Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Juan Duñabeitia

1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

 

Beste batzuek idatzi izan dutena ukatuz, 1937ko maiatzean bere Spanish Earth utziko duenez geroztik Ernest Hemingway ez da, harik eta uda igaro arte, hara itzuliko.

        Bada, ez da 1937ko hartako uztailean Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian —azken horretan uztailaren 4an— egitekoa den Idazle Antifaxisten Nazioarteko II. Biltzarreko batzarretan izango, Biminin baino, arrantzan, idazten eta eguzkitan.

        Biminin aurrera atera ezin duen nobelaz gogoeta egiten du, sarriago, antza, arrantzan joan eta halakoetan ibili baino. Nobelak, aldiz, aurrera egin nahi ez eta, ekainaren 4an hantxe geratuko da Bimini, tarte labur baterako behintzat. Eta Biminin, hantxe geratu dira nobelarekin batera burukomin zaharrak ere. New Yorken egingo den Idazleen Biltzarrera doa. Urduri, aztoraturik, baina hitz egitera beharturik.

        Ez zuen jende aurrean hitz egiteko plantarik Ernest Hemingwayk. Hala ere, harako hartan ahots sendoz irakurri ei zuen zazpi minutuz luzatu zen diskurtsoa. Txalo zaparrada itzela jaso zuen, egina zuen ospearen neurriko hotsa, ospearen itzala maite ez ei zuen gizonak.

        Hemingwayk behin eta berriro esaten zuen gorroto zituela argazki-trafikoa, Hileko Liburuaren Klubaren argitalpenak edota egileari ospea eta fortuna ekar ziezazkiokeen film-egokitzapenak eta horiek denak gorroto dituela dio behin eta berriro. «Nire buruaren atsedenerako idazten dut», dio garai honetan idazleak. Baina egia dena da audientzia nahi duela, bestela nork adituko dio maitasunaz, fikzioaren izaeraz edo beste edozein gairi buruzkoan esateko duena.

        Berak esan zezakeenari audientziak aditasun pitin bat behintzat emango ziolakoan hitz egin zuen New Yorken. Eta faxismoa gezurra dela esan zuen. Eta Gernika aipatu zuen. Eta Bilbo ez zutela hain erraz eskuratuko iragarri zuen. Eta Biminira itzuli zen behingoan.

        Atzera Biminirako bidean hegazkinez, ekainaren 10ean Max Perkinsi hantxe bertan idatzi behar dio buruan mailua legez kolpeka duenaz.

        «Hegazkinean itzuleran natorrela ideia on bat izan diat, hiru istorio dituen nobela bat eta argitaratu gabeko materiala batera ematea, omnibus modura —diotso Max Perkinsi—; liburuaren titulua, behin-behinekoa, To Have and to Have Not dateke, eta hortxe lirateke «A novel, three stories, an article, a newspaper (or Some News Dispatches), despatch and a speech» —nobela, hiru istorio, artikulu bat, egunkaria (edo Zenbait Kronika Berri), kronika eta mintzaldia— denak Ernest Hemingwayrenak.

        Idazle profesionalaren tema eta sorra du Ernest Hemingwayk, areagoturik gainera. Alegia tarteka-tarteka argitaratu beharra du, plazako argitara aterata ernaltzen baita liburu azpietatik dirua. Eta egia esan, 1929az geroztik egiten duen bizimoduarekin dirua behar du, bestela ezin handikeriei eutsi.

        Max Perkins argitaldariaren erantzuna ekainaren 17an idatzi da. «Dear Ernest —diotso—: Mintzaldia ezin izan diat gaur arte jaso, baina honezkero aire postaz igorria duk. Izan ere mintzaldia izan duk hire planaren alde erabatekotasunez hitz egitea eragozten izan didana, beste zeingura aldetik begiraturik horren aldekoa naizen arren. Liburuan mintzaldia sartzea, zergatik-eta egina delako, besterik gabe, liburuari miscelanea —nahaste-borraste— kutsua ematea litzateke. Nahiago nikek hori kanpoan uztea. Irakurri berria diat, eta egin izan denerako egokia zuan, baina eguneroko gertaeren harira egina duk Bilbori buruz eta halakoez mintzatzen denean bezala (...) berriz, The New Republiceko artikuluak, egunerokoen harira idatzia bada ere, maila jasoagokoa duk eta gertatuak egiaz zelan gertatu ziren pentsarazten dik».

        "Gertatuak egiaz zelan gertatu ziren" Ernest Hemingwayren esaldi kuttunetakoa da. Haren prosaren helburu nagusia batzuen ustez. Eta gauzak Bilbon zein bidetan sartuta datozen, bada, Ernest Hemingwayk Cornegie Hall hartan esan zuenaren iruntzitara datoz.

        «Porrokatuak izan dira Parque del Oesten, porrokatuak izan dira Pradon, porrokatuak izan dira Carabanchelen, porrokatuak izan dira Jaraman, porrokatuak izan dira Brihuegan, eta Cordoban —letaniazko poema sutsuenaren airea bota zuen—, eta borrokaz geldiarazi zaie Bilbon».

        Horrelaxe esan zuen Cornegie Halleko hartan. Orain berriz, Bilbo jaustekoan da eta lagun eta argitaldari Max Perkinsek zuzen dio. Zertarako sartu laster-laster zahar geratuko den diskurtso hori liburuan.

        «Gauza bat da Gernika suntsitzea —hor aipatu zuen apirilekoa Ernest Hemingwayk— eta beste bat Bilbon hartu guran huts egitea». Bada, biak ere biak eginak dituzte the totalitarian fascist haiek, beraren hitzetan esanda. Baina maiatzaren batean omenaldia egin ziotenean Bilbokoa gertakizun zen, eta Cornegie Halleko diskurtsoa egiteko tenorean ere gertakizun zen, eta hura —Bilbo galtzea— sekula gerta ez zedin lanean ziharduten batzuek.

        Errepublikaren aldeko egunkariek ahalegin horretan izaniko bozkarioa aldarrikatu zuten, maiatzaren lehenean bertan. «España itsas-lapurra betiko hondoratuta geratu da» dio maiatzaren bateko Eguna euskaldunak, esate baterako.

        Berri pozgarria da hori —gerra ez dugu galdurik!—, itsasoaren eta itsasontziaren neurriak ezagutzen dituztenentzat batez ere. Hala nola Juan Duñabeitia de la Mota kapitain harentzat.

        1937ko maiatzaren batean Juan Duñabeitia de la Mota bere lantokian da, Egunak berak «Laterri guztietan gaurko eguna handikiro ospatuko d(el)a» idatzi duen arren. Ez du horrelakoetarako tarterik gizonak. Beste zeregin batzuen artean, Euzkadi'ko Jaurlaritzako Erri-Itxaskintza-Oro Artezkaritzako Seccion de Comunicaciones y Personal —azken hau erdaraz— dioen zigiluaren marka ezarri dio Tiburtzio Izagirreri buruzko txostentxoari.

        Gazteleraz idatzia, txostentxoak dio, ba ze, gizon hori «mugimendu subertsiboa hasi zenez geroztik gaurdaino Itsas Zaintzako Zerbitzuan izan d(el)a, Behin-Behineko Kide legez, eta oraintsu egin den mobilizazio nagusirako deialdiaren kariaz lerroetan —filas— sartu den arte hor izan d(el)a».

        Juan Duñabeitiak uste duen moduan Bilbok eutsi egin behar diolakoan diren denek beren indarrak batzen dihardute eta, hortik mobilizazio deialdia. Beranduegi beharbada. Denbora geldiarazi nahi lukete legezaleen aldean, baina denborak aurrera egiten du, eta egutegian orriak jausten dira, izerditan, odoletan, denbora geldiarazteko ahaleginaren ahaleginaz bera ere izerditan dela ematen dielarik. Hainbesteko ahalegina egin, eta zertarako. Maiatzaren batean zigiluaren harramazka ezarri dio Juan Duñabeitiak ekainaren bikoa baino paper nekatuago bati, eta haren azpian sinatu du, beti bezain dotore: Juan de Duñabeitia.

        «Ohore du honen atzean idatzirik —dio— Itsas Zaintzako Kideen artean azken mobilizazio deialdiaren kariaz —horrelaxe idatzi du, azken mobilizazioa noiz deitu duten zehaztu barik, gogoratu ezinik beharbada, edo paperen artean begiratzeko nekatuegi, nork daki—, baja direnen izenak ematea, berorrek Sailburuordetza horretan lan egitera igaro daitezen gura baleza ere —Jefatura de Marina del Departamento de Defensa delakoari diotso—, zeren eta Zaingo honen ardurapean izan diren denboran diziplina-sena erakutsi baitute, legez sortua den Erregimenari ere atxikimendua erakutsiz».

        Gerora, dokumentu hori arriskutsu bihur dakieke atzealdean aipaturik dakartzan Damian Santamaria, Patricio Gutierrez, Juan Aldecoa, Jose Egaña, Jorge Gutierrez, Martin Lopez, Leon Zaballa, Dionisio del Campo, Alejandro Llanos eta Antonio Bustingorriri. Hori gerora. Ze gerra ez dago oraindino galduta. Juan Duñabeitiak bere ekinari jarraitzen dio. Ekainaren 3an paper berdintsua sinatzen du Francisco Uriarteren kariaz. Eta gero, isiltasuna. Juan Duñabeitiaren beste paperik ez da. Agian beste paper denak airean dabiltzan liztorren suak erre ditu.

        Bitoriano Ormaetxea orduan hamasei urteko mutilak liztor horien berri, uretan hedarazten dituzten itzalaren bidez eta airean sorrarazten ikara adituz ikasten dihardu, Aintzatasuna ontziaren karelen artean, artega.

        Mundakatik Bilbora esperantzaren bila joandako Aintzatasuna, ekaineko egunokin, Bilboko ibai zabalean gora eta behera dabil. Goranzkoan, hutsik, udaletxea baino goragoko nasetara doa, eskutrapuzko zakuetan harea sartzera. Horretan ahalegintzen dira harea azpietan arrantzarako bita batzen usaturik diren arrantzaleak, zakuak betetzen. Beheranzkoan, hareaz beteriko zakuokin kartoletaraino enbarkazioa, udaletxe aurreko nasara datoz, eraikin horixe babesteko dira-eta mozolo-itxurako zakuok. Tarteka, alarma adarrak jotzen du —hegazkinak!— eta Aintzatasunako lemazainak gertuen duen zubipera egiten du. Badaezpadako babes horretatik liztorren itzalak igartzen dira, uretan laban eginez. Eta gero bonben eztanda dator. Bitoriano gazteak harrabotsaren eskolan ikasten du aterpean isilik egotearen balioa.

        Eta zakuak eta enparauak ezertarako ez direnean, Gudarosteari Santoñara egiteko agindu zaionean, haraxe joan da Aintzatasuna, haraxe beste asko. Beharbada Juan Duñabeitia bera ere bai. Nora bestela? Santoña itsasoa da, eta itsasoa beti da atea, sekula itxi ezin dena. Batzuk ez dituzte preso hartuko faxistek.

        Faxistek, Bilbon sartu direnean, pertsonak eurak baino askoz gehiago sartu dute preso. Egia sartu dute preso.

        Uztailaren 8an Bilboko lehenengo alkate faxista ofizialak, Jose Maria de Areilzak, Ernest Hemingwayren beste haren antipodetako diskurtsoa egingo du, Falange Española Tradicionalista y de las JONS izen luzekoak Coliseo Albia antzokian, «En homenaje al glorioso Ejército y milicias nacionales a beneficio de las obras de Auxilio Social» delako ekitaldian.

        «Que quede esto bien claro: Bilbao, conquistado por las armas. Nada de pactos y agradecimientos póstumos. Ley de guerra, dura, viril, inexorable. Ha habido, !vaya que sí ha habido!, vencedores y vencidos. Ha triunfado la España una, grande y libre; es decir la España de la Falange Tradicionalista. Ha caído vencida, aniquilada para siempre, esa horrible pesadilla siniestra y atroz que se llamaba Euzkadi».

        Uztaileko hori izan denerako Juan Leon Kruzalegik eta familiak Pirinioak zeharkatu dituzte, hunkiturik, bihotza begietan, ordu larri horietan gizonak idazten diharduena horren lekuko.

        «Bide hartan gora egin ahala —dio Kruzalegik, oraindino argitaratu gabe segitzen duen autobiografian—, malkar artean desagertuz doan beste edozein bidetan bezala, ez zegoen bidearen luzeaz jabetzea eta gero eta hozkirriago zegoen. Ni neure lurraldean nintzen. Hango goietan izatea, nahiz dela Kataluniakoetan, nahiz dela Aragoikoetan, nahiz dela Baskoniakoetan, nahiz dela beste aldeko Frantziako goietan, berdin da: Pirinioetan izatea da. Piriniarragoa izan eta orduan eta baskoagoa».

        Tartean, Pirinioek mendebaldean ertz duten Kantauri luze horretan gora eginez, Bitoriano eta Aintzatasunako besteak Bordelera iritsi dira.

        —Oi Burdeos —oraindino gogoan du Bitorianok hangoa—, Habana korreoa han, eta han zubian kapitaina, mundakarra.

        Gerrako ezbeharren erdian orduan han izan zen gaztearen bihotzeko poza igartzen zaio Bitorianori. Herriko bat ikustean halako alaitasuna egin zaio bihotzean, halako jagitasuna ariman. Eta handik goitik mundakarrak, gero, han behean ikusi dituen herrikideei ezagutu keinua egin dienean. Txo! eta A gizon! Aldarriak etorri dira, eta une batez ez da gerrarik haien begietan. Ontzi handikoak eta txikikoak elkarren itsasargia dira, elkarrentzako euskarria.

        Bordelen bertan, hantxe nonbaiten, Santoñatik ihes egitea izan duten ontzietako batean, Juan Duñabeitia trebeak ere Habana korreoa ikusi du, eta itsasontzi itzelak askatasuna promes egiten diola begitandu zaio. Zirkuan legez kaleetan ere egundoko bolantinak, jauziak eta biribueltak egiten izan dituen gizonak hantxe uretara must egin, itsasontzi handi haren pareraino uger joan eta ainguraren katean gora katuak baino malguago egingo luke. Ezin baina. Enbarkazio txiki, ez hain txiki eta handi gutxi haien anabasan bihotzak besterik diotso. Lehorrera egin behar da. Elkartasunaren ordua da.

        Hirurogeita bost urte geroago, 2002ko udaberri gozoan eta Mundakako kresal usain isilean, miliziano ibilitako Jose Marik ere gogora dakar egun haietako zigorra. Berak Frantziara egin gura izan zuen, Bitorianok-eta baino beranduago. Santandertik erretiradan, hain zuzen.

        —Sanandertik erretiradan gatozela —ez dute Santander esaten, Sanander baino, herrian—, hara han batela, eta han kosteroa hondeatuta, harago. Atraka bertara guk, eta hangoak esan «Esto es para la primera de acción» eta guk, «Somos la segunda de accion», eta enbarka! Handik Frantziarako esperantzeagaz gu, eta umeak eta andreak ere han, esperantza horregaz, eta orduan non datorren teniente coronel Angulo —denok ezagutuko bagenu legez dio izena Jose Marik—, eta lehenago komisario politikoa egondakoa be, Etxebarria izeneko bat. Gero, goizaldeko ordu batean edo, Sanandertik irtenda gagozela, aleman barku batek harrapatu geu. «Pongan rumbo norte, paren máquinas y sigan mis aguas».

        —Entregatu egin gintuzten —dio gero, argibideak eman aurretik—. Cerverak harrapatu gintuela esan eurek, baina alemana izan zen hura. Santurtzin hiru egun itxaroten, jateko barik, edateko barik, andreekin eta umeekin. Eta Etxebarriaren gorputza be hantxe. Pistola bat kendu zioten, baina beste bat zeukan eta... Guk esan, ez egiteko, umeak eta andrak han dagozela, baina ezetz berak. Fusilatu egingo zutela eta, beldurra hark.

        Ez diot haria harrapatu Jose Mariri.

        —Zer? —galde egin diodanean bekainen arkua biribilduz harridura erakutsi dit.

        —Bere buruari tiro egin zion Etxebarriak —nik zelan ez diodan ulertu lehenago—. Tiro hotsa portutik kanpora zegoela izan zen. Etxebarria zen, ez dakit zein batailoiko komisario politikoa. Hantxe egon zen gizona, ofizial italianoa etorri arte, jakinda gero juizioa izango zuela, eta, ba, ezin eutsi gizonak.

        Isildu egin da Jose Mari, bere buruaz beste egin zuenarena gogoan. Esperantza inoiz galdu behar ez den zera dela pentsatzen dagoela ematen du. Horixe behar zuen orduan berak, Santurtzin preso; itxaropena. Gasteizera eroan zuten, hantxe epaitzeko. Eta han dagoela, ustekabekoenean esperantzaren leihoa erdi ireki zaio. Epaiketaren aurrekoetan abokatu defentsore izango duena ezagutu du, hara, Mundakakoa da! Faxista, baina herrikoa.

        Tarte batez leiho hartatik sartu zitzaion argiak bizi izan zuen Jose Mari. Haatik, abokatu defentsore jardutekotan zen herrikide hura, faxista izanik ere Jose Mari bere alde egingo zuela ziur zegoena, frontera deitu zuten. Handik denbora batera hil zen. Mario Ordorika zuen izena.

        Ordura arte esperantzaren leihotik sartu izan zaion argia bertan iraungi zen. Abokatu berriak hogeita hamar urteko zigorra eskatuko du, tribunalak hamabi urte eta egun bateko iluntasunera zigortuko du eta, azkenean, sei urte eta egun baterakoa emango diote handik denbora batera. Zigorraldia betetzeko hiru urte falta dituela prisión atenuadan —presoaldi arinduan— jarriko zuten, Mundakan. Ordurako lanbrotan galtzen hasiak izango dira gerrako akorduak.

        Bitartean, uda gogor hartan, Ernest Hemingway penintsulara noiz itzuliko bizi da. Cornegie Hallen egindako hitzaldiak horretara behartzen du behinik behin.