Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Pako Garai

1931ko abuztua / Kuba

 

Kubako Biblioteka Nazionaleko arkitekturak ezin dio eguzkiaren poderioari gehiago egin. Hemen barruan argia da bazterren jabe, eta sozialismo errealaren funtzionaltasun honek tropikoarekin dukeen lotura zein den ahula apenas nabaritzen da. Baina behin batean hemengo beste arkitekturak ere, hain karibetar dirudien kolonial hori tarteko, denak etorri ziren arrotz eta lekuz kanpora.

        Eta konputagailuen garaia eguzki honi arrotza balitzaio moduan, hemen barruan ez da fitxategi informatizaturik. Denak kartoizko fitxa zaharretan segitzen du. Jose Martiren hatsa, fisikoki, guztiz gertu bizi dut.

        Konputagailurik? Ez eta behar ere. Ez behintzat harrera-mahaietako emakumezko langileak seme-alaba eta guzti etorri ahal diren garai honek irauten duen artean. Bestela, atsegin itzela da hemengo trigueña horiei begiratzea, eta areagokoa horiei liburuak eskatzea eta atzera itzultzera etortzea. Bilatzen dudana zer den zehatz ez dakidalarik, joan-etorrietan ematen ditut hemen egunak, Kubaren XX. mendeko historia liburuetan galdurik.

        Galdua baina ez itoa, halako batean datu xume bat agertu zait. Pako Garairi buruzko datua da, bihotzak kolkoan gora egin dakidan eragin didana. Pako hobeto ezagutzeko dokumentu bikaina da.

        Pako Garairen berri lehenengoz Alberto Barandiaranek Euskaldunon Egunkarian argitaratu zuen lanaren bidez jakin nuen. Lan hori gero nafarrak Gaizkileen Faktoria edo Hemingway euskaldunen artean liburuaren bidez sakondu zuen. Bada, lan horiek irakurtzean pertsonaietako batzuen bizitzan hura joan zena baino harago joateko gogoa egin zitzaidan. Barandiaranen lanekin zordun, harexengana jo nuen, nire bidea urratzen hastekotan nintzelarik.

        —Hemingwayri buruz gehien dakiena Pako Garairen alarguna da; Jeanette Hohberger —idatzi zidan, haren izenaren eta telefono zenbakiarekin zetorren gutuntxo batean.

        Bigarrenez deitu nuenean Jeanettek berak hartu zuen telefonoa.

        —Hemen Jeanette, esan, nor da? —sendo hitz egin zidan, gazteleraz.

        Nire asmoa azaldu nion. Abenduko egun jakin baterako hitzordua finkatu eta haren etxera azaldu nintzen, Gasteizko Gaztelako Atea kalean.

        Haraxe joan, deitu, igo eta atea zabaldu dit emakume irribarretsu batek. Kafea, pastak, tea, zer nahi dudan eskaintzen dit. Kafea hartuko dudala diotsot. Egongela handia da, eta zabalak leihoak. Kanpoan lamera ikusten da, eder.

        Kuban hogeita hamar bat urte egin ondoren, Iraultzaren osteko halako batean Gasteizera itzuli zen Jeanette. Harrezkero berton bizi da, akorduez inguraturik. Hortxe du horman eskegita Deustuko Unibertsitatean ingelesa irakasten zuen garaiko irakasleen zerrenda, bera tartean delarik. Eta leihoaren alboko horman badu halako beste koadro bat, argazkiz osatua. Gure historia honetako protagonista gehienak horrexetan dira. Argazkietako batean Andres Untzainen irudia nabarmendurik da.

        Elkarrizketan zehar Jeanettek bere barruko hariari eutsi izan dio, eta akorduak gogora ekarri, horrexen logikaz ekarri izan ditu. Nik nire aldetik ez dut hari hori eten nahi izan. Bere modura gogoratzean ageri duen atsegina etetea izango zen.

        Jeanetteren gaztelera ingelesetik hona iragaziz datorrela igartzen da. Tarteka kubatar kutsua ere badario, ostera, eta tarteka o.k. batek berresten du haren amerikartasun betea. Dena dela, etxe honetan azentuak ustekabekoen kutxa dira. Elkarrizketan oso aurreratuta gaudelarik semea, Pakito, etxean agertu da eta, horrek bai kubatar kutsua berbakeran. Bestela, kafea ekarri digun berrogeita hamar bat urteko iritzi diodan beste emakumeari ere latinoamerikartasuna dario. Elkarrizketaren ostean hori nor den galde egiten ausartu naiz.

