Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Ernest Hemingway

1960 / Bilbo

 

Azkena da. 1960ko abuztuan Ernest Hemingway, berak jakin barik ere, azkenengoz etorri da Bilbora eta, oro har, Penintsulara. Eta hori tamala, abuztuak 24 dituelarik Bilbon zezenak Ordoñez bere kutunari adarkada ederra sartu dio. Ez da ezer izan, zorionez. Argazkian ikusten den legez, idazleak bisita egin dion unean, toreatzailea hortxe dago, ondo bizirik, ohean. Argazkia El Correo Español frankozalean argitaratua da eta, bada gero.

        Argazki hori El Correo Español-en ikustean haren irakurleak lar ere ez dira harrituko. Iragan urteko abuztuaren 20an ere Ernest Hemingway hortxe izan zen, argazki eta guzti, egunkari frankozaleak lehengo biderrez elkarrizketaturik. Elkarrizketa Carlos Barrenak sinaturik zetorren.

        Elkarrizketaren titular aurrekoak Ernest Hemingway bere "idolo" (kakotxoak egunkarian dira) Ordoñezi jarraituz etorria zela zioen, eta titularrak eransten zuenez «hor izango da Bilboko korridetan», pluralean. Titularrak parentesi artean argitzen du Ernest Hemingway 1954ko Nobel sariduna dena.

        Argitu beharreko kontua, Ernest Hemingwayren Nobel sariarena, 1960ko abuztuaren ostegun honetara arte Bilboko egunkari frankozalean ez baita "existitu ere egin" idazle bestela ospetsu hori. Baina 1960ko honetan ezberdina zen. Idazlea ez zen egun horretan zezen-plazara etorria zen izendun bakarra. Zezenketaren buru, hantxe zegoen Franco diktadorearen emazte Carmen Polo. Aurreko egunetan berriz, Donostiako zezenetan, diktadorea, Franco bera zen plazako presidente egona. Diktadurarentzat zezenketa Espainia esentzialaren sinbolo esentzialetakoa zen.

        Halaxe begitandu behar zitzaien 1959an Spanish Earth delakoan bisitan izan ziren lau milioi turistetako gehienei —4 milioi, bai, Ernest Hemingway Bilbon deneko 1960ko abuztu honetan El Correo Español-ek berak dakartzan datuen arabera—, dirutza politak uzten zituzten bisitari aberats haiei, hain zuzen. Beraz, turistak erakartzearen aldetik, Errepublikaren zale ohi Ernest Hemingway Nobel sariduna etortzea berez ere baden propaganda, ezin hobeto datorkio Erregimenari. Sinbolikoki, idazleak eta diktadurak elkarbizitza baketsuaren antzeko itun isila sinatu dute. Edo hobe esanda, aitortu gabeko itun hori 1953az geroztik dute sinaturik (urte horretan Espainiara itzuli aurretik bateko eta bestekoekin hitz egin zuen, Kuban bertan; Espainiako diplomatikoen oniritzia ukan zuen). Bilbon Francoren esanetara txakurrak jabearen eskuko apurretara modura izaten diren kazetariek, datu hori ondo apuntatu duten ez duten, Bilbon idazleari sei urte geroago eman diote aukera.

        Aukeran, Carlos Barrenak denboran barrena idazleak Bilborekin izandako lotura edo zerikusia laburbildu nahi izan zuen. «Uribilduan —Bilbori buruz zioen Carlos Barrenak titularraren beheko lerroan— lehenengoz 1933an egon zen». Ez dirudi zuzena.

        Ernest Hemingway urte hori baino lehenago Bilbon egonda zegoen. 1929an bere aberkide eta toreatzaile Sidney Franklin —Brooklyngo toreatzailea, Madrilen guda zibilaren garaian idazkari eta hornikari izan zuena— ikusten izan zen. Irailaren 29an izan zen hori, zekorketa batean. Eta beharbada hori baino lehenago ere Bilbon egona zen. Bestela, Carlos Barrenak esan bezala izan balitz, Ernest Hemingwayk 1932an argitaratua zen Heriotza arratsaldean izenekoan Bilbori buruz idatzi zuena asmatua zatekeen; edo nonbaitetik kopiatua, hain ziur.

