Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Ernest eta Andresen arteko gutunak

1953-1954

 

Bere buruari barre egiten zekien Andres Untzainek. Herioren hotza hortxe belarrondoan igarri izanaren iruditzako El manisero se va —Badoa kakahuete-saltzailea— dioen kantu alaia aipatu zion Ernest Hemingwayri 1952ko gutunean. Andres Untzainek hil-haginekoaren egoeran Kubako aire herritarra aipatzean bere bihotz-barrukoaren erretratua utzi zigun. Abadearen sotanaren azpiko gizonak guztiz maite zuen kantuan jardutea, ondo jatea eta tentuz baina ezeri muzin egin barik edatea maite zuen legez. Hots, bizizalea zen, gutunean den martiniaren aipuak erakusten duen legez. Edo idazlearen azkenekoetara arte Finca Vigían lanean jardun zuen Fico kubatarrak lekuan bertan zuzenean neuri kontatuak adierazten duen moduan.

        «Abadea asteazkenero etortzen zen. Goizean nahikoa goiz izaten zen, Papak lanean ziharduen artean. Orduan hark lana amaitu arte itxaroteko, sofan etzan, zein nekaturik zetorren aipatu eta gosaldu barik zegoela esaten zigun Reneri eta bioi — Ficok, Mary Welshek bere How it Was memori-liburuan dioenez, Reneren laguntzaile jardun izaten zuen, lehenik eta behin, eta gero, 1949an, "borondatezko sukaldaria" izan zen Ernesten 50. urtebetetzean—. Bada, beti-beti ea sandwicha nahi zuen galdetzen genion, eta berak baietz —diost Ficok—, eta edateko ezer hartuko zuen, eta bloodymarya hartuko zuela, eta guk horrelaxe prestatu, asteazkenero. Eta umea izatea zer ote den —dio, irribarretsu—, halako batean Renek eta biok bloodymarya prestatzen dihardugula diotsot lagunari, Aizak, jatekoan betikoa baino tabasko tanta batzuk gehiago botako dizkiot, ze, ez zen asmo txarrez baina, han egoten zen, etzanda eta, umeen kontuak!, ziria sartu nahi izan genion. Hala da ze, eroan diogu sandwich bizi-bizia, eta bloodymarya, eta joan gara gure lekura, abadearen erreakzioa zein izango den itxarotera, bihurrikeriagatik aztoraturik. Minutuak igaroz doaz eta murtik ere ez abadeak, hala da ze, harengana noa eta diotsot, Zer moduz dena?, Besterik nahi du berorrek? eta non dioen berak, Beste sandwich bat, baina mesedez, honen berdin-berdina».

        Asteazkenak Finca Vigían egun sakratuak izaten ziren, hain segur. Halaxe irakurtzen da Ernest Hemingwayk Andres Untzaini 1954ko irailaren 20an egiten dion gutunean. Hona horren hasierakoa:

        «Don Black guztiz maitatua. Nahiago nuke hau hartzean berori sasoi onean balego eta berorren bihotz ospetsuak lanean segituko balu».

        Ernest Hemingwayk Andres Untzaini gutuna egin zionean abadea bizirik ala hilik ote zen jakin gabe idatzi bide zion, eta artean bizirik zena bazekiela emanda ere, idazleak haren bihotzeko gaitz fisikoak aipatzeak lagunaren akabera ez zuela oso urrun behintzat sumatzen pentsarazten du.

        Susmoak susmo, Ernest Hemingwayk bazekien zertan ziharduen. Aurreko urtean, 1953ko apirilaren 26an eta 27an hain zuzen, beste lagun bati —Alfred Rice izenekoari— idatzitako gutunean idazleak dioenez, «Don Andresen bihotza egoera larrian da. Honezkero ez da gehiagotan muinora igotzeko gai». Muinoa, agi denez, Finca Vigía ederra dagoenekoa da, Ficok eta biok kubatarraren urrats nekatuen diapasonak markaturik igo genuena, bera.