        —Emakume hau —diost—, Durangoko pilotari ospetsu Ibarrarekin ezkondua da. Berton bizi dira, Gasteizen, baina Jakartan elkar ezagutu zuten. Gizonak zesta-puntan jokatu, ikusi ditudan gehienak bezain ondo jokatu izan du.

        Azken esaldi horretan emakume jatorriz anglofonoari Kuban eman zituen urteak eta han ikusi zituen pilota partidak ugari izan zirela igarri diot. Partidak ikusi, Ameriketako beste leku batzuetan ere ikusi zituela diost, lekuen izenak aipatuz.

        Elkarrizketaren harira itzuliz, nire asmoa Hemingway eta hark Kuban lagun izan zituen euskaldunei buruzko narrazioa idaztekotan nintzela azalduz ekin nion, narrazioaren helburuetako bat Andres Untzainen bizitzaren pasarte batzuk argitzea zela azpimarratuz.

        —Unzain! —haren akordua ez zaio bat ere ezabatu—. "Abade gorria" zeritzen.

        Urduri nago, eta hunkiturik. Andres Untzainen harira, haren herrikoa, Mundakakoa naizela diotsot. Orduan berak Mundakako nor ezagutzen duen diost. Bost orduko elkarrizketaren hasiera da. Gairik gai jauzi eginez hitz egin dezan utziko diodala erabaki dut. Bost orduon ostean Jeanettek bere jatorriaz hitz egiten dit. Baltikoko judu familia batekoa da. Eta, hobe ez, Pako Garairi buruz ere hitz egiten dugu. Barandiaranen liburuan dagoen haren argazkia erakusten diot. Pako kamerari lepoa emanda badago ere ezagutu egin du.

        —Egundoko gizon eskulaburra zen, baina jende ona —buena gente, dio, argazkiari begira—. Argazki hori Finca Vigían egina da, ziur.

        Erantzunaren lehen parteak harritu egin nau. Pako Garai, Kuban 1907ko abuztuaren 13an jaiotako euskalduna, Habanako aireportuan mugazainen buru egon zen, 30 eta 40ko urteetan. Elkarrizketan aurrera egin ahala Jeanettek senarraren beste datu edo alderdi batzuk aipatzen ditu, baina ez lar. Nondik nora elkar ezagutu zuten, adibidez.

        Elkar ezagutu, Floridan, Miami Beach delakoan, ezagutu zuten, 1934an. Gero 1935an emakumea Kubara joan zen, ezkontzera. Seme bakarraren haurgintzan zelarik, Gasteizera etorri zen erditzera. Hemen jaio zen Pakito. 1936an.

        —Pako Miamin, nondik nora? —nik.

        —Erbesteraturik zegoen —begira geratu natzaio—. Nire Pako Kubako historian dago, Gibarako espedizioan parte hatu zuen-eta.

        Eta hara non, 2002ko apirilean, Habanako Biblioteka Nazionaleko liburuetako batean hantxe nuen Pako Garairen izena, eta irudia ere. Emilio A. Laurentek idatzitako De oficial a revolucionario —Ofiziala iraultzaile bihurturik— liburuko El combate del Gibara atalean. Liburuan, hortxe dago Pako Garai, argazki eta guzti. Egia zioen Jeanettek, bere laurogei urteek oroigailuan hedaturiko laino guztien gainetik.

        Pako Garai ageri deneko argazkia Ilse Wormaner izeneko ontzian aterata dago. Pako zertan ari zen hor, Emilio Laurentek kontatua da, aipatu liburuan.

        «Castillo del Príncipeko ziega batean bertan behera botata eta, beraz, kanpoko ezeren ez-jakitun egonik, eta gerta dakizkidakeen edotarikoen jakitun, gertaeren kontaketa labur baina era berean egiazko honen idazteari ekin diot, horretarako dudan zio bakarra delarik iragan abuztuaren 17an Gibaran lehorreratu zen espedizioari gertatu zitzaizkion nagusienak ezagutu daitezen gogoa».

        Horrela hasten da Emilio Laurenten kontaera, eta jarraitzen du esanez Ilse Wormaner ontzia itsaso handitan zela, New York aurrean, 1931ko abuztuaren 12an, karel artean 37 zazpi gizon zirelarik, geldi. Gizonez gainera gerra materiala zuten karel artean, hori ere geldi, Kubarantz noiz abiatuko. Horretarako buruzagiak eta beste batzuk ontziratzea, besterik ez zen falta.