        «Bilbo hiri aberats-itsusia da, meatzaritzan diharduena, non batzuetan St. Louisen egiten duenaren bezainbesteko beroa egiten duen, berdin St. Louis Missourikoari zein St. Louis Senegalgoari alderatu», idatzi zuen 1932ko liburuan. Egia esan, horren antzeko zerbait idatziko du orain, 1959ko urte hasieraz geroztik buruan eta azken uda biotan esku artean dakarren proiektuan. Izan ere, proiektu hori harako Death in the Afternoon —Heriotza arratsaldean— liburuaren eguneratzea dateke, eta horrexek ekarri du Spanish Earthera 1959-60an. Eguneratzearen aldetik berrikuntzarik ez, esan bezala, Bilbori buruzkoan.

        «Bilbo hiria industria eta itsasketari emana da, egon ere mendi arteko botxo batean barrena datorren ibaiaren ertzean baitago. Hiri aberatsa da, handia, sendoa, eta bero-hezea nahiz hotz-hezea».

        Bilboko mendiekin Ernest Hemingwayk tema itzela ukan zuen. 1937ko apirilaren 30ean, faxistek Gernika bonbardatu ostean paratu zuen kronikan «Bilbo mendiek osaturiko katiluan datza» idatzi zuen.

        Aspaldi egina zeukan Bilboren irudi hori idazleak. Gainerakoan, meatzaritza aipatu zuen 1932ko liburuan, itsasketa aipatuko du 1959-60koan, baina batez bestekoan berdintsuak dira aipamenak, eta biak ere biak bata bestea bezain topikoak. Haatik, lehenengo aipamenean Ernest Hemingway umoretsuago bat igartzen dugu bigarrenean baino. Orduan gazteagoa zelako ote zen, batek daki.

        Hala bada, Carlos Barrenak ez zioen zuzen. Beharbada okerretara ulertu zituen Ernest Hemingwayk 1960ko abuztu horretan esandako hitzak; 1933koa idazlea Bilbon izan zen azken urtea da, lehenengoa barik. Carlos Barrena bere onean ote zegoen ez ote zegoen, idazlearen janzkerari behintzat erreparatu zion. Baina hori ikustea argazkietan ere bazeukan.

        «Koadrodun kapelua, udako alkandora marroia eta mahozko praka zimurtuak, eta larruzko zapatilak —arabiar babutxen antzekoak— aldean, Ernest Hemingway Carlton hotelera iritsi zen. Bere idoloa toreatzen ikusten egona zen Ciudad Realdik hona ekarri duen autotik kanpora ez zuen kasik irten. Hotelera, zezenetara joateko sarrera-txartelen bila baino ez zen joan».

        Kazetariak susmarazten digunarekin bat, Ernest Hemingway Antonio Ordoñezen pausuei jarraitu guran arrapataka zebilen, bai, baina gogotsu. Ciudad Realdik Bilbora arteko txangoaren nondik norakoa Uda arriskutsua liburuak dakar.

        Liburu horrek dioenez, 1959ko abuztuan Bilbora abiatu ziren Hemingway eta Bill Davis laguna —honexen La Consuela landetxean du bere kuartel nagusia Ernestek—. Beribilez, goian esan bezala. Lancia etxeko autoa zen hura, La Barata ezizenaz ezaguna. Autoak, dio Ernestek, «tragatu egin zituen kilometroak; Burgosko taberna zaharrean —aspaldikoan?— lotu ginen».

        «Mariok bizkor egin zuen Burgostik Bilbora artekoa. Lasterketako pilotua zenez, ez zegoen arriskurik, teorian behintzat, eta hala ere bira-kontagailuari begiratzen nion aldiro, izertzan hasten nintzen».

        Aspaldion abiaduraren beldur da, antza, hainbat gerratan ibilia eta zauritua dela lau haizeetara aldarrikatu ohi duen gizona. Zorionez beribilak hiru klaxon mota ei zituen eta, horietako batek beste zerei bidetik kentzeko deiadarra hedarazten zien. «Oso baliagarria izan zitzaigun —idatziko du gero Hemingwayk—, baina behin astakiloak, ahuntzak eta artzainak atzean utzi eta hara, trenaren zain zeuden haiek geldi».

