Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

FBI eta Gustavo Duran

1943 / Habana

 

Pilar dotoreak Q-ontzi legez jardun duen 1943ko uda joanda Mundu Gerrak bere martxan segitzen du, Martha Gellhorn eta Ernest Hemingway senar-emazteen artekoak segitzen duen moduaren antzekoan, hots, kolpe erabakigarria nork noiz joko zain.

        Mundu Gerraren egoerari gagozkiolarik, honezkero Karibe aldeko urak ez dira otso-talde modura biltzen izan diren U-itsaspeko haien ehiza libreko ardi-zelaia. Amaitu dira otsoak, eta amaitu ehizaldiak. Baita Pilar mozorrotuarentzat ere. Itsasoetako fronte-lerroetan Karibeak garrantzia galdu du.

        Gerrako itsasoetan legez, Hemingway bikotearen barne-gerrako fronte-lerroen kokaguneetan aldaketa nabarmenak izan dira. Emaztea Europara joan da urriaren 25ean. Lisboarantz, New Yorken itsasoz abiatua, udaz geroztik Collier's aldizkariarekin egina duen hitzarmena betetzera. Senarra, bitartean, Habanan da. Floriditan edanean eta istorioak kontatuz edo bestela Pilar honezkero arruntean itsasoan, hor ere polito edaten, baina urpekontziren bat antzemateko aukerari agur esanda. Ez Ernest Hemingway berak ez haren "The Crook Factory" operaziokoek, baizik eta beste batzuk egin dituzte otsoak ehizatu, eta ardi-zelaia horrelaxe baketu.

        Spruille Bradenek geroago idatziko zuenez, itsaspeko edo otso haietako bat harrapatzekotan izan ei ziren. Alegia, egun batean Pilar halako leku jakin batean izan eta biharamunean leku horrexetan hegazkinek itsaspeko bat begiztatu zutela eta gerraontziek jo eta hondora bota zutela, horrelaxe idatziko du enbaxadore ohiak. Txiripaz ez ei zuten Ernest Hemingwayk-eta hura harrapatu.

        Bera den gerra-kazetari eta adituak gerrarako deiari muzin zelan egin behar dion buruhauste itzela duelarik, eta joan ez joan erabaki ezinik dagoen artean idatzi-nahi-eta-ezin dagoelarik —liburu-proiekturik baduen arren—, azken bi urteotako kontuak egiteko ordua iritsi zaio Ernest Hemingwayri. Zer lortu du? Noiz hasi zen dena okertzen?

        Iragan udagoienean, hots, "The Crook Factory" orain galdua sortu berritan, Gustavo Duran Habanara etortzea lortu zuen eta, hura poza. Poz laster zapuztua, ostera. Ez zukeen uste izango aspaldiko lagunarekikoa hala eten zitekeenik.

        Aspaldiko laguna, bai, 1929an ezagutu baitzuten batak bestea Ernestek eta Gustavok. Parisen. Harrezkero tarteka ikusi izan zuten elkar. Harik eta Espainiako gerra lehertu zen arte. Han, Espainiako Gerran, berriro elkar ikusi zutelarik, idazlea beste Gustavo Duran harekin miretsirik lotu zen. Hain miretsirik ze, hortxe sartu zuen Gustavo Duran, izen eta guzti, For Whom The Bell Tolls arrakastatsuan. Alde guztietan arrakastatsuan, esan beharko da, zinemako pantailetan Gary Cooperrek eta Ingrid Bergmanek gorpuztu dituzten pertsonaiek diru politak ematen ari zaizkionez gero.

        Gustavo Duran miretsiaren historia ez zen amaitu ez For Whom The Bell Tolls eleberriak deskribatzen duen 1937ko maiatzean, ez urte horretako udan SIM sortu eta bera hango buruetako egin zenekoan, ez uda haren ostean gerra-buruetakoen artera igoarazi zutenean, ez eta 1939ko martxoaren hondarretan Errepublika azken arnasetan zelarik Valentzia aldean ontzi ingelesa hartu eta Ingalaterrara joan zenean ere. Bizitza ez zen inoiz inon gelditzen. Bizitzak beti aurrera segitzen duela esan zezakeen Gustavo Duranek.

        Gustavo Duran ezkondu egin zen, esanda dagoen moduan, Borne Crompton emakume usatarrarekin, elkar ezagutu eta hiru hilabetera. Ingalaterran. Zorion apur bat behintzat, izan zezakeen gizonak, ze aitak, semea atxilotu eta fusilatu egin zutela esan ziotenean, bere buruaz beste egin zuen, 1939ko apirilaren 5ean. Apirilaren 1ean Francok gerra amaitutzat emana zuen.

        Hala bada, Ernest Hemingway Gustavo Duran adiskide miretsiari laguntzen saiatu zen, hura Ingalaterran izan artean behintzat, For Whom The Bell Tolls filmean aholkulari har zezaten eskatuz. Horren kariaz mila dolarreko txekea bidali zion baina, egitasmoa bertan behera geratu zenean Gustavo Duranek dirua itzuli zion.

        Ingalaterran bizimodurik ez zela-eta, Duran senar-emazteek Estatu Batuetara jauzi egin zuten, 1940ko maiatzean. 1941az geroztik Gustavo Duranek Luis Buñuelekin lan egin zuen, Museum of Modern Art delakoan. Horrela, gerraurrean zinemarekin izana zuen harremana berreskuratu zuen. Gerraurrean zinema-soinuaren arloan lan egina zen Gustavo Duranek, berriz, bere musikari-karrera berreskuratzeko beste urrats bat egin zuen gero, 1941eko urtean aurrerago, Washingtonen Pan American Union-en musika sailean lanean hasi zenean. Haatik, 1942ko urtean Habanako deia datorkionean Estatu Departamenduko Amerikei Buruzko Gaietarako Nelson Rockefeller fundazioaren koordinatzailearentzat lan egiten ari da Gustavo Duran. Bestela, Ernest Hemingwayk hiru aldiz ikusi ditu Duran senar-emazteak, horiek Ameriketan izan diren artean, New Yorken.

