Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Gigi eta Wolf Pack

1943ko uda / Karibea

 

Agirre bizkaitarraren bidaia izan zenetik hirurogei urte igarota, Floridako Key Biscayne horretantxe kalean biluzirik doala harrapatu dute adineko bat. Poliziek agian ez dakite baina, hirurogei bat urte direla, inguru hauexetan zoriontsu ibiltzen zen hori. Orain berriz horditurik eta burua galduta dabilela dirudi. Atxilo har dezaten nahi ez eta, gogor ekin die poliziei, ezetz, baketan uzteko.

        Atxilotuari atxiki zitzaizkion karguak ez dira larriak; kalean indezente ibiltzea eta atxilotua izateari erresistentzia egitea baino ez, azken hori bortxarik gabe izan dela aipaturik gainera. Hala ere kartzelara igorri dute, inor haren kargu egitera etorri bitartean behintzat.

        Bada, Miami-Dade delako kartzela barruan sartzean atxilotuari egingo zaion ohiko mediku-behaketak erakutsiko duen legez, hark guztiz burutua du sexu-aldakuntzari buruzko ebakuntza. «Ebakuntza —dio txostenak— gorputzez erabateko emakumea izateko helburuz egina izan da». Emakumeentzako kaiolan sartu dute atxilotua.

        Atxiloketa izan denetik bost egun igarota Miami-Dadera ez da inor agertu, lehen gizonezko eta orain emakumezkoa den horren galdez. Gorputza horrela eta burua antza ez oso bestela, bost egunon buruan, 2001eko urriaren batean, bihotzeko itzelak joko du eta, horra ezezaguna hilik.

        Key edo Cayo horietako giro berrian izaten diren kasu bitxi horietako bat, eta kito. Komediak, ostera, hildakoaren izena ezagutaraztean etorri dira.

        Bai, egia. Ez da edonor, duela hirurogei bat urte, mundua kasik bere osotasunean gerran sarturik zen 1942-43ko haiexetan, Karibe itsasoan inor ez bezalako askatasunez ibiltzen zen mutikoa, gero bere burua emakume gura izan zuena eta orain hilik dagoena.

        Seme jaio eta alaba umezurtz hil den horren bataio izena Gregory da. Haren aitak, bere lau emazteekin alaba noiz etorriko luzez bizi izan zenak, Hemingway etxe-izena eman zion. Hala da ze, hildakoaren albistea ematean, hedabideek, Gregory Hemingway gizonezko baten izena aireratu dute, eskandaluaren harriaren gainean joz tronpeta. Matxismoaren ikurretako bat izan zen Ernest Hemingwayren idazlearen semea, transexuala. Seme hark, aldiz, memoria liburu minberatu, zintzo eta aldi berean eskandalu-emailea utzi zuen askoz lehenago idatzirik eta argitaraturik: Papa.

        Liburu konplexua da Papa. Xamurra eta maltzurra, aitaren hutsaren minaz eta haren galeraren saminaz eta haren munduaren barne-oker zuzendu gura eta ezinaz diharduena, pilotarien eta haren arteko harremana aipatzen duen pasartean —lehenago hona ekarri den horrexetan— igartzen izan den legez. Tituluan hasita da horrelakoxea liburua.

        Papa titulua minberatasunez eta maltzurkeriaz ezarria da. Minberatasunez, idazlearen Hotchner izeneko lagun eta argitaldariak Papa Hemingway izeneko memoria-liburua argitaratu zuelarik, hari benetan "papa" esateko eskubidea hiru semeek, beste inork ez zuelako, eta horren harira, tituluak —"papa", abizenik gabe aipatzean— horixe aldarrikatzen duelako: semeetako batek —edo bik, edo hirurek—, ez beste inork idatzia dela. Bestetik, eta hemen dator maltzurkeria, denek Papa esan ziezaioten gura zuen hark bere larruko seme haienganako izan zuen jarrera konplexu, kontraesankorra eta, Gregoryrentzat behintzat, azken batean mingarria izan zen harexen kontaketa egiten duelako. Kontaketa horretan aparte aipatzea merezi du «Quixote vs. Wolf Pack» atalak.