        Bestela, gutun berean eta abadearen bihotza aipatzen duen lerroa baino beste bat gorago idazleak «Sinsky egundoko sasoian» dagoela dio. Hala bada, Bilboko kapitain Juan Fructuoso Duñabeitia de la Motak, Finca Vigían bizi izaten segitzen zuen lehorrean izaten zen tarteetan. Adiskidetasun trinko baten seinalea. Baina itzul gaitezen gutunera. Ernest Hemingwayk agurraren lerro berean jarraitzen du idazten, makinaz:

        «Guk biok, hala nik nola Marik, damu handia dugu itsasontzia Genoan abiatzekotan zelarik zu ikusi ezin izana. Tragedia zen baina itxaropena dugu bidaiaz pittin bat behintzat gozatu ahal izango zuela berorrek. Aita Santua ikustean eman biezazkio hari nire goraintziak Finca Vigían diren fededunen izenean, baita Blackie, Miss Negrita eta Mr. Boisiren izenean ere (zakurren izenak dira horiek). Animaliek ez ei dute arimarik, baina aspaldi honetan niri giza-arraza ospetsuko partaideen apur bat gainetik direla ematen dit. Abereen arteko batek ere ez du, oraingoz behintzat, H bonbarik asmatu, ez eta, nik ditudan txostenen arabera, uranio-hobirik inon idoro izan».

        Gogoan harturik Ernest Hemingway 1954ko hartan Italian barna martxoaren eta maiatzaren 8aren artean izan zela, zalantzarik ez dago Andres Untzain Erroman tarte horrexetan izan zela. Zertan-eta etxera itzultzeko moduaren bila, hain segur, geroago argitu denarekin bat. Baina hari hori oraingoz hortxe utzirik, hona gutunaren jarraipena:

        «Hemen berririk ez. Ura ugari eta eguraldi zantarra, baina seguru nago Bizkaian jausten den ur guztiarekin ere, hor hemen baino hobeto dagoena berori. Jan bitza berorrek lanperna batzuk gure osasunean.

        «Sinbadek itsasontzi handiago bat dauka orain, Goetcheverria kapitaina jausi egin delako (kapitain hori nor zen, ez dakigu), eta oso ondo agintzen dabil. Honezkero txango bi osatu ditu. Bat Charlestonera eta beste bat Houston eta New Orleansera. Konpainiakoak guztiz daude pozik harekin eta ontzian ezer edan barik egoten da. Portuan ostera bai, edan egiten du. Ni neu ahalegindu izan naiz ahalik eta gutxien edan dezan, baina hari gaitz egiten zaio itsasoan ezer ez edatea eta gero lehorrera etorri eta lehorrean geratzea.

        «Baina gorputzez eta gogoz itxura ona ageri du, eta diru polita aurrezten ari da. Azken txangoan hona ekarri zituen Pako Garai eta Roberto el Monstruo, bata zamazain eta bestea ez dakit zeren legez erroldaturik. Horiek Houston, Galveston, Lake Charles eta New Orleansko buelta egiten dihardute. Ikusiko dugu ba zer datorren».

        Diodan bidenabar Ernest Hemingwayk aipatzen duen txango horretako argazkiak badituela Pako Garairen alargun Jeanette Hohberger andreak, hari egindako bisitaldietako batean argazkiok ikustea ukan bainuen. Baina orain ez da hori gaia, asteazkenak zer ziren argitzea baino. Bada, idazlearen gutuneko hurrengo lerroan Ernest Hemingwayk honela dio:

        «Hemen asteazkenetan beharrezkoa litzateke berori. Nire manager izpirituala barik gaitz egiten da».

        Zuzen ziostan Ficok Finca Vigíako muinora igotzen gindoazelarik. Asteazkenero joan izaten zen Andres Untzain hara. Eta biografoek eta Maryk berak erdi destainaz eta erdi irriz aipatzen dituzten abadearen sabel-zaletasunak baino harago, Andres Untzain idazlearen izpiritu-zuzendaria da. Eliza Katolikoaren arabera bekatuetan larriena den suizidioa egin zuen gizona, lur katolikoan ehortz zezaten tematuko zen haren laugarren emazte Mary Welshek ba ote zekien ez ote zekien bekatuaren xehetasun hori —ama Kristau Zientziaren elizako ekintzailea zuen—, Ernest Hemingwayren borondatea zein zen bazekien behinik behin. Ernest Hemingwayren azken nahia katoliko legez atseden egiten utz ziezaioten zen. Tamalez, Andres Untzainek ez zion esan ahal izango Mary Welshi norberaren buruaz beste egiten duenari, Erromako Elizak lur sakratua ukatzen diola, ordurako hila baitzen abadea. Idazleak bere buruaz beste egin baino urte batzuk lehenago, azken bihotzekoak eman zion Andres Untzaini. Bazkalostean, Mundakako Kasinoan lagunekin subastaua karta jokoan ziharduelarik. Izan ere, 1955eko ekainaren 24a zen, Donibane eguna. Bilbora eroan eta hantxe hil zen, biharamunean.