        Hala bada, iragan urte bien balantzea egiteko orduan gogoan izan behar du Ernest Hemingwayk 1942ko urrian —ala azaroan izan zen?— Gustavo Duran Finca Vigíara etorri nola eta zertara etorri zen. Hori dena ondo gogoan du Ernest Hemingwayk orain, 1943ko udagoienean.

        Gustavo Duran Friendless espioitza-sarearen kargu egitera etorri zen, orduko lekukoen arabera. Zalantza dago, ostera, lekuko horien denbora-kalkuluek ez ote duten huts egiten. Gustavo Duran iritsi zenerako Pilar ontzia Q-ontzi legez baldin bazebilen, eta Ernest Hemingwayri Pilar Q-ontzi legez erabiltzeko haizua eman, Friendless kontraespioitza sarearekin egindako «primerako lanaren ordainetan», hots, haren zeregina amaitutakoan, eman baldin bazitzaion —Spruille Bradenek halaxe dio bere Diplomatikoak eta demagogoak liburuan—, zertara etorria zen Gustavo Duran 1943ko azaroan? Kontraespioitza sarearen kargu egitera. Beraz, kontraespioitza sarea ez zegoen deseginda. Nahiz eta ordurako FBIko gizonak aspalditik izan Habanan.

        Ondo daki Ernest Hemingwayk azken bi urteotan benetan zer gertatu den. Eta orain, otsoen ehizaldia amaiturik benetako gerrara joan ez joan dagoelarik, gogora datorkio Gustavo Duran Finca Vigíara etorri zenean izan zuen bozkarioa. Handik laburrera haren emaztea etorri ostean biak Finca Vigíako gonbidatuen etxean hartu zituenekoan izan zuen bozkarioa ere gogora datorkio. Pozaren ostean laster etorri ziren desengainuak, ostera.

        Gerran berrogeita hamabost mila gizonen gainean agintea izan zuen Gustavo Duran hari olgeta begitanduko zaizkio, hasiera-hasieratik, beste gerraide haren soldadu-itxurak. Hasteko, Ernest Hemingwayk bere lagun Gustavok gerrialdean pistola eroan dezan nahi izango du, berak ere badaroa-eta. Hori hasteko, ze Gustavo Duranek, aldean pistola eroan beharrarena ulertu ez eta, horri ezetz esateaz gainera, ezin ulertu izango du idazle ustez antifaxistak Kuban egiten duen bizimodua; are gutxiago hura onetsi.

        Behin, Habanan kontzertua entzuten izan ondoren, Duran senar-emazteak lagun batek autoan ekarri ditu Finca Vigíara. Goizaldeko bostak dira, eta lagunak —Alejo Carpentier da, hain zuzen— klaxon-adarra jo du, nahigabean. Martharen gelako leihopean izan da hori dena. Biharamunean Ernestek aldarri egin die Duran senar-emazteei, bart eskura arma bat izan balu tiro egin izan ziekeela, emaztea behin itzartuz gero loak berriro hartzeko pilulak behar izaten dituela-eta, eta horrezkero biharamunean lanik egin ezinik izaten dela eta. Marthak goiz horretan Bonte Duran emazteari esango dizkionak ere ez dira gozoak. Hantxe bertan aldatu ziren Ambos Mundos hotelera, eta haraxe bidaliko zien lore sorta Ernestek, barkamena eskatuz eta Fincako gelak beterik zirenez eurena libratu beharra zutela esanez.

        Gaitzerdi burukomin dena hori balitz, hala ere. Ernest Hemingwayren bizi-giroa ere ez zaio gogoko bihotza ezkerretan eta hango odola gorri dabilkion Gustavo Durani. Ernest Hemingwayren ohiko lagunak ez dira edonor Habanan. Kaizuloetako arratoiak, litxarrerotxoak, putak, errepublikanoak eta pilotariak alde batera utzita, haren beste lagun gehienak aberatsak dira. Eta aberatsak ez ezik faxistak batzuk; Espainiako faxistei lagundu izan zietenak eta laguntzen segitzen dietenak.

        Norberto Fuentesek 1942koan kokatzen duen pasadizoa egia bada, 1943ko udagoien hori baino lehenago Francoren ordezkari diplomatikoren bat edo beste Finca Vigían ibilia zen. Eta hori dena gutxi balitz, Ernesten matxo-plantak, birao egiteko moduak, zerbitzariekikoan erakusten duen portaera feudala, horiek denak ez dira Gustavo Duran gizon ikasi, ondo hezi eta sentibera haren gogoko.

        Lehendik ere beharbada beste detailetxo batek egin zion gainez Gustavori. Faxisten laguna izatea baino iraingarriago zaio idazleak katuei jaten okela ematen diela ikustea, okela arrazionaturik dagoen gerra garai horretan, hain zuzen. Musikari jaioek musika-nota baten oihartzunetan konposizio oso bat aurreigarri ahal duten legez, Gustavo Duranek detailetxo horrexetan antzeman ahal izan du Ernest Hemingwayren nortasun konplexuaren gakoa. Ernest Hemingway idazle ustez konprometitua bizizalea da, beste ezer baino lehen.

        Finca Vigía utzi zuten Duran senar-emazteek, bada, Ernesten batez besteko portaerarekin eta mozkorraldiekin haserre. Mozkorraldiena, ostera, hain da nabarmena ze, FBIko buru Hooverrek berak aipatua da.

        «Lehengo neurrian edaten badu, horrenak ez dira batere sinesgarriak». Horrelaxe idatzi zion 1942ko abenduaren 19an Edgar Hooverrek Laddy agenteari, honek hari egindako txostenari —lau orrialde— orrialde bakarrean erantzunez. Txostenean, Ernesten edatun ospeari ekiteaz gainera, Kubako Gobernuari Spruille Braden enbaxadoreak eskaturiko diru hura eman diezaioten idazlea ekin eta ekin dabilela aipatzen da. Bide batez edo, horren zenbatekoa milioi erdi dolarrekoa dela dio txostengileak.

