Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Friendless

1942 / Kuba

 

Turismoaren aldetik begiratuta, Kuban 1942. urtea ez da ona izango. Izan ere, irla kanpotarrek aisialdirako lasai erabili ahal izango duten azken urtea izango da, luzarorako behintzat. Bost horrek baina Ernest Hemingway eta Martha Gellhorn senar-emazte amerikanoei.

        «1942ko urte ikaragarrian —dio emazteak Travels With Another and Myself bere memoria liburuan—, ni neu eguzkitan bizi nintzen, salbu, eroso eta hura dena gorrotatzen». Hots, turistarena eginez bizi da Marta Gellhorn.

        Irlan irratia entzuten dute, bai, eta berriak txarrak dira, baita, baina zein neurritan diren txarrak, geroak ulertaraziko die. Garaian garaiko gertaeren garrantzia ez ulertu izana zentsurari leporatzen dio Martha Gellhornek liburuan. «Eta zentsurak —dio— ez zigun munduan gertatzen ari zena bere osotasunean antzematen uzten».

        «Ulertu ahal nuen bakarra —dio aurrerago— edo irudika nezakeena behintzat, lehorreko gerra zen, eta horrekin buruan nahikoa izaten genuen gure bihotzak estutzeko, alemanak olatu legez Errusia alderantz joaten edota Rommel mortuan barrena aurrera eginez zihoala imajinatzen genituen-eta. Nire ezjakintasuna tipikoa zelakoan nago; batez bestekoan publikoak, hau da, gutariko gehienok, ez ginen arriskuaren tamaina antzemateko gai».

        Albisteen gaineko zentsurak ematen duen bake-hatsa arnastuz, Marta Gellhornek bere sormen lanak idazten dihardu, Liana eleberriari ekinez, hain zuzen. Ernest Hemingwayk, ostera, gerraren tema du. Urte berrian sartu direnez geroztik behintzat Men at War gerrako kontagaien antologia zuzentzen dihardu, espioitza sarearekikoan jostetan dabilen artean. Idazleari oraindino Espainian bizi izan zuen traumak eragiten diola dirudi.

        Clausewitz-en Vom Kriege —Gerrari buruz— liburuaren ordenaren arabera atondua den Men at War —Gizonak gerran— liburu horren hitzaurrean idazleak gogor kritikatzen ditu gerratean beren buruari aliatu zeritzen haiexek Espainiako legezaleei laguntzeari uko egin izana. «Gerra hura galdurik, hona haren jarraipena», dio Ernest Hemingwayk.

        Gizonak bestalde hiru seme ditu eta, horiexei eskaini die liburua, horiek ere aberriaren aldeko gerran sarraraz ditzaketelakoa.

        Azkenik, Men at war liburua 1942 horrexetako urrian argitaratuko da, hots, FBIkoak The Crook Factory hartaz txostenak betetzen hasi diren aldi berean.

        Tartean, egunak Kubako nazien ehizari buruzko joan-etorrietan igaroz doaz. Ekainean, Patrick eta Gregory semeak Finca Vigíara etorri dira, udaldirako. Horrezkero The Crook Factory hartako batzuk Friendless operazioan sartuak direla eta, mutikoak ere horrexetan sartu dira, hots, urpekari alemanen ustezko ehizan. Edo ustezko urpekarien bila, berdin dio.

        Bada, handiusteko Friendless hark, benetako Friendless katuak ez bezala, arratoirik ez zuela harrapatu esan aurretik, 1942ko udan atzera egitea komeni da, berriro Marta Gellhorn eguzkitan eta Ernest edanetan blai diren maiatzeraino.

        Maiatza amaitu barik dagoelarik arazo militarretan aditu Ernest Hemingway Enbaxadan ei da, galtzarbean The Crook Factory delakoa ez den beste proposamen bat dakarrela. Hain zuzen ere, Pilar ontzia Q-boat legez atontzea proposatu nahi die lehenagoko batean The Crook Factory atontzea onetsi diotenei.

        Spruille Braden enbaxadore jaunak hogeita hamar urte geroago idatziko duen legez, proposamena FBIko gizonak Habanara iritsitakoan etorri zitzaion.