        «Antonio Bilbon ekiteko gogotsu zebilen, Bilbokoa baita Espainiako plazarik gaitzena, zezen handienak ekartzen dituena eta publiko zorrotzena eta exijenteena duena —hitzok 1932ko liburuan idatzi zituenak dira, kasik—, hala da ze, inork ezin zezakeen esan 1959ko hartan ezer ilunik edo zalantzazkorik izan zenik, ze Belmonte eta Joselitoren garaietatik hara inork egin ez zuen moduan toreatu zuen-eta. Ez zion ardura (Antoniori) Dominguin ere han izateak».

        Uda arriskutsuan Ernest Hemingwayk Bilboko plaza polito ezagutzen zuela erakutsi zuen. «Han —Bilboko zezen-plaza dela-eta idatziko du— legea eta agintaritza estuago dira Espainian beste inon baino eta poliziak atsegin izan zuen guri plazaren inguru osoa eginaraztea, ordura arte beti erabili izandako zentzuzko sarbidea erabiltzen utzi beharrean».

        Zer zela-eta ibilarazi zioten plazaren biribil kasik osoa, horra Ernest Hemingwayk ez zekiena. Edo aipatu nahi ez zuena. Palkoan, gorago esan bezala, diktadorearen emazte Carmen Polo, herriarentzat La Collares, hortxe dagoelako, zezenketaren buru. Ernest Hemingway ez ote zen ohartu, biografo gehienek diotenez 1959ko uda honetan "erratic" —bitxi, nabarmen, xelebre— izaten ari zen. Batetik hori. Ze bestetik, urteotan, 1959an legez 1960an ere, legea eta agintaritza Bilbon beste inon baino estuago eta zorrotzagoak badira, baskoen matxinada berriaren zantzuak airean dabiltzalako da. 1959ko horretan Ekin taldeko militanteek Euskadi Ta Askatasuna erakundea sortu zuten. Urtearen azken aldera, hiru lehergailu ipini zituzten eraikin ofizialen kontra. Gero, Ernest Hemingway Bilbora bigarren urtez jarraian etorri den 1960ko honetako martxoaren 22an hain zuzen, Jose Antonio Agirre lehendakaria hil da. Sekretu batzuk betiko eroan zituen berarekin hilobira.

        Horretaz, deus ez idazleak. 1953an Espainiara itzultzeko bidea eman ziotenean «politika gaietan ez sar» delakoa egin zezan aholkatu ez ezik ezinbesteko beharkizun jarri zioten eta, bai, bete egin zuen berak emandako hitza.

        Sei urte ziren joanak, haatik, 1953ko hartatik. Askoz ere ezagunagoa da orain orduan baino, tartean Nobel saria ere eman diote-eta. Hala bada, Zezen-plazaren ingurua kasik osorik egin eragitean bere burua publikoari erakusteko bidea eman zioten Ernest Hemingwayri. Gaitzerdi, bada, plazan agintariek emandako tratua.

        Vista Alegren [idatziko zuen biharamunean Carlos Barrenak] haren etorreraren zurrumurrua bizkor hedatu zen. Irtetean, plazako atzeko atetik hain zuzen, tai gabe autografoak sinatzen jardun zuen. Ahal izan zuenean 1954ko Nobel sariduna hotelera itzuli zen. Ordurako haren bagaia haziagoa zen: bidaia-zorro zenbait. Carltongo hall-ean, torero, zale eta bilbotar pertsonalitateen anabasan, haren albora joateko modua ukan nuen.

        —Zezenketatik etorri berria naiz. Oraindino ez dut jantziz aldatzeko astirik ukan. Galde beza berorrek jakin nahi duen dena, berorren esanetara nago.

        Ernest Hemingway, Nobel sariduna, kazetaria, menturazale nekagaitza eta eleberrigile handiak Bilbo lehendik ere ezagutzen zuela esan zidan.

        —Hona 1933an etorri nintzen, orduan ere Bilboko feriara. Zezen handien eta publiko zorrotzaren feria da hemengoa. Oraindino ez dut hiriburu honetako ezer ikusteko astirik ukan.

        Horra, bada, Carlos Barrenaren hankasartzea. Ernest Hemingwayk ez zuen esan, ez, Bilbora lehenengoz 1933an etorri zenik, kazetariak berak hor idatzi duenarekin bat. Haatik, goazen elkarrizketaren harira.

        —Noiz arte izango zara Bilbon?

