartean Kuba demokrazia liberalen ereduaren araberako Errepublika zen, itxuretan behintzat. Hasteko, Nazio Batuen Erakundeari atxiki zitzaion, 1945eko urriaren 24an. Gero, Bigarren Mundu Gerra amaitua zelarik, Ameriketako Estatu Batuetan ekonomiaren uhina ozeanoaren neurrira hazten zihoan eta, uhin haren aparrak Kubara iritsi ziren. Aparrik zikinenak, egia esan. 1947ko urtarrilean Mafiaren ugazaba nagusi Lucky Lucianok Habanara jo zuen, bertako krimen-buruekin biltzeko. Horrezkero mafiaren sareetako funtsezko korapilo bilakatu zen Habana. Heroinaren nazioarteko sarean, besteak beste. Bada, 1952an deiturik ziren hauteskundeak egiteko astirik eman barik, haietara bere burua presidentegai aurkeztua zuen Fulgencio Batistak estatu kolpea jo zuen, martxoaren 1ean. Aukeran, ez ei zuen garaile izaterik izango. Partido del Pueblo Cubano-Ortodoxo delakoaren zerrendetan Kubako Legebiltzarrerako hautagaien artean ageri zen Fidel Castrok, hauteskundeetakoa ez zen beste bideren bati ekin beharko zion. Truman Administrazioa, ostera, bizkor ibili zen diktadura berria onesteko orduan ez ezik hari ekonomiaren eta armen alorretako laguntza emateko ere.

        Testuinguru horretan Fulgencio Batista itxuraldatuak, Bigarren Mundu Gerrako harako Fulgencio Batista hura beste politikari arras ezberdin bat balitz moduan jokatu zuen. Juan Duñabeitiak aipatu ildoetan goldatu eta erein nahi izan zuen. Goldea zer-eta errepresio, tortura eta, oro har, estatu krimenak ziren. Bildu zuen odol-uzta ez zen makala izan. Haatik, odolarekin batera iraultza etorri zen. Horretan esku hartu zutenen artean Juan Duñabeitiak bere gutunean aipatu duen Rolando Cubela dago.

        Rolando Cubelaren bizitzan egun inportanterik izan bada —orainaldian idatzirik hau, bizirik baita gizona—, berak eta beste zenbaitek Kubako SIM (Inteligentzia Militarrarekiko Zerbitzua) delakoaren burua akabatu zutenekoa da bat. Albistea The New York Times egunkariak zekarren, 1956ko urriaren 29an. Albistea Habanan emana da, hilaren 28an, Rolando Cubelaren egun inportanteenetako batean bai, baina ez, arean, inportanteenean, gero beste egunik ere izan baitzen, are eta beharbada hura baino inportanteagorik.

        «Heriotza eman diote Antonio Blanco Rico koronelari, Kubako militar inteligentziako burua bera, gaur goizaldean goiz, tiroz, zenbait pistolarik. Night club batean lagun arteko jaia egin ostean handik irtetean hil dute».

        Ez zen ekintza makala izan. Antonio Blanco Rico koronela hamahiru balak zulatu zuten. Zauriturik jausi ziren, aldiz, harekin ziren Aire Indarreko diputatu komandante Marcelo Tabernilla —Kubako Armadako Goi Agintaritzako buruaren semea— eta emaztea; zauriturik jausi zen, halaber, Laura de Martinez, Armadako kapitain Jose Rodriguez Sampedroren emaztea; kapitaina bera salbu irten zen. Hau dena The New York Times egunkariaren arabera.

        Hurrengo egunak Juan Duñabeitiak esan moduan etorri ziren, hots, jende garbiketan, ekintzaren errudunak harrapatu nahirik ez ezik, harekin zerikusirik ez zutenei ere eskarmentu galanta ezarri guran. Huts egin zuten, lehenengo helburuari dagokienez behintzat. Antonio Blanco Rico tirokatu zutenetako bik behintzat Kubatik ospa egin zuten. Eta hara non, Juan Duñabeitiak postalean dioenarekin bat, bi haiek irlatik atera, berak atera zituen.