        FBIren buru nagusi Edgar Hooverrek agente Laddy txostengileari egindako orrialde bakar bateko erantzunean argi dio; «Ernestek ez du FBI gogoko». Ez eta FBIk Ernest, jakina. Bestela ez zituzkeen agente Laddyk hainbeste orrialdetako memorandum haiek idatziko.

        Lau orrialde ditu haren aurreneko memorandumak. Kopuru polita, FBIren beste txosten arrunten aldean. Laddyk 1942ko abenduaren 17an sinatu duen horretan —FBIk Ernest Hemingwayri buruzkoetan publiko egin dituenetako hirugarrena da—, ostera, lau orrialdeok askoz laburrago egin zitezkeen. Funtsean zer dio-eta, beste lehenagoko bietan esaten dena, hots, Ernest Hemingway idazle ezaguna, orain Kuban bizi dena eta lehenago Espainiako Guda Zibilean izan zena, komunisten zalea dela, nahiz eta hark zaletasun hori ukatu, eta hala ere Habanako enbaxadoreak konfiantzako gizona duela. Horixe dio, gehituz «horrentzako eta Enbaxadako bigarren idazkari Joycerentzat informatzaile jardun izan baitu; enbaxadoreak agindurik haren —Hemingwayren— informeak Laddy agenteari helarazi behar zaizkio(la)».

        Laddyk bigarren orrialdean dioenez, Hemingway Kubako politika ofizialeko gaietan sartu izan da, eta horrek arazoak ekar ditzake. Bestetik, dio agenteak, idazleak erabiltzen duen sare horretakoen izenak, berak izan ezik beste inork ez dakizkienak dira. Salbu eta Gustavo Duranen kasuan, esan beharko zukeen.

        Memorandumean, Duran jatorriz espainola dela eta lagun hurkoa duela Hemingwayk eta honentzat lanean ari dela dio Laddyk. Horren ostean azaltzen duenez, uztarketa horretaz hitz egina da enbaxadorearekin, eta galde egiten du hori komenigarria denetz; argitu egiten du, nolanahi ere, Hemingwayk Enbaxadara ekartzen dituen denak Laddyri ere helarazi behar litzaizkiokeela (seinale horrela egiten ez dela, pentsa dezake norberak); eta horretan enbaxadoreak baiezkoa eman diola dio Laddyk; aurrerantzean Hemingwayren informe denak helaraziko ei dizkio. Horren ostean, hamabi-hamalau lerro ezabaturik dira. Lerro ezabatuon behean «Kubako barne-ustelkerian eskua sartzerik ez dagoela» dio berriro Laddyk, Hemingwayri «hori bertan behera uzteko» agintzeko erregutuz. Azkenik gomendioa dakar memorandumak. Hori ere ezabaturik denez —bost edo sei lerro— Laddyk zer proposatu duen, auskalo.

        Laddyri beronen buru Edgar Hooverrek memorandumari erantzutean idazlearen aldetik etor daitekeenaren beldur zertan izan ez duela diotso, eta hortxe aipatzen dizkio mozkorrarena eta sinesgarritasunarena. Beldur izateko motiborik bai ala ez, FBIko SISko agente Laddyk Ernest Hemingwayren eta haren lagunen gainean txostengintzan segituko du. Horrela bada, hurrengo txosten edo memorandumean ekintza jakin bat bidera dadin proposatuko du. Zein ekintza, ez dago jakiterik, horri dagozkion lerroak ere ezabaturik dira-eta.

        Laddyk zer gomendio luzatu duen eta zein ekintza proposatu duen esaterik ez badago ere, eta lehenengoetan idazleak ekar zezakeen arriskuari buruzkoan alkohola eta sinesgarritasun eza aipatuz FBIko buruak lasaitu itxura egin bazuen ere, 1942 urte amaierarako kontu hura Edgar Hooverrek garbi zuen; zerbait egin beharra zeukan. Ordura arte lasai egondako Edgar Hooverrengan erabaki hori eragin zuen prozesua abenduaren 8an abiatu zen. Ordurako Habanako Ambos Mundos hotelean zen Gustavo Duranenak tartetxo batez alde batera utzita, goazen egun horretakoetara.

        Egun horretan Pilar ontziak karel artean Ernest Hemingwayrekin batera Winston Guest eta lau espainiar ditu. Denak bistaz lar ondo ez dabiltzanak dira, itxuraz, egun horretakoak azaltzen dituen memorandumaren arabera behintzat. Memorandum hori, hamar orrialde dituena, Mr. Ladd —ez Laddy, kasu— agenteari C. H. Carson izeneko agenteak 1943ko ekainaren 23an idatzia da. Memorandumean iragan 1942ko gertaerak laburbiltzen ditu. Bada, horrek dioenez, behin batean Pilar-ek, itxuraz arrantzan baina misio konfidentzialean ziharduela, Marqués de Comillas pasaiari-ontzi espainiarra begiztatu zuen eta, horretan dena normal. Dena normal, bai, Pilar-eko eskifaiak Estatu Batuen Kubako Inteligentziari Marqués de Comillas hari atxikirik itsaspeko germaniar bat begiztatu uste izan eta, benetan halaxe ikusia zutela jakinarazi izan ez balio. Saboteadore alemanak Kuban sartzen ari ziren! Urpekontzitik Marqués de Comillas hartara igarota.

        Albistea Habanara iritsi zen, ziztuan, Marqués de Comillas hango portuan sartu zenean ikusi zen moduan. Miaketa zorrotza egin zioten. Alferrik. Ez zen han ezer susmagarririk topatu, are gutxiago nazi espiarik. Hegan egin bide zuten.

