Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Patxi Ibarluzeari gutuna

1947ko uztaila / Habana

 

Ernest Hemingwayk ondo amaitu du 1946ko urtea. Bera hil ostekora arte argitaratuko ez den Edengo baratza izeneko eleberrian lanean jardun duelarik, irudimeneko mugamarran liburuak hartuko duen taxua antzematen hasia da. Liburuak, honezkero, bere bizi-hatsa duela esan liteke. Ehunetik gora orrialde idatzi ditu makinaz, eta eskuzkoetan beste bederatziehun ditu, abenduaren 29an New York Herald Tribune delakoak argitaratu dion elkarrizketaren arabera.

        Idazlearen liburu heterodoxoena denez gero eztabaidatuena ere izango den liburu hori iraila eta azaroa artean joan da hazten, Idahoko Sun Valley herritxoan. Baina ez hor bakarrik. 1946ko abenduaren hamazortzia aldera Kubara iritsi artean Ernest Hemingway Mary Welshekin hara eta hona ibili izan da. Lehenik Salt Lake Cityn izan dira, ehizan. Gero bikotea New Orleansen izan da, Eskerrak Emateko Eguna emaztearen gurasoekin ematen. Azkenik New Yorkera jo dute, han Lanham jenerala euren zain ukan baitute, denak batera Long Islandera astebeteko ehizaldira joateko.

        Finca Vigíaren jabeak kanpoan izan diren artean etxea baskoen ardurapean izan da. Halaxe dio Carlos Bakerrek, direlako basko horiek nor diren zehaztu barik. «Finca Vigíaren ardura ukan duten baskoek oso ondo zaindu dute», dio.

        Irudimenaren errotari lar eragin barik ere igarri ahal da zehaztu gabeko basko horiek nor diren. Horiek hain dira etxekoak ze, Bakerrek ez du izenak aipatzeko premiarik.

        Mary Welshek kontatuko zuenez, Hemingwaytarrek Gabon haiek etxekoen bakardadean eman zituzten. Aldiz, aurreko urtean, 1945eko abenduaren 25ean hain zuzen, etxean izan zuten, besteak beste, "Aita Andres abadea". How it Was liburuan Maryk haren erretratua egin zuen, urteak igarota. «Don Andres —dio Maryk— Ernesten "abade beltza" halako basko ezti, laño eta debotu bat zen; ardoaren eta mahai onaren debotua ere bazen, ostera, eta gurera erregulartasunez etorri izaten zen, parrokia hogeita hamar bat milia ekialderago zuen arren».

        Baina 1946ko Gabonetako hariari berriz oratuz, esan behar da egun haietako oporraldiaren ostean semeetako txikienak, Gigik, Estatu Batuetara egin zuela, nagusiagoa, Patrick, Finca Vigían geratuko den aldi berean, Harvarden sartu ahal izateko azterketak prestatuko bazituen. Udaberriko oporraldian Patrick Key Westera itzuli zen, anaia eta amarekin —Pauline Pfeiffer— egotera. Eta hain zuzen ere, seme biak amarenera bisitan doazelarik, auto istripua dute. Gigirena huskeria da eta, bizkor sendatuko da. Belaunean zauritxoa, ez du besterik. Haatik, Patrickek kokotsean hartu du kolpea, eta lehenengoetan huskeria irizten badiote ere, luzera begira Patrickena anaiarena baino larriagoa izango da.

        Paulinek bere senar ohi eta mutilen aitari idatzi zion legez, istripuaren ostean Patrick burukominekin ibili izan da eta, Habanara itzuli denean minok biziago bihurtu dira, Ernestek berak jakin ahal izango duen moduan.

        Hala eta guztiz ere apirilaren 11ko arrastian aita-semeek frantsesa berrikusi dute, eta gero tenisean set bat jokatu. Biharamunean mutilak Unibertsitatean sartzeko azterketei adoretsu ekin die. Itxura batean denean ondo ibili da, matematiketan izan ezik. Saioen arteko tarteetan aitak jaten eroan du eta, oro har, egun guztian egon da hor, laguntzeko prest. Haatik, hilaren 14ko goizean mutila sukarretan eta eldarnioan itzartu da.