        Kasualitatea izan ote zen Kubako agintaritza militarrean goi buruetakoak zirenei tiroka eraso zieten haiek beren ihesaldian nora-eta Juan Duñabeitiak kapitain zihardueneko itsasontzira jo izana? Itsu-itsuan? Ekintza ondo prestatua ukan behar izan zuten; ihesbide eta guzti, esan nahi da. Ihesbidea itsasontzia zelarik, itsasontziko kapitaina aldez aurretik egin beharko zuten planaren jakitun, nahiz iheslariek eurek nahiz horien kideek. Horretan Juan Duñabeitiaren hitzek ez dute duda izpirik uzten, lehen pertsonan baitihardu «Ni orain Kuban, oso ondo nagok gobernari berriekikoan, ze, gogoan izango duk zelan nituen iraultzaile bi esmuglatu» —ingelesezko to smuggle (zerbait kontrabandoz edo ezkutuan pasatu) aditzetik— idaztean.

        Poliziak ere esmuglatze horren susmoa izan bide zuen, egun bitan gerizpetan izan baitzuten. Uste izatekoa da, berriz, gogor galdatuko ziotela, baina nazionalitatea errespetatuz, beharbada, tortura eman ziezaioketen, Juan Duñabeitiak berak postalean aipatu legez «torturak eguneroko ogia baitira» garai horretan.

        Juan Duñabeitia norbaitek "kontaktaturik" zuelako ustea, ez da uste ez eta erdi ustela ere.

        Batetik, eta Jesus Galindezen ibilbideak frogatzen duen legez, 1953koaz geroztikoan ere euskotar batzuek estatubatuar zerbitzuei —nahiz CIA izan, nahiz FBI izan— zerbitzu ematen segitu baitzuten. Eta jakina den moduan, estatubatuar zerbitzuek Fulgencio Batistaren diktaduraldian, beste edozein leku eta egoeratan egin izan duten moduan, ez zuten alde bakarrean jardun.

        Bestetik, eta Juan Duñabeitia, lehorrean egiten zituen aldietan Finca Vigían bizi izaten zela emanik —veneziar erako logelan beharbada, horretan bada eta Hemingwayren argazkia, Juan Duñabeitia Sinskyri dedikatua—, Ernest Hemingwayren landetxe dotore hartan espien ipuinak eta kontuak maiz suertatzen ei ziren eta, haiek denak ere ez ziren asmakeriak izango. Norberto Fuentesek ipuin horietako bat edo beste kontatu du bere Hemingway en Cuba —Hemingway Kuban— liburuan. Horietako bati ekin aurretik, bada beste datu argigarri bat liburu horretan, aipatu beharrekoa. Liburu horrek azken orrialdeetan dakarren bibliografian Norberto Fuentesek aipaturik utzi ditu, hotz eta motz, Juan Duñabeitiak Rolando Cubela eta beste iraultzaile bat esmuglatu zituen urte hartako aipagarrienak. Hiru lerrotan.

        «1956. Parisera eta Espainiara bidaiatzen du. "Egoerari buruzko txosten bat", Kubaz diharduten kroniketan azkena, Look aldizkarian argitaratua, irailaren 4an. Kubatar mugimendu iraultzailearekin kolaboratzen du» (azken perpausa hori neuk nabarmendua da).

        Gero, ipuina ala egia, bada liburu horrexetan Norberto Fuentesek kontatzen duen pasadizo bat, Rolando Cubela eta Juan Duñabeitiaren artekoa ezagutuz gero oso sinesgarri egiten dena.

        Bada goi gailurretako, edo goi politikako pasadizo bat, zeinetan badirudien Hemingway sarturik izan zena. Baina badirudi, halaber, soka-muturrak betiko solte, lotu barik geratuko direna. Testigu bakarra Gregorio Fuentes da (honezkero hila), berak gogoan duenez 1958aren azken aldera Estatu Batuetatik egindako telefono dei bat hartu zuen: «Grigorine, atondu egik yatea bihar goizerako. Itxaron nagik Nazioarteko Klubean». Biharamunean, hara, Rancho Boyerosko aireportutik hara etorritako auto baten barrutik bost gizon irten ziren: Hemingway, sobietar bi eta iparramerikar bi. Yatera etorri ziren, eta Hemingwayk dio: «Goazen, Grigorine, goazen itsaso zabalera». Gregorioren kontaeraren arabera sobietarretako bat Anastas Mikoyan zen; bestea itzultzailea zen, eta iparramerikarrak, biak senatoreak. Hemingwayk elkarrizketan parte hartu zuen, baina tarteka baino ez: han zebilen gora eta behera, eta tragoak zerbitzatzen laguntzen. Gregorio, berak ohi zuen isiltasunari eutsiz, denbora guztian leman egon zen. Arrastian Habanara itzuli ziren. Bost gizonak berriro autoan sartu eta Boyeros-era abiatu ziren. «Honetaz inori ere ez», ohartarazi zion Hemingwayk Gregoriori.