        Haatik, ontzian aztoraturik zeuden, amerikarren beste ontziren batek bertan harrapatu eta espedizio osoa galaraziko zuen beldurrez. Espedizioaren helburua Machado diktadorearen erregimena behera botatzea da. Horrexetarako dira ontzian diren armak eta gizonak, Kuban beste gizon batzuek itxaroten dituzten beste arma batzuekin batera. Gizon horien artean Laurent beraren moduan militarrak direnak ere ez dira falta.

        Hilaren hamabiko iluntzean New Yorkeko portuaren kanpoaldean ziren matxinatuei irratiz gaztigatu zietenez, alferrik zen han itxarotea; matxinadaren buruzagiak ez ziren ontziratuko. «Errepublikaren luze-zabalean —zioten gero mezuan— iraultza lehertua da» —eta horra enbidoa!—. «Ilse Wormaner-en ontziraturik direnek eurek erabaki beharko dute zer egin, baina Kubara egitekotan Gibara izan liteke irlan lehorreratzeko portu egokia». Enbidoari hordagoa joz, aurrera egitea erabaki dute hogeita hamazazpi gizonek aho batez.

        Han ziren gizonen artean, geroago argituko denez, Pako Garai zen. Hain zuzen ere, Pako Garay —horrelaxe idatzirik— ageri deneko argazkian bera eta beste batzuk Thompson taxuko metrailadorea frogatzen ari dira, karelaren gainetik itsasora tiro eginez. Pakok, besteek legez, irribarrea du ezpainetan.

        Irribarreak ez zien luzaroan osorik iraungo espediziokideei. Hilaren hamazazpian, goizeko hamaika t'erdietan, ontziak Gibarako moilara jo zuen. Bidean, Laurentek dioenaren arabera, «aberria gorriz estalarazi duen iraultza guk hartan parte hartu gabe amaitu izana» ei zen beldurra eragin zien bakarra. Laurentek egoki iritzi zion lekuari.

        «Gibara herriak —idatzi zuen Laurentek lekuaren egokitasuna azaldu guran— urak ditu mugakide iparraldean eta ekialdean —itsasokoak eta badiako urak, hurrenez hurren— eta mendiak ditu hegoaldeko eta mendebaldeko mugarri. Hegoaldera bidean Gibara-Holguin trenaren tunela dago».

        Gibaran lehorreratu ziren, bada, eta Laurentek lehorreratuen gaineko agintea hartu zuen. Zazpi edo zortzi gizon ontzian gera zitezen agindu zuen; berak, besteekin eta Lewis etxeko hamabi metrailadore portableekin, talde multzo bitan banatu ostean, herrira jo du.

        Operazioa, akademietan erakusten zenaren ildoari jarraituz egin zen. Tren geltokia, telegrafoaren eta telefonoaren etxea, bideak eta herri inguruko goialdeak menderatu ostean gerra materiala ontzitik lehorrera ateratzeko modua dagoelakoan, hara non gezurra den irratiz iragarri dietena. Ez da iraultzarik. Ez Ekialdean ez Camagüey inguruan, ez da inon altxamendurik izan, eta irlako beste bazterretan izan direnak armadak zapuztu ditu. Berandu iritsi dira! Beste porturen batera joan daitezkeen eztabaidatzen dute.

        Emilio Laurentek aurrera egiteko agindua ematen du. Metrailadoreak ontzitik atera eta herritarrei banatzeari ekin behar diote. «Gure azkenak hemen egin behar dik» dio pentsatu zuela Emilio Laurentek. Hirurak aldera tiro-sua egiten diete.

        Egun hartako iluntzean beste 250 gizon bildu zaizkie, Manuel Balanen aginduetara. Matxinatuen deiari erantzun dioten bakarrak dira. Aurkarien indarrak, ostera, gero eta ugariagoak ziren. Horretara, Sierrara egin ez egin egon ziren.