        Hori horrela, Ernestek bere mediku Herrera kubatarri deitu dio. Aldi berean, zaintza eta arreta intentsiboko taldea antolatu du. Tamalez, apirilaren 14 horretantxe jakin du Maryk bere aitak prostatako minbizia duena. Hala bada, 15ean Chicagora hegan doa.

        Telefonoak jo eta ke dihardu. Apirilaren 16an Pauline Finca Vigían dago, Mary berriz Chicagon da. Horrezkero emakume bien artean halako adiskidetasun bat sortuko da, baina beti ere hierarkiak eta rolak ondo gorderik.

        Ez dirudi adiskidetasun hori bat-batekoa denik. Izan ere Patricken gaixotasunaren kariaz elkarri idatzi dizkioten eskutitzetan oinarritua da. Bestela, Ernestek ere egunero idazten dio Maryri. Emakumeak How it Was liburuan Patricken gaixotasunean laguntzeko sortu den taldeari leku egingo dio, Juan Duñabeitiaren izena nabarmenduz.

        «Gure lagun Juan Duñabeitia —dio—, Kuba eta AEBetako portuan artean nabigatzen duen kapitain baskoa zen, Q-ontzien garaian Pilar-en ibilia bera; gurean Sinbad marinela ezizenaz esaten genion».

        Haatik, emakumeak Ernest ezagutu baino lehenagotik ezagutzen zuen Ernestek kapitaina, Patricki eskutitzetan aipatzen baitzion Duñabeitia izena.

        Finca Vigían 1942ko urriaren 7an sinatua den eskutitzean semeari Juan Duñabeitia aipatzen dio, eta 1943ko urriaren 30eko beste batean semeari zirika egiten dio, Sinbad aipatuz. Bide batez, aipa dezagun artean Juan Duñabeitia ez zegoela Sinsky bilakatua.

        «Gogoan al duk Floradella? Ez, txantxa huen. Esan nahi diat ea gogoan duan Sinbad esaten diogun kapitain baskoa, guk Sinbad (Duñabeitia) esaten dioguna. Garaia duk, behin berarekin poloan jokatu huen».

        Semearen ohearen ertzean gau eta egun zaintza eta arreta etengabean jardun duen lagun taldearentzat Ernestek esker oneko hitzak ditu. Apirilaren 22an idatzi duena da horren lekuko. «Lerro bat besterik ez —dio— borroka latza izan dela esateko, baina zorionez medikuek bere onera itzultzen doala diote... Sinbad, liluragarri. Borrokaldi batean gizon on batek hartuko lukeen moduan hartu du».

        Hala bada, mutilak hoberantz egiten duela eta, apirilaren 26ko beste eskutitz batean Ernestek eguneko egitarauaren berri ematen du. «Orain —dio— hogei luze igeri egitera, xanpain pittin bat edatera eta nire katemetxoa zein maite dudan gogoratzera noa». Esan gabe doa eskutitza Maryri zuzendua dela.

        Beraz, Finca Vigían egiten den bizimoduan dena ez da semea zaintzea. Edan egiten da, kirola egiten da, hitz egiten da.

        Maryk berak dioenez, elkarrizketa horietako batean, edanarekin batera izaten dituzten horietako edozeinetan, biak elkarren osagarriak baitira, Herrera medikua iritsi da, mutilaren osasunari behatu bat egiteko asmotan. Bada, medikuak Fincarako bidean lehenago etxera deitu dion gaixo bati bisita egin diola dio.

        —Zakurra niri haginka egitekotan egon da —dio, gazteleraz, trago bat jotzera jesarri artean.

        —Zein arazo izan du, ba? —galdetu dio, zirikatzaile, Sinskyk, zakurraz ala gaixoaz dioen argitu barik.