        —Feriaren azken hondarretaraino. Gero, zezenak ikusten segituko dut, beste hiriburu batzuetan barrena. Zer iritzi dio berorrek gaur Ordoñezi? —azkenean Ernest Hemingwayk egin du galdera.

        Pertsonaia jenial hau zezenen zale sutsua da. Atzoko zezenketaz galdetzen zidan, batik bat Ordoñezen jarduna goraipa nezan.

        —Beno —ziostan—, ba gaurkoa ez da ezer izan, Ciudad Realgo atzokoaren aldean.

        —Zer idazten ari da berori orain?

        —Nire Heriotza arratsaldean lanaren eranskinean dihardut. Zezenen giroko liburua da. Badut eleberri bat ere (titulurik gabea); horretan hamazortzi hilabetez geroztik lanean dihardut. Laster amaituko dudalakoan nago.

        Carlos Barrenak parentesi artean titulurik gabea zela zioen eleberri hori zein ote eta The Garden of Eden —Edengo baratza— da, idazlea hil ostean argitaratuko dena, zeinetan Hendaia den eszenategi nagusietakoa. Haatik, kazetariak ez zuen literaturaz hitz egin nahi, zezenzalea bai baina Erregimenak gazteleraz argitaratzen uzten ez dion Noren hil-kanpaiak ote eleberriaren egilea ere badenarekin. Badaezpada ere.

        —Hainbeste zezenketa ikusi dituelarik, zezen-iruzkin bat idazteko gai sentituko ote litzateke berori?

        —Bai, zalantzarik gabe... Eta bestela galde egin biezaiote...

        Nori galdetu behar zitzaion, Ernest Hemingwayk ez zuen alderdi hori argitu. Edo esan bai egin zuen, eta Carlos Barrenak ez zuen idatziz jaso nahi izan. «Desperdicios» sinatzen zuen harexeri galdetzeko esan ote zion? Beharbada. Nola ere izan zen, Ernest Hemingwayren aldarte onaren testigu izan zen Carlos Barrena.

        Nire galderetako bakoitzari erantzutean idazleak irribarre egiten du. Haren bizar apaindua geldiro laztandua zen. Maiestatasunez, zuzenago esango nuke... Hotelean ezagutu zutenean, batzuk hurreratu egin zitzaizkion, autografo eske...

        —Publizitatearen ordaina da —ziostan, barkamen eske bezalaxe—. Baina, sinistu, honek akuiluaren balioa du, norbera ezaguna bada idazten duenagatik dela pentsarazten du eta. Berorrek eta biok publikoari zor diogu gurea.

        Ernest Hemingwayk bere irakurleei zer ere zor zien, haren lan nagusiak Espainian argitaratu barik segitzen zuten, zentsurak ez baitzuen argitara zitezen baimena ematen. Bestela, Carlos Barrenak pagatzen dion eskuari zor dio dena. Bada, Ernest Hemingwayren ahotik publikoarekiko zor horrena entzunik, Carlos Barrenak, zezenzale porrokatua itxuraz, tertzioz aldatzea erabaki zuen.

        —Zer deritzo Luis Miguel / Ordoñez zezenketarien lehiari?

        —Lehia hutsa, baina zezen-plazan baino ez. Ohikotik kanpoko gizonak dira biak ere. Egun Ordoñez sasoi hobean dabil, baina Luis Miguelek edozeri egiten dio aurre. Arnas luzeko zezenketaria da, oso-osoa. Tira, ohikotik kanpoko gizon bi.

        Elkarrizketarako gai posible bakarra bereak emanez zihoalarik, Carlos Barrenak galdera arrunta luzatu zion, amaierakoa legez, idazleari.

        —Zer egingo du berorrek gaurko arrastian Bilbon?

        —Orain, lehenik eta behin, nire burua apur bat apaindu. Gero kostaldean ibili nahi dut, Kuban ezagutu nituen lagun batzuekin batera. Pilota partidaren bat ikusteko gogoa ere badut. Gogoko dudan kirola da. Kuban partida franko ikusi nuen, baina orain beraren berezko giroan ikusi nahi nuke bat.

        Pilota partidak bere giroan, hots Euskal Herrian, Ernest Hemingwayk lehendik ere ikusirik zituen. 1945eko harako elkarrizketa hartan Felix Areitio ezizenez Ermua handiari hark Erdoza ezizenez Fenomenoa pilotariaz galdetu zionean idazleak erantzun zuenarekin bat behinik behin.