        Gera bedi argi; pasadizoa bete betean sar daiteke garai hartako giroan, posibilitate kalkuluaren barruan, Batistaren 50ekoetako erregimenaren garaian hain zuzen, aukeran ziren posibilitateen artean hegazkin bat lehorreratu eta bost pasaiari artez-artez Nazioarteko Klubera joan eta handik arrantzuan joatea, zertarako-eta Floridako itsasertzetik 90 miliara hortxe-hortxe ainguratuko zuten Hemingwayren yatean elkarrizketa artxisekretuan jarduteko, sinesgarria da. Ordurako Sierra Maestran hasia zen gerra, egia esan ia-ia irabazirik zegoen, eta Hemingwayk bere burua fidelzaleen aldeko aldarrikatua zuen, baina hori beste kontu bat da.

        Horra Ernest Hemingwayk bere aberriko Estatu Departamenduari agian egin zion azken zerbitzua, beste zerbitzu batzuen ildoan zetorkeena. Berori ote da Norberto Fuentesek 1956ko urtean idazleak egindakoez dakarren Kubatar mugimendu iraultzailearekin kolaboratzen du horren esangura? Ze Norberto Fuentesek bestela ez du beste kolaborazio pasadizorik aipatzen, Gregorio Fuentesek Pilar ontziaren barruan gerrillarien armak gordetzen zituela eta idazleak ez ikusia egiten zuela aipatzen duen pasartea izan ezik.

        Bestela, Ernest Hemingwayk mugimendu iraultzaileari zertan lagundu ote zion eta, ez da ahaztu behar 1957an Herbert Matthewsek The New York Times egunkarian Fidel Castrori Sierra Maestran egindako elkarrizketa argitaratu zuela, eta, izan ere, kazetaria —Herbert Matthews— eta idazlea —Ernest Hemingway— elkarrekin adiskide minak zirela, 1937an Madrilen elkartu zirenez geroztik behinik behin, garai horri dagozkion ataletan azaldu denarekin bat. Bada, gerra iraultzailearen urte horietan Herbert Matthews Finca Vigían maiz izaten zen eta, galdera da etxe horrexetan bideratu ote zuen Fidel Castrorekin elkartzeko modua. Elkarrizketa 1957ko otsailean argitaratu bazen ere uste izatekoa da 1956an egin zela. Bestela, 1956ko balizko "kolaborazio" hori ez ote da Rolando Cubela eta beste ekinkidearen ihesaldiaren pasadizoa, beraren azken bururaino Juan Duñabeitiak eroan zuena?

        Galdera hor dago. Erantzuna eman diezaiokeen bakarra oraindino bizirik den Rolando Cubela da. Haatik, zaila da horrekin hitz egitea, zaila delako non den jakitea, narrazio honen azken lerroetan azalduko diren arrazoiak tarteko. Arrazoi horiek oraingoz bazter utzirik, komeni da, gerora begira, Rolando Cubelak ihesaldiaren ostean egin zituenak laburbiltzea.

        Juan Duñabeitiaren eta itsasontziko besteren batzuen laguntzaz, Rolando Cubelak Estatu Batuetara ihes egin zuen, harako 1956an hots, Uztailaren 26 Mugimenduko kide Fidel Castro, anaia Raul eta Ernesto Che Guevara, besteak beste, Gramma itsasontzian Ekialdeko probintzian iraultza azkartzeko asmoz lehorreratu ziren urte berean. Lehorreratu ostean armadaren erasoalditik bizirik irten ziren bakanak Sierra Maestrara abiatu ziren. Izena 1953an Moncada kuartelari Fidel Castrok-eta jo zioten erasoaldiaren gomutaz harturik zuten Uztailaren 26ko haiek ez ziren diktadurari borrokatzen bakarrak. Bazen Directorio Revolucionario —Iraultzaren Zuzendaritza— izeneko mugimendua ere. Horrexetako buruetakoa zen Rolando Cubela. Bada, buruetako izanik ezin egin zuen erbestealdi luzerik. Direktorioko goi-agintaritzako beste zenbait kiderekin batera —karel artean guztira hamasei gizon ziren— Miamin itsasoratu ziren, 1958ko otsailaren batean, eta hilaren 8an Nuevitas delako badian lehorreratu, handik Kubako erdialdeko mendietara (Las Villas) jotzeko, armak eskuetan.