        —Odol tentsioa goi, oso goi.

        Sinskyk ezin du ekidin.

        —Postura egingo nuke; baietz nirea gorago! —dio, irribarre ironiatsuz.

        Herrera medikua jagi, autoraino joan eta hor dator atzera, tentsioa neurtzeko aparailua eskuetan. Sinskyren besoaren inguruan jarri eta ponpatu egiten du.

        —Ene! Ez zen txistea, ba! —dio gero.

        Tartean hortxe irakurtzen egon den Ernestek liburua itxi eta medikuari begira lotu da. Medikua agirika ari zaio Sinskyri, ez jateko hainbeste, ez edateko, ez erretzeko eta, arren, Habanako neskekin egiten dituen ibilaldi horiek uzteko, eta igeri egiteko eta atseden hartzeko, nahiz eta horrela aspertzeko arriskuan bizi.

        —Hau lotsa puta, Sinsky —dio Ernestek, berari ere froga bera egiteko besoa luzatzen duen artean.

        —Egon pixka batean, eta sasoian jarriko haugu —dio Herrerak, aparailuaz Ernesten besoan jarduten duen artean.

        Inork ez daki aparailuak erakusten duena zelan hartu. Lehendik denak ere jakitun izan den zerbait den moduan, ala ustekabekotzat. Sinskyren presioa 120ren gainetik 180an dago; Ernestena, 125en gainetik 215ean dago. Horren garrantzian denak bat datoz. Sinsky zirtolariak hitzetik hortzera erantzun du.

        —Ez duk buruaren inguruan altzairuzko halako uhal bat tenkatu nahi?

        —Nahikoa tenkatua beharko likek, bai. Ez duk aditzen? Erle piloa zabilkidak teilatuaren inguruan jira eta bira —erantzun dio Ernestek.

        Lagun giroan dira Finca Vigían. Alkoholak lagundu egiten du. Baina dena ez da edatea, Maryk berak urte batzuk beranduago gogoraraziko duenez. Igerilekuan eguneroko hogei luzeak egitea arauzkoa da. Dena dela, Sinsky bere osasunaz kezkati dago.

        —Goizeon trago bi jo ditiat —diotso halako batean Sinskyk Ernesti.

        —Hori tranpa egitea duk.

        —Gin sartu beharrean koko-ura sartu zioat —dio Sinskyk.

        Giro horrexetan bizi dira, halako batean zaintza eta arreta iraunkorreko taldeko kideak bakoitza bere zereginetara itzuli behar duten arten.

        Duñabeitia kapitainak denboraldi batez Sinsky izateari utzi beharko dio, Panamako banderapean nabigatzen duen ontzi baten ardura hartzeko. Eta hor ibiliko da Habanatik Estatu Batuetako portu batzuetara eginez, Houstonera bereziki. Ermua eta Ibarluzea pilotariak Mexikora doaz. Roberto Herrerari Kubako Santiagon lana eskaini diote, eta maletak prestatzen hasi da. Maletetan azken aldian Finca Vigían erabili izan dituen Hemingwayren arropak eroan nahi ditu.

        1947ko ekainaren 17an Ernest Hemingway, 1944an Normandiatik Alemaniaraino egin zuen gerra kazetari ohi hura, Ameriketako Estatu Batuen Habanako Enbaxada-Etxera doa. Orduan egin zituen zerbitzuengatik esker onez, Brontzezko Domina eskegi gura diote eta. Hara agertu den Ernest Hemingway ez da gerra kazetari ohia, Habanan izaten dakien gizon ugerdo eta koipeztoa baino, semearen gaixotasunaren ostean inoiz baino zabarrago baitabil.

        Ez dago halako zeremonietarako. Edo beharbada ez du domina zintzotasunez merezia duenik sinesten. Nola ere izan zen, hilaren 19an bere lagun eta agente Max Perkins hil delarik, idazlearen buru-egoerak okerrera egin du. Uztailean Pauline Finca Vigíara itzuliko da, uda han ematera idazlearekin eta honen azken emaztearekin. Ordurako hasiak dira Finca Vigíako dorre zuri ospetsua eregiteko lanak.