        Orduan aberriari eginiko zerbitzuengatik esker oneko eskutitza idatzi nion Ernesti. Orduan ni ikustera etorrita zera esan zidan, "Egin dudan lanaren ordaina nahi diat orain". Ez nuen ezta susmorik ere hark zer ote zekarren, baina banekien ustekabekoa izango zena.

        —Zer duk buruan, Ernest? —galdetu nion.

        —Badiat ontzi bat, Pilar izenekoa. Zubi handi polita du baina zahar eta zikin zagok. Manda bien buelta osoan txopatik brankara oihalak eskegi ahal ditiat, armaturik dagoenik inork ikusi ez dezan. Sub-ak Kubako kosta osoan gora eta behera zabiltzak, ura eta jatekoa eskuratu behar dutenean Kubako arrantzu lekuetan urgaineratuz. Jai polita egin ahal diat, hik zerak emanez gero; bazoka bat, urpekariaren bandan zuloak egiteko; metrailadoreak, zubiko jendea atzera barruan sarrarazteko; eskuko bonbak, dorrea azalera agertzean hura behera eraisteko.

        Galdatzen zidan hark arau denak hausten zituen. Baina Ernest lan hain ikusgarria egina zen ze, edozein lege urratzen utzi ahal zitzaion; nahi zuena emanik, bere bidean joaten utzi nion. Egin zuen lan baliagarririk, itsaspekoak begiztatuz eta guri informazioa helaraziz.

        Gogoan izanik Spruille Braden enbaxadore berriak bere kredentzialak Kubako Gobernuari maiatzaren 19an erakutsi zizkiola, eta gogoan izanik, halaber, "sare" harena enbaxadoreari berari otu ei zitzaiola baina Floridita tabernako giroa ikusi ondoren, eta gogoan izanik, azkenik, Ernest Hemingway enbaxadore Spruille Braden hari «lanaren ordaina eskatzera» sareak «zenbait hilez lan egin ondoren» etorri zitzaiola, denboraren kalkuluak huts egiten du. Batez ere gogoan hartuz gero FBIren aipatu txostenak ontziaren patruilaldiak irailaren lehen egunetan hasi zirela dioela. Maiatzaren 19a eta iraileko lehen egunen artean hiru hilabeteko tartea dago. Laburregia, lehenik eta behin enbaxadoreak Hemingwayren ezaupidea egin eta hari sarea atontzeko agindu behar izan zuelako eta, bigarrenik, idazleak sarea behin atondurik txostenak paratu eta txostenok enbaxadoreari helarazi beharko zizkiolako. Eta ez edonola, hark «Ernest Hemingwayk egindakoa primerako lana izan zela» iritzi ahal izateko bezainbesteko denboraz eta moduan baino.

        Sarea FBIko gizonak Habanara iritsi eta orduantxe desegin zela emanik, hiru hilabeteko tarteak are laburragoa dirudi. Haren ostean Ernest Hemingwayk enbaxadoreari Pilar Q-ontzi moduan atontzeko eskaria egiteko astia hartu behar izango baitzuen. Eta zer esan enbaxadoreak baietza eman aurretik hausnarketarako beste tartetxo bat behar izango zuela gogoan hartuz gero. Hori dena baietzaren ostean Pilar Q-ontzi modura atontzeko beste tartetxo bat behar izango zutela ahaztu gabe.

        Huts egiten du, dudarik gabe, Spruille Bradenen denboraren neurriak. Bada, ez da ahaztu behar, ezta inondik ere, Spruille Braden antikomunista porrokatua dena, eta bere liburua McCarthyk eragin zuen ekaitzaren ostean idatzia dela. Zahartzaro lasaian, hirurogeita hamar urteak betetakoan, bere diplomatiko karrera luzearen buruan horrelako akorduak idatzirik utzi nahi baititu, bere buruaren edergarri, enbaxadore ohiak. Horrela, mundu guztiaren ezaupidean dagoen Pilar Q-ontziz mozorroturiko haren ibilerak eta espioitza sarearen kontuak biribilketa baten tartean izan zirela argiturik utzi gura izan du; hura dena Ernest Hemingwayren ateraldi xelebrea izan zen, eta kito.