        Egia da, berriz, Ernest Hemingway bera zela 1954ko hartan hilik egon izan zitekeena.

        Urtarrilaren 23an, Afrikan barna safarian izan ostean, Entebbetik Murchison Falls izenekora hegazkinez zihoazelarik, Hemingway senar-emazteek istripua izan zuten. Munduko kazetek hildakotzat eman zituzten. Bizirik ziren ostera, eta gizonak zauriak sendatzera Italiara jo behar zuela erabaki zuen. Esan bezala, maiatza arte izan zen han, tarteka bihotzeko bere kutun Adriana Ivancich haren bisitaldiak izaten zituela ukendu eta laztan. Hain zuzen ere, apirilean Mary Welsh emazteak bere kabuz jardutea erabaki zuen. Hilabeterako alde egin zuen, lagunekin, Paris, Londres, Sevilla eta Ronda bisitatzera. Haatik, bien arteko harremana ez zen bertan amaitu. Maiatzaren 12an Madrilen zen Ernest Hemingway, eta hantxe bildu zitzaion Mary Welsh. Bada, idazleak abadeari idazten dion tartean senar-emazte biak elkarrekin dira. Horren berri ere ematen du gutunak.

        «Maryren aitak berdin segitzen du; dena dela gelak lortu ditugu erietxe moduko batean, Gulfporten, Miss (Mississippi) aldean, hor guztiz dago pozik eta eroso. Ni, egunetik egunera osasunaren aldetik hobera. Bizkarrezurra polito konponduko zaidala uste dut. Barruko beste kalteak egunez egun osatuz doaz. Ez gugatik larritu, ezta ezergatik ere, alde batera utzirik berori barik "finca" ez dela betikoa. Hor dena ondo joan ahalko zaio. Nire goraintzirik minenak lagun denei. Besarkada sendo bat berorren lagunaren aldetik».

        Horrainokoan gutuna makinaz idatzia da. Aldiz, hurrengo lerroan eskuz idatzirik dator «Vuestro» hitza, eta beherago «Mister Papa» sinadura irakurtzen da. Azkenik, hori baino are beherago, marra baten azpian, «muchas memorias de Mary» dio.

        Gutun hori utzirik eta istripuaren hariari eutsiz, Afrikan Ernest Hemingwayk eta Mary Welshek izan zuten ezbehar handi haren berri jakitean Andres Untzain zeharo larritu zen. Badago eskutitz bat behintzat larridura horren lekuko. Eskutitza Habanan 1954ko otsailaren 17an sinatua eta "Nairobi Kenya" helbidera zuzendua da, helbide hori «Nire lagun maite Mrs. Mary eta Ernest Hemingway» dioen sarreran ostean datorrelarik. Egun eskutitza Finca Vigían dagoelarik, ziurtzat jo daiteke senar-emazteek jaso egin zutena.

        Orain gauden urteko urtarrilaren 11 zen, astelehena. Etxera nentorren, meza eman ostean. Guagua-tik non ikusten dudan El Crisol egunkariko errotuluak dioena: Afrikako oihanaren erdian, behera erori da Ernest Hemingway eleberrigile ospetsua eta haren emaztea zihoazeneko hegazkina. Egunkaria erosita kasik ez dut hura irakurtzeko kemenik. Etxera iritsi eta non diostan arrebak: Badakizu Hemingwayri gertatu zaiona? Bai; oraintxe irakurri dut. Goizeko 11 eta erdiak ziren. Imajina dezakezuen sentimenaz. Ezin da izan! Agertuko dira, bai. Jainkoak ahalko du horrela izan dadin. Nire artean nioen: Arrantzuan noa Pilar horretan eta... ezer ere ez! Jainkoak bidaia zoriontsua eman diezaien egunero errezatzen nago... eta... hara. Utzi egin beharko diot errezatzeari. Zein samindurik nengoen. Telefonoak jo du. Deitu egiten diote berorri, diost etxeko neskatilak. Zer dugu? Arozena naiz. Aditu duzu albistea? Bai. Oraintxe irakurri dut egunkarian. Baina honezkero salbu dagoz. Floriditatik etorri berria naiz, eta hor esan didatenez kable bat iritsi da Hemingway eta andrea salbu direla dioena. Eskerrak, Jainko laztana! Hau poza nik dudana! Eta nire buruari atsegin handienaz zuzendu behar izan nion. Zuen zorionaren alde egunero errezatzen segituko dut.