        Den-dena ez zen negarra eta atsekabea izango, ostera. Uda horretan lagunekin arrantzuan dabil, trago eta zirikaden artean. Lagunetako bat Felix Areitio Ermua da. Uztailean Mexikoko México frontoira joan behar duen artean behintzat. Frontoian, hantxe ari dira lanean Julian Ibarluzea, pilotari, eta anaia nagusia, Patxi Ibarluzea, apustuetan artekari.

        Ermuaren agurra halako okasio handia da Finca Vigían biltzen diren betikoentzat. Horrela, joatekoa denaren inguruan jesarrita, eskutitza egiten diote Patxiri, Ermuak eskura eroan beharko diona.

        Eskutitza, hasteko eta behin, udaberriko eta udako jazoera haien kronika modukoa da.

        «Hementxe gaudek sei laguneko talde handi bat —horrelaxe hasten da eskutitza, derrigorrezkoa den "Patxi adiskide maitea" delakoaren ostean—, gure lagun guztiz maitatu Ermuko Dukeari agur esateko bildua, eta talde honek beronek agur bat helarazi nahi dik, lehen esan dugun Dukeak eroango diana».

        Horren ostean taldea nortzuek osatzen duten argitzen du:

        «Ernest Hemingway, el cazador de osos fracasado. / Juan Duñabeitia, Sinbad el Marino, el monstruo, el monarca de Portugal, Cristóbal Colon Etc. Etc. / Don Andres, El Black, el cura Carnicero. / Felix Ermua, El Duque de Ermua. / Roberto Herrera, Campeón, El monstruo junior, / José Luis Herrera, El feo».

        Eta hasierako agurra amaituz, dio: «talde honek irakurri dik hire eskutitza eta maitasun handiz gogoratzen hau. Ermuko Dukeak zabalago kontatuko dizkik hemen izan diren gorabeherak eta beste zerak».

        Eskutitzak famili giroko aire horrekin segitzen du eta, ez du ematen horrek Patricken egoera larriarekin bat letorkeenik.

        «Patrizio dela eta informazio zabala hartuko duk. Oraingoz aipatu besterik ez auto istripu baten ondorioz nerbio-krisialdia izan zuela eta honezkero 70 egunetik gora dabilela horrela, baina hau dena gauza iragankorra duk eta gaitzetatik guztiz ondo sendatuko duk. Gaixotasunaren lehen-lehenengo egunean haren zaintzarako taldea osatu huen, hortxe zirelarik Papa, Sinbad eta Txapelduna, urgazle finko legez, Felix laguntzaile modura horretarako libre dagoenetan, eta Don Andres taldeko harakin perfektuaren zereginean, ze, okelaren aldetik hain eskas ibili garenez berak astero ekartzen izan digu Melena del Surretik».

        Taldearen jarduerei buruzko informazioak urregorriaren balio du, Andres Untzaini buruzkoak balio duenaren pare. Hara non, abadea bere parrokiako nekazarien artean okela batzen! How it Was liburuko orrialdeetan barrena Mary Welshek gogoraraziko zuen moduan, garai hartan okelaren urritasuna gaitz hedatua zen, hala Kuban nola Ameriketan.

        «Hemen —dio eskutitzak hurrengo— denok gaudek hi ikusteko gogo itzelarekin eta, ea noiz hatorren, denok elkarrekin martini on bati trago batzuk jotzeko. Gregoriok ere sarritan izaten hau akorduan eta esan behar diagu egunetik egunera hobeto kuzinatzen dabilela, arrantzuan lantzean behin joaten gaituk eta Papak lehengo batean 500 liberako akula harrapatu zian. Egunen batean hona etortzen animatzen bahaiz ikusiko dituk zelako argazkiak egin genizkien arrainari eta arrantzaleari».