        Gaitzlaurden baina okerkuntza bakarra hori izan balitz. Handik denbora batera, 1943ko urtarrilean, Enbaxadako "legal attaché" delakoari —hots, seguritatekoari— iturri onetik jaso duten isilekoa jakinarazi diote Factorykoek; ba ei da Basque Bar izenekoan informazio konfidentziala gordetzen duen halako kaxa ondo bildu bat. Bada, hara joan, kaxa antzeman, haren barruan begiratu eta agertu den bakarra Santa Teresaren bizitza delako liburua izan da, ez besterik.

        Espien modus operandia ezaguturik —irratiz igorri behar dituzten mezuak aldez aurretik adosturiko liburu jakin bateko orrialdeen arabera kodifikatzen dira; beraz, mezu-hartzaileak deskodetze lanerako liburu jakin horren edizio bereko kopia bat beharko luke— gogoan har zitekeen liburu hori balizko espia horiek beren klabeak txekeatzeko erabil zezaketelako hipotesia. Memorandumak ez du horrelakorik aipatzen, ez eta Basque Bar hartatik abisua nork helarazi zuen ere. Haatik, bazebilen zerbait bar hartan, eta abisua, baskoen Sareko norbaiten abisua zen hura.

        Ernestek 1943ko udagoienean okerkuntza bi horiei buruz gogoeta egiteko astia du, lagun Gustavo Duran galduaren eta emazte Martha Gellhorn ihes egindakoaren akorduak ezabatzeko ahalegin legez behintzat. Garunetan gorderik paperean baino ekinkorragoak izaten dira akorduak, ostera.

        Honezkero aipaturik diren lehengo eta hirugarren memorandumen artean bada bigarren bat. «Intelligence activities of Ernest Hemingway in Cuba» izena du, eta hamar orrialdekoa da. Luzetxo ere iritzi dakioke. Baina ez da hain luzea, jo gura den helburuak halakoxe neurria izan dezan eskatzen baitu. Bigarren memorandum honetan Gustavo Durani zuzenean tiro egiten zaiola esan daiteke eta, Ernestek baleki.

        Memorandumeko lehen orrialdean idazleak Kuban Falange Espainolaren ibilerak-eta ikertzeko duen bermearen zergatia aipatu ondoren —«hark espainiarrak polito ezagutzen dituela-eta, horrexegatik eman ei zaio»— bigarren orrialdean 1940ko gertaerak gogorarazi nahi ditu txostengileak. Hots, idazleak FBIren aurka 1940an sinatu zuen agiria, eta abar. Ondoren, hura, Ernest Hemingway, enbaxadoreak bere kabuz kontratatua dela, eta hark "legal attaché"arekin ezelango kontaturik ez duela, halaxe dio. Horren hurrengo hamabi-hamalau lerro ezabatuen azpian txostengileak Ernest Hemingwayren sarea nortzuek osatzen duten argitu nahi du; jardun osoko lau lagun, gerratean espainiar polizi indarretakoak izan direla diotenak, eta tartekako hamabi lagun ei dira. Matematikek-edo huts egiten diotelako, azkenean guztira informatzaileak 26 direla dio —jardun osoko sei eta tartekako hogei—. Zenbakiak bat ez etortze hori zergatik izan daitekeen, lehenik aipatu diren lau eta hamabi horiek Habanan dihardutelako, eta besteak txostenean bertan esaten den moduan, sareak Matanzas, Camagüey eta Santiago de Cuban ere badituenak direlako ote da?

        Ez litzateke hori okerkuntza edo gaizkiulertu bakarra. Memorandumeko hirugarren orrialdeak leku txarrean uzten du norbait.

        Orrialde horretan hortxe aipatzen da Benitez jeneralari Ernest Hemingway dela-eta eman zaion eskutitza, idazlea enbaxadorearen konfiantzako gizona dela dioen eskutitza, itxuraz. Horren aipamenaren azpian hor dira gero ezabaturik beste hamar bat lerro.

        Zentsuraren tinta ezabatzailearen azpian orrialde horretan lurperaturik datzan gorpua egiazko zein sekreturi dagokion jakiterik ez dagoen arren, argigarria dateke gogoraraztea Ernest Hemingwayren usteko sareak Benitez jeneral hori usteltzat salatua duela —1942an—, eta Laddy agentearen lehenago aipatu gomendioa —«hobe Kubako barne-zeretan ez sartzea»— salaketa horrexek eragin zuela. Benitez jenerala ez da edonor; Kubako Inteligentzia Zerbitzuen burua da.

        Berriz, Friendless delakoaren txostenek usteltzat ez ezik kolpistatzat ere jo izan dute Benitez jenerala. Txostenon bidez 1942an, Batista Ameriketako Estatu Batuetan bisitaldi ofizialean zen artean, jeneralak estatu kolpea prestatu nahi izan zuela jakinarazi zioten enbaxadoreari.

        Horra, bada, Kubako seguritatearen buru dagoen gizona nor den. Eta horrexeri jakinarazi behar izan zaio kubatar seguritatekoek Ernest ezer susmagarritan ikusiz gero hura estutzen ez ibiltzeko, Enbaxadarentzat lanean diharduela-eta. Argi da; irlako susmagarrietako batzuk begipean izateko lanean elkar harturik ari dira Estatu Batuetako Enbaxada eta Kubako Barne Seguritatea, Estatu Batuetako Gobernuak eta Kubakoak gerrari buruzkoan sinatu dituzten itunen harira. Bada, Friendless sarekoek beste batzuk dituzte begipean. Edo Estatu Batuetako enbaxadorea ez da Kubako seguritatearekin erabat fio, eta ofizialak ez diren beste bide batzuk ere baliatu nahi ditu. Itunak alde batera utzita. Interesgarria da, hala ere, itunok zertan diren argitzea, aurrerago egin baino lehen.