        Haatik, ateraldi xelebrearen nondik norakoa ulertzeko, Q-boat edo Q-ontzi zeri-eta Lehenengo Mundu Gerran militar zereginetarako erabiltzen ziren itsasontzi arruntei esaten zitzaiela argitu behar da. Bada, Pilar ontzia Q-boat legez erabiltzeko eskifaia egokia hautatu eta gero horixe eskatu du Ernest Hemingwayk; militar zereginetako atontzea. Hain zuzen ere, itsasontzia bazokaz, granadez, lehergarriz eta 50 kalibreko metrailadore batez egokiro hornitu diezaioten nahi du.

        «Horrela —kontatuko dio Ernest ameslariak Bakerri— Kubako kostaldean, Bahama Zaharreko itsas kanalean zehar Cayo Confites inguruetaraino, patruilan ibili ahal izango ginateke-eta».

        Inorengan ezelango susmorik gabe itsasoan barna gerra garaian ibiltzeko aitzakia, ostera, American Museum of Natural History erakundearentzat lanean direla esatea litzateke, eta kito. Eta ibili ere, branka aldean, karelaren goian zabal, erakunde horren izena daroan ohola ipinita ibiliko da ontzia.

        Aitzakiazko oihala brankan jarrita, karel artean joango direnak ez dira edonor. Ernest Hemingway bera ez ezik hor da Gregorio Fuentes, lemazain eta sukaldari zereginetan, eta hor da Estatu Batuetako Enbaxadak jarri dien irrati-aditua. Horiek biek zeregin zehatzak dituzte. Gero ostera hor da Winston Guest polo jokalari-ohi milioiduna, plazeragatik eta zeregin zehatzik gabe diharduena. Eta hor dira, azkenik, zeregin larriena hartu beharko dutenak, egoerak hala eskatuz gero; Patxi Ibarluzea eta Felix Areitio Ermua, pilotari izandakoa bata eta jardunean segitzen duena bestea. Bestela, Juan Duñabeitia Sinbad, edo Sinsky, lantzean behin izaten da Pilar ontzian, eta Andres Untzain Don Black ere behin edo behin ibiltzen da. Baina, esan moduan, zeregin larriena pilotariena dateke.

        Felix eta Patxiren zereginaren garrantzia ulertzeko Ernestek pentsatua duen modus operandiari begiratu behar zaio. Funtsean ontziak amuarena egin behar du, sardetan ei dabiltzan urpekari alemanetako baten batek Pilar ikustean azalera etorriko delako ustean oinarritzen baita operazioa.

        Balizko urpekariak Pilar ikusi eta azalera etorri bezain laster, horra pilotarien txanda; frontoian pilotak legez jaurti beharko dituzte lehergarriak hara, hutsik egin barik. Mil a cien colorao!

        Itsaspekoa bere burua urpean sartzeko ez-gai bilakaraztea litzateke erasoaldiaren helburua, gerra gaietan aditu Ernest Hemingwayk badaki-eta esku-lehergarriek kalte handirik eragingo ez luketena. Hala bada, lehergarrien eraginari esker itsaspekoa hondorantz egin ezinik legokeen tartea baliatuz, Pilar-ek irratiz haren abisua helaraziko luke; gero Navyko gerraontziren bat etorri, eta horra harrapaturik urpekontzia.

        Planaren bilakaeran, ikusten denez, Patxi Ibarluzearen eta Felix Areitio Ermua lagunen rola erabakigarria izatekoa da. Jai-alai player diren aldetik ez ei zaie gaitz egingo granadak indarrez baina tentuz jaurtiz urpekontziko kontrol-dorrean hantxe bertan kokatzea. Orduan bai bestela jai haiek, eta ez alai, balizko U-itsaspekoarekin.

        Ur-azaleko borrokarako ez daude txarto horniturik U motako itsaspekoak. 105 milimetroko kanoi bana, 37 milimetroko beste kanoitxo bana eta 20 milimetroko metrailadore bina dute ontzi gainean. Gaitz horiei frontoiko teknikez aurre egitea, baina tira.

        Horiek horrela, Pilar gerra zereginetarako atontzearen ideia —ideia legez zoroa ala zuhurra ere den— etorri behintzat ez zaio zerutik hara etorri Ernest Hemingwayri. Gerra libururen batean irakurria du. Zeinetan?