        Iragan asteko ostirala arte ez nuen gure lagunik ikusi, ze ez naiz ia inoiz kalera irteten. Egun horretan, Zinskik [sic] gonbidaturik, Centro Vascora bildu ginen, bazkaltzeko. Hantxe batu ginen Pako Garai, El Feo, el Monstruo, Zinski eta D. Black. Jan genuena: izkirak plantxan eta txibia saltsan. Guztiz gozoa! Ostirala zenez, bazkaria okela barik izan zen. Esan zuen Zinskik: Mary eta Paparen Berpizkundea ospatzen dihardugu eta okela ez jatearen legea gorde behar dugu. Denok liluraturik. Topa egin genuen, «heriotzari huts egin» diotenen izenean, zoriona eta Kubara laster itzul daitezen opatuz.

        Hil honen lehenengoetan Gogo Jardunak izan nituen. Erdi anakoreta eginda nago.

        Bai Mrs. Mary eta bai Zu zeu istripuaren edo istripuen ondorioetatik susperturik izango zaretelako itxaropenean. Hala nahi beza Jainkoak.

        Nire agur xeratsuak Patricki eta Andreari. Eta besarkada bero bat zeuei, beti gogoan xeraz eta esker onik handienaz izaten den honek. Agur!

        Azken «Agur!» hori euskaraz idatzi zuen; sinaduran «Padre (Católico) Andres de Untzain», horrelaxe, jarri zuen gizonak.

        Afrikako hartan Ernest Hemingwayren eta beste bidaideen istripuak bi izan ziren, urtarrilaren 23an bata eta 24an bestea, hain zuzen, eta, hortixe Andres Untzainek eskutitzean ageri duen zalantza. Bestela, Andres Untzainen gutun horrexen harira, esan daitekeena da, bada, idazleari ustez zoriontsu zetorkion urte hura, 1954koa, madarikazio bilakatu zitzaiola, urte hasierako gutun horrek eta irailekoak hartzen duten tartean behintzat. Ze, bai, 1954ko hura zoriontsu gerta zekion ez zuen motiborik falta Ernest Hemingwayk. Urtea 1953koak utzitako zorion-uhara berean zetorren, itxuraz.

        Urte bi lehenago argitaratua zen Agurea eta itsasoa eleberri laburra arrakastarik arrakasta zihoan bide egiten, ordura arteko munduko salmenta markak eta txalo zaparrada denak gaindituz. 1953ko apirilaren 4an istorioa filmatzen hasiak dira, eta urrian Pulitzer saria emango diote. Ernest Hemingwayk eta emazteak itsasoan direla aditu dute azken horren albistea. Nobel sarirako bidea hortxe da, zabalik. Eta etorri ere hortxe etorriko zaio. Zoriontsua izateko sortua zen 1954ko urriaren 28an munduko sari hori eman diotelako albistea ematen diote. Hain zuzen ere, Nobel saria eman ziotelakoa aditu zuen lehena, Finca Vigíakoen artean behintzat, Fico laguna izan zen; zerbitzarien irratian entzun zuela albistea, Mary Welshek berak idatzirik utzi zuenarekin bat. Mingosturak, hala ere, hantxe segituko zuen. Nahiz eta urtebete lehenago bere gogoko Spanish Earth hartara bitan itzulia izan.

        Espainiara noiz itzuliko zain luzaroan egona zen Ernest Hemingway. Andres Untzainek etxera noiz itzuliko bizi zen denbora bertsutik edo. Gerra amaitu baino lehenagotik, esan nahi da. Eta itzuli ere, biak kasik aldi berean itzuli ziren. Eta motibo berberagatik. Hain zuzen ere, Francoren Erregimenarentzat ezelango arrisku ez zirelako. Ez bata eta ez bestea. Areago, Ernest Hemingwayren itzulerak diktadura erregimenari mesede egin zion.

        Sendo zegoen orduan Diktadura, eta etsiturik haren aurkariak. Amerikako Estatu Batuek aspalditik zekarten ildo politikoan beste urrats bat urte hartantxe egin zuten, 1953an, Espainiako baseak erabili ahal izateko ituna Franco diktadorearekin sinatu zutenean. Ildo hartan goldaketan, alde biak antikomunismoaren uztarri bakarrak loturik ziren. Eta uztarri berean hiru idi lotzea gaitz bada ere, Vatikanoak ere Francoren diktadurarekin bat egin zuen, Konkordatua sinatuz. Azken horri esker Andres Untzainek etxera itzultzeko bidea zabalik zuen.

        Bada, bere buruari barre egiten zekien abadea itzuli egin zen, El manisero kantua etxean eta etxekoek kanta ziezaioten.