        Kubako azken gerra iraultzailearen historia zertan egin barik ere, esan behar da, ba ze, Iraultzaren Zuzendaritza eta Uztailaren 26ko Mugimenduaren arteko lankidetza ituna sinatu zutenak nortzuk-eta Rolando Cubela eta Ernesto Che Guevara izan zirela. Bada, zuzena da Juan Duñabeitiak postalean Kosme lobari diotsona. Harrezkero iraultzaren komandante eta Escambray eskualdeko indarren buru Rolando Cubela Santa Claran sartu zen, Che Guevararekin batera.

        Santa Clarako bataila urteberriko lehen egunean amaitu zen, eta hortxe geratu zen erabakita gerraren geroa. Bezperan, abenduaren 31n, Rolando Cubela horrexetan zauritu zuten. Tarte horretan, hots, 1958ko Gabon Zahar gaua eta 1959ko Urte Berri egunaren artekoan, Fulgencio Batistak ihes egin zuen. Nora-eta Leonidas Trujilloren Santo Domingora, Jesus Galindezi giltzurrunetan ostikadak berberak jo ostean hil-haginekoraino tortura zezaten eta gero gorpua desagerraraz zezaten agindu zuen diktadorearen ustezko paradisura.

        Santa Clarakoaren ostean Batista gabeko Habana librean sartzea denboraren gorabehera besterik ez zen. Iraultzaileak erloju orratzak baino bizkorrago ekin zioten, aitzitik. «Hilaren bian —dio Bohemia aldizkariak, Iraultzari eskainitako ale berezian— hasi ziren Habanan sartzen Las Villasko garaileak. Camilo Cienfuegos Columbian finkatu zen eta Guevarak La Cabañaren agintea hartu zuen. Direktorioko borrokalariek, beren jatorriari eta beren hildakoei omen egin guran legez, Unibertsitatea eta Presidente Jauregia hartu zuten». Bitartean Fidel Castro Camagüey aldean zen. Hilaren 8an sartu zen Habanan. Egun horretan Agirre lehendakariak telegrama bi igorri zituen Habanara. Lehenengoa Urrutia presidenteari zuzendua da eta, erdaraz, hurrengo dio: «Euzkadi'ko Jaurlaritzaren izenean zorionak askatasun demokratikoak berrezarri direlako Kubako Errepublikaren aurrerakuntzaren aldeko botoak eginez». Bigarren telegrama Fidel Castrori zuzendua da: «Habanan sartzean har beza agur adeitsua Kubako herriaren demokrazia gogoari atxikia den Euzkadi'ko Jaurlaritzaren aldetik».

        Euzkadi'ko Jaurlaritzaren telegramak eguneko hogeita lau orduetan errepikatu zituzten irratian eta telebistan, haren ordezkari Kuban Jose Luis de Garayk Lehendakariari urtarrilaren 15ean igorri zion gutunak dioenarekin bat. Izan ere, ordezkaria bera izan zen Lehendakariari telegramak igortzeko komenigarritasuna adierazi ziona. Eta Lehendakariaren telegramak iritsi baino lehen, iraultzaren garaitzaren lehenengo orduetan eta beste denei aurrea hartu nahian edo, telegrama bana igorri zien Urrutiari eta Castrori ordezkariak, hilaren 15eko gutunean dioenez. Gutunean beste datu argigarririk ere bada.

        «Unibertsitate honetako mitin batean Manuel Urrutia presidente berria agurtzeko era izan nuen —dio Jose Luis de Garay sinatzen duen ordezkariak—, eta berak esan zidan ez duela ahazturik euskoen jatorrikoa dela. Izan ere gizon hau jatorriz Busturikoa da, eta egun ere hantxe behar ditu ahaideren batzuk».