        Bigarren Mundu Gerran sartu aurretik —Estatu Batuak Pearl Harborkoaren biharamunean sartu ziren, eta bi egun igarota Kuba—, bazuten horiek elkar-laguntza militarreko ituna sinaturik, 1941eko irailaren 7az geroztik. Bada, itun hura 1943ko otsailaren 1ean berriztatu zuten alde biek. Itun berri horretako lehenengo artikuluarekin bat, Kubako Itsas Ontzidiko ontzietako batzuk gerra-ahaleginean lagunduko dute, ontziok ofizial kubatarren mende egonik, bai, baina denen goi-buruzagitza Estatu Batuetako Navyren Itsaso-Mugaldeetako komandantearengan izango delarik. Horrez gainera, Kuban usatar militarren batek zuzengabekeriaren bat egin baleza, balizko hori militar usatarrek epaitzeko eskubidea ere adosturik dute. Hots, txikia handiaren menpe, bien seguritatearen izenean.

        Seguritate zeregin horretan Estatu Batuek beren Navyren Misioa ezarriko dute Kuban. Misio buruak, berriz, Kubako Itsaso Ontzidiaren aholkulari jardungo du. Hots, goi-buruzagitzaren aginduak kubatarrei helarazi eta betearaziko dizkiena izango da.

        Estatu Batuetako Enbaxada itunaren mamia berriztatuz eta egokituz joango da. Horrela, Guantanamoko basera hornigaiak ekarri, hori Kubako edozein portutara joz egin ahal izan dadin hitzartuko dute. Ze ez da ahaztu behar hori yankien eskuetan dela aspaldidanik. Horrela, 1943ko irailaren 20an estatu idazkariak Kuban enbaxadore dagoen Braden jaunari egin telegraman irlatik igortzen diren komunikazioen gaineko zentsura ezartzeko Kubako Errepublikako Gobernuari 150.000 dolarreko laguntza luzatu behar zaiola aipatzen da. Zentsuraren helburua, berriz, ez da faxisten komunikazioak galaraztea, antzematea edota hondatzea, komunisten balizko zeregina oztopatzea baino. Antikomunismoaren marea gora hasia da.

        Diruen harira, berriz, Enbaxadaren eta Estatu Idazkaritzaren arteko gutunerian arabera badakigu faxistak preso ondo loturik izateko Kubako Gobernuari agindu zitzaion laguntza, Ernestek eta enbaxadoreak hain fermuki galdatua bera, iritsia dela azkenean ere. Baina kontuz. Enbaxadoreak berak zentsurarako eman beharreko diruak eman ostean aipatzen duenez, Kubako goi-agintariek eskua itsu-lapikoan sartu nahi dute; denek.

        Ez da diru bila eskua non sartu leku bakarra. Gerra garai honetan Kuba Estatu Batuen morroi dagoen arren, abantaila bat baliatu nahi du; azukrea. Horren prezioa adosteko negoziazioak, luzeak eta korapilatsuak dira, dirutza ederrak baitira jokoan. Testuinguru honetan Estatu Batuetako Enbaxada gai da Kubako Errepublikako goi-seguritatekoari Hemingwayri buruzko eskutitz horretan dioena, eta besterik ere, agintzeko. Bada, itzul gaitezen eskutitz hori aipatzen den memorandumera.

        Memorandumeko hirugarren orrialdean Gustavo Durani ekiten zaio, esan bezala. Eta horri nola ekiten zaion ohartuz gero FBIren SIS zerbitzuaren jokoaren alderdi anitzak antzematen hasi ahal da.

        Txostenak dioenez —The Crook Factory zer izan ote zen, zalantzaren itzala lodiago eginez esan ere— 1942ko abuztuan Ernest Hemingwayk Washingtonen enplegaturik zegoen Gustavo Duran espainiarra Kubara etor zitekeela iradoki zuen. Txostenak berak dio "naval attaché" delakoarentzat hura —Ernest Hemingway— Kubako kostaldean barna hogeita hamar egunez egin beharko zuen misioan egon bitartean bere lekua har zezan eskatu zuela espainiarra etortzeko. Horrela —zeharkako bidez, esan nahi da—, 1942ko udagoien hartan Pilar ontziak norentzat lan egingo zuen argitzen da; itsaso-seguritateko agentearentzat, hain zuzen.

        Hilabetez Pilar ontziak itsaso-seguritateko agentearentzat egin beharreko lanaren beste daturik eman gabe, txostengileak, hurrengo, Hemingwayk Gustavo Durani buruz egiten dituen goraipamenak gogorarazten ditu, esanez, hura, Hemingwayren ustez, gerra garaian, orain bezala, errepublikano hutsa zela, komunista barik. Bada, baietz, hura kontratatzea erabaki zen. Baina horretan izan zitezkeen lege-oztopoak zirela eta —agenteak ohartaraziak dira, nonbait, oztopook— Enbaxadak berak kontratatu zuen —dio agenteak— berrogeita hamar eguneko eperako.

        «Mister Duran azaroaren hasieran iritsi zen», dio gero, Gustavo Duran Habanara benetan noiz iritsi zen zalantzan utziz. Zeren eta Ernestek abuztuan hasita hogeita hamar egunez egin beharko zuen lana egin artean "The Crook Factory"ko buru egin zezan deitu bazuten, azarorako aspaldian amaitua zatekeen delako lana. Lanak lan, txostengileak ohartarazi egin nahi du Gustavoren lana, izatez, ez dela Hemingwayrena bezain txundigarria. Agenteak, berak buruan duena baina esan gabe doana interlokutoreak ere buruan balu moduan —memoranduma Edgar Hooverri zuzendua da—, Habanan lehendik antolatuta egon den horretan Gustavo Duranek sartu duen berrikuntza bakarra "The voice of street" delakoa dela dio.

        Kaleko ahotsa, «The voice of street», horixe da Gustavo Duranek Enbaxadara helarazten dituen txostenen izenburua. FBIko buruarentzat idazten duen agenteak gutxietsi egiten dituen txostenak dira horiek, bestalde. Kalean zurrumurruan dabiltzan iritzi, uste eta esamesak jasotzeko Gustavo Duranek erabiltzen duen jende-lagina behar bezain zabal eta fidagarri ez dela dio.