        Men at War —Gizonak gerran— liburuari hitzaurrea paratzeko gerraz luzaz irakurri beharra izan du, batetik, baina zaletasun hutsez ere hortxe ibili izan da, bataila kontuak irakurri eta irakurri. Eta Lehen Mundu Gerrako Q-ontzien gainean irakurtzen dagoelarik, hortxe etorri zaio ideiaren hazia garunetako ildoren batera.

        Estatu Batuetako hedabideetan antzeko beste Q-ontzi batzuen berri emana dute eta, halako batean, hango gobernuak aisialdiko ontzien jabe diren zibilei gerra-ahaleginean sartzeko eskatu diela irakurri du idazleak. Ameriketako Estatu Batuetan armetarako deiadarra zabaldua delarik, Ernest Hemingway ezin horri erantzun gabe lotu.

        Egoera larrian dira Ernest Hemingwayren aberkideak 1942ko honetan. Pearl Harborkoaren ostean Navyren ontzigintza planak bizkor badoaz ere, ontziz jagon beharreko kostaldearen luze-zabalak eskatzen dituen patruila-ontziak hainbeste dira ze, horiek ontzioletatik uretara ez datozen artean ontzi zibilei eskatu zaie Estatu Batuetako itsasertzean barna patruilatzeko. Eskaria Navyko idazkari Frank Knoxen bitartez egin da.

        Aberriko kostaldetik ez hain urrun, eta Knoxen deialdiaren jakitun antza, Ernest amerikar abertzaleak U-ontziei ekiteko asmoa biribildu du, eta Enbaxadak plana aditu eta onartu egin dio. Horri esker Pilar ontzia berriztatu dute —hark eskatu bezala—, gero branka aldean American Museum of Natural History dioen aipaturiko ohola paratu diote eta, garrantzizkoa dena, lanon ostean gasolina-ontziak goi-goiraino bete dizkiote. Dena Enbaxadaren kontura, FBIren 1942ko urriaren 8ko txostenak dioenarekin bat.

        «Beste alderdi bat Mr. HEMINGWAYk Enbaxadarekin duen harremanean (ezabaturik lerro eta erdi) erabiltzea haren zerbitzuak Kubako hegoaldeko kostaldean patruilatzeko eta ikerkuntza lan zenbait egiteko. HEMINGWAYk, arrantzale onaren ospea duenak, ondo ezagutzen ditu hango urak eta itsasertzak, hamabi urteko tartean jardun izan baitu ezpatarrainaren migrazioei buruzko ikerketak gauzatzen New York Cityko Museum of Natural Historyren izenean (ezabaturik lerro eta erdi) HEMINGWAYren eskaria onartuz itsaspekoen jarduerarik igarri uste izan den zenbait lekutan patruilatzeko baimena eman dio. (Lerro hiru laurden ezabaturik) eta honezkero gasolina sail bat eman zaio horretan erabiltzeko. Eskaria egin du hark (lerro eta heren bat ezabaturik) hark enbaxadorearen hitza du operazio honetan izan litekeen edozein galera edo heriotza gerrako galeratzat joko dela, egoki litezkeen indemnizazioak hartzeko eskubide eta guzti».

        Lerro ezabatuetan dagokeena alde batera utzirik, bada hor berri interesgarria; Felix Areitio Ermua eta Patxi Ibarluzea pilotari euskaldunak U-itsaspekoen ehizaldietan hilez gero Ameriketako Gobernuak gerrako galeratzat joko zituzkeen. Bestela, bada txostenean bertan beste datu bat, The Crook Factory hark norentzat lan egiten diharduen argi apur bat dakarrena.

        «Erabakia hartua zen, hala eta guztiz ere; HEMINGWAYk zuzenean Mr. JOYCErekin kontaktuan lan egingo zuen, ezen ez informatzailearekin (FBIren txostenaren paratzailea informatzaile hitza ipintzean bere buruaz ari da)».

        Hots, txostenak eta enparauak, FBIri zuzenean barik, Enbaxadako bigarren idazkaria den Joyce delako horrexeri eman behar zaizkio. Joyce hori, diogun bidenabar, 1942a baino askoz lehenagotik da Ernest Hemingwayren adiskidea. Adiskideen artekoa dirudien jokoan, Joycek gero paperok nori ematen dizkion, edo nora bideratzen dituen, beste kontu bat da. Hala bada, kontu horretan falta den argia non eta FBIren txostenean tinta beltzaren azpian galdua da, beharbada.