        «Mary orain Key Westen da, sendatzen, ze 20 egun baino gehiago egin zitian ohean, sukar gastrikoek jota, eta egun batzuetarako haraxe joana duk, ea giroz aldaturik bere onera datorren, heuk imajina dezakek zein ahuldurik lotu zen».

        Etxean Mary ez dagoelarik gizon taldekoek zabal-zabal ekin ahal diete euren gogoko zaletasunei. Horien aldean idaztea beti bigarren mailan geratzen dela dirudi.

        «Gaur ez diagu gehiago idatziko, gaurkoa ez duk-eta idazteko egun aproposa, Felixen agurrak denok harekin bat eginda egotera behartzen gaituenez gero. Hurrengo astean zabalago idatziko diagu eta hemengo berri gehiago kontatuko diagu. Bazakiagu Mexiko aldean gauzak ondo joaten ari zaizkiala eta 20 18ri eta 100 80ri kantuak dirutza polita ematen ari zaizkiala, guztiz pozten gaituk eta diruak gordetzen segi dezaala duk denok hemen hiretzat nahi duguna».

        Kantuaren aipamena frontoian Patxi Ibarluzeak duen apustu-artekari lanari buruz da. Bestela eskutitzaren amaierari hasierako adiskidetasun airea dario, amaitu ere ohiko «har ezak besarkada bero bat hemen garen denon aldetik ze gu lagun onak gaituk eta ez haugu ahazten».

        Eskutitza eskuz sinatua da, denen errubrikak hortxe direla, orriaren oinaldean edo bestela ezkerreko ertzean. Eta ez da leku ezagatik, sinaduren luzeagatik baino.

        Etxeko jaunak behean erdialdean sinatu du; «Papa (Ernesto Hemingway) Duque de Morilana y Marques de Cayo Hueso». Sinadura horren alboan, hortxe da «El Feo», besterik gabe. Horren behean horra «Felix el duque de Ermua». Eta beheko lerro berean, Hemingwayren sinaduraren pean abadearena dago; «Andres + Cardenal del Río Hondo.» (Cardenal de Río Hondo horrek aurrerago azalduko den beste pasadizo batekin zerikusia duke). Gero, orriaren ezkerreko ertzean, baina goiko aldean, hortxe irakurtzen ahal da «Roberto Herrera (Campeón) Archiduque de Cojimar Baron por sus cojones,» eta horren ostean «Duñabeitia Conde del Caribe».

        Arratsalde horretan mahaiaren inguruan izan bide zuten mintzagaia zein ote eta ez ote ziren tituluak eta aristokrazia kontuak izan, horra sinaduretan diren ziriek pentsarazten dutena. Baskoen kaparetasun unibertsalaz jardun ote zuten nago ni.

        Bestela, Ernest Hemingwayk berak asmaturiko izenez sinatu izaten zituen artelan ezagunen erreprodukzioak, gero horiek Mary Welshi bidaltzeko. Horren adibidea da harako "Monsieur le Conde de Hemingwë Chateau La Vigía Sf de P" hura da. Sf de P horiek dudarik barik Finca Vigía dagoen herri San Francisco de Paulari buruzkoa dira.

        Hori dena uztailaren erdi aldera zen. Abuztuan, Julian Ibarluzea (horrentzat bada agur bat eskutitzaren post datan) eta Felix Areitio Ermua México frontoiko hoberenaren koroa janztearren Gillermo Amutxastegirekin lehiatzen diren artean, eta Duñabeitia kapitaina Kuba eta Ameriketako Estatu Batuen artean nabigatzen dabilela, «Papa / Ernesto Hemingway / Duque de Morilana y Marques de Cayo Hueso» sinatu duen lagunaren osasunak behera egin du. Izan ere, auskalo nongo teilaturen inguruan jira eta bira dabiltzan erleen hotsa benetan adituko balu baino okerrago dago, belarri barruetan durundia baitu.

        Haatik, ez da hori okerrena.