Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
azala: Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan
2003, saiakera
340 orrialde
84-95511-60-6
aurkibidea

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

Erosi: 18,05
Ebook:

Aurkibidea

Esker onez

Ernest Hemingway
1959ko uda / Mundaka

1933-1939

Juan Duņabeitia eta Andres Untzain
2001eko martxoa / Mundaka

Pako Garai
1931ko abuztua / Kuba

Hemingway zezenetan
1933ko abuztua / Bilbo

Indalexio Tribisarrospe
1935eko otsaila / Mundaka

Martha Gellhorn
1937ko martxoa / Madril

Jesus Galindez
1937ko martxoa / Madril

Andres Untzain
1937ko apirila / Gernika

Gernikako Arbola
1937ko apirila / Gernika

Jesus Galindez
1937ko apirila / Madril

Juan Duņabeitia
1937ko maiatza-ekaina / New York-Bilbo

Hemingway eta Bosgarren Kolumna
1937ko uda / Madril

Galindez eta Bosgarren Kolumna
1937ko maiatza / Madril

Andres Untzain
1938ko udaberria / Habana

Washington-Madril: enbaxadoreak
1939ko ekaina / Queen Mary ontzia

Juan Duņabeitia eta Jesus Galindez
1937-1939 / Bordele

1940-1944

M. Sotaren gutuna M. Irujori
1940ko abuztuaren 20an

Hemingwaytarrak eta euskaldunak
1942ko maiatza / Habana

Kubako Sarea
1942 / Habana

Friendless
1942 / Kuba

Martha Gellhorn
1942 / Karibe Itsasoa

Gustavo Duran
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942 / Habana

Agirre lehendakaria
1942ko iraila / Columbia-Caracas

Gigi eta Wolf Pack
1943ko uda / Karibea

FBI eta Gustavo Duran
1943 / Habana

Irlak korrontean
1943 / Habana

Basque Intelligence Service (BIS)
1942-1945 / Amerika

1945-1960

Felix Areitio eta Hemingway
1945 / Kuba

Ernest Hemingway gerran
1944 / Paris

Patxi Ibarluzeari gutuna
1947ko uztaila / Habana

Trujillo diktadorea eta Hemingway
1947 / Kuba

Andres Untzain eta Juan Duņabeitia
1949-1950 / Europa

Jesus Galindezen zereginak
1950 / Habana

Untzain eta Hemingway
1952 / Donibane Lohizune

Ernest eta Andresen arteko gutunak
1953-1954

Andres Untzain
1954-1955 / Mundaka

Jesus Galindez
1956ko martxoa / Karibe itsasoa

Juan Duņabeitia eta Kubako Iraultza
1958 / Habana

Ernest Hemingway
1960 / Bilbo

Azkena

Bibliografia

 

 

Andres Untzain

1937ko apirila / Gernika

 

1937ko apirilaren 25ean, igandea, Von Richthofen, Vigon eta Velardi goi-aginteko militarrak Burgosen bildu ziren, Iparraldeko Frontean zeramaten ofentsiba aztertu asmoz. Aldi berean, Molak eta Francok beste horrenbeste egin zuten Salamancan. Gerra zibilak Estatu espainol osoan zeraman bilakaeraz hitz egin zuten, karlista eta falangisten arteko liskar nabariak zirela-eta erregimen jaioberria kinka larrian bizi baitzen. Baina nork zekien hori Gernikan apirilaren 25ean, igande hartako iluntzean?

        Igande hartan, Arabako hiriburuan, goizeko lauretan amaitu zen ospakizun batean parte hartu zuten Condor Legioko harroek, Burgostik etorriak batzuk, Gasteizen bertan zirenak besteak. Frontón hotelean izan zen gau-jaia, eta ez zen, ohi zenez, prostituta taldea falta izan han.

        Astelehen goiza elkarrekin harremanetan eman zuten Vigonek eta Von Richthofenek, nork bere menpekoen mugimendu zehatzak koordinatu ahal izateko. Eguerdirako ehizegazkin bik Gernikaren gainetik hegaldi bat egin zuten, behaketarako eta jopuntuen argazkiak egiteko. Jendea ez bide zen argazkiotan ageri.