        Haatik, 1943ko udazkenean, "The Crook Factory" eta Friendless operazioak oroitzapenak gordetzeko ganbaran sarturik horiek literatura-gai bilakarazteko prozesuan bizi den idazleak badaki Gustavo Duranen lana enbaxadorearen gustukoa izaten ari dena. Laguna galdu du berak, eta laguntzailea irabazi enbaxadoreak, honek hura kontratatu egin baitu.

        FBIren operatiboak [agenteak] ailegaturik Ernesten inteligentzia-lana amaitu zenean, hark [Gustavo Duranek] Washingtonera itzuli beharra zuela esan zidan, han paperak jaso behar zituela-eta. Ellis Briggsek eta staffeko beste batzuk txunditurik zeuden, hark AEBetako herritar bilakatzearren zuen grina zela-eta; erlijiora konbertitu berriaren antzekoa zen.

        Kuban atxiki nuen Gustavo, attaché moduan, eta oso mesedegarri izan zitzaidan. Nire hitzaldiei taxua ematen zien; Kuba-Amerika harremanei begira laguntza handikoak ziren kultur harremanak garatu zituen; eta taldeko beste kide batzuei laguntza polita eman zien Nazi, Faxista eta Komunisten jarduerekin zerikusirik zuketen gaietan. Baliagarria, batez ere Komunistekin zerikusia zuten gaietan izan zen, hark polito ezagutzen baitzuen zertan ziren elkarren ezberdinak Komunistak, Sozialistak, anarkistak, sindikalistak, eta zertan zen Komunista Estalinista eta Troskisten aldea ere, Espainiako Guda Zibileko beterano baten aldetik itxaron zitekeen moduan. Zirriborratzen lagundu zitueneko agiri asko antikomunistak ziren.

        Spruille Bradenen Diplomatikoak eta demagogoak liburutik hartuak diren pasarteok argi eta garbi diote Duranen antikomunismoarena.

        Gaia ez dute horren garbi FBIko SISkoek. Bazter utzi dugun memorandumera itzulirik, eta horrek zuzenean Durani tiro egiten diola esan delarik lehen, horren nondik norakoa azaldu behar da.

        Hura komunista sutsu legez zen ezaguna Madrilen, alderdiko militantea izan zen, bada, eta horri esker aginte eta ordezkaritza postuetan gora egin zuen. Guda Zibila lehertu zenean Komunisten milizian bolondres sartu zelarik, Mangada koronelaren mendeko indarretan buruzagitza eman zitzaion Madrilgo Frontean. Gerrako tarterik luzeena fronte horrexetan eman zuen, militar graduazioan gora eginez, Alderdi Komunistaren aupadaz beti ere, horrela 1938a baino lehen komandante mailara iritsi arte. Azken urteetan koronel lotinant mailara, hots, Espainia Errepublikanoan karrera barik militarrak iritsi zitezkeen eta gradurik gorenera iritsi zen; Valentziako Matallana frontean Armadaren Gorputz bateko buru legez zerbitzatu zuen gero, eta hantxe gerra amaitu.

        Harekin eta haren mendean zerbitzatu zuten lagun hurkoek goraipatu egin dute haren militar portaera. Soldadu bihoztun eta lider inteligentearen ospea zuen, militar jomugei buruz barik jomuga politikoei buruz lan egiten zuelarik.

        Gerrako azken egunetan, frankistek Katalunia bere mende harturik zutelarik, Madril Francori errenditzeko helburuz Nazio Defentsari Buruzko Junta osatu zuten Miaja jeneralak, Besteirok, Casado koronelak eta bestek —Webster enbaxadoreak Rooseveltekin Errepublikaren geroaz hitz egitera itsasontzian zihoalarik izan zuen horren berri, gizajoak—. Plan horri Alderdi Komunistak bortizki egin zion aurka, Juntaren aitzi armetan altxatuz.

        Anarkisten CNTko militar buru Cipriano Merak Juntarekin bat egin zuen, eta gerrako bataila odoltsuenetako bat hasi zen, alde batean komunistak eta bestean errepublikanoak eta anarkistak zirelarik.

        Atezu horretan Duranek partiduaren aginduei otzan men eginez bere postutik desertaturik Madrilen Errepublikanoei eta CNTri buruz buru borrokatzen zihardukien komunistekin bat egitera eraman zituen tropak, azken porroteraino.

        Valentzian, Gandiako portuan, britainiar destruktore batean ontziraturik ihes egin zuen. Ontzi berean Madrilen haren kontra borrokatu zen Casado koronela zihoan eta, gizon biak elkarrengandik urrun ukan behar izan zituzten.

        Gustavo Durani leporatzen zaizkion karguak idatzirik ditu FBIk Habanan 1943ko abuztuaren 13an sinatua den lau orrialdeko memorandum zentsuratuan. Karguok nori kopiatuak eta, Francoren Poliziari kopiatuak dira, duda barik. Hala bada, 1943ko udagoienean lekutan dira Bowers enbaxadore ohiak Ameriketara abiatzean egindako ametsak.

        Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua alde, gerra amaitu baino lehen izan du bere alde Francok, beronek daki hori inork baino hobeto. Antikomunista da Franco, eta Mundu Gerraren norakoa ikusita, hots, haren aliatu kutun Alemania porrotari buruz doala antzemanik, Estatu Batuek badakite hurrengo etsaia nor izango den. Komunistak.

        Antikomunismoaren goraldian Francoren Espainiak eta eskuin indarren Ameriketako Estatu Batuek bat egin behar dute. Denbora kontua baino ez da. Hasia da horren marea gora, eta hala Francok nola besteek erreakzioaren uretan itoarazi gura dituzten lehenengoetakoa da Gustavo Duran.