        Batailaren gorabeheretan luzatzen da gero Laurent liburuan. Kontua da, aldiz, Machado diktadorea lekutik kentzeko ahalegina odol-bainu huts bihurtzen ari zela. Bala zaparradak, kanoikadak, alde guztietatik datozkie. Gibarako hartan artean bizirik ziren matxinatuen aurrean Laurentek heroiarena egin nahi izan zuen. Horrela, matxinatuek beren buruzagia errepideko lehengo bihurdura beste aldean sartzen ari zela ikusi zuten. Bala zaparrada itzela zen. Ez zioten beste bost segundoko bizitzarik fio. Eta hala ere iskiluei jo eta ke, sua atera beharrean jardun zuten, harik eta trena, iraultzaileek Holguinen ikusi gura zuten trena, abiatu egin zen arte. Horren ostean Gibarara itzuli ziren.

        Bala haiek ez zuten Laurent akabatu. Haatik, trenera iristea lorturik, hura etsaiei oldartzen die:

        —Su, t'aurrera! —oihu eginez.

        Etsaiak gehiago ziren, ostera. Gehiago gizonetan eta gehiago armetan, esan nahi da, ezen ez kemen eta adoretan. Beste makina bat aldiz kontatu izan den halako beste edozein porroten kronikaren berdintsua da harrezkerokoa. Iraultzaileek, prakadunak direla egiatan erakutsita, eta Errepublikaren Armadak inguraturik, atzera egin behar dute.

        «Egoeraren larria ikusirik, atzera Gibarara jotzea erabaki nuen» —dio Emilio Laurentek—, «baina gizonen morala behera eginda zegoen. Soldadu bakoitzaren atzean ofizial bat beharko zen, ihes egin ez zezaten. Eta ezin. Soldaduok isilean alde eginez zihoazen».

        Emilio Laurenten gizonek errefortzuak behar dituzte, baina ezin horiek lortu. Matxinatuei armak noiz, zelan eta zeren truke errenditzea geratzen zaie, ez besterik.

        «Gibarako atzeguardiako konbatea izan zen, ezinbestez galdu beharrekoa. Ez zen posible hogeita hamazazpi gizonek Kuban lehorreratu eta erregimena behera bota zezaten». Emilio Laurentek ez zuen Gramma izeneko ontziarena aurreigartzen jakin.

        «Espediziokide denek bulartsu jardun zuten. Garaileek ez ei zuten gehiegikeriarik egin, ez eta garaituek erregurik». Halaxe amaitzen du bere kontaketa Emilio Laurentek. Bada, garaituen artean izan zen Francisco Garay.

        Menturaz, Gibarako porrotaren ostean Pako Garai kartzelan preso sartu zuten. Bi urteren buruan, libre berriro, Miamira erbesteratu zen eta, han, Jeanette ezagutu zuen. Handik denbora batera emakumea Kubara joan zen, Pako bulartsuarekin ezkontzera. 1935an izan zen hori, hots, Indalexio Tribisarrosperen irudia, olioz margoturik, mihisera iragan zen urtean.

        Baina 1931ko hartara itzulita, Pako Garai eta Gibarako besteak kartzelara bidean ziren artean, lau Hemingwaytar Espainia aldean dira; hain zuzen ere, Ernest bera, honek lehenengo emaztearekin egin zuen lehenengo semea —1923ko urriaren 10ean jaiotako John Hadley Nicanor «Bumby»—, bigarren emazte Pauline eta, laugarrenik, honen eta Ernesten semea den Patrick, ekainaren 28an hiru urte bete berria.

        Pako eta Ernestoren bideak, bide hain bestelakoak, elkar gurutzatu gabe ziren, artean. Gurutzatuko ziren, bai, Jeanettek azaldu zidan moduan. Hari hori geroagorako, honaino oraingoz Jeanetterekin izandako elkarrizketa, eta honaino Kubako Biblioteka Nazionalekoa.

        Kubako Biblioteka Nazionaletik irtetean, poza bihotzean kabitu ezinik, norbaitek galde egin zidan: «Where are you from?»; galdera horri erantzun ostean —sozialismo errealaren mirariak—, hantxe amaitu ziren nire bisitaldiak Kubako Biblioteka Nazionalera. Ez, ostera, Hemingwayren Kubako lagun euskaldunen arrastoaren bilaketa, ez eta haren pausoen kontaketa.

        Zeregin errazagoa, Ernest Hemingwayren pausoen kontaketa, ze orduko denen irudia itzal bilakatuz eta galtzen joan bada ere, itzalen artean ere badira biografiadunak eta badira biografia gabekoak. Horretara, badakigu 1933an Ernest biografiaduna Bilbora etorri zena.