        Goizeko hamaiketan, behar zituen datuak zorroan zituela, Mutxategi inguruan elkarrizketatu ziren Von Richthofen eta Juan Vigon. Araketa hegazkinek egindako argazkiak aztertu ondoren, bonbardatzeko agindua prest geratu zen. Gasteizera itzuli zenean, Von Richthofenek Hans Asmus bere alferezari eman zion agindua, eta hark jarraian pilotuei helarazi zien zuzenki. Jopuntua argi eta garbi definituta zegoen, eta halaxe beharko, pilotuak eta besteak ozta-ozta sei edo zazpi ordu lo eginda zeuden eta.

        Eguerdi ostean, Gasteizen 43 hegazkinek —Junker 52, Messerschmitt BF-10-9 eta Heinkel 51 aparailuak— motorrak berotzen zituzten artean, Gernika inguruetako jendeak euren etxeetara zihoazkeen, gerrako uzta ortu eta soloetako uzta baino ederragoa izaten ari zela konbentziturik.

        Bonbardaketa amaitu ondoren pilotu alemanak Gasteizko Frontón hotelera bildu ziren. Nork bere txostena idatzi behar zuen. Horietan eta gero Gernikara egin zuen bisitaldian ere oinarrituz idatzi ahal izan zuen Goi Estatuko teniente koronel Wolfram Von Richthofenek, bere "Espainiako egunkarian", hurrengoa.

        «Ju —Junkers— hegazkinek ez dute etxerik zutunik utzi Gerrikaitzen. Haatik, benetako helburua ziren errepideei ez zaie nahi adina kalte egin, baina bai trafikoa modu nabarmenean atzerarazteko nahikoa».

        «Gernika —jarraitu zuen idazten—, 5.000 biztanleko hiribildua, suntsitua da, hitzaren esangura zehatzean».

        Condor legioaren goi-buruaren idazkia zehatza da, hotza bezain. Erasoaldia 250 kiloko bonbez eta bonba su-eragilez burutu zela dio, gehituz «etxeak teilaz eta zuraz egindakoak zirenez bonba su-eragileek euren gaitasuna bete-betean garatu ahal izan zutela".

        Von Richthofenek datu teknikoen ostean aipatu zituen biktimak. «Batzuk hiribildutik kanpoan ferian ziren eta beste parte txiki bat bonbek bertan parean jotako aterpeetan hil ziren», dio heriotzaren teknikariak, gorpuei garrantzia kenduz.

        Gau hartan gorpuak ikusteko, aldiz, ez zen kriseilurik behar izango. Nahikoa zen liztorrek erein zuten sutea. Heinkel alemanez. Eskonbroen pean geratu zirenak topatu ahal izateko, ostera, ez ziren nahikoak munduko kriseilu denak. Castor Uriarte arkitektoak dioen legez, su-hiltzaileak arduratsu eta zehatz saiatu ziren, eta horrela salbatu ahal izan ziren asko eta asko, hala pertsonak nola eraikinak, azkenon artean Andra Mari eliza. Hala ere, bonbetako asko su-eragileak ziren eta, okerrena etortzeko zegoen; oi, horiek eztanda egiten hasi zirenean! Gutxienez 1.645 lagun hil ziren, tartean hainbat haur zirela.

        Gau luzea izan zen apirilaren 26ko hura. Gernikako berriak Bilbora iritsi zirenerako gaua zen. Harrezkero, kazetariak krimenaren jakitun egitea izan zen gobernuaren lehenengo zereginetakoa, Errepublikaren aldekoak ez zirenak ere faxistei oldartuko zitzaizkielakoan. Han ziren kazetarien artean Noel Monks australiarra zegoen. Horrexek aditu ei zuen lehenengoz sutearen berri.

        Noel Monksek bere Eyewitness —Lekukoa— liburuan gogoraraziko zuenez, gobernuaren funtzionario bat jangelan sartu zen, eta negarretan aldarri egin zuen: Gernika erre dute, alemanek.