        «Luze zela nengoen Fenomenoa ikusteko gogoz. Behin Europan nengoelarik, 1927an hain zuzen, Donostiara bidaia egin nuen, haren (Erdozaren) pilotakada ikaragarriak zuzenean ikusteko helburu bakarrarekin. Lastima: Erdozak denboraldi txarra egin zuen».

        Horrelaxe ziotson Ernestek bere lagun Felixi 1953an. Alta, elkarrizketako pasarte hori hor utzirik, eta 1959ko Carlos Barrenaren elkarrizketa ere lagata —hurrengo lerroetan kazetariak idazlearen deskripzioa eskaintzen du, eta «gorputzez gazte dago» eta halako beste arrunkeria batzuk esan ondoren, Ernest Hemingwayk Ordoñez kutuna ikustera elkarrekin joateko gonbita egin diola esanez eta haren ahotan «Ciudad Realgoa harrigarria izan zen» esaldia ipiniz amaitzen du berea Carlos Barrenak.

        Elkarrizketa horretan esan barik utzi zirenak esandakoak baino interesgarriagoak diratekeen arren, Ernest Hemingwayk esandakoen artean Kubako lagunekin kostaldera joatekoa zela, horixe da gurearen harira egokien datorrena. Bada, 1959ko abuztuan Ernest Hemingwayk Bizkaiko kostaldera egin zuen, Kubako lagunekin. Beharbada ez zen elkarrizketa egin zeneko abuztuko egun horrexetan izan, hurrengoan baino, Ordoñezi bisita egin ostean berandutxo egingo baitzitzaion. Haatik, honen guztiaren sarreran ageri den «Hemingway Mundakan» narrazioan idatzi bezala, Ernest Hemingway Mundakara etorri zen. Kuban ezagutu zituen lagunekin, eta beste batzuekin ere. Artean pertsonak etxeak baino handiagoak ziren.

        Hemingway Mundakara etorri zenean auto bi ikusi zituzten Mundakako Kale Nagusian, geldi. Bere autotik irten barik, idazleak, Andres Untzain abadearen etxekoren bat itaundu zuen, kanposantura laguntzeko. Goiko Kalean geratzean, berriz, abade harrezkero hilaren etxekoen helbidea bazekiela erakutsi zuen. Hain zuzen ere, Mundaka polito ezagutzen zituen baten bat ere bazetorrelako auto haietan. Agian hantxe zen Lucia Regina Soltura, abaderen loba Teodoro Untzainekin batera, orduko haietako bizi den bakarra. Biek ere biek endekaturik dute oroigailua. Lucia Regina Solturak batez ere. 2001eko udan haren bisitan izan nintzelarik burua nahasturik zuen. Guztiz. Hemingway Nobel sariduna musikari batekin nahastu zuen. Hala ere, bada Lucia Reginak burua argiago zuelarik emandako testigantza.

        Bilboko Bilbao aldizkariak duela zenbait urte Lucia Regina Solturari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen. Sinatzailea M. F. Maizcurrena da.

        Hemingwayrekin ere tratua izan nuen [dio Lucia Reginak], Kanalako abadeari esker. Abadeak, gerraren denboran, nazionalak iristean itsasadarra igerian zeharkatu, Miarritzera ihes egin eta handik Kubara joan zen. Behin batean frontoian sartu zen eta, hantxe topatu zuen Hemingway, orduan bere itsasontzirako gizonen bila zebilelarik, eta gizon honek itsasontzia antolatu zion eta gero harekin arrantzuan irten izaten zen. Nahikoa geroago, ordurako abadea hilda zegoelarik, Mundakako itsasadarra ezagutu nahi izan zuen. Orduan hona etorri eta dei egin zidan. Hala da ze, itsasadarrean barrena txangoak egin genituen eta zezenketa batzuk ikusi genituen. Gero joan egin zen, eta laster, bere buruaz beste egin zuen. Gizonak liburuak idaztean biraoak eta gauza izugarriak sartzen zituen, baina gero berriz, norberarekin aurrez aurre egotean, ingelesik zehatzena erabiltzen zuen eta ez zuen bat ere biraorik esaten.