        Erresuma Batua eta Sobiet Batasuneko zati bat izan ezik Europa osorik faxisten mende delarik, Duran modukoek, itsas galeretako oholak bezala, hondartza bakarra dute hondoratzearen ondoan nora jo; Ameriketakoa. Eta hor ez dago gero norbera komunista izan dela aitortu eta gero lana erraz lortzea amesterik. Egoera horretan esan zezakeen bakarra dio Gustavo Duranek; komunista bera? Ez orain eta ez beste inoiz lehenago.

        Behin errugabetasun aitormena eginda, Gustavo Duranek konbertitu berriaren fedea erakutsiko du aspaldiko alderdikideen ehizan, Habanan lehenik, eta Ameriketan barrena gero. Horrek beste susmo batzuen haria luzatzen digu eta, oratu diezaiegun.

        Ernest Hemingwayri buruzko aipatu 1943ko abuztuaren 13ko memorandumeko orrialde bi zuri-zuri ageri dira. Hots, behin idatziak izan zirenen ordeko mutu. Bada, Bulegoak sekretupetik atera gabe dituen orrialde horietan garrantzizko zerbait ezkutua zaigulako susmoa, susmo hutsa baino zerbait sendoagoa da.

        Susmoak noiz arte iraungo duen jakiterik ez dagoelarik, askaturik gabeko orrialde bion ostean memorandumean Gustavo Duranen gaiari eusten zaio eta, horrexekin konformatu behar dugu. Orrialde zurien ondorengoetan, hasteko eta behin, Duranek 1939ko apirilaren 28a arte Valentzian segitu zuela dio. Datari buruzkoan huts galanta dago, apirila dioen lekuan martxoa jarri beharko baitzukeen. Ez da huts bakarra. Gustavo Duranek 1938ko martxoaren 28a arte Valentzian "segitu" baldin bazuen, Madrilgo aipatu matxinada horretan izan ez zela ulertu behar da. Baina hori baino susmagarriagoa da kontua.

        Madril errenditzen ari zen tartean [dio memorandumak] Duranekin kontaktua egin zuten AEBetako kontsul STUART WARNERek eta AEBetako militar attache Col. PUQUAk, eta horiek bezala Britainiar Kontsul Orde Mr. BALLENTYNEk eta Britainiarren militar attaché delakoak ere kontaktatu zuten. Gizon hauek arlo militarrari buruzko informazioaren kariaz kontaktatu zuten hura, eta hura gero Ballantyneren oso laguna egin zen. Errendizioaren ostean, Duranek Warnerri AEBetako Enbaxadan aterpetzeko galdatu zion. Warnerrek aitzakia ipini zion, Amerikar Gobernuak horrelakorik egitea onarturik ez zuela, eta hark galdatua egiterik ez zuela. Etsiturik, Duranek bere burua Valentziako militar-buruari entregatzea erabaki zuen, eta halaxe egin. Hura, berriz, familiaren aspaldiko laguna zen. Etxe pribatu batean aterpetu zuen, Duranen aurka zer egin zezaketen ere, hantxe itxaron zezan. Bitartean, Duranek Warnerri deitu zion, honek Ballentyneri dei egin ziezaion esateko. Eta horrelaxe egin zuen Warnerrek. Ballentynek isilpean Duran kontaktatu zuen, eta halaxe jakinarazi ahal izan zion gau hartan bertan Valentziako portuan destroyer ontzi ingeles bat abiatuko zela, eta han sartzea lor ziezaiokeela. Halako maniobra askoren ostean Duran Enbaxadaren auto batek jaso zuen eta Britainiarren Enbaxadara eroan zuen; beraz, dokumenturik barik britainiartzat pasarazi zuten, eta ontzian sartu. Ballentynek dirua ere eman zion. Behin destruktoreak Valentzia utzirik Maine britainiar ospitale-ontzira eroan zuten.

        Duran inoiz komunista izana bazen, hantxe ahaztuko zitzaizkion inoizko horietakoak, denak. Valentziatik atera zutenekin zordun geratu zen. Biziaren zordun, hain zuzen. Eta antikomunismoaren marea gero eta gorago, iraganekoak ahaztuago nahi izango ditu Duranek. Britainiarrek eta amerikarrek Duran zergatik kontaktatu ote zuten eta, «arlo militarrari buruzko informazioaren kariaz kontaktatu zuten» dioen horren azpian dagokeena da ilunetan geratu dena. Hala ere, badirudi mesedea mesede truk egin zutela Duran Valentziatik ateratzean.

        Bestela, Madrilen Gustavo Duranekin kontaktatu ahal zutela usatar militarrei nork esan zion, Ernest Hemingwayri buruzko FBIren txostenetan ezabaturik edo paper zuri huts bilakaturik diren orrialde zentsuratuetan lurperaturik datza hori. Agian.

        Lurperatuak baketan utzirik, 1943az geroztik Antikomunismoaren marea gora hazten-hazten dator eta, lekutan da urtebete lehenago Jose Antonio Agirrek Habanako Unibertsitatean etsai bakarren aurka bateraturik lan egiteko aldarria. Eta dena haren hitzak Ahanzturaren Itsasoan galdu direla balitz, baina bai zera. FBIko SIS-basque adarrean lan egiten dutenetako batzuk, antikomunista porrokatuak, marea gorarekin poz-aparretan dira.

        Horrela, adarrari buruzko 1944ko martxoaren 4ko txostenean argi esango da; «Mr. Iralak M. Doyleri laburbildu dioenez, baskoek komunismoari aurka egiteko interesa dute, horren sustraia Basque herritarren erlijiotasunaren sendoenean datzala».

        Hori berriz, etortzekoa den urtean ageriko da. Ordurako Hemingway Europarako bidean izango da. Orain aldiz Habanan da, buruhausteek, bihotz korapiloek eta damuek barrua jaten diotelarik.