        «Gaueko bederatzi eta erdiak edo ziren. Roberts kapitainak bere ukabil itzelaz mahaian jo zuen: txerrikume madarikatuok! Bost minutu geroago Mendigurenekin batera limusina batean ginen, Gernikarantz korrika. Hamar t'erdiak izango ziren zeruan Gernikako sutearen lamadak begiztatu nituenean. Aurrera egin ahala bideko ertz-hegal bietan hantxe dira emakumezkoak, gizonezkoak, umeak, denak durdituta. Abade bat dago jende talde baten erdian».

        Nor ote zen abade hori, ez du esaten. Ez zuen jakin beharrik ere. Hainbeste ziren Euskal Herrian. Andres Untzain izan zitekeen, baina hori nor zen jakin beharrik ere zuen. Abade bat Gernikan, eta kito. Bestela, handik hainbat arinen alde egitea zen egin beharrekoa. Faxistak abiadan zetozen.

        Handik lasterrera Gernikan zen Von Richthofen. Hotz-hotzean aztertu zituen bonbek eragindakoak. "Oraindino ere bonba-zulo erabat sinesgaitzak ikusi ahal dira», idatzi zuen. Pozik ageri zen, eragindakoen kalteengatik, bai, baina batez ere frogatzen ari ziren bonbek egunen baten izango zuten garrantzia gogoan zuelako.

        Erabat pozik izateko modurik ez, ostera. Hiria hogeita lau orduz blokeaturik izan zela dio egunkarian harakin hark, gehituz, tropei erasora behingoan jotzea agindu izan balitzaie hura bizkor menderatuko zuketela. Molaren lehorreko indarrak ez bide ziren fin ibili. Eta ez zebilen oker Richthofen.

        «La Merced komentuan zirenak zenbatuz —idatzi zuen gero Thomas kazetariak— Gandarias lotinantak han ziren tropak berrehun baino gutxiago zirela estimatu zuen; ehunka joanak ziren. Alde egiteko imintzio egiten zuen hurrengoari tiro egingo ziola mehatxu egin zien. Hobe zela komentua ebakuatzea, halako batean ofizial batek halaxe esan zionean, hari begiratu eta zuzen erantzun zion «Gure armadan dagoen kaltea etoiez josia dagoela da».

        «Juan de Beiztegi kapitainak gerra-epaitegiaren mehatxua luzatu zuen, tropei alde egin zezaten animu eman zezakeen edozein ofizialentzat».

        Hala ere, kazetariak dioen moduan, Gernika beste Alcázar bat bilakarazteko asmotan zebiltzanei huts egin zieten. Han geratzen ziren tropa bakarrak Loiola batailoikoak eta Saseta batailoikoak ziren, hots, Andres Untzain kaperauen artean zuten tropak, besteak beste. Ez ziren nahikoak. Beiztegi kapitainak, bihotza garrazturik, erretiradako agindua jo zuen.

        Hilaren 29an faxistak Gernikako kaleetan barna egin zutenean ageriko sua itzalita zegoen. Ezkutuko beste su batzuk, ostera, euren bizienean ziren. Andres Untzainen bihotzekoa, adibidez.

        Gudarien kaperauen zerrendetan Andres Untzainen izena ageri da, Saseta batailoiko abade modura, zenbait liburutan irakurtzen denarekin bat.

        Aldiz, 2001eko udaberrian ardaotxo bana berbetan hartzen dugun artean, Jon Ugalde abertzaleak dio berak ondo ezagutu zuela Sasetako komandante Ordoki, eta hark ez ziola inoiz Untzainen izena aipatu, eta mundakarra izanda aipatuko ziola, hoba ez, harekin egon izan balitz.

        Litekeena da 1937ko urtarril-otsailean Euzko Gudarostean kaperauen saila osotzeko deia egiten denean Untzainek Kanalako parrokiakoak alde batera utzi eta kaperau joan izana. Ziur da martxoan sail horretakoen artean zena.