        Horraino Lucia Reginaren akorduak, Bilbao aldizkarian argitaraturikoaren arabera. Hitz horiek bat datoz, alde batetik, 1959ko urtean Ernest Hemingwayk Bilbon egin zituen egunek eman ahal izan zutenarekin; idazleak Bilbo inguruetan hiru egun egin zituen, Mundakako itsasadarrean txangoak egiteko adinako tartea. Aldiz, Lucia Reginari Mundakako hilerrira egin zuen bisitaldia aipatzean hori gogoan ez duela, eta hala izan balitz izango zukeela erantzun zidan. Bisitaldi hori, ostera, egin egin zen.

        Nola ere izan zen, Ernest Hemingway Mundakara etorri zenean herria ondo ezagutzen zuen norbait bazuen, gidari. Ia ziur, Jose Maria Uzelay margolaria izan zuen bidaide. Bermeon jaioa, margolariak etxea Busturian zeukan. Hain zuzen ere, bere lagun handi Lucia Regina Solturak Kanalan daukan etxearekin aurrez aurre, baina itsasadarra tartean delarik. Ez da hori Jose Maria Uzelayk garai haietan zeukan etxe bakarra. Madrilen ere apartamendua zeukan, Torre Picasso egin berrian. Hortxe bisitatu izaten zion Ernest Hemingwayk. Ze margolariak, Lucia Reginak baino lehenagotik ezagutzen zuen idazlea. Parisko urteetatik, hain zuzen. Eta gero ere, idazlea 1953an bere Madril kutunera itzultzen hasi zenez geroztik, hango apartamenduan hartu ohi zuen. Baina Jose Maria Uzelayren Busturiko etxera itzulirik, horrekin aurrez aurre dagoen baserri-etxekoek, Ernest Hemingway hango terrazan ikusi zutelakoan dira.

        Mundakara norekin ere etorri zen, Lucia Reginak kontaturiko hori Ernest Hemingway Bilbon azkenekoz den 1960ko honetan ere izan zitekeen, idazleak horretarako astia hartu izan balu. Haatik, Andres Untzainen loba Teodoro Untzainek diosdanez, bisitaldia 1959an izan zen. Zalantzarik gabe.

        Hori alde batetik. Bestetik, 1960ko honetan Bilbora egin duen bisitaldia laburra izango da, eta ugariak zereginak. Hala nola Juan Duñabeitiarekin egotea. Zeren eta 1960 honetan idazlearen lagun min Juan Duñabeitia Sinsky Bilbon da. Horren testigantza Ernest Hemingwayk berak utzi zuen, 1960ko maiatzaren 30ean Gianfranco Ivancich-i idatzi zion eskutitzean, hain zuzen.

        «Sinsky Espainiara itzulia da —dio eskutitzean—, beraz, honezkero posible izango dut ekinkorrago lan egitea».

        Bada, etxean da marinela. Hala ere, idazleak ez du ekinkorrago lan egiteko astirik izango. Idazlea eta marinela, bata bestea bezain nekaturik dira biak. Bilbon, bizitzak eskaini izan dien denetarikoez ase, joandako lagunez hitz egin artean, elkarrekin azken trago bana jo eta elkarri agur esan ondoren, bakoitzak bere aldetik egingo dute.

        Bien erretratua egin zuen Jose Maria Uzelayk idatzi zuenez, «Hemingway eta Duñabeitia ageri diren "Conversation piece, just leisure" margolanean ageri diren izen horien lekuan berdin-berdin jar nitzakeen Kastor eta Polux edo Akiles eta Patroklo, edo abarren batzuk, baina ez abarreko askorik, benetako lagunen bikoteak eskas baitira, eta are eskasago aldi berean margolariaren benetako lagunak diren halakoak».

        Ernest Hemingway eta Juan Duñabeitia, Uzelayk esan bezala, biak bizi artean Kastor eta Polux izan baziren ere, hil ondoren ez zieten Zeusek bere kutunei eman zien tratu bera eman. Zeusek Kastor eta Polux zerura eroan zituen, ortziko Geminis konstelazio bilakarazirik. Aldiz, historiak Ernest Hemingway idazle handien Olinpora igoaraziko duen aldi berean, Juan Duñabeitia bikia, Ahanzturaren Artxipielagoko irla bilakaraziko du.