        Lekutan dago orain "The Crook Factory" hura. Haren buru egiten zuen idazlearen egoera gorabehera, han izaniko lagunek beren zereginean segitzen dute, bazterretan bada-eta zer bildu. Faxisten ibilaldiez gainera, ontzien sartu-irtenak, karguak eta tripulazioak, pasaiari susmagarriak, horiek denak eta beste batzuk ere ikusi, gogoan gorde edo idatzi, eta dagokionari jakinarazi behar zaizkio. Horixe da, funtsean, Gustavo Duranen «The voice of street» delakoak egiten duena: belarriak kaleko hotsei adi izan. Kaleko hotsari adi diren belarrietako batzuk, berriz, euskoak dira, tartean "The Crook Factory" hartan ibilitako baten batzuk.

        Bitartean, FBIk esku batean karta-joko bat eta bestean beste bat, horrelaxe lan egiten du. SIS-basque adarraren bitartez Kuban falangista, nazi eta halakoei buruzko informazioa biltzen duen aldi berean, Madrilek Kuban diren ustezko komunistei buruzko informazioak igortzen dizkio, eta hor konpon horiek iturri biek elkarrekin dituzten auzi-mauzi eta halakoak. Ameriketako Estatu Batuek beren buruaren alde dihardute, gerra-legea baita oroz gain norberaren buruari begiratzea. Bati belarrira xuxurlatzen zaizkion promesak —gerraren ostean, Askatasuna!— besteari begietara begiratuz agintzen zaizkion ametsak dira —gerraren ostean, Elkartasuna!—.

        Espainiako polizia faxistak, bestela nork igorriko zion Estatu Departamenduari Gustavo Duran hari buruzko informazioa.

        Espainiako polizia politikoak FBIrekin hari zuzena bazeukala, Agirre lehendakariaren kasua dago testigu. Nondik etor zitekeen, bestela, hari buruzko informazioa? Hala nola, 1942an FBIk idatzi duen hori, alegia, «Agirre "Basque extremist" d(el)a, eta hark Basque autonomiaz dituen ikuspuntuak higuingarri zaizkio(la) Spanish politikagintzako gehienei, horiek bestelako gaietan irizpide ezberdinak dituztenak diren arren».

        Agian joko horretaz ikusi eta ikasi duenagatik, horrexegatik nahi du Ernest Hemingwayk mendeku hartu.

        Mendeku hartu Ernest Hemingwayk, hobekien egiten duena eginez nahi du, hots, liburua idatziz. Horretaz John Melly = SIS357 agenteak zerbait idatzi du 1943ko abuztuaren 13an.

        Mr. Hemingway, enbaxadore Spruille Bradenen menpean inteligentzia zerbitzuan lan egina dena bera, Bulegoak badakien legez, orain momentuan lan horretako eskarmentuan oinarrituriko liburua idazten ari da. Hemingwayk dio, ba ze, inteligentzia lanetan azken urte honetan Kuban izan diren denak, enbaxadore Braden bera barne, liburuan agertuko direla. Guk geuk ez dakigu oraindik horretan FBIk jokatuko duen rola zein izango den, baina FBIaz hark duen iritzia ezaguturik, irudimen gabeko polizia profesional buru-astun eta tentel modura agertuko direlako ustea izango da usterik zuhurrena.

        Horren azpian bost sei lerro ezabaturik ageri dira. Agian horiexetan dago Ernest Hemingwayk liburu hori sekula egin ez izanaren arrazoia, ez du-eta egingo. Txostena, aholku ezabatu eta guzti, agente Laddyrena da. Agenteak badaki Ernest Hemingwayk Bulegoari dion gorrotoaren berri.

        "The Crook Factory" abiatzekotan zirelarik, 1942ko udan, idazleak agente Laddy haren aurkezpena egin zion lagun bati.

        —Hona hemen Gestapoko bat —esan zion Ernest Hemingwayk bere lagunari agenteari buruz; horrexen aurrean. Laguna Habanako pilotarietako bat zen.

        Idazlearen eta Bulegoaren arteko herraren bidea joan-etorrikoa da. Liburua egiteko motiborik ez du falta Ernestek, FBIkoak horrela erretratatzeko falta ez duen moduan. Horretan, gogoan du beste pasadizo hura, Gustavo Duranek hango Habanako FBIren gizonetako bat 1938an Spanish Civil War zorioneko hartan kazetari ibilia zela ohartarazi zionekoa. Biek ezagutzen zuten Eduard Knoblaugh izeneko gizon hura, gerratik hain zuzen.

        —Zein da orain problema? —Durani galdetu ziola gogoan du Ernestek.

        —Horrek idatzi duen liburua —erantzun zion lagunak—. Correspondent in Spain titulua du eta Francoren aldeko propaganda da.

        Zelan lan egin Kuban falangisten kontra, ohartarazi zion enbaxadoreari idazleak, Espainiako falangisten alde dagoen FBIko batekin? FBIk orduan Gustavo Duranen gaineko txostena paratzea erabaki zuen, esanda dagoen legez. Baina orain, 1943ko udazkenean emazte Martha Gellhorn gerrara joan zaion Ernest Hemingway bakartuak ez du zertan txosten horren berri izan. Eta liburua idatzi beharko lukeela uste du. Baina ezin. Ezin, gaur ezabaturik diren arren artean idatzi berri diren bost lerro horien mamia ezagutzen duelako. Ezin, FBIrekin.

        Bada, iragan bi urteetakoen balantzea egin ostean liburu argigarri hori paratzeari ekin beharrean, Europara joatea erabaki du Ernest Hemingwayk. Egunen batean, berriz, Karibeko korrontean eta hango irletan gertatuak bere modura kontatuko ditu, hots, egiazkoak eta asmatuak nahastuz. Islands in the Stream izango da liburuaren izena. Eta hor bai, hor bere barrua paperera hustuko du, hala edo nola, baina egunen batean argitu egingo zituela agindu zituen balizko haiek —FBIren txostenetan mehatxu gisa hartu zen agindu hura— aipatu barik.