        Alta, hainbat urteren buruan Ordoki komandanteak haren izena gogoratu ez izana ulertzeko gogoan izan behar da gudarien batailoi bakoitzean lau kaperau izaten zirela, hau da, konpainia bakoitzeko bat. Urteen puruz oharkabean joan ote zitzaion ahazten Andresen izena Ordokiri? Ez dirudi lar logikoa. Haatik, memoriak ez du bide logikorik. Horrexen adibidea dateke Bittor Iza ere.

        Bittor Iza Gernikatik lauzpabost kilometrora den Kanala auzunekoa da, hots, Andres Untzain gerraurreko urteetan abade egon tokikoa. Hain zuzen ere, Untzainek berak konbentzitu zituen Bittor eta beste lagun bat sortu berria zen Ertzaintzan sar zitezen. Bada, Andres Untzainekiko halako gomuta bizia gorderik du gizonak, eta berak esana da hura bonbardaketaren egunean Kanala aldean izan zela.

        Dena dela, Gernikako garrak hobekien ikus zitezkeen lekuen artean dago Kanala. Nolanahi ere, bada beste datu bat Untzain Sasetan izan zela berresten diguna. Hemingwayren biografietan Untzain aipatzen den guzti-guztietan abadea gerra zibilean gunner machine delakoen batailoi batean izan zela aipatzen da.

        Andres Untzaini dagokionean Ernest Hemingwayren biografoen artean gorabeherak izaten dira. Adibiderik harrigarriena A. E. Hochtner izenekoarena da eta, horixe aipatu ahal dugu.

        «Aita Don Andres, Black Priest ezizenaz ezaguna —dio A. E. Hochtnerrek Papa Hemingway memoria liburuan—, Gerra Zibilak eztanda egin zuenean Bilboko Katedralean zen eta hantxe pulpitura igota eliztarrei armak hartzeko eta kaleak betetzeko eta ahal zutenari tiro egiteko han egon beharrean, halaxe agindu zien. Horren ostean metrailadore-tiratzaile sartu zen armada errepublikazalean. Jakina, gerra amaitzean Espainiatik alde egin behar izan zuen».

        Nondik nora ere zabaldu zen gertaeren bertsio hori, Hemingwayren ahotik zabaldu zen, eta harexen patologiaren harira ulertu behar da.

        Idazlea izatea eta alkoholikoa izatea elkarrekin zerikusirik zertan izan ez duten izate bi badira ere, besterik da izate biak pertsona bakarrarengan gorpuzten direnean. Idazlea asmatzailea bada, eta alkoholikoak memoria galtzeko joera izaten badu, biak batera direnean asmatua eta benetan gertatua nahasteko joera sendotzeaz gainera, denbora igaro ahala jatorrizkoa eta asmatua dena, zein den zer, berriro bereizteko gaitasuna galduz doa. Ernest Hemingwayren hirugarren seme Gregoryk idatzi zuen izateen nahaste horren eraginaz.

        Dudarik ez dago, hala bada. Untzain Saseta batailoian izan zen. Behin hori ziur dakigula, eta Saseta batailoiko batzuk Gernikako bonbardaketaren egunean han izan zirela ere ziurra dela —sua amatatu guran agertu dira batzuk argazkietan—, Andres Untzain egun hartako goizean Kanalako elizaren alboan zuen etxean izan bazen ere —logikoena litzakeena, eta Bittor Izak dioenarekin bat letorkeena—, arratsaldean Gernikara egingo zuen, bihotza kolkoan. Hain zuzen ere, ibaian gora Gernika bila zetozen hegazkinak ikusteko Kanala baino leku hoberik ez zelako eskualde guztian. Ziur.

        Lekutan dago Hochtner haren liburuan esana. Legenda hutsa da hori. Eta ez da Andres Untzainen inguruan sortu zen bakarra. Bada besterik ere. Kanalan bertan luzaz bizi izan den Lucia Regina Solturak kontatzen duena, esate baterako.

        Bilbao aldizkarirako Mari Feli Maizkurrenak egin elkarrizketan dioenez, «Andres Untzain, gerran, nazionalak ailegatzean, itsasadarra igeri eginez igaro eta Miarritzera alde egin zuen, eta handik Kubara».

        Beste legenda batek hobetu egiten du Lucia Regina Solturaren kontaera. Kanalako Juan Bidasolok kontatzen duenez, bi izan ziren gerrarekin Kanalatik alde egin zuten abadeak, eta biek igaro ei zuten itsasadarra, Lucia Reginak Andres Untzaini buruz kontatu moduan. Haatik, Juanek beste pipermin bat ematen dio legendaren gatz-ozpinduari; itsasadarra igaro baino lehen abadeek sotanei su eman eta su horretan txuletak erre ei zituzten.

        Kanalatik irten barik halako ipuinetako protagonista den gizonaren itzala, distantziaren eraginez, handitu, luzatu egingo da, urrun-baxu dagoen argiak gertuan dituen objektuekikoan egiten duen legez.

        Egia da, dena dela, Andres Untzain Kubara joan zenekoa. Eta areago ere; gerraren osteko urteetan abadea, idazlea, eta beste euskaldun batzuk ostegunero bilduko dira Finca Vigían, hots, Ernest Hemingwayk handik denbora batera Habanan erosiko zuen etxe dotore ederrean, geroago kontatuko den moduan.

        Finca Vigíako ostegunetan Gernika derrigorrez aipatu behar izango dute hara biltzen diren legezaleek, eta baita eztabaidatu ere hura suntsiarazteko agindua nork eman zuen. Francok eman zuela, ez zuten dudarik egingo euskaldunek.

        Gernika izena ez dute inon aipatzen Ernest Hemingwayren biografo nagusiek. Dena dela, eta Ernest Hemingwayren mozorro dantzak eta beste trebetasunak ezaguturik, jaramonik egin behar ez zaion datua dateke hori. Gernikaren berri izan zuen Hemingwayk. 1938ko abuztuaren 11n Ken aldizkarian argitaratu zuen A Program for U.S. Realism —Estatu Batuetako Errealismoari buruzko Programa— izenekoan «Gernika bonbardatu duten basatiak» aipatuko ditu, horiengandik zer itxaron daitekeen galdetuz.

        Han gertatu zena ezagutzeko modurik, biderik eta motiborik ez zuen bestela ere falta izan. Robert Capa lagun argazkilaria Euskal Herrian izan zen maiatzeko lehenengo egunetan. Izan ere, Robert Capa bera izan zen —Sidney Franklinekin batera— Ernest Hemingwayri Papa goitizenaz deitzen hasi zena. Spanish Civil War harexetan, hain zuzen, Jeffrey Meyers biografoaren arabera. Bada, Madrilen Ernest Hemingway Munduko Hiriburuari behin-behinekoz agur esatekotan zen 1937ko maiatz hartan, hots, bonbardaketaren osteko egunetan hirurak batera zebiltzan kazetaria, argazkilaria eta idazlea. Azken horren gogaide Martha ahaztu barik, jakina.

        Hain zuzen ere, apirilaren 26an, Condor Legioko liztor itzelek Gernika suntsitu zuten iluntzean Ernest eta Martha Guadarrama mendietako fronte lerroen bisitan ziren. Laster izango zuten haren berri lazgarria. Ernest Hemingwayk ez zuen hari buruz idatzi, «hark kazetaritza berak ikusitakoaz, beste ezertaz egiten ez zuelako», dio Michael Reynolds biografoak.

        Eta ezin da ahaztu; Gernika suntsituan sartzen lehenengoetakoa zen Noel Monks kazetaria izan zen. Bada, Noel Monks hura handik denbora batera ezkondu egingo zen, norekin-eta Mary Welshekin, hots, egunen batean Hemingwayren laugarren eta azken emazte bilakatuko zen emakumearekin.

        Monksek, Capak, Thomasek, Gellhornek, Hemingwayk eta beste askok buruz bide zekiten guri hamaika bider kontatu zaigun Gernikaren historia. Eta bestela han zegoen Andres Untzain, entzun nahi zukeen edonori azaltzeko prest.