        Bestela, gutunean Jose Luis Garaik Kubako iraultzaren deskribapena egiten dio Lehendakariari, iraultzaileen aldeko jarrera argia erakutsiz eta Juan Duñabeitiak bere loba Kosmechu-ri diotsonaren antzekoak esanez.

        «Ez da izan —dio ordezkariak— ez errepresaliarik, ez desordenarik ez gehiegikeriarik. Egin dena militar auzitegiak eratzea izan da, eta horiek honezkero nahikotxoak fusilatzeko agindu dute. Gogoan izan behar da hogei mila baino baja gehiago izan direla, tartean hildakoak, zaurituak eta desagertuak hartuz gero. Gehienak halako modu eta eran erailak ze, ez Hitlerrek ez Mussolinik ez Francok ausartu ez ziren halakoetara ausartu».

        Franco! Euskotarren esperantza zaharrari betiko leihoa irekitzeko modua ikusten da. Ordezkariak dioenez, «ahalegina egingo dugu, Francorekiko merkatari harremanak ez beharbada, baina ea behintzat harreman diplomatikoak eteten diren». Hilaren 15ean izan zen gutun hori, esan moduan. Ordurako Rolando Cubelak Presidentziaren Jauregia, Urrutia presidente berriaren esku utzita zuen.

        Leiho berriak ez zion argi lar ekarriko esperantza zaharrari. Baina egon ere hortxe dago. Ziur asko Jose Luis Garai ez da, Kubako euskotarren artean behintzat, argi horren premia ikusten duen bakarra. Juan Duñabeitia, ikusi den legez, ez zebilen Ordezkariaren iritzietatik lar urrun. Bilboko kapitainak Kubako egoera ezagutzen zuela, dudarik ez. Eta dudarik ez, ezta ere, 1956ko urriko egun batez Juan Duñabeitiak bere agindupeko itsasontzian Ameriketako Estatu Batuetara eroan zuen gizonarekikoan ere; Rolando Cubela ez zen inor ez bat.

        Beso zauritua beso-euskarrian, guajiro kapela buruan eta bizar polito hazia, gerrillari peto-peto ageri da Rolando Cubela orduko argazkietan. Azaleko itxura horren azpian haren bihotzak zer gordetzen zuen, haren barru-barruko izaera, geroak argituko zuen, liburu honetako azken atalean ikusiko dugun legez. Artean, Rolando Cubelak, beste iraultzaileek bezalaxe, Iraultzaren garaitzaren osteko giroa bete-betean bizi du.

        Kosme Duñabeitiak gorderik duen osabaren postal horrek dioena Kubako Iraultzaren garaitzaren osteko lehenengo egunetako giroaren lekukotasun bizia da. Irla iraultza ospatzen eta irla batistazalez garbitzen ziharduten. Aldi berean. Bestela, edukia bat dator Ernest Hemingwayk 1958ko urtarrilaren 24an, hots, Juan Duñabeitiak berea sinatu baino lau egun lehenago, kazetari bati adierazi zionarekin. Hitzez hitz kasik.

        «Kuban aspalditik bizi izan den Ernest Hemingwayk gaitzetsi egin zuen Batistaren taldea, torturatzailea eta asesinoa izan dela esanez». Esaldi hori aipatzen duen albistea, Seattle delakoan sinatu dena bera, AP agentziak zabaldu zuen. Jakina, ez zekarren esaldi hori bakarrik. Ernest Hemingwayk besterik ere adierazi zuen. «Gobernu honek garaipena erdietsiko duen itxaropenik handiena dut; hori bai, bidean eragozpenik jartzen ez baldin badiote...», esan zuen, askoren buruan zebilena ozen adieraziz.

        Irudi luke Ernest Hemingwayren hitzak bere postalerako hartu zituela Juan Duñabeitiak. Ez da horrela. Juan Duñabeitiak bere baitan zer sentitzen zuen adierazteko ez zuen Ernest Hemingwayren hitzen beharrik. Gainera, idazleak AP agentziari telefonoz esan zizkion hitz haiek, ez zizkion Sinskyren alboan zegoelarik esan, Idahoko Ketchum kutunean zelarik baino. Hantxe baitzen Ernest Hemingway, hurrengo udan bere Spanish Earth kutunera itzultzeko planak egiten. Haren lagun min Juan Duñabeitiak Bilbora itzultzeko eta Plentzian bazkaria egiteko planak osatzen zituen aldi berean.