        Imajinatu ahal izan duzu inoiz zure arrantzontziak, zeureak, bai, armaz egokiro horniturik eta eskifaia ausart baten eskuek gidaturik, nazien urpekariren bat hondatzeko gai izan litekeenik. Bada, utz nazazu denboran atzera egiten, 1943 urtera: otso taldeak isilpean ari dira itsaspeetan barrena, gainean nahiz inguruetan igarotzen zaien edozeri mehatxu eginez. Ondo. Baina ausartuko zinateke arrantzontziaz urpekaria harrapatzen? Ez burugabekeria galanta litzateke, ze nire ontzia hamalau oin luze da, 100 zaldiko Merc. makina du, eta beharbada ezin izango zenuke eskifaiarik ez armarik egokiro atondu. Bada, esan dezagun badela loterian milioi bat irabazi duen bat, arrantzalea dena, eta horrek bere ontzia hortxe atondu duela, uhin biko irratiaz, berrogeita hamarreko metrailadore biz, esku-granadez eta bonba galant batekin, azken hori eustoki bi duena delarik, ur-azalera agertu ahal izango den itsaspekoaren zubira jaurtitzekoa da-eta.

        Milioia irabazi duenez geroztik gizon horri lagun piloa hurreratzen zaio, pilo horretako batzuen asmoak oso ederrak ez badira ere. Orduan hautatzeko aukera badu eta, hor hautatu ditu atleta diren bi, lehergarria sub-aren dorrera jaurtitzeko gai; polo jokalari milioidun bat hartu du hurkotzat. Ez zaio ahaztuko irratia maneiatzen dakien bat hartzea, morse eta halakoetan gai ez bada ere itxurak egiteko behintzat. Zorakeria airea badu horrek denak baina, askoz harrigarriagoa da gertatu izana.

        Horrelaxe ekin zion Papa liburuan Gregoryk Q-boat legez jardun zuen Pilar hari buruzko atalari, horren ostean uda bateko itsasote horditua kontatzeko.

        Gregoryk kontaerari ekitean dioenez, berak hamabi urte ditu 1943an, aitak Kubako amerikar enbaxadorea Pilar ontziak zeregin hori bete zezakeela konbentzitu duenean. Udan anaia Pat eta biak Fincara oporretan etorri direnerako, berriz, Pilar atondurik zegoela kontatzen du. Orain arte hemen kontatu dena adi irakurri duenak antzeman bide duenez, kontaerak badu akats txiki bat, ostera; aitak enbaxadorea konbentzitu zueneko urtea 1942a da.

        Bada, litekeena da Gregoryri oroigailuak traizio egin izana, liburua idazteko tenorean behintzat, hori 1974an argitaratua baita, hots, gertaerak izan eta handik hogeita hamar urtera. Litekeena da, baita ere, berak aipatzen duen 1943 horretan barik 1942an gertatu izana liburuan kontatzen dena. Berdin dio.

        Gregoryk kontatzen duen legez, uda haietako goiz askotan aitzurrarekin jagiten zen hamaika urteko mutila zen bera, eta aitak zer esango eta hurrengoa esan ohi zion.

        —Ez duk itxura onik ageri. A gizon!, zerbaiten beherakadarekin-edo hago, ala?

        —Zerbait etorri zorian moduan nago, itsasoko larria banu legez.

        —Bloody Mary bat prestatuko diat. Ajea duk hik daukaana, besterik ez.

        Eta lasaiturik geratzen zen. Hamar edo hamaika urterekin hasi zitzaidan edaten ematen, nahi nuena bezainbeste, edateari muga non jarri jakiteko gai izango nintzelakoan, ni neu.

        Bihotz-heziketaren aldetik garrantzizko uda haietan, 1942koan zein 1943an, bietan ibili zen edanean eta Pilar ontzian gerla-jolasetan. Enbaxadak Pilar Q-ontzia 1943ko apirilerako itsaspekoen ehizean ibiltzeko patentea balio gabe utzirik duen arren hori. Datua FBIren txostenetan idatzirik ageri da.

        Bulegoaren txostenetan euretan aipatzen den moduan, ostera, patentea kendu zaion ontzia Navyk kontratatuko du gero. Zertarako, ez da txostenean ageri. Beraz, noren zerbitzuan ere ari ziren, Pilar Q-ontziko karelen artean urpekariak aipatzen dira, ziur baina ziur, 1943ko udan ere bai. Eta sinistu mutiltxoak.

        Denak ez dira hain sinesberak. Aurreko urtean karel artean sarturik itsaspekoen bilaketa horretan hastekotan izan zirelarik, lehorrekoen artean bazen bateau ivre harenak sinesten ez zituenik.

        —Eta lehergarriak huts eginez gero, zer, Ernest? —galdetu du Marthak halako batean—. Urpetik agertuko den dorrea Pilar baino handitxoagoa izango da-eta.

        Martyri (halaxe deritzo Gregoryk amaordeari) ez dio erantzuteko astirik eman.

        —Kitten —katutxo, diotso—, oporrak behar dituk hik. Goazen Guanabacoa aldera edo.

        —Zer uste dun? Gerrako gorabeherak ezagutzen ez ditudala, edo? Astia izan ninan ba horiek ikusteko, bai, medikuek gorputzetik berrehun eta hogeita hamazazpi, edo hogeita hamazortzi ziren? —maltzur galdetzen du Ernestek—, metraila zati haiexek gorputzetik ateratzen zizkidaten artean.

        —Bonbak huts egiten badu ez ditiztek hire berrehun eta hogeita hamazazpi zatiak denak aurkituko.

        Papa liburuan elkarrizketa hori idaztean, Aita Hemingwayk bere buruaz sortuko zuen legendaren hezurduraren lehenengo atala aipatu du Gregory sentiberak.

        Legendaren lehengo atal horrek —laburturik— dioenez, Ernest Italiara iritsia da 1918ko maiatzaren ekainaren 4an, Gurutze Gorriaren anbulantzietako gidatzaile jarduteko hain zuzen, eragotzi egin baitiote soldadu arrunt jardutea, eta behin gerra giroan delarik, hilaren 22an Fronte Lerroko soldaduei txokolatea eramateko bere burua bolondres agertu du; hortik lasterrera, uztailaren 8ko gauean, mortero-granada batek inguruan eztanda egin ostean hantxe egin ei zaio berrehunetik gora zauri, legendako lehen zauriak.

        Eskeleto-hezur galanta, Italiakoa. Gero Ernest Hemingwayk berak zabalduko zuen gerra hartan zauritu zuten lehenengo amerikarra izan zelakoa, legendaren eskeletoa osatuko zuen bigarren hezurra, besteak baino hagin askoz zorrotzagoak eskatzen dituen hezurra, hain zuzen.

        Hala da ze, Aitaren legendakoak hamaikatxo bider adituta dagoen seme kuttunak ez du haren izena mingostasunez kutsatu gabe inoiz aipatuko, liburuan behintzat. Eta behin baino gehiagotan gozotasun kutsua du mingostasun horrek. Adibidez, Aitak Marthari Pilar Q-ontzian eroan behar duten "U.S. naval attaché" Hammer delakoaren ateraldiak aipatzean amaordeak barre eragin duela kontatzen duenean.

        Semeak aitaren barrunbeak ezagutzen ditu. Pilar hartan itsasoa hausten egun bi eginak direlarik Gregorio Fuentesek «Arraina, papa!» aldarri egin duenean badaki hark hortxe geldi geratuko direna, harik eta arraina enbarkatu arte behintzat. Eta halaxe da. Urpekarien kontua bertan behera utzi eta arraina harrapatzeari ekin diote Friendless operazioko kideek.

        Urpekarien bila ibiliko ziren, duda barik, baina ehun eta lau urte bizitzekoa zen Gregorio Fuentesek ere polito ezagutzen du Ernesten ehiztari arima. Ezin izango ziokeen barkatu, sekula ere, 600 librako ezpatarraina harrapatu barik joaten utzi izan balu. Hortik semearen kontaerari darion gozo-mingotsa. Gaitz egiten zaio aitarenak sinestea. Haatik, huraxe du bere bihotzaren hezle nagusia.

        Gregoryren bihotz-heziketaren hariak Karibe aldean josten dira. Seiehun liberako arrain horrenaren hurrengo egunetan ontzikoek hor ikusiko dituzte marrazo itzelak, eta baita marrazo-balearen bat ere. Bada, azkenotako bat ikustean Ernestek ezin izan dio bere buruari gogoeta ozen egitea eragotzi.

        «Hirurogei oin luze duk hori; bilatzen dugun sub-aren tamainaren herena».

        Mutilak badaki bere kabuz ere begiratzen, aitzitik.

        «Biharamunean balea asesinoen sarda ikusi genuen» —idatziko du urteak geroago Gregoryk—. «Orduan ezin izan nuen adierazi, baina orain, denbora igaro denean, natura bere hartan ikustea izan zela esan dezaket».

        Paraje ederrak dira Kubako horiek, eta aitak gogoeta sakonak egin guran aipatzen dizkie semeei.

        —Herri honi begiratu eta duda egin dezakek Jainkoa badenetz, Gig?

        Banekien erantzunik itxaroten ez zuena.

        —Baina beste herri bat ere ikusia dut —esan zuen—. Jainkoak beharbada egun onak eta egun txarrak izaten ditik.

        —Jainkoari buruz txantxak egitea birao delakoan egon naiz —erantzun nion.

        —Barre franko egiten diat erlijio organizatuaz, ze ez diat sinesten Bibliaren bultzatzaileek Hitzaren ni baino jabeagoak direnik. Ez nikek barrerik egingo gure Jaunaz, esate baterako, bera Gurutzean balego, baina Haren txantxa egingo diat Hura diru-trukatzaileak tenplutik eragotzi zituenekoaz hitz eginez gero. Baina ez sekula txantxarik egin sinestunaren aurrean haren erlijioaz. Jende mordoak kontsolamendua erlijioan du-eta.

        Egunak, Kariben barna, filosofietan, arrainetan eta udatiarren aireko aisialdian doaz. Liburuak eta edatekoak badituzte, horietakoak urri lehenengoetan, urpekariak agertuko diren esperantza ez baitute galdu, baina gero, itxaropen hori galduz ahala, ugariago.

        Urpekaririk ba ote dabilen eta, baietz esateko, Ernestek eta besteek gorderik dute 1943ko maiatzaren 13ko albistea. Horren arabera Kubako gerraontzi batek, Ramirez baten agindupean dabilen CS11 delakoak, U-117 itsaspekoa hondatu zuen. Baina ez ur-azaletik hondora igoaraziz, urpekontzia murgildurik zegoelarik hiru bonba jaurti eta horietako batek bete-betean jota baina. Batistari ez omen zion graziarik egin. Ramirez kapitaina Habanara iritsi zenean egundoko zarata egin zioten behintzat. Gerran lege bakarra ez da etsaienak hondatzea. Etxekoenak ere zaindu behar dira.

        Kuban askok dakitena da Batista etxejabea alemanekin ere negozioetan dabilena, azukrea eta erregaia saltzen baitie. Eta hain zuzen ere, Sarearen zereginetako bat, esanda gauden legez, erregaien eta beste hornigaien joan-etorrien eta egoeren berri ematea da, gerra hasi denez geroztik behintzat. Zeren eta Sarea, honezkero behin baino gehiagotan esanda dagoen moduan, 1937az geroztik ari baita lanean, lan horren funtsa faxisten gaineko zaintza zorrotza izan delarik. Bada, nazien urpekariak inguru haietan dabiltzanez geroztik Sareak zaintza horri are zorrotzago ekin behar izan dio eta, horrela bada, Batistaren funtzionarioen ustelkeriaz ohartu da. Horretan bai, zerbait esan ahal dute Hemingwayren lagunek. Bestela, Pilar ontzikoek ez dute urpekarien gaineko jagoletzan lar aurreratuko.

        Q-ontzi legez atonduriko Pilar dotorean, 1943ko udan 1942an bezala, egunak korrontearen pare doaz, beti betikoan, urpetatik azalera ezer agertu barik. Haren aurrean eta eguenez behintzat. Gauez, ostera bai, agertzen bide dira itsaspekoak azalera, Gregoryk kontatuko duen legez.

        «Itsaspekoak hantxe ziren, gauez atzera eta aurrera irratiz hizketan aditzen genituen eta, alemanez, baina gutariko inork ganorazko alemanik jakin ez eta, gaitz ezertan lagundu ahal izatea. Eta, edonola ere, ez genuen haiek azalera irtenarazteko beharrezkoa zatekeen tresnarik. Itsaspekoak ez ziren ia inoiz egunez ur-azaleratzen. Eta eskerrak, jainko laztana».

        Behin ostera, irratiz hartu dute abisua, halako leku jakin batean kobazulo bat dela, eta hantxe ote diren alemenek Kuban bide dituzten armategi, bolborategi edo batez besteko gordetegietako bat, eta joateko. Hor garagardoa eta irlandar whiski ere ote dagoen dio Ernestek, barre egiteko gogoz.

        Urruneko arrainak hamahiru, bertaratu eta hiru, Pilar ontzia irratiz ohartarazi dieten koba harexetara hurreratu da. Han, Ernestek talde bat osatzeko agindua eman du —Intelligence Serviceko Neville buru, Ermua ofizial exekutibo eta Patrick eta Gregory semeak tropa— eta han joan dira laurak, kobazuloan barrena gero eta sakonago. Eta hain sakon ze, azkenean txikienak joan behar izan duen, tatarrez, koban barrurago sartzea ezinezkoa egin zitzaion lekuraino. Zertarako eta garagardo botila batzuk topatzeko. Gaitzerdi garagardo botilak alemanak izanez gero, diote euren artean, baduk eta horiek hemen izan direla froga nahikoa, hala ere. Eta izan ere garagardo alemaneko botilak izan dira Gregoryk bildu dituenak, baina Ameriketako Estatu Batuetan ekoitziak.

        Lanak Ernest aitak seme gazteena kontsolatzen. «Itsas Merituaren Domina eman diezazueten eskatuko diat, zuen eginbeharra egin duzue eta», diotse, bihozberaturik, koban behera ausartu direnei.

        Alemanak antzemateko esperantza zapuzturik negarra begi ertzean kasik, eskifaiaren gogoa —kontatuko du urteak geroago Gregoryk— behera dator.

        Etxerako bidean, denok gentozen urduri. Emakume ezak ni neu ez ninduen gogaitzen, eta ergelkeriatzat nuen beste denen hitz egiteko gai bakarra huraxe izatea.

        «Jainkoak zakik nik dudan Mariaren falta zenbaterainokoa den», zioen Patxik, jai alai jokalarietako harexek. «Hark benetan maite naik eta gauero errezatzen dik ni kalterik gabe itzultzeko. Santa hutsa duk, emakumea. Igandero joaten duk mezatara eta amaren arimaren alde ere errezatzen dik». Maria jai batean ikusi nuen eta, nire iritzirako, aurpegia lodi eta izterrak astun, puta zahar higatua besterik ez zen, nabarmen gainera. Baina Patxi harrapatuta zegoen. Pentsa, behin aseguru-poliza batez hitz egin zuen, esanez haren dirua, berari ezer gertatuz gero, Mariarentzat izango zela.

        Gregoryk sinesgaitz begiratzen die nagusien portaerari. Ezin jakin horiek benetan zertan ari diren. Etxerako bidean direla ja, ur-azalean topatu duten bakarra hor arrezifeetan arrantzan diharduen ontzi kubatar bat da, eta gelditzeko agindua eman du Ernestek. Zer arraioa, Zientzia Naturalen Museokoak dira, eta arrantza mota hori zertan den pittin bat ikasi eta hantxe pixka batean bazterrak nahasten ibili barik ezin etxerako bideari ekin.

        Arrezifeetako arrantza ikuskari bikaina zaio mutilari. Haatik, aitak eta besteek egiten dituzten egunonak, agurrak eta gainerako zeremoniak lekuz kanpo begitantzen zaizkio. Baina zer arraio, iluntzean elkarrekin trago ederrak joko dituzte-eta, hor bai anaia arteko giroa. Biharamuneko aitzurragatik ez balitz.

        Aitzurraren gogorrenean kamainetatik jagi berri, horra hor egunetan eta egunetan bilatzen jardun izan duten harrapakina.

        «Submarine! Submarine!», aldarri egin du batek.

        Ernesten erantzuna berehalakoa da; «batailarako moduan!», dio, ahots zirrista batekin. «Baina zabal hartu. Ez larritu. Saia zaitezte lasai itxura ematen. Ez dakigu horien binokularrak zein indartsuak diratekeen».

        Behin zubipean, uste dut, bizkor joan nintzen nire tanbutxutik Manlicher Schoenauer hura hartzera eta prest paratzera. Aita zutunik brankan zegoen, neure aurrean, istriborreko mandan, bere Lee-Enfield 303a prest paratzen. Elkarri begiratu genion, beldur izateko lar aztoraturik.

        Hummerrek marmarrean esan zuen, «Borrokatzea?, ba ez duk hori niri eman zaidan agindu deabrua». Baina azkenean bere lekura igo zuen.

        Bonba ordurako zubi higikorrean zen eta jai alai jokalari biak loturak askatzen ari ziren, hura jaurtitzekotan.

        «Kristo», esan zuen Nevillek, binokularrez begiratzen ziharduelarik, «gerraontzia bezain handia da-eta».

        «Baina ez zirudik handiago bilakatzen ari denik», esan zuen aitak, eta Nevilleri lenteak kendu zizkion. Segundo batzuk igaro ostean lenteak bertan behera utzi zituen.

        «Neville, hori ez zatorrek honantz. Gure honetatik urrun aldentzen ari duk», esan zuen, ahots hotz haserreaz, bere barrukoa menderatu guran. «Eta ez hori bakarrik. Abantean abiadan doiak alde hori. Gure gehieneko abiada hamabi korapilokoa duk. Horrena askoz biziagoa duk, ostera. Esan liteke orain gure aldean mila eta bostehun yarda urrun dela».

        Orduan aitak barre egin eta espainolez esan zion Patxiri, «Gai sentitzen haiz bonba mila eta bostehun yarda urrun jaurtitzeko?».

        Harrezkero inork ez zuen betaurrekoen beharrik, sub-a, kalma zurian zegoen itsasoan airos mugituz, bizkor-bizkor urruntzen zihoala ikusteko.

        Denak biraoka ziharduten. Patxik garrasi egin zuen, «Hator hona, eta borrokan egin, zuek, ama putaren larru-horiok».

        Horrezkero amaitzen doa Gregoryk 1943ko hartan egingo duen itsasotea, udan bitan bigarrena. Eta horrelaxe amaituko dira Felix eta Patxi pilotarien partidarik zailena izan zitekeena; pilota benetan atera gabe. Kontaerak, aldiz, beste hamar lerro ditu. Azkena argigarria da.

        Deabrua, ipini egidak gin eta tonic bat; ipiniko didak, Gig? Etxerantz goazak.

        Ez da argitzen Gregoryk aitari tragoa ipini dion ala ez dion ipini, eta berarentzat ere beste bat ipini